Karguak eta lanbideak
Abokatua, politikoa eta gizarte-teorikoa
Ibilbidea
Marianoren eta Candidaren semea, aita ordeztu zuen San Adriango markesaren ondarearen administrazioan, eta Erriberako hiriburuko burgesia profesional ilustratuetako bat izan zen. Zuzenbidean graduatu zen Madrilgo unibertsitate zentralean, eta 1890eko urriaren 31n doktoratu zen. Eugenio eta Antonio anaiek bide-ingeniaritzan eta medikuntzan egin zuten.
Dominica de Miguel y Mansorekin ezkondu zen, eta Eugenio, Aquiles, Mercedes, Adoracion eta Enrique seme-alabak izan zituzten. Adoracion Tuteran hil zen 2004an, ehun eta sei urte zituela.
Ideologia errepublikanokoa, El Demócrata astekariaren eta La Voz del Pueblo egunkariaren mantentzaile eta erredaktorea izan zen. Boto unibertsal maskulinoa eta hezkuntzaren laikotasuna defendatu zituen, eta tarte mailako irakaskuntza institutu bat berrezartzen lagundu zuen, 1929an Castel Ruiz eraikinean ezarri zena.
Tuterako diputatu izateko hauteskundeetan karlisten aurkako talde guztiek osatutako Mendez Vigoren aldeko blokeko kide adierazgarria, 1917an Tuterako alderdi errepublikano autonomoaren sortzailea eta hiriko alkatea izan zen. Primo de Riveraren diktadura baino lehen desagertu zen bizitza publikotik, eta Tuteran, Iruñean, Zaragozan, Burgosen eta Madrilen abokatutzan aritu zen, Ossorio eta Gallardorekin bulego berean.
Bere semea, Aquiles Cuadra Miguel (Tutera, 1896), zinegotzi eta alkate izan zen alderdi errepublikano-erradikal-sozialistarekin, 1934an Azañaren Errepublikar Aliantzarekin eta Casares Quirogaren alderdiarekin bat egin eta Ezker Errepublikanoa osatu zuena hain zuzen ere. Iruñean fusilatu zuten 1939ko urriaren 19an. 1930 eta 1931 bitartean Hoy egunkari errepublikanoa zuzendu zuen. Errepublika aldarrikatu zuen Tuteran 1931ko apirilaren 14an, eta urte bereko udal-hauteskundeetan alkate hautatu zuten.
Euskal Herriko Estatutuari dagokionez, Eusko Ikaskuntzaren Autonomia Batzordeak euskal autonomiaren ereduari buruz egindako galdeketan Ruperto Cuadra izan zen itaunduetako bat. Errepublikano gisa, 1931ko maiatzaren 13an Diputazioko batzorde kudeatzaileak Euskal Herriko Estatutuaren aurreproiektuak, Nafarroarenak berarenak eta bere barne eraketa politikoarenak idazteko sortutako ponentzian parte hartu zuen, ideologia desberdinetako pertsonekin batera: Bajo, Anso, Rebota, Gortari, Aizpun, Baleztena, Cunchillos, Cabezudo, Lacarra, Goñi eta Lazcano. Estatutua onestearen alde egin zuen, irakaskuntza eta hilerrien inguruko boto partikularrarekin, Nafarroaren eta gainerako espainiar herritarren arteko eskubide-elkarrekikotasunarekin, Goñi eta Cabezudorekin batera.
Bizitza publikotik urrundu arren emaztearekin eta Adoracion alabarekin atxilotua izan zen, eta 1936ko uztailaren 21ean Gasteizen espetxeratu zituzten, 1937ko urtarrilera arte. Bertan, hertsatu egin zituzten, Sevillan aurkitu eta atxilotu zuten seme eta anai Aquiles sala zezaten. Kartzelatik atera ondoren, Donostian konfinatu zuten. Erantzukizun Politikoen Auzitegiak epaitu eta erabateko gaitasungabetzea ezarri zion, ibilgailu bat konfiskatu zioten, konfinamendua berretsi eta Tuterara itzultzeko hamabi urteko debekua ezari zioten, 400.000 pezetako isunarekin zigortu zuten eta ondasunak bahitu zizkioten; horrek guztiak familia-ekonomiaren hondamena eragin zuen.
Negozio-ekintzailea izan zen, 1929an sortu berri zen Hidroeléctrica cinco Villaseko kontseilari izan zen, lehendakariordea, 1931 eta 1935 artean, eta Hidraulica del Moncayo, S. A. enpresako idazkaria, harik eta Iberdrola, S. A. enpresak xurgatu zituen arte.
Lehengaiak erosteko, biltegiak sortzeko, komunean fabrikatu eta saltzeko eta etxebizitzak eraikitzeko kreditu-sozietate kooperatiboetan edo herri-bankuetan langile antolakuntzaren bitartez eraikitako kooperatibismoaren inguruan zabaldutako argitalpen batean kezka soziala azaldu zuen. Arlo horretan indarrean dagoen legeria eskasa kritikatu zuen. 1922an Nafarroako Aurrezki Kutxaren sorreran eta haren estatutuen idazketan parte hartu zuen, eta Tuterako sukurtsaleko kontseilaria izan zen.
Testamentu-askatasunari buruzko lanean, Nafarroako Foru Zibilaren «printzipio eta puntu nagusietako bat» zela esan zuen, bere historia juridikorako arrisku-une batean, hau guztia gaindituta zegoela zirudien foru-legerian «taula rasa» egin gabe kode orokor berri bat planteatzean. Moralesen oroimena gogorarazi zuen, «egia esan, ordezkatutako probintziaren betiereko esker ona, eta baita foru-erregimenaren etsaiek eurek ere benetan eskaintzen dizkioten zorion-agurrak merezi ditu». Erakundearen funtsa eta edukia azaldu zituen. Foru-senipartearekin batera, jabetzaren, Zuzenbide konparatuko politikaren, derrigorrezko oinordetzaren ondorioak kritikatzen zituen interes moralaren eta ekonomiaren ikuspegitik aztertu zuen. Jaca y Generalen foruen, Novísima Recopilaciónen eta gorteen legeen testuak jaso zituen, baldintzak eta mugak. Amaitu ondoren: «Eutsi biezaio Nafarroak testamentu-askatasunari, aita-autoritatea sendotzen duen erakunde preziatu horri, familia gurtza erlijio bilakatu duenari, eta, gaur egun ere, zibilizazioaren buru diren herrientzako zientziaren ideala osatzen duenari».
Obrak
Memoria Sociedades Cooperativas: Su situación legal en España. Premiada con diploma de mención honorífica por la Real Academia jurídico-práctica aragonesa, Tutera: Diario de avisos inprimategi eta liburudenda, 1889.
Ensayo para un estudio de la libertad de testar en la legislación de Navarra. Discurso leído por Ruperto y Salcedo en el ejercicio para obtener el grado de doctor en la Facultad de Derecho, Zaragoza: Julián Sanz y Navarro tipografia-etxea, 1891.
Bibliografia
CASTRO ÁLAVA, J. R., Ensayo de una biblioteca tudelana, Tutera: Castilla inp., 1933, 147-148. or.
ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., La construcción de una nacionalidad vasca. El autonomismo de Eusko-Ikaskuntza (1918-1931), Donostia: Eusko-Ikaskuntza, 1990, 353 or.
GARRUÉS IRURZUN, J., Empresas y empresarios en Navarra. La industria eléctrica, 1888- 1986, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1997.
PÉREZ GOYENA, A., Ensayo de bibliografía navarra, Iruñea: Nafarroako Foru-Aldundia, 1962, IX, 255-256. or.
RAMÍREZ, J. M., «La Tudela que pudo ser y no fue», Diario de Navarra, 2019ko urriaren 25a. Online argitaratua: www://www.facebook.com/surtopia/posts/414926635516244/ (2020ko abuztuak 3).





