Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

DARRICAU [ARRIKO], Albert (Landak, 1843 – 1912, Baiona).

Karguak eta lanbideak

 Epailea eta historialaria

Ibilbidea

Albert Darricau, lanbidez epailea eta afizioz historialaria, Landetan sortu zen. Baionan aritu zen epaile lanetan, eta herri bereko Mousserolles auzoan Pika-Sarri etxea izan zuen bizileku.

Albert Darricauri zor dizkiogu Frantziako Iraultza garaian Lapurdin gertatu ziren gora-beherak argira ekartzen dituzten artxibo garrantzitsuen bilketa lana eta publikazioa.

Frantziako Iraultzaren zirimolak eragin zituen lerratze larriek asaldaturik, 1793 eta 1794 bitartean Baionan gertatu ziren gehiegikeriak hurbiletik aztertu zituen, herriko artxibategi ezberdinak arakatuz. Iraultzaren aurkako jarrera ezagun zitzaion. Eta Frantziako gobernuak Iraultza denboran Lapurdira bidali zituen ordezkariei leporatzen zien gertakari larri guztien ardura zuzena.

Eskura izan zituen Dominique- Joseph Garat Uztariztarraren artxiboak. Horrela zaizkigu ezagun Lapurdiko Biltzarrean 1789an Estatu orokorrei begira izan ziren eztabaidak bai eta ondorengo gorabeherak ere. Argitara ekarri zituen dokumentorik deigarrienak, 1811an Dominique-Joseph Garatek Hugues-Bernard Maret Bassanoko Dukeari helarazi zion proiektuaren genesiari dagozkio. Napoleon Bonaparte enperadorearen eskariz idatzitako txosten horretan, Dominique-Joseph Garatek mugaz bi aldeetako euskal probintziak barnebilduko lituzkeen eta Frantziako Inperioaren menpe egongo litzatekeen «Fenizia berria» deituriko Estatuaren sorrera proposatu zuen.

Obrak

Scènes de la terreur à Bayonne et aux environs 1793-1794, Baiona: Imp. A. Lamaignère, 1903.

France et Labourd, Dax: Imp. Labèque, 1906 (Bulletin de la Société Borda, (3. hiruhileko 1906), pp. 209-254, (4. hiruhileko 1906), pp. 261-299).

Garat Dominique-Joseph: Ambassadeur extraordinaire de la République Française près la Cour de Naples, 1798, Dax: Imp. Labèque, 1913.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP