Karguak eta lanbideak
Militarra eta politikaria
Ibilbidea
Jatorriz, XVIII. mendean merkataritzarekin ausarki aberasturiko taldeetatik administrazioko goi karguetara jauzi egin zutenetakoa, esan nahi baita, armadara eta tituludun nobleziara. Martin de los Herosek Balmasedan hasi zituen lehen letra ikasketak, gerora, Madrilgo San Isidro institutuan Humanitateak ikasteko. Euskal Herrira itzuli zenean, Oñatiko Unibertsitatean eman zuen izena, jurisprudentzia ikasketak hasteko asmoz, baina 1804. urtean kanporatu zuten, ikastetxeko arauak ez betetzeagatik.
Urte berean, Gortean ezarritako zehar-ahaideen babesari esker, corps zaingoan sartu zen, bere senidea zen Juan Francisco de los Heros, Montarcoko kondea, Gaztelako Kontseiluko gobernadore zen bitartean, handik gutxira, Manuel Godoyk bat-batean kargugabetu baitzuen. Aranjuezko ma- txinadan parte hartu zuen, 1808ko martxoan, eta, hain zuzen ere, Godoy zaintzearen arduraduna izatea egokitu zitzaion. Napoleonen inbasioa gerta- tzearekin batera, frantsesen kontrako erresistentziako soldaduekin bat egin zuen. Hainbat frontetan aritu zen, bere Bizkaiko ondasunak erretzen zizkioten bitartean. Armadako ofizialtzan gora egitea lortu zuen, 1811. urtean kapi- tain izatea lortu zuen arte. Gerra bukatu zenean, Madrilera joan zen, bere ibilbide militarrarekin jarraitzeko.
Iraultza liberalaren garaipenari esker, 1820an, Itsasoz Haraindiko Gobernazioko Idazkaritzako 7. ofizial bihurtzea lortu zuen. Baina, Monarkia absolutua berriro ezarri zenean, herrialdetik alde egin behar izan zuen, eta 1823tik 1834ra arteko urteak erbestean egin behar izan zituen. Zenbait herrialdetan ibili zen (Ingalaterra, Portugal, Frantzia), bizilekua Liejan ezarri arte, eta, bertan, zientzia eta industria alorrean egindako ikasketetan sakondu zuen, batetik, «bere nekazaritza eta industria aberatsa» eta, bestetik, «errege liberal eta justu batek ematen zuen askatasun praktikoa» baliatuz.
Fernando VII.a hil zenean, Martin de los Herosek penintsulara itzultzeko aukera izan zuen. Bizkaiko Gorteetako prokuradore izendatu zuten (1835, 1836), eta 1835ean, Mendizabalen agintepean, Barne Bulegoko Idazkaritzako idazkari (Gobernazio ministro). Liberal sutsua eta euskal aurrerakoien irudi ospetsua izan zen. Ministerioan zuen postutik, prentsaren hedadura liberali- zatzeko neurriak bultzatu zituen, inprenta askatasunaren eta kutsu antiklerikala zuten bestelako xedapenen alde egin zuen (monasterioak kentzea), eta horrek Elizaren aurka jarri zuen. Bestalde, bere jakinmina eta atzerrian lor- turiko eskarmentua zirela-eta, zientziaren eta hezkuntzaren garapenerako proiektu ugari sustatu zituen: aplikazio zientzietarako ikastetxe bat, lehen hezkuntza hobetzeko jarraibideak eta Elkarte Ekonomikoen estatutuak idazteko ordenamendu berria. Handik gutxira, Historiako Errege Akademiako ohorezko kide izendatu zuten.
Moderatuek boterea eskuratu zutenean, Martin de los Herosek bere ministerio-karguak utzi behar izan zituen, baina Bizkaiko Gorteetako diputatu zen aldetik, 1836 eta 1837 artean parlamentuko egunerokoan parte hartzen jarraitu zuen. Postulatu liberalen baitan, kleroaren erreforma edota hauteskun- deen lege irekiagoa bezalako neurriak defendatzen jarraitu zuen, eta etengabe proposatu zituen nazio hezkuntza hobetzera begirako askotariko planak.
Esparteroren altxamenduak beste aukera bat eskaini zion. Liburutegi Nazionaleko zuzendari izendatu zuten (1849), eta, handik hilabete batzuetara,1841.ean, Errege-etxeko eta ondarearen kudeatzaile intendente. Bere egiteko nagusia, kontularia baitzen, errege-gastuak kudeatzea zen, eta ororen berri eman behar zion Agustin Arguellesi, Isabel II.a erreginaren tutoreari. Esparteroren ezbeharrak hasi zirenean, kargua utzi zuen. Goi mailako karguetatik urrutiraturik, Hamarkada Moderatuan (1843-1854) politika utzi zuen, Biurteko Progresista arte (1854-1856). Berriro ere errege ondarearen intendente (1854) eta Burgosko probintziako Gorteetako diputatu (1854) izendatu zuten. 1859. urtean hil zen, eta ordura arte 1812ko Konstituzioaren aldeko grinari eutsi zion.
Lehenaldiaren azterketari eskainitako zenbait obra idatzi zituen, besteak beste, bukatu gabe utzi zuen Diccionario de hombres ilustres de las Encartaciones, eta Historia del Conde Pedro Navarro, General de Infantería, Marina e Ingenieros, 1854an Madrilen editatu zena, beste zenbait lan laburragorekin batera. Bere obra guztiagatik, Historiaren Errege Akademiako kide izendatu zuten. Horrez gain, atzerriko elkarte zientifiko eta literario askoren berriemaile eta bazkide izan zen.
Obrak
Bosquejo de un viaje histórico e instructivo de un español en Flandes, Madril: José Colladoren oinordekoen moldiztegia, 1835.
Discurso pronunciado por… Procurador a Cortes por Vizcaya, en la sesión de 18 de marzo de 1836, sobre el artículo 55 de la ley electoral, data gabe.
Memoria que acerca del estado de la Real Casa y Patrimonio y su administración en los últimos cinco meses de 1841 presenta al Exmo. Sr. Tutor de S. M. Don Agustín Ar- güelles el Intendente General en comisión de la misma, Madril: Aguadoren moldizte- gia, 1842.
Memoria que acerca de la administración de la Real Casa y Patrimonio de S. M. en el año 1842 presenta al Excmo. Sr. Tutor de S. M. Don Agustín Argüelles, el Intendente Ge- neral en comisión de la misma Real Casa y Patrimonio, Madril: Aguadoren moldiz- tegia, 1843.
«Fr. Antonio de Guevara no fue Alavés», Revista Vascongada, 1 (1847), 201-208., 225-234. orr.
Historia de Valmaseda, e.g. 1848. Berred., Bilbo, 1926.
Historia del Conde Pedro Navarro, general de infantería, marina e ingeniero en los reina- dos de Fernando e Isabel y de Doña Juana y su Hijo Don Carlos, Madril: Caleroren alargunaren moldiztegia, 1854-1855, Colección de documentos inéditos para la Historia de España, 25. eta 26. libk.
Exposición dirigida al Excmo. Sr. Ministro de Hacienda en nombre y de orden de S.M. la reina por el Intendente de su Real Casa y Patrimonio para probar así con los privile- gios y escrituras de la fundación del monasterio de Santa María la Real de las Huel- gas y del Hospital del Rey, cerca de Burgos, como con otros posteriores y varios do- cumentos importantes, que siendo propios y patrimoniales de S.M. y de los Reyes sus sucesores los bienes de aquellos dos piadosos establecimientos, no deben ser com- prendidos en la ley de desamortización de 1.º de mayo de 1855, Madril: Aguadoren moldiztegia, 1856.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Vitoria-Gasteiz: Eusko Legebitzarra, 1993, 466-473. orr.





