Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

CRUZAT, Luis (s. l., 1530 a. – Donostia, 1587).

Karguak eta lanbideak

Merkataria. Hiriko Epailea, hiriko artxiboaren inbentarioaren eta 1583ko bildumaren egilea

Ibilbidea

Nafar jatorriko Cruzat familia Donostian finkatu zen, Nafarroako erresumarekin zituen loturak hautsi gabe. Ezin izan dugu argitu familiaren daturik, baina xvi. mendearen bigarren erdian Donostian ageri da, 1567an, artile-esportatzaile gisa, Iruñeko Geronimo Cruzat negozio-gizonarekin bazkidetuta. Haren jarduera handi samarra izango zen, garai hartako Donostiako beste artile-esportatzaile batzuen aldean. Esaterako, 1562an Miguel Beroizek 618.937 marabediren balioko obligazioak zituen, eta Martin Gurpidek 115.750 marabedi, eta Luis Cruzat 109.875 marabedi izatera iritsi zen, urte hartan bertan. Gainera, Aranoko (Nafarroa) burdinola baten jabe zen, eta akordioak sinatu behar izan zituen, burdinolarako egur-horniketa lortzeko.

1569an, bertako artxiboko paperen inbentarioa egiteko agindu zion Donostiako hiriko errejimentuak. Andre Maria elizan gordeta zituen, «por estar allí su lealtad a sus reyes y sus servicios, las mercedes en premio dello recibidas, con lo que más toca a su gobierno y haber». Lan hori, bere lanbidea eta zinpeko kargua (behin baino gehiagotan aukeratu baitzuten kargu horretarako), hirurak batera eraman behar izan zituenez, lana luzatu zen, 1578 arte.

Berriro hiriko zinpekoa aukeratu zutenean, artxiboa ikustera joan eta hura aurkitu omen zuen «revueltas ejecutorias con cédulas, cédulas con sentencias y sentencias con provisiones, y al tenor de esto otros papeles unos con otros». Artxiboa Andre Mariaren elizatik atera «hezetasun handiagatik agiriak hondatzen baitziren» eta San Bizentera eramatea lortu zuen, «agiriak gordetzeko leku egokia zelako»; eta 1581ean, berriz ere hiriko zinpekoa zelarik, errejimentuak berriro artxiboa begiratzeko agindua eman zion, orduan Zandategi errejidore lizentziadunarekin lankidetzan. Zandategiren zentsurapean, «paper asko kendu dira, garrantzi gutxikoak, eta aparte bildu dira sortak osatuz, inork haiek ikustea eskatuko balu ere», eta inbentario berrian jarriz paper garrantzitsu guztiak, «haietako bakoitzaren mamiaren aipamen ahalik eta labur eta zehatzena eginez».

Baina Luis Cruzati ospea eman zion lana Gipuzkoako Foru Zuzenbidearen Bilduma da, 1583an, Cristobal Lopez Zandategirekin batera egin zuena.

Artxiboko dokumentazioaren munduan zuen eskarmentuagatik, 1581ean Bergarako Batzar Nagusiak agindu zion, Zandategi lizentziadunarekin batera, «komeni diren [ordenantzak] seinalatu eta bildu, eta abezedarioaren hurrenkeran jar zitzaten», eta Azpeitiko Batzarrera eraman zezaten lana, han ikusi eta inprimatzeari buruz solasteko. Maiatzaren 7an bere gain hartu zuen eginkizuna eta konpromisoa, ahalik eta lasterren Tolosan egingo zutela bilduma, han baitzegoen artxiboa. Berek egingo zuten lan gehiena eta beste batzuek —Josepho Estensoro (Segura), Bernardino Perez Zabala (Bergara) eta Martin Elkano (Zarautz)— gainbegiratuko zuten haien lana.

Beraz, lanari ekin zioten, eta abuztuaren 20an txosten bana bidali zuten, bertan seinalatuz Zaldibiaren bilduman jasota ez zeuden eskriturak, (Gipuzkoako pribilegioak, probisioak eta ordenantzak). Eta zailtasun asko gainditu behar izan bazituzten ere, bilketa-lana burutu egin zen, eta Zarauzko Batzarrean aurkeztu zen, 1582ko azaroaren 18an. Hura ikus zezaten, Batzarrera deitu zituzten Armendia eta Eleizalde lizentziatuak, eta Zandategik ezin etorria adierazi zuenez, Cruzatek «traxo y presentó en la dicha Junta la recopilaçión y libro que ha fecho juntamente con el liçençiado Çandategui, de los previlegios, hordenanças y probisiones de la dicha Provinçia, e dió su descargo berbalmente, y en la dicha Junta se leyó gran parte del dicho libro». Lana ikusita, Batzarrak agindu zuen bilduma oso-osorik azter zezaten, korrejidorearekin batera, Donostia, Tolosa, Segura, Azpeitia, Azkoitia, Ordizia eta Zestoako prokuradoreek, «eta bertan egon eta ikusi nahi zuten guztiek».

Bilduma 1583ko maiatzaren 11n onartu zen, eta Gortera igortzea erabaki zen, hark berrespena eman zezan. Baina Esteban Garibaik egindako azterketa eta kritika gogorra entzunda, hark esan baitzuen ongi sistematizatuta zegoela, baina haren hitzaurrea zela «lorietan laudorio eskasekoa, eta jatorrizko agiriak Kontseilura eramateak eragiten zuen beldurragatik, galtzeko arriskua baitzegoen lekualdaketan, Gortean hura berresteko eta inprimatzeko egiten ari ziren eginbideak geldiarazi zituzten. Eta Gipuzkoan behar adinako arreta eta adimena zuen gizonik ezagutzen ez zutenez, enpresa behar bezala aurrera eramateko eta haiek nahi zuten moduan burutzeko» bilduma gorde egin zen, berriz ere Probintziara itzultzeko, (Madrilera igorritako liburukia, ordea, Espainiako Liburutegi Nazionalean gordeta dago).

