Karguak eta lanbideak
Historialaria
Ibilbidea
Egile gehienen arabera, Martin Coscojales Barakaldoko Irauregi izeneko auzoan sortu zen, han baitzegoen Coscojales sendiaren etxea. Hala ere, Portugaleteko Mariano Zirikiain Gaiztarro historialariak dio Portugaleten jaio zela, argudio bakarra herritarrek tradizioz hala uste zutela bada ere. Zalantzarik gabe, Portugaleterekiko lotura handia izan zuen, hari eskaini baitzion bere lanaren liburuki oso bat. Salamancako Unibertsitatean egin zituen zenbait ikasketa. Hiri hartan zela, eta hogei urte inguru zituela, San Agustinen Ermitauen ordenan sartu zen. Ordena horrek Gaztelako beste zenbait hiritan zituen komentuetan zehar ibili ondoren, Bilboko agustindarren komentuan finkatu zen, eta han bizi zen xvi. mendeko azken urteetan. Komentu hartan hil zen, eta han geratu ziren gordeta haren obra osatzen zuten eskuizkribuak. Urte gorabeheratsuetan komentuak bizi izan zituen mugimenduen ondorioz, ordea, eskuizkribuak sakabanatu eta, bi liburuki galdu ziren.
1590etik aurrera Antigüedades de Vizcaya lana idatzi zuen, baina ez zen argitaratu eta eskuizkribua geratu zen. Hainbat idazlek ezagutu zuten lan hori, esaterako Nicolas Antoniok, eta beste hainbatek ikusi eta kontsultatu zuten, besteak beste, Gabriel Henao apaizak eta Estanislao J. Labairuk. Guztira zazpi liburuki ziren, baina guregana bost iritsi dira, bigarren eta bosgarren liburukiak galdu baitziren. Lana garai hartako historiografia bizkaitarraren testuinguruan idatzi zen, eta orduko kezkak eta metodologia islatzen ziren bertan. Horrenbestez, Bizkaiko Jaurerriaren inguruko mitoen multzo osoa azaldu eta finkatu zuen, tartean zirela tubalismoa eta eusko-kantabrismoa. Zuzenbidearen Historiaren ikuspegitik, bilketa-lan handia egin zuen, besteak beste, garrantzi handiko dokumentuak bilduz, hala Bizkaiko agiriak, (1394 eta 1503ko Enkartazioetako Foruak edo Durangoko Merinaldeko Forua), nola Gaztelakoak (Fuero de Albedrío, edo Ordenamiento de Montalvo-ren laburpena). Bizkaiaren kalifikazio juridikoa ere aztertu zuen, Jaurerria edo Konderria ote zen argitu nahian. Azkenean, Bizkaia Jaurerria zela aldarrikatu zuen, eta horren ondorioz defendatzen zuen Jaurerriak berezko kokapena behar zuela Koroaren baitan nahiz Monarkiaren baitan. Historiari buruz zuen jakinduria aintzat hartuta, erakunde bizkaitarrek hari agindu zioten Puerto doktoreak aurkeztu zuen lanaren berrikuspena, argitara eman aurretik.
Obrak
Antigüedades de Vizcaya, 7 liburuki argitaragabe, xvi. mendearen amaieran idatziak.
Bibliografia
Elías de Tejada, F., El Señorío de Vizcaya (hasta 1812), Madrid: Minotauro, 1963.
Labayru, E. J., Historia General del Señorío de Bizcaya, IV, Bilbo: Andrés P. Cardenalen inp. eta koad. 1900.
Mañaricúa y Nuere, A. E., Historiografía de Vizcaya, desde Lope García de Salazar a Labayru, Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 2012.
Rodríguez Herrero, Á., «Coscojales y Poza», in Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Aldizkaria, 16 (1960), 135.-163. or.
Aipamen bibliografikoa
Merino Malillos, I., “Coscojales, fray Martin”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 378-379.





