Karguak eta lanbideak
Historialaria eta apaiza
Ibilbidea
Antoine Dégert apaiz frantsesa izan zen, teologiaren ikuspuntutik elizaren historian espezializatua. Téthieu herrian jaio zen, Akizetik oso gertu, 1859ko abenduaren 9an. Degert 1885ean ordenatu zuten, eta ondoren Tolosako Institut Catholiquen ikasketak egin zituen. Goi-mailako ikasketak amaitu eta gutxira, Akizeko Collège Ecclésiastique delakoaren irakasle bihurtu zen, 1894an Pierre Batiffol teologoak Tolosa Okzitaniatik deitu zion arte. Ordurako, Letretako doktoretza lortua zuen. Gainera, bere maisuetako bat, Leonce Couture filologoa, ordezkatu zuen Revue de Gascogne-ko zuzendaritzan, eta aldizkariaren ardura hartuko zuen bere gain hiru hamarkadatan. Hainbat historia eta kultura-elkartetako kide aktiboa izan zen, eta bere jaioterrira erretiratu zen bizitzaren amaieran, baina atsedenik gabe jarraitu zuen lanean. 1931ko martxoan hil zen, gaitz luze baten ondoren.
Degert historialaria izan zen, eta hainbat lekutako artxibo-bilaketen prozesu zorrotz batean oinarritzen zuen bere lana. Bere bibliografia zabalean aipatzekoak dira Arnaud d’Ossat (1894) kardinal eta diplomatikoaren biografia —doktorego-tesia—, San Agustinen sermoien edizioa, Zizeronen ideia moralen azterketa, Frantziako Iraultzara arteko (1903-1912) frantses apaiztegien historia osoa, edo elizjende gaskoiaren historiari buruzko askotariko lanak. Bestalde, ezin dugu ahaztu itzultzaile gisa egin zituen lan garrantzitsuak, hala nola Joseph Schwaneren 1903ko dogmen historia aitzindaria (Dogmengeschichte).
Ipar Euskal Herriari dagokionez, hauexek ditu ekarpen garrantzitsuenak: Akizeko apezpikuen historia oso bat (jatorriz, Bordako Bulletin de la Société aldizkarian 1899tik 1903ra argitaratua) eta Dictionnaire d’Histoire et de Géographie écclesiastique delakoaren «Bayonne» hitzaren historia osoa, Alfred Braudrillart, Albert Vogt eta Urbain Rouzies irakasleek zuzendua. Degertek aktiboki parte hartu zuen hiztegi horretan. Hiztegi horren lehen alea 1912an agertu zen, eta Frantziako Elizaren historiari buruzko ekoizpen akademikoko kultura-enpresa nagusietako bat bihurtu zen. Baina sarrera hori ez zen izan Baionako elizbarrutiaren iraganera egin zuen hurbiltze bakarra; izan ere, hainbat aldizkari akademikotan, hiriko juduei buruzko lanak, haien eliz administrazioari buruzkoak eta elizbarrutiko apezpiku batzuei buruzko apunteak argitaratu zituen.
Obrak
Le cardinal d’Ossat, Paris: Lecoffre, 1894.
Quid ad mores ingeniaque Afrorum cognoscenda conférant sancti Augustini sermones, Paris: Lecoffre, 1894.
Histoire des évêques de Dax d’après des documents inédits, Paris: Delhomme et Brignet, G. Beauchesne et Cie, 1903.
Histoire des Séminaires français jusqu’à la Révolution, Paris: Beauchesne, 1903-1912 (2 libk.).
Les idées morales de Cicéron, Paris: Bloud, 1906.
Histoire des évêques d’Aire, Paris: Beauchesne, 1908.
Bibliografia
FOIX, V., «Le Chanoine Antoine Degert (1859-1931)», Bulletin de la Société de la Borda, 1931, 33-35. or.
SAMARAN, Ch., «Antoine Dégert (1859-1931)», Annales du Midi. Revue archéologique, historique et philologique de la France méridionale, 174 (1932), 234-242. or.