1583ko Recopilación de Leyes y Ordenanzas de la M. N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa lana foruen lehenengo bilduma sistematikoa da, eta oinarri horren gainean eratu zen Miguel Aranburuk 1691n prestatu eta 1696an inprimatu zen behin betiko bilduma.

Hasieran Gipuzkoa, haren antzinatasuna eta noblezia deskribatu zituen, hala nola erregearekiko fideltasuna, erregeak herrialdearekiko zuen estimu handia, haren lehentasuna, pribilegioak eta armarria. Ondoren, bertako instituzioak azaldu zituen (korrejidorea, merinoa eta alkateak), Probintziaren antolamendu politikoa eta gobernamendua, Batzarren eta Ermandadeko alkateen bidez, eskribau, kartzela eta alkaideak tartean; merkataritzaren araubidea, irteeren gaineko alkatetzak (alcaldía de sacas), merkataritzaren eta nabigazioaren salbuespena eta askatasuna, pisuen eta neurrien erabilera, sagardoaren gaineko babesa eta bide nahiz errepideen konponketa; lurraldearen defentsa militarraren eta bizitza erlijiosoaren erregulazioa jaso zuen, eta luze jardun zuen bake sozialaren arazoaren gainean, iraganean Ahaide Nagusiek bultzatutako bandoen arteko borrokak eta zigor-neurri gogorrak azalduz, (indarkeria, lapurretak, barrutiak, lekuko faltsuak, armen erabilera, zelatatzeak eta erronkak); eta amaieran askotariko gaiak bildu zituen, besteak beste, mendien ustiapena, burdingintza, bazkalekuak eta herritar izaera hartzea.

Telletxea Idigorasen esanetan, «arauen kopuruari, araututako eremuen zabaltasunari, eta batez ere, arauen ordena eta sistematizazioari dagokionez, Zandategi eta Cruzaten bildumak aurreko guztiak gainditu zituen, behin betiko marko bat ezarriz, haren gainean egokitu zirela, legeak erantsi edo kenduz, Aranbururen bilduma (1696) eta Foruen Eranskin Inprimatua (1758)».

Garibaik emandako iritzia oso kritikoa izan arren, 1583ko Bilduma lan ona izan zen. «Haren egileek ez zuten egin arau-metaketa hutsa, antzinako Gipuzkoako Ermandadeen Ordenantzetatik hasi eta etengabe gehitzen baitziren, ondoren egindako bildumetan. Hori guztia hartu, ordenatu eta sistematikoki kodifikatzen hasi ziren, abilezia gora-behera, kode modernoei aurrea hartuz, eta garai bateko jatorrizko dokumentuetako prosa luze, errepikakor eta enfatikoa laburtuz arau motz eta mamitsuetan. Berek ezarritako sistema 1696ko Bilduma Berrira igaro zen, eta behin betiko eredu organikoa eman zion Foru gipuzkoarrari. Oso garrantzitsua da, beraz, gure foruen bildumen tradizioan».

Haren heriotza 1587ko azaroan Hernanin egindako Batzarrean jakinarazi zen. Beraz, Gipuzkoako foruen lehenengo bilduma sistematikoaren egiazko egilea hil zen, izan ere, Zandategiren prestakuntza handiagoa bazen ere, (zahar samarra izango zen) Cruzat izan zen Tolosako artxiboko paperak jaso zituena eta Azkoitian eta Azpeitian ibili zena, lana Zarauzko Batzarrean aurkeztu zuena, eta hura argitaratzeko agindua jaso zuena, batzorde ikuskatzaileak emandako iruzkin eta aldaketak erantsi ondoren. Berak entregatu zuen Tolosako Aldundian, 1583ko urrian, liburuki bat «zekor-larruz estalitako liburu horia eta urre-kolorea, laurogeita hamazazpi orritan idatzia», eta berari ordaindu zitzaizkion lan horren trukean, 50.000 marabedi (Zandategik 10.000 hartu zituen), eta ondoren, hari eman zitzaion esandakoa halako bi. Bera Donostian bizi zen, eta hiriak, gainera, 200 dukat hari emateko eskatu zuen «haren borondateagatik, eta agindutako eginkizunean egin duen lan handiagatik, horiek eta gehiago ere merezi dituelako».

Obrak

Inventario de los papeles que la ciudad de San Sebastián tiene en su archivo (1581), en Gipuzkoaren Historiarako Argitaratu gabeko Dokumenten Bilduma, 2, Donostia: Aldundiaren Inprimategia, 1958, 57.-106. or.

Recopilación de Leyes y Ordenanzas de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa. Insausti, S. de (arg.), Tellechea Idígoras, J. I. (hitz.), Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1983.

Bibliografia

Ayerbe Iribar, M.ª R., «Zuzenbide gipuzkoarraren errekopilazio-prozesua eta 1696ko Errekopilazioa», in Nueva Recopilación de los Fueros, Privilegios, Buenos Usos y Costumbres, Leyes y Ordenanzas de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa (1696) lanaren argitalpenaren hitzaurrea. Donostia: Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioa, 2014, 9.-132. or (gaztelera) eta 133.-260. or (euskara).

Tellechea Idígoras, J. I., «Prólogo», Insausti, S. de (arg.), Recopilación de Leyes y Ordenanzas de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa, Sebastián de Insaustiren argitalpena, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1983, V-XV. or.

Aipamen bibliografikoa

Ayerbe Iribar, R. Mª., “Cruzat, Luis”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 436-438.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP