Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GASKOINIAKO EGILEAK ETA OBRAK

DE SANCTO SEVERO MARTYR IN NOVEMPOPULANIA(X.-XI. mendeak).

Karguak eta lanbideak

Severo erlijiosoaren bizitza jasotzen duen obra hagiografikoa; ustez IV.-V. mendeetan bizi izan zen Severo, eta Saint-Severren (Landak) hil zen

Ibilbidea

Novempopulaniako Severo santuaren bizitza anonimoaren hiru bertsio gorde dira. Izaera apokrifo nabarmenekoak, hiru lanek hainbat kontraesan dituzte elkarren artean, eta, ondorioz, zinez zaila da interpretazio historiko bat egitea. Lehen biak xi. mendean idatzi ziren, eta hirugarrena, berriz, urte batzuk lehenago. Era berean, lehen —prima— eta hirugarren —tertia— bertsioek biltzen dute Novempopulaniako lurraldeari buruzko erreferentzia gehien; izan ere, bigarrena —seconda— aurreko bien laburpen laburra da, neurtitzetan idatzia. Beste hainbat testu hagiografikotan ohikoa denez, santuak ustez egin zituen mirariak eta ebanjelizazio-lanak hartu zituen egileak obraren ardatz, baina ez zuen xehetasun handirik eman protagonistaren bizitzan eragina izan zezaketen gertakizun historiko paraleloen gainean.

Guri interesatzen zaigun pasartea erlijiosoaren azken urteen berri ematen duena da. Hagiografoen arabera, Severo jatorri bikaineko gizona zen, errege-familia barbaroren bateko kidea, eta, katolizismora bihurtu eta hainbat gorabeheraren ondoren, Novempopulanian aritu zen ebanjelizatzaile lanetan bere bizitzaren hondarrean. Lurralde horri egileek Vasconia esaten diote modu anakronikoan. Vita tertia lanaren biografoaren arabera, erlijiosoa Sotrium hirira —urbs Sotrium— heldu zenean sartu zen, lehen aldiz, eskualdean; plaza hori Baskoniako lurraldearen mugan zegoen nonbait —in ipso limite Vasconiae sitam— (Vit. Sever. Novemp. Tertia, 16). Ondoren, bertsioak bat datoz horretan, Severo Palaestrioneko kastrora joan zen; erromatar jatorriko antzinako gotorleku bat zen Palestrion —erat enim interioribus partibus Vasconiae ex antiqua Romanorum constitutione famosissimum oppidum— eta, agi denez, garnizio bat zegoen han, Adrianus izeneko errege —rex— baten agindupean. Erregea gaixorik zen antza, eta Severusek, Jainkoa laguntzaile zuenez, sendatu egin zuen Adrianus, eta, horri esker, erregea katolizismora bihurtzea lortu zuen. Ondoren, soldadu-taldeko kideek eta inguruko biztanleek ere erregearen ereduari jarraitu zioten (Vit. Sever. Novemp. Prima 13; Tertia 17). Handik gutxira, v. mendearen lehen erdialdean, bandalo batzuk ibaian gora abiatu ziren —Alpheanus fluvium—eta lurraldean barneratu ziren —intra Vasconicas partes penetravit— Palestrioneko kastroraino. Severoren otoitzei esker, Jainkoaren probidentziak kantonatutako soldaduen alde jokatu zuen; izan ere, bat-batean sortutako uholde batek bandaloen erasoetako batzuk desegin zituen. Uholdeak, ordea, erlijiosoaren beraren heriotza ere eragin zuen, eta, hala, martiri bihurtu zuen. Tradizioaren arabera, Severo lurperatu zuten lekuan fundatu zen Sain-Severko abadia (Vit. Sever. Novemp. Prima 20-27; Tertia 27-29).

Bistan denez, Severoren hagiografien izaera apokrifoa eta haietan atzeman daitezkeen anakronismo larriak direla eta, mugatua da lan honek iturri historiko gisa izan dezakeen balioa eta ekarpena. Pentsa liteke, egileak Alpheum izenez aipatzen duen ibaia Aturri izango dela. Palestrioneko kastroa, berriz, gaur egungo Saint-Sever (Landak) udalerriko aztarnategi batekin identifikatu da. Hala ere, ez dakigu non egon zitekeen urbs de Sots hiria, eta zein ote zen Adrianus errege hura; izan ere, beste inongo iturritan ez da aipatzen Galia hego-mendebaldean eta garai hartan izen hori zuen erregerik. Palestrion inguruan soldadu-garnizioaren eta itsasoz iritsitako indarren arteko borroka txiki hari buruzko informazioa zuzena bada, liskar hura izan zitekeen, lasai ederrean, hainbat talde barbarok v. mendean kostalde atlantikoan egin ohi zituzten erasoaldi pirata haietako bat. Zailagoa da, ezinezkoa ez bada ere, ontzat ematea Palestrioni eraso egin ziotenak bandaloak izatea; izan ere, herri horren gehiengo zabala Afrika iparraldera joan zen 429. urtean, eta, beraz, data horretatik aurrera, bandaloen erasoaldi pirata gehienak Mediterraneoan baino ez ziren gertatu. Nolanahi ere, Hidaziok dokumentatutakoaren arabera, izan zen bandaloen eraso bat Gallaecia kostaldean 445ean, eta hainbat familiae hartu zituzten preso (Hyd. 123).

Obrak

Vita Sancti Severi: Bibliotheca hagiographica latina, Bruxelles: Société des Bollandistes, 1898-1901, II. libk., 1113.-1114. or., aipatutako testuak 7686.-7691. or.

Bibliografia

Arce, J., Bárbaros y romanos en Hispania. 400-507, Madrid: Marcial Pons, 2005.

Baillet, C., «Une lectura du dossier hagiographique de saint Sever, martyr en Gascogne», in Cursente, B., eta Cabanot, J. (arg.), Abbaye de Saint-Sever. Nouvelles approches documentaires (988-1359). Journées d’études Saint Sever, 13-14 septembre 2008, Dax: Société de Borda, Schiences, Lettres et Arts des Landes Comité d’études sur l’histoire et l’art de la Gascogne, 2009,55.-93. or.

Dubois, J., «L’observance monastique à l’abbaye de Saint-Sever et dans la province d’Auch», in Saint-Sever. Millénaire de l’abbaye, Mont-de-Marsan: Comité d’études sur l’histoire et l’art de la Gascogne, 1986, 9.-50. or.

Goulard, R., «La bataille du Palestrion octobre-novembre 445», in Lapurdum, 3 (1998), 293.-297. or.

Lanz, J., Dinámicas de enfrentamiento, colaboración y resolución de conflictos en el entorno circumpirenaico occidental (siglos ii a. C. – viii d. C.), Doktore-tesia, Gasteiz: EHU/UPV, 2017.

Aipamen bibliografikoa

Lanz, J. “De Sancto Severo Martyr in Novempopulania”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 276-277.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP