Karguak eta lanbideak
Politikaria eta jurista
Ibilbidea
Miliziano nazional goiztiarra izan zen, eta hortik politika aktibora aldatu zen, hasieran, jendearengandik gertu, eta gero, lehendabiziko lerroan. Guztiaren gainetik, baina, Manuel Cortina y Arenaza, abokatua zen, bere garaiko ospetsuenetakoa. Cayetano Cortinaren eta Maria Dolores Arenazaren semea, Sevillan jaioa 1802an. Aita lurjabea zuen, jatorriz Matarokoa (Bartzelona) eta ama merkatarien familia bateko kide. Jose Santos Torresek dioenez, amaren familia gutxienez XVIII. mende erdi aldetik bizi zen Sevillan, amona bertan bizi zelako, jatorriz Gaztela Zaharrekoa bazen ere, eta Francisco Arenaza, aitona, bertara aldatu zelako Valdaranetik (Gaztelako erresuma).
Manuel ikasle bikaina izan zen gaztetan; hainbeste, non hamabi urte ere ez zituela jada arteetan lizentziaduna zen. Une horretan, Eliza-ibilbidea has zezakeen, Juan Prok jasotakoaren arabera, hamabost urterekin Sevillako Sal- batzailearen Kolegiatako doktoregorako oposizioa egin baitzuen; baina horren ordez, Zuzenbidea ikasteari ekin zion, eta Legeen batxiler eta lizentziadun tituluak eskuratu zituen 1818ko apirilean Sevillako Unibertsitatean. 1823an, nahitaezko lau laguntzaile urteak igarota, Sevillako Abokatuen Elkar- goko kide bihurtu zen.
Baina legelari heziketa jaso zuen urte horietan, lehen hartu-emana izan zuen politikarekin. Hirurteko Liberalaren hasierako urteetan (1820-1823) Sevillako Milizia Nazionalean izen eman zuen. Liberalismo erradikalarekin izan zuen lotura agerian geratzen da, bertan izan zuen igoera azkarrari erreparatuta, 1821ean fusilarien kapitain baitzen. Horrez gain, urte horietan guztie- tan Andaluzian gertatutako gerra gertakari guztietan esku-hartze aktiboa izan zuen, eta horregatik hautatu zuten, 1823an, Fernando VII.ari eskolta ema- teko Sevillatik Cadizerako bidean. Hiri hartan, armada erregezaleak setiaturik zuela, Trocaderoko gotorlekua babestuko zuen konpainiaren buruan jarri zen; Natalio Rivasen arabera, heroietako bat izan zen. Eraso hartan zauritu zuten, eta ozta-ozta lortu zuen ihes egitea, Jose Santosen arabera, bere burua itsasora bota, eta igerian Asia lurrunontzira iritsi zenean lortu zuen salbatzea.
Guztiarekin ere, Hirurtekoko politikari liberal gehienek ez bezala, ez zuen absolutisten haserre bizia pairatu. Bolada batez ezkutaturik egon behar izan zen, eta gainerakoei bezala, 1824ko otsailean kargu publikoak betetzeko eta abokatu bezala jarduteko desgaikuntza ezarri zioten. Handik gutxira, ordea, 1825ean, zigorra kendu zioten eta bere jarduera profesionalari ekin zion berriro, geroz eta entzute eta etekin handiagoak lortuz. Sevillako muga gainditu eta Andaluzia gehienean aritu zen lanean, batez ere, merkataritza- eta zigor- auzietan. Pentsatzekoa da bere lanarekin diru asko lortuko zuela, Perez Bustamantek jakin ahal izan zuenez, 1828an 253.045 errealeko kapitala zuelako. Urte hartan ezkondu zen, Sevillan, Manuela Antonia Rodriguez Ruizekin, bertako industrialarien familia bateko kidearekin. Ezkontza horri esker, Ignacio Vazquezen senide bihurtu zen, bere emaztearen ahizpa Candelariaren senarra baitzen; Juan Prok dioenez, aliantza politiko eta ekonomiko sendoa lortu zuen horrela.
Fernando VII.a hil eta gero Espainian gertatutako erregimen aldaketaren ondoren, itzuli zen, bai eta itzuli ere, Manuel Cortina jardun politikora. 1834an, Errege Estatutuaren lehendabiziko hauteskundeetan Sevillako pro- kuradore izateko hautatu zuten. Estamentukoa izateko Estatutuan eskatzen zen errentaren gutxienekora ez iristeagatik kargua utzi behar izan zuela esan izan den arren, egiantzekoa dirudi arrazoia Nicomedes Pastor Diaz eta Francisco de Cardenas garaikideek Galería de españoles célebres contemporáneos lanean aipatzen dutena izan zela; hau da, ez zuela bere foroko ibilbidearekin bateragarri ikusten. Nolanahi ere den, urte horretan bertan, Hiri Milizia sortzearekin batera («hamabiurtekoaren» Milizia Nazionalaren imitazio hutsa), granadarien kapitain izateko hautatu zuten, eta, handik gutxira, miliziaren arduradun Sevillan. Horrekin loturik, 1835eko udako altxamenduan parte hartu zuen, eta Mendizabal Ministroen Kontseiluko presidente jarriz, Espainia guztian sortutako batzar iraultzaileak instituzionalizatzen saiatzeko, probintzia diputazioak berrezarri zituen. 1835. urte gorabeheratsuaren bukaeran, hasi zen Cortina bere lehen kargu politikoak betetzen: Sevillako erregidore izan zen azarotik aurrera, eta abenduaren 25etik probintzia diputatua. Kargu ho- rietan zela, eta bere abokatu jarduna alde batera utzi gabe, 1812ko Konstituzioa berrezartzea lortu zuen, 1836ko matxinadan parte hartuz. Pastor Diaz eta Cardenas garaikideek esaten dutenaren arabera, ordea, ez zuen guztiz egoki ikusten Cadizko Konstituzioa berrezartzea (…), baina bere liberalismoarekiko atxikimenduari buruz zenbait jendek zituen zalantzak areagotuko zirelako beldurrez-edo, gainerakoek bezala, Cadizko kodea aldarrikatu zuen. Era berean, berrezarritako Milizia Nazionaleko batailoi baten buru zela, ospea irabazi zuen Andaluzian barrena hainbat talde karlista jazartzeagatik. Bere ekintza entzutetsuena Narvaezen armadarekin Majaceiteko (Cadiz) gudan emandako laguntza izan zen, Gomezen espedizioa garaitzea lortu baitzuten. Ekimen horri esker, Isabel Katolikoaren Enkomienda jaso zuen eta, horrez gain, Prok dioenez, Intendentziaren eta Sevillako fabrika nazionalen Errenta Auzitegiko aholkulari izateko baliagarri izan zitzaion. Urte horietan ere, 1838 bukaeran, Sevillako Milizia Nazionalak Friasko Duke moderatuaren kabinetearen aurka egindako altxamenduan parte hartu zuen. Altxamendu horretan, hainbat arra- zoi zirela medio, bereziki aurrerakoiak ez ziren bi pertsonaia ospetsuren laguntza izan zuen: bere lagun Ramon Maria Narvaezena eta Kordobako Luis Fernandezena. Juan Prok jasotakoaren arabera, matxinadak porrot egin eta gero, biek erbesterako bidea hartu behar izan zuten, eta Cortina atxilo hartu zuten hainbat egunez Sevillako artilleriaren kuartelean, Sanjuanena jeneralak bidalitako gobernu-tropei aurre egin ostean. Handik gutxira, eta, agian, bertako liberalismoaren liderretako bat izatera eraman zuen gertakari horri esker, Sevillako alkate izateko hautatu zuten, 1839ko urtarrilean. Horretan eman zuen abuztura arte, Gorteetako diputatu izateko hautatu zuten arte, eta bere ordez Ignacio Vazquez, bere koinatua, izan zen alkate.
Horrela, bulegoko egitekoak beste batzuen esku utzita, bukatutzat eman zuen Sevillan emandako garaia, eta Madrilgoari hasiera eman zion. Aro horretan, ospe handia lortu zuen, ez soilik goi-politikan, baita abokatu aintzatetsi eta prestigiotsu bezala ere. Nazioko aurrerakoien talde bateko buru izan zen, eta goiz izan zuen bere gaitasun politikoa erakusteko aukera. Protagonismo handia izan zuen 1840ko uda bukaerako krisian, eta, dagoeneko Gobernazio ministro zela, bera izan zen Valentzian gobernu berriaren proposamenak Ma- ria Kristina erreginari helarazi zizkiona. Proposamenak onartu ez zituenez, erreginak erbestera joatera beharturik ikusi zuen bere burua. Proren ustez, Cortina Esparteroren kabineteko ministerio horren ardatza izan zen: udalen legea bertan behera utzi zuen, probintzia diputazioen berritzea agindu zuen, probintzia-batzar iraultzaileek onartutako xedapenak legeztatu zituen, polizia kendu zuen eta inprenta askatasuna mantentzeko arauak ezarri zituen.
Horrez gain, Gobernazio-zorroaren arduradun zen garaian, foru-akordioaren negoziazioan parte hartu zuen, eta bere esku-hartzeak garrantzi handia izan zuen Nafarroako akordioan. Orduko Gobernazio ministro zela, 1841eko martxoaren 4an foruen negoziaketarako oinarriak bidali zituen euskal hiriburuetara. Azkenean, Facundo Infantek sinatu zuen 1841eko abuztuaren 16ko Nafarroako Lege Itundua, urte hartako maiatzetik, arlo horretako ministroa bera baitzen. Joseba Agirreazkuenagak dakarrenez, honakoa jasotzen zuen akordioak: 1. Estatuaren kargetan laguntzea, odolezkoak alde batera utzi gabe, gure biztanle kopuruaren eta aberastasunaren arabera proportzionalki. 2. Penintsulako gainerako lurraldean indarrean dagoen sistema judiziala onartzea, alderdi organikoan, nahiz prozedurazkoan. 3. Udalak hautatzeko, Espainiako gainerako herrietan erabiltzen den metodo berbera erabiltzea. 4. Diputazio Nagusiak desegin eta lege komunaren araberako probintzia Diputazioak sortzea. 5. Probintzia bakoitzean gobernu gorenaren goi-mailako ordezkari bat egonen da, eta buruzagi edo korrejidore politiko titulua izanen du. 6. Bizkaia eta Gipuzkoako kostalde eta mugetan aduanak ezarriko dira.
Izan ere, Cortinarentzat gaia ez zen arrotza, ez zen berria. Jose Maria Portillok azaltzen duen bezala, urte batzuk lehenago, 1839ko urrian, foru-auziarekin loturiko eztabaidak hasi zirenean, Espainiako Kongresua lurralde hispanoak konstituzionalki integratzeari buruz lehen aldiz hausnartzen ari zen, berezkoa zuten eskubide bat onartzearen bitartez. Calatrava Zuzenketa bezala ezagutu zen, eta sinatu zuten diputatuetako bat izan zen, Zazpi Kolosoetako bat: Jose Maria Calatrava, Joaquin Maria Lopez, Salustiano de Olozaga, Vi- cente Sancho, Miguel de Roda, Fermin Caballero eta Manuel Cortina. Hala ezagutzen zituzten parlamentuan izan zuten garrantzi handiagatik, eta aulki aurrerakoien artean izan zuten ospeagatik. Zuzenketa hori erabakigarria izan zen foru-auzi korapilatsuari heltzeko garaian, 1839ko abuztuko Bergarako Akordioa eta gero. Legebiltzarrean izandako eztabaida bizi baten ondoren, proposamen transakzionala gainditua izan zen, Agustin Arguellesek berak gidatutako batzorde baten gehiengoa alde izan baitzuen. Hortik aurrera, aurre- rakoien artean aparta menpean hartuta, zuzenketa proposatu zutenen esku geratu zen foruen inguruko eztabaida. Berrezartzea onartzen zuten, betiere, Konstituzioaren eta Monarkiaren batasunaren aurka jotzen ez bazuen. Kolosoentzat ezinbesteko baldintza zen hori. Lurralde horietako usadioak, legeak eta ohiturak errespeta zitezen onar zezaketen; eta are, legea tramitatu bitartean, udaletan eta barne kudeaketa ekonomikoaren alorretan foruak berrezar- tzea, baina konstituzioak ezarritako mugen barnean izan behar zen. Cortina foruen eta konstituzioaren arteko loturaren bila aritu zen, eta honakoa defendatu zuen tribunatik: foruak aldatzea, mendearen ilustrazioari egokitzea eta Es- tatuan egun indarrean dagoen gobernu motarekin uztartzea komeni ez ezik, garrantzitsua ere bada; bereziki konstituzioari dagokionez, hori guztia bere gain hartu eta berresten baitu. Baina zuzenketa sinatu zutenek ez, eta euren parlamentuko babesle gehienek ere ez, ez zuten onartu Konstituzioaren funtsa aldatu edo eraldatzerik; Cortinak ganberan adierazi bezala, Estatuko Konstitu- zioak osorik eta ukigabe jarrai dezala.
Eztabaida horietan izan zuen jarrera goresgarriagatik eta urte horietan politikan buru-belarri aritzeagatik, Esparteroren agintaldian ardura handia izatera iritsi zen. Mantxako jenerala agintari bakarra izatea defendatu zue- netakoa izan zen, hiru kideren arteko gobernuaren alde zeudenen aurka. 1841eko urrian Madrilgo Milizia Nazionala mugiarazi eta zuzendu zuen, hiriburuan Diego de Leon eta Manuel de la Concha jeneralen gidaritzapean sortutako altxatze moderatua mendean hartzeko. Hala eta guztiz ere, zapuztutako saiakera horregatik auzipetutakoen abokatu izan zen. Esparteroren Hirurtekoan (1840-1843), Kongresuko presidente hautatu zuten, 1843ko hauteskundeetan. Joaquin Maria Lopezen hautagaitzak baino boto gehiago eskuratu zituen, eta horretan eman zuen apirilaren 30etik maiatzaren 26ra, orduan desegin baitzen Ganbera, arbitrarioki.
Erregimenak hartu zuen norabide autoritarioaren aurrean, harreman pertsonalak baino, bere konbikzio liberalak lehenetsi zituen, eta horregatik ez zuen 1843an Esparteroren agintaldiari azkena eman zion matxinadan parte hartu. Garaile atera zen koalizio heterogeneoa sortu zuten sektore aurrerakoi batzuek eta tropel moderatuek, Rico y Amaten hitzetan, hezurra lortzeko bildutako zakur eta katuen batzarra zena. Koalizio hori, Espainia isabeldarraren testuinguru politikoan, Cortinaren garrantzi galeraren atarikoa izan zen. Esparteroren erorikoaren ondoren, Lopez aurrerakoia buru zuen ministerio berriak erresumako Milizia Nazionalaren inspektore izendatu zuen. Aldi berean, zenbait hilabetez, Espainian prozesu kodetzaile bat aurrera eramateko sortutako Kode Batzorde berriko presidente izan zen. Badirudi, 1843ko azaroan uko egin ziola Joaquin Maria Lopezen ordez Ministro Kontseiluko presidente izateko proposamenari. Oro har aintzatetsia izan arren, laster adierazi zuen egoera politiko berriarekiko desengainua, eta betetzen ari zituen kargu guztiak utzi zituen (bere aspaldiko lagun Narvaezek moderatuen mugimendu indartsura erakartzen saiatu zen arren): lehena, inspektore kargua, urte hartako abenduan; Kode Batzordea 1844ko maiatzean, erregimenaren norabide moderatua agerikoa egin zenean. Norabide aldaketa hori hilabete batzuk lehenago salatu zuen Diputatuen Kongresuan. Erregina gazteari Ganberaren desegitea sinarazi ziola leporatu zioten Olozagari, eta Cortinak 1843ko abenduaren 6an bere alde eman zuen hitzaldi luze eta bikainean, Isabel II.a adinez nagusi zela zioen dokumentua legezkoa zela zalantzan jarri zuen. Horrez gain, ohartarazi zuen Olozagaren ministerioa erorita, espainiar politikagintzan denbora luzez moderatuak nagusi izanen zirela, eta hala izan zen. Nolanahi ere, geroz eta ahulago zeuden ideia aurrerakoiei loturik jarraitu zuen, indarberritzearen alde lanean, baina bere ahalegin guztiak alferrik izan ziren. Agian, joera politiko horretako jarraitzaileengan utzi zuen arrastoagatik, ministerioaren kontra konspiratzea leporatu zioten eta kartzelan sartu zuten bolada baterako. Ezin izan zuten ezer ere frogatu, eta auzia artxibatu zuten. Halere, abokatu sevillarrak Espainiatik joatea erabaki zuen. Joaquin Maria Lopez alderdikide eta laguna izan zen bere abokatua.
Madrilera iritsi zenetik izandako jardun politiko bizia gorabehera, inoiz ez zion abokatu bezala aritzeari utzi, ez Gobernuan zegoenean, ez eta Gorteetan zegoenean ere. Zuzenbidearen alorrean prestigio handia lortu zuen, progresiboki, eta 1845ean, oraindik Frantzian bizi zela, Madrilgo Abokatuen Elkargoko bosgarren diputatu izateko hautatu zuten. Izendapena onartu bazuen ere, ez zuen kargua berehalakoan hartu, bolada batez Frantzian bizitzen jarraitu baitzuen. Parte hartu zuen, ordea, 1846ko abenduan hautatutako batzordean, eta bertan, bigarren diputatu izan zen. Ia aldi berean, Sevillako Sagrario distrituko Gorteetako diputatu izateko hautatu zuten. Hori ez zen ganberan izan zen azkeneko aldia, 1854ra arte beste hiru aldiz hautatu baitzuten diputatu izateko. Dena dela, azken urte horretatik aurrera bere kide politikoek boterea berreskuratu zuten, eta politikoari geroz eta arreta gutxiago eskaintzen hasi zen edo, nahi bada, gehiago eskaini zion zuzenbidearen alorrari. Nolanahi ere den, oraindik parlamentuko hainbat eztabaida sutsutan parte hartu zuen, batzuk nazio politikagintzan berebiziko garrantzia zutenak: Errege-Ezkontzak, 1848ko Madrilgo gertakariak, Koroaren diskurtsoari eman zion erantzuna, edota Maria Kristina, erregina amaren defentsa egin zuenekoa, ustelkeria leporatu ziotenean.
Alderdi aurrerakoiak bere irudi nabarmenetako bat galdu zuen horrela, nahiz eta bere garapenak alderdi batetik bestera pasatzen diren politikarietako bat izatera eraman zuen, eta arazo handirik gabe buka zezakeen O’Donellen unionismoaren familia zoriontsuko kide izanik. Horrekin batera, tribuna parlamentarioa ere galtzaile atera zen, prestakuntza handikoa eta hizlari zorrotz eta fina baitzen. Carlos Petitek atsekabez esan bezala, joan zen, baina bere zientzia gordeko zuen obrarik gabe, sekula ez zuelako argitaratu nahi izan. Liburu batek bezain zuzen hitz egiten du, legelari baten zorroztasunez, eta bere bizitzaren zatirik handiena eztabaida judizial eta politikoetan eman duen gizon baten trebeziaz. Joaquin Maria Lopezen ustez, abilezia ikaragarria behar da Cortina jaunaren hitzaldi bat deuseztatzeko, zati guztiak pentsa litekeen modurik estu eta bereizezinenean elkar loturik baitaude, osotasun trinko eta menderaezina osatuz, antzinako historialariek aipatzen duten falange «mazedoniarra»-ren antzera. Aitzitik, foroak pertsonaia baliotsu bat irabazi zuen behin betirako. Auzi ugari eta ospe handikoak hartu zituen, eta garai hartako legelari ospetsuenetakoa zen Pachecoren iritziz, garaiko abokaturik famatuena zen. Bere bezeroen artean, aristokraziako kideez eta hemeretzigarren mende erdiko Espainiako pertsonarik aberatsenez gain, urte horietako enpresa garrantzitsuenetakoak zeuden, finantzarioak, meatzariak eta trenbidekoak. Madrilgo Atocha kalean zuen bulegotik askotariko auzi garrantzitsuak igaro ziren, baita Espainiako historiarentzat ere. Bere bezero izan ziren Alba, Medinaceli, Frias edo Osuna familiak. Narvaez eta Eu- genia de Montijo enperatrizaren tankerako garai hartako pertsonaia ospetsuentzat garrantzizkoak ziren gaiak ere landu zituen, eta auziak argitzeko erakutsi zuen trebeziak Napoleon III.aren aintzatespena ekarri zion, hainbesterakoa, non Ohorezko Legioa eskaintzera iritsi baitzen (Cortinak onartu ez arren). Napolesko Maria Kristinak bere esku utzi zituen bere etxeari zegozkion hainbat auzi zibil, artean, Fernando VII.aren testamentua. Garrantzi politiko handia izan zuten gaiak ere hartu zituen. Besteak beste, 1874ko Amadeo Savoiakoaren uko egiteari eta I. Errepublikaren aldarrikapenari buruz irizpena eman zuen. Era berean, 1859an, Agustin Esteban Collantes defenditu zuen senatuan sortutako auzitegiaren aurrean, 1853an Lersundiren kabineteko Sustapen Minis- troa izanik ustelkeriagatik akusatu zutelako, eta absolbitzea lortu zuen. Baina, batez ere, Espainia isabeldarreko enpresa handi askotako abokatu edo aholkularia izan zen: Madrildik Aranjuezerako trenbidea, Alaretik Santanderrerakoa, Sevillatik Jerezerakoa edota MZA trenbide enpresarena; Rothschildarren, Sa- lamancatarren edo Bertrán de Listarren interesekin lotutako gaiak; edo eragin finantziero handia izan zutenak, erakunde esanguratsuekin lotutakoak: Banco Español de San Fernando, Banco de Fomento de Ultramar, edota Banco de Paris. Horregatik, Zuzenbidearen alorrean lortu zuen prestigioa zela-eta, horrekin lotutako erakunde eta elkarte askorentzat garrantzi handiko pertsonaia bilakatu zen. Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako sortzaile izan zen; hainbat aldiz Jurisprudentzia eta Legegintzako Akademiako presidente; Madrilgo Abokatuen Elkargoko Dekano izan zen ia hil arte eta etenik gabe (31 aldiz berrautatua izan zen); gorago aipatu dugun 1844ko uko-egitearen ondoren, Kodetze Batzordeko presidente izan zen 1856tik 1869an dimititu zuen arte. Eta, bukatzeko, bizi arteko senatari izendatu zuten 1858an (baina ez zuen kargua hartu).
Manuel Cortina Madrilen hil zen, biriketako gaitz batek jota, 1879ko apiri- laren 12an, 76 urte zituela. 1856az geroztik alarguna zen, eta familiak Sevillan zuen panteoian lurperatu zuten. Bere hiru seme-alabak Manuel (Cortinako I. Markesa), Manuela eta Maria de los Dolores Cortina Rodriguez izan ziren. Azkena Jose Gomez Acebo y de la Torrerekin ezkondu zen, Felipe Gomez Aceboren semea, biografia honen protagonistaren gerra-lagun aurrerakoia. Azken horrekin izan zen 1840ko hauteskundeetako alderdiaren batzorde nagusian eta Kongresuan, eta, pentsatzekoa da, antzeko interes finantzariak zituztela. Jose eta Maria Doloresen semea, Jose Gomez Acebo y Cortina, politikari liberala izan zen Errestaurazio garai bete-betean, eta Alfonso XIII.aren agintaldian diputatu, senatari eta Sustapen eta Marina ministro izateaz gain, Espai- niako Kreditu Bankuko sustatzaile eta presidente izan zen.
Obrak
Dictamen dado a S.M. la reina doña María Cristina de Borbón sobre el de la Comisión de las Cortes constituyentes de 1854, encargada de la información parlamentaria relativa a su persona, por… D. Manuel Cortina, D. Juan González Acevedo, D. Luis Díaz Pérez, Madril: El Fénix moldiztegia, 1857.
Discurso pronunciado por el Excmo. Sr. Ldo. D. Manuel Cortina, en defensa del Excmo. Sr. D. Agustín Esteban Collantes, Madril: Rivadeneyra, 1859.
Dictamen emitido por los Excmos. Señores D. Manuel Cortina, Don Cirilo Álvarez y D. Manuel Alonso Martínez en vista de la consulta del Banco de París sobre la validez de su contrato de 26 de Marzo de 1870, Madril: Miguel Ginestaren moldiztegia, 1871.
Dictamen sobre los derechos que asisten al Banco Hipotecario de España contra el Estado por haberle este privado de los beneficios que le correspondían según la ley de su creación y recursos que ha de ejercitar para hacerlos efectivos, emitidos por los Excmos. Señores D. Manuel Cortina, Cándido Nocedal, Nicolás Maria Rivero, Manuel Silvela, Cristóbal Martin de Herrera y Eugenio Montero Ríos, Madril: R. Labajosen denda tipografikoa, 1874.
Bibliografia
AGUIRREAZKUENAGA, J., «170 años de la Ley de 25 de octubre de 1839», Hermes, 32 (2008), 38-46. orr.
BARÓ PAZOS, J., La codificación del Derecho Civil en España (1808-1889), Santander: Kantabriako Unibertsitatea, 1993.
GARRIDO MARTÍN, A. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Cantabria (1813-1901), Santander: Kantabriako Parlamentua, 2006.
IRUJO AMETZAGA, X. «Naturaleza de la Ley de 16 de agosto de 1841 e implantación del sistema constitucional en Navarra», Iura Vasconiae, 9 (2012), 375-429. orr.
LÓPEZ, J. M.ª, Lecciones de elocuencia en general, de elocuencia forense, de elocuencia parlamentaria y de improvisación, Madril: Langileena izan zen moldiztegia, 1850.
LÓPEZ-MORELL, M. Á. eta O’KEAN ALONSO, J. M.ª. «La red de negocios de la Casa Rothschild en España como una estructura de toma de decisiones y de gestión empresarial», Revista de la historia de la economía y de la empresa, 2 (2008), 41-64. orr.
MONREAL ZIA, G., «La elaboración de la Ley de 25 de octubre de 1839», Iura Vasconiae, 9 (2012), 235-325. orr.
PASTOR DÍAZ, N. eta CÁRDENAS, F. de, Galería de españoles célebres contemporáneos o biografías y retratos de todos los personajes distinguidos de nuestros días en las ciencias, en la política, en las armas, en las letras y en las artes (tomo IV), Madril: Boix Editorea, 1843.
PÉREZ-BUSTAMANTE, R., El abogado Manuel Cortina y su época (1802-1879), Valentzia: Madrilgo Abokatuen Elkarte Gorena; Tirant lo Blanch, 2014.
PETIT, C., «Biblioteca, archivo, escribanía Portrait del abogado Manuel Cortina», Conde Naranjo (arg.), Vidas por el Derecho, Madril: Dykinson; Carlos III. Unibertsi- tatea, 2012.
PORTILLO VALDÉS, J. M.ª, El sueño criollo. La formación del doble constitucionalismo en el País Vasco y Navarra, Donostia: Nerea, 2006.
PRO RUIZ, J., «Cortina y Arenzana, Manuel». Diccionario Biográfico de Parlamentarios Españoles, 1820-1854, Madril: Gorte Nagusien Argitalpenak, 2013.
SANTOS TORRES, J., Manuel Cortina: el hombre, el político, el abogado (1802-1879), Sevilla: Sevillako Abokatuen Elkargo Gorena, 1996.





