Karguak eta lanbideak
Elizgizon, teologo, kardinal, politikari eta diplomazialari veneziarra
Ibilbidea
Veneziako nobleziako familia batekoa zen, eta hiri horretan jaio zen 1483ko urriaren 16an. Teologia, matematika eta grekoa ikasi zituen Paduako Unibertsitatean, 1501. urtetik 1509. urtera bitartean. Veneziara itzultzean, Kontseilu Nagusiaren kide izan zen. 1520ko irailean, Karlos V.aren enbaxadore egoiliar izendatu zuten, helburu nagusi hau izanik: Frantziako eta Espainiako erregeen arteko bakeari eustea. Bost urte inguru eman zituen gorte horretan, eta 1525eko abuztuan itzuli zen Veneziara. Nabarmendu behar da Espainian egon zela 1522tik 1525era bitartean, Nafarroako Erresumaren historia politikorako garrantzi handiko une horretan. Veneziarrak Nafarroako egoera politiko eta soziala azaldu zuen, Relación de su estancia en España lanean. Contariniren ustez, agaramontarrek eta beaumontarrek, elkarren kontra egon arren, beren errege-erregina naturalak itzultzea nahi zuten, albretarrak, alegia. 1525etik aurrera, Italian bete zituen bere diplomazialari-eginkizun nagusiak, Veneziaren eta Frantziaren arteko aliantza defendatu zuen, eta, hor, Karlos V.aren interesen kontra egin zuen. Veneziako interesen alde egindako lanagatik, zenbait gobernu-erakunderen kide izendatu zuten, bai eta senatari ere. 1535ean, Paulo III.a aita santuak kardinal izendatu zuen. Karlos V.ak eskatuta —agian -enbaxadore-lanetan eskuratutako esperientziagatik eta bere prestakuntza teologikoagatik—, Ratisbonako konferentzian parte hartu zuen (1545), luteranoen eta katolikoen arteko adiskidetzea lortzeko helburuz.
Bolonian hil zen, 1542ko abuztuaren 24an, eta, hasieran, San Petronio elizan ehortzi zuten; geroago, San Prokulo monasterioan; eta, azkenik, Contarinitarren hilobian, Venezian, Santa Maria dell Orto elizan.
Contarini Nafarroaren berri eman zuen 1522tik 1525era bitarteko aldian, eta honako hau adierazi zuen:
«Gaztelako Koroara gehituta daude Nafarroako Erresuma —horregatik da Gaztelako Koroakoa— eta Indiak. Nafarroako Erresuma erresuma txikia da, Pirinioen artean kokatua, eta, mendian behera, Frantziarantz ere hedatzen da. Beraz, Aragoiko, Gaztelako eta Frantziako erresumen artean dago. Maiestate inperialak diru–sarrera txikiak lortzen ditu erresuma horietatik, eta gastu gutxi ditu ofizialetan; hain zuzen ere, erregeordeari eta han eta Iruñeko gotorlekuan dituen beste ofizial batzuei dagozkien gastuak. Garrantzi handia du erresuma horrek oraindik ere, Gaztelaren giltza baita. Hiri nagusia Iruñea da, eta, Espainiako hirien artean, nahiko ona da. Hiriko apezpikutegiaren kudeaketa Cesarini kardinalari dagokio; berrogeita hamar mila dukateko balioa zuen, baina orain gehiago balio du, kardinalaren ordezkoaren prestasunagatik. Erresuman, bi bando daude: batetik, agaramontarrak, mariskal nagusiaren agindupean, frantziarren aldekoak; bestetik, iruindarrak, gaztelauen aldekoak. Azken horien burua Nafarroako kondestablea da, Leringo kondea; baina, erresuma horretan, den-denek espainiarrak gorrotatzen dituzte, eta beren errege naturala nahi dute, Albreteko jauna, alegia.
Kondestableak, Leringo kondeak, zortzi mila dukat inguruko errenta du; mariskalak, berriz, lau edo bost milakoa. Gaztelako bi bandoak Nafarroako bi bandoekin parekatzen dira: agaramontarrak Velascotarrekin —Gaztelako kondestablea da haien buru—, eta iruindarrak, berriz, Manriquetarrekin. Ez dago Nafarroako Erresumari buruz beste ezer aipagarririk esateko».
Obrak
Libri duo de immortalitate animæ.
De officio episcopi libri duo.
De magistratibus et republicâ Venetorum libri V.
Compendii primæ philosophiæ libri VIII.
De potestate Pontificis.
De elementis libri V.
Confutatio articulorum seu quæstionum Lutheri.
De libero arbitrio.
Conciliorum magis illustrium summa.
De Sacramentis christianæ legis et catholicæ ecclesiæ libri IV.
De justificatione.
De Prædestinatione.
Scholia in epistolas divi Pauli.
Bibliografia
Dittrich, F.: Gasparo Contarini, eine Monographie, Braunsberg, 1885.
— Regesten und Briefe des Cardinals Gasparo Contarini, Braunsberg, 1881. Berrarg. Hansebooks, 2017.
García Mercadal, F.: Viajes de extranjeros por España y Portugal desde los tiempos mas remotos hasta fines del siglo xvi. Recopilación, traducción, prólogo y notas por J. García Mercadal, Madrid: Aguilar, 1. libk., 1952, 902. or.
Iribarren, J. M.ª: Los viajeros de otros tiempos. Gobierno de Navarra, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 3. arg., 1998, 33. or.
Schaefer, F.: «Gasparo Contarini» in The Catholic Encyclopedia, 4. libk., New York: Robert Appleton Company, 1908, http://www.newadvent.org/cathen/04323c.htm. Gaztelaniazko itzulpena: Hernández Medina, L. M., «Gasparo Contarini», Enciclopedia católica, online (ecwiki), http://ec.aciprensa.com/wiki/Gasparo_Contarini (2018ko irailaren 28an egindako kontsulta).
Aipamen bibliografikoa
Adot Lerga, A., “Contarini, Gaspar”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 738-739.





