Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GAZTELAKO KOROAKO EGILEAK ETA OBRAK

CORREA, Luis (XV. mendearen bigarren erdia – XVI. mendearen lehen herena)

Karguak eta lanbideak

Kronista gaztelarra

Ibilbidea

Ez dakigu deus Luis Correari buruz, hark idatzitako Historia de la conquista del reino de Navarra lanetik ondorioztatzen dena ez bada. Kanpaina hartan parte hartu zuen, 1512ko uztailaren eta irailaren artean, Fadrique Álvarez de Toledo jaunaren ondoko laguntzaile. Albako bigarren dukea zen jaun hura, eta Fernando Katolikoak hara bidalitako armadako kapitain jenerala. Hitzaurrean adierazi zuenez, Gutierre de Padilla jaunaren enkarguz idatzi zuen, eta haren zerbitzaria zela aitortu zuen, zehaztasun gehiagorik gabe; egin beharrekoa zera zen, «que pues en ella me fallaba [en la guerra de Navarra], que della escribiese». Ez zen arma-gizona, humanista baizik, eta Nafarroaren konkistatzailearen oroitzapen publikoa goresteko idatzi zuen kronika. Gutierre de Padillak, beharbada, kanpainaren ondoren eman izanen zion haren iloba Fadrique de Toledori buruz idazteko enkargua, eta litekeena da Correa gerran beste eginkizun batzuetan aritu izana, agian Alba dukearen idazkari gisa. Ez dakigu beste lan historiografikoren bat idatzi ote zuen, edo lan hura salbuespena izan zen haren bizitzan.

Urgentziaz inprimatu zen, izen batzuen hutsuneak bete gabe utzita, 1513ko azaroan, Toledon. Eta ziurrenik konkista justifikatu nahi izanen zuen hark ere, («Y porque a muchos es inocto qué fue la causa de mover al rey de España a tomar el reino de Navarra […], puse aquí brevemente la causa de ella»), horretarako aurretik erantsiz zismari eta Italiako gerrei buruzko kapitulu bat. Haren Historia armada Gasteiztik sartu zen unean hasten da, eta amaiera Albako dukeari, garaipena lortu ondoren, Fernando Katolikoaren gorteak Burgosen eskaini zion harrera arranditsua da. Handik gutxira, Valladoliden, antzinako erako sarrera-ekitaldi bat antolatu zen erregea omentzeko, lehen Granada eta Napoles konkistatu ondoren, orain Nafarroa bereganatu zuelako. Correaren lana eta haren kronikaren inprimaketa une hartan Gaztelak bizi zuen euforia jainkozalea eta hedatu zalearen testuinguruan kokatzen dira.

Gutierre de Padilla jaunari (1515ean hila) eskaini zion bere lana Correak. Jaun hura Calatravako Ordenako komendadore nagusi eta giltzaina zen, eta Calatravako Kontseiluko presidente. Haren iloba Fadrique Granadako Gerran ezagutu zuen, non kapitain jenerala zen eta ospe militar handia lortu zuen. Horregatik eta Isabel eta Fernandorekiko fideltasun hautsi ezinagatik, lortu zuen frantsesen kontra 1503an Roselló eskualdea defendatu zuen armadaren agintea berari ematea, eta bera izan zen, halaber, Frantzia Gipuzkoatik erasotzeko prestatu zena 1512an, azkenean Nafarroa konkistatzera joan bazen ere.

1512ko kanpaina interpretazio greziar-erromatar klasikoaren ikuspegitik kontatu zuen, non gerra gizon handien bertuteen eszenario egokia den. Correak, batez ere, helburu moral eta politiko batekin aurkeztu zuen bere lana: Albako bigarren dukea Nafarroako gerran erakutsitako bertuteen eredutzat aurkeztea (estratega, negoziatzailea, kristau ona, jaun ona, etab.). Eta beste helburu bat ere antzematen da, beharbada 1513an hain bigarren mailakoa ez zena. Izan ere, Albak atzera egin eta arineketan atera zen Pirinioez bestaldeko Lurretatik zenbait hilabetetarako, eta ez zuen aprobetxatu armada frantsesak atzera egin zuenean hura suntsitzeko. Batzuen iritziz haren zuhurtzia gehiegizkoa zen, koldarkeria edo geldotasuna ere izan zitekeen batzuen iritziz, eta haren kontrako ahotsak altxatzen hasi ziren: horregatik defendatu zuen azken orrialdean Correak, haren fortunaren bekaizkeria zutenen aurrean. Testuaren lanketa literarioa, erromantzez eta ez latinez, une hartako humanistek imitatzen zuten historiografia klasikoaren araberakoa izan zen: hitzaldiak antzezleen ahotan, beren arrazoibideak azaltzeko; digresio historikoak, Albako dukea eta haren balentria konkistatzaile greziar eta erromatar handien parean jartzeko.

Lan hark eskaini zuen gertaera eta pertsonaien trama nagusia ondorengo historia-lan guztiek erabili zuten, Luis Correaren idatziak irakurri zituztenak oso gutxi izan baziren ere. Handik hamar urtera, Elio Antonio de Nebrija kronista eta humanista ospetsuak De bello navariensi libri duo izeneko lana prestatu zuen (Granadan argitaratua 1545), ziurrenik Karlos I.aren hasierako urteetan Gaztelako kontseilari izandako Lorenzo Domínguez de Carvajalen aginduz. Latinera itzuli zuen Correaren lana, modu dotorean berridatzi zuen, eta beste interpretazio-gogoeta batez osatu zuen, informazio garrantzitsurik erantsi gabe eta ondoren hura lekuko izan zuten gerra-pasadizoak aintzat hartu gabe.

Correak bere Historia nobleziaren zaldunezko ohorearen araberako jokabide pertsonalen erretaula baten gisan osatu zuen. Antzezle nagusia Albako dukea izanda ere, haren inguruan gazteluzain tituludun asko ageri dira, haien seme-alabak eta ahaideak, eta kapitain handiak, eta eszenara deitzen ditu, Gaztelako epopeia kolektibo bat bailitzan. Ez du, aldiz, aragoitarrik aipatzen, eta ageri diren nafarrak, kondestablea eta beaumondarrak, bigarren mailako pertsonaiak dira. Donibane Garaziko edo Iruñeko setioetan izandako borrokaldiak norbanakoen adore-erakustaldiak bihurtzen dira, eta Iruñean sartzeko uneko parada handia zaldunen gailentasun eta lerdentasunaren agerraldia da. Albako dukea bertute nobleen erakusgarria da: abagunea baliatzeko zuhurtzia, zuzentasuna kontrako nahiz aldeko egoeran, eskuzabaltasuna herriarekiko, sakrifizio fisikoa, indarra erabakian, ohorea helmuga. Eta, ezin bestela izan, don Juan erregea haren antagonista gisa aurkeztu zuen: Iruñea gaizki zaindua eskuratzeko abagunea galdu zuen, zoritxarrean etsiturik malkotan ageri zen, eta ez zuen galarazi eskualdearen arpilatzea, kaltea herritarrengana zabalduz.

Gerra horretan guztian, espainolen eta frantsesen arteko gatazka baten eszenario pasiboa da Nafarroa. Correak argi utzi zuen bandoen arteko gatazken ezagutza azalekoa eta eskasa zuela, ez baitzion garrantzirik eman. Don Juan erregea Iruñea hartzen saiatu zenean, «gaskoinez eta bearnesez eta haien zaldunez» osatutako tropa baten buru zen, eta ez nafarren erregea; elkarri adorea emateko oihu egiten zutelarik, «haiek Frantzia, Alemania, Nafarroa, aldarrikatzen zituzten, eta gureek, Espainia, Gaztela». Correak ez zuen epaitzen nafarren jokabidea, ez baitzien erabakimenik aitortzen haien destinoan. Ez zuen kritikatzen beren erregetzat jotzen zutenarekin joan zirenen jokabidea, ez zituen traidoretzat jo, baina Gaztelaren kausaren alde egin zutenak ere ez zituen goretsi.

Obra.La conquista del reyno de Nauarra: dirigida al ilustre y muy magnifico señor don Gutierre de Padilla, comendador mayor de la orden de caualleria de Calatraua, presidente de las ordenes de Santiago, Calatrava y Alcántara, del consejo secreto dela reyna nuestra señora, hecha por Luys Correa, Toledo: en casa de Juan Varela de Salamanca, el 1 de noviembre de 1513. Faksimilea: A Coruña: Órbigo, 2016. Berrarg. Yanguas y Miranda, J. (arg.), Historia de la conquista del reino de Navarra por el duque de Alba, general del ejército del rey Fernando el Católico, en el año de 1512, escrita por Luis Correa, e ilustrada con notas y con un prólogo y breve compendio de la historia de dicho reino, por don José Yanguas y Miranda, secretario de la Diputación provincial de Navarra e individuo de varios cuerpos literarios, Iruñea: Imprenta de Longás y Ripa, 1843. Faksimilea: Valladolid: Maxtor [2005]. Berrarg. Usunáriz Garayoa, J. M. (arg. eta hitz.), La conquista del reino de Navarra, Iruñea: Diario de Navarra, 2002.

Obrak

Testua gaztelaniaz

La conquista del reyno de Nauarra: dirigida al ilustre y muy magnifico señor don Gutierre de Padilla, comendador mayor de la orden de caualleria de Calatraua, presi­dente de las ordenes de Santiago, Calatrava y Alcántara, del consejo secreto dela reyna nuestra señora, hecha por Luys Correa, Toledo: en casa de Juan Varela de Salamanca, el 1 de noviembre de 1513. Facsímil: A Coruña: Órbigo, 2016. Reed. Yanguas y Mi­randa, J. (ed.), Historia de la conquista del reino de Navarra por el duque de Alba, gene­ral del ejército del rey Fernando el Católico, en el año de 1512, escrita por Luis Correa, e ilustrada con notas y con un prólogo y breve compendio de la historia de dicho reino, por don José Yanguas y Miranda, secretario de la Diputación provincial de Navarra e individuo de varios cuerpos literarios, Pamplona: imprenta de Longás y Ripa, 1843. Facsímil: Valladolid: Maxtor [2005]. Reed. Usunáriz Garayoa, J. M. (ed. y prólogo), La conquista del reino de Navarra, Pamplona: Diario de Navarra, 2002.

Bibliografia

Hinojo Andrés, G., «El Bellum navarriense de Nebrija y la Conquista del reyno de Navarra de L. Correa», in Maestre, J. et al.(argk.), Humanismo y pervivencia del mundo clásico. Homenaje al Profesor Luis Gil, Cádiz: Universidad de Cádiz, 1997, 1421.-1429. or.

Tamburri Bariain, P., «Luis Correa: un testimonio coetáneo de la conquista de Navarra», in III Congreso General de Historia de Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1994 (arg. CD-rom formatuan).

— «Fuentes históricas para la guerra de 1512. Estudio y edición de una crónica castellana, Ms. BN 9.198», in Príncipe de Viana, 60. libk., 217. zk. (1999), 493.-533. or.

Aipamen bibliografikoa

Floristán Imízcoz, A., “Correa, Luis”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 632-634.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP