Karguak eta lanbideak
Historialaria, Paleografoa
Ibilbidea
Arnaud Communay Pauen 1845ean sortzen da. Jurista familia batekoa (aita abokatua eta aitatxi auzi-idazkaria zituen), Zuzenbide-ikasketak segitzen ditu, notario izateko asmoarekin. Baina, bere lizentzia ukan eta, ikerketa-mundura buruz orientatzen da. Bordeleko Liburutegian postu bat lortzen du eta, laster, Girondako departamenduko artxiboetako arduradun izanen da. Bilketa-lan oso handia egina du, batez ere Guiena eta Gaskoinako Historiari buruzko dokumentu ezezagun asko publikatuz.
Bere lanaren kualitatea eta zorroztasuna laudatzen dituzten hainbat ohorezko titulu jaso ditu: Departamenduetako lan historikoen Komiteko eta Frantziako armarri-Kontseiluko berri-emailea, Frantziako Historiaren Sozietateko eta Bordeleko Sozietate arkeologikoko kidea, Guienako Bibliofilen Sozietateko Idazkari orokorra, Girondako Artxiboen Sozietateko Lehendakaria…
Bere bizi bukaera ordea ez da hain ospetsua izan. Izan ere, 1896an, Bordeleko Auzitegiak kondenatzen du hogei urterentzat bortxazko lan dorpeetara, banku-tratu faltsuak egiteagatik. Parisera ihes egiten du bere aitaren izena, Pierre, harturik. Han bederatzi urtez Pariseko komertzio-etxe handi batzuetan publizitate-langile gisa lanean segitzen du. Baina,1906an, berriz ere auziperatua da egur-saltzaile bati egin dion iruzurragatik. Communay-ren abokatuak azaldu zuen jukutria hau egin zuela dokumentu historiko berri batzuk erosi ahal izateko. Pariseko Auzitegiak hiru urtez preso egotera kondenatzen du. Kondena honen ondotik ez dugu bere biziari buruzko beste daturik aurkitu.
Esan bezala, haren lanari dagokionez, Arnaud Communay bere garaiko historialari gaskonista oso aktiboa izan da. Hainbat dokumentu ezezagun (gehienbat Akitaniako Artxibategietan aurkitutakoak) eta notizia biografiko argitara eman ditu, batez ere La Revue de Gascogne aldizkarian. Maiz idazten duen bezala, bere helburu nagusienetarikoa da gutxi, edo batere ez, aztertuak izan diren pertsonaia edo gertakari batzuk ezagutaraztea eta, Gaskoinaren Historiari begira, merezi luketen balio historikoa azpimarratzea. Noski, Euskal Herriaren Historiarekin zerikusirik artikulu anitz agerrarazi ditu. Adibide zenbait ondoko lerroetan aipatuko ditugu.
Lehenik, Arnaud Communay-k tokiko pertsonaia historiko anitzei buruzko notizia biografikoak idatzi izan ditu, hala nola Pierre de Lostal, Nafarroako Kantziler-ordea Enrike IV.-aren pean, La Revue de Gascogne aldizkarian (1884an). Lostal-ek idatzitako lau gutun erantsi dizkio artikuluari, zeintzuek gizonaren pertsonalitatearen orijinaltasunak ongi adierazten baitituzte, Communay-k dioenez.
Jean de Montiers de Fresse, évêque de Bayonne liburuxkan (1888), apezpikuaren datu biografikoak, eta bereziki Frantzia eta Alemaniaren arteko diplomazian bete zuen rola, jorratzen ditu. Bere aurkezpenari loturik, Jean Nadault historialariak 1773an egin zuen memorioa antzeman dezakegu. Beste diplomaziari baiones ospetsu bat, Dominique de Lesseps, aurkezteko parada izan du Pièces et documents inédits pour servir à l’histoire du Sud-Ouest bilduman (1888) agertzen den notizia batean.
Communay-k beste ekarpen interesgarri batzuk egin ditu Revue de Gascogne aldizkarian agertutako «Marins basques et béarnais, esquisses biographiques» izeneko kronikekin. «Ahaztuak» izan diren Pirinio-Beheretako Departamenduko zortzi marinelen erretratuak egiten ditu, besteak beste, Jean-Pierre de Casamajor Sarikotako Kondea (1648-1723), Pierre Dulivier Baionarra (1663-1725), Armand de Belsunce Mehaineko bizkondea (1722-1763), Biarritzeko Jean d’Albarade (1743-1819) edota Valentin de Salha (1758-1841). Lehenago erran bezala, Communay beti asmo berarekin dabil: gizon horien balentriak publiko zabalagoari ezagutarazi nahi dizkio, geroago ikerlari berri batzuei gizon horien biziak aztertzeko gogoa pizteko. Aitzin solasak ongi irudikatzen du autorearen xedea: «Isiltasuna haien inguruan egin eta jarraitu zen [marinelak] eta gaur egun oso jende gutxik du ahaztutako hauen arma bikainen ezagutza zehatza. Zalantzarik gabe, ez dugu aldarrikatzen hain hutsune handi bat bete eta Frantziarentzako ohore eta irabaziren batekin odola isuri duten guztiak biziberritzeko. Baina Revue de Gascogne-ko irakurleei egitea proposatzen diegun zirriborro biografikoek, agian, batzuk bultzatuko dituzte gure lana jarraitzera eta hobetzera.» (485. or.).
Ezinbestekoa zaigu Le Conseiller Pierre de Lancre liburuxka (1890) aipatzea. Communay-k Bordeleko magistratuaren bizia aztertzen du, hainbat pieza orijinal eta dokumentu biografikotan oinarrituz. Estudio labur honek pertsonaiaren elementu pertsonal nagusiak ematen dizkigu (familiaren euskal jatorriak, bere ondorengotza, ibilaldi profesionala,…) eta, noski, parte inportante bat Lapurdiko sorginen aurkako auzietan bete duen rolari dedikatua zaio.
Bestetik, Communay-ren lanek Ipar Euskal Herrian iragan diren gertakari batzuei buruzko argibideak ematen dituzte. Adibidez, «Arrivée à Bayonne d’Elisabeth, reine d’Espagne» deituriko artikuluak Espainiako erregina eta Frantziako Charles IX.a bere anaiaren topaketaren inguruko bost pieza ezezagun argitara ematen baititu.
Higanoten historia ere izan du aipagai, Les huguenots dans le Béarn et la Navarre bilduman (1885). 1563 eta 1575 urteen arteko pieza asko publikatzen ditu, gatazken elementu historikoak eta testuingurua ongi planteatzeko asmoarekin : «Era berean, Antoine de Bourbon hil zenean Bearnoren egoera erlijiosoa ezagutzera ematen dute, gerra zibilaren lehen haziak erakusten dituzte, azkenik, probintzia hau hainbeste denboran odolustu zuen borrokari buruzko xehetasun berriak eta zehatzak jasotzen dituzte».
Communay-k XVII. mendean gertatu ziren Gatzaren zergaren aurkako (Gabela) matxinadak tratatzen ditu Audijos, la Gabelle en Gascogne liburuan (1893). Bernard d’Audijos-ek eramandako erreboltaren inguruko dokumentu asko, gehienak ordura arte ezezagunak, publikatzen ditu. Bi parte bereziki Euskal Herriari lotuak zaizkio: lehena, «Une révolte à Bayonne en l’année 1641», 12 piezaz osatua, zeinak testuingurua eta Baionan iragan ziren matxinaden jatorriak zehazten baititu (Boris Porchnev-ek 1938an gertakari hori zehazkiago aztertu izan du «Le soulèvement de Bayonne en 1641» artikuluan). Bigarrenean, «Révoltes en Chalosse, Labourd, Béarn et Bigorre» deitutako partean, autoreak lurralde horietan pasa ziren ekintzei buruzko 130 dokumentu kronologikoki agerrarazten ditu.
Obrak
. «Pierre de Lostal, Vice-Chancelier de Navarre», Revue de Gascogne, XXV (1884), 330-337. or.
«Arrivée à Bayonne d’Elisabeth, reine d’Espagne», Revue de Gascogne, XXV (1884), 429-443. or.
Jean de Montiers de Fresse, évêque de Bayonne, Auch: G. Foix, 1885, 29 or.
Les huguenots dans le Béarn et la Navarre, Paris: H. Champion, 1885, 198 or.
Louis XV, le duc de Gramont et le régiment des Gardes françaises, Auch: G. Foix, 1887.
«Marins basques et béarnais, esquisses biographiques», Revue de Gascogne, XXIX (1888), hur.
Pièces et documents inédits pour servir à l’histoire du Sud-Ouest, Agen: V. Lenthéric, 1889, 145 or.
Le conseiller Pierre de Lancre, Agen: V. Lenthéric, 1890, 66 or.
Audijos, la Gabelle en Gascogne, Paris: H. Champion, 1893, 516 or.
Bibliografia
BILBAO, J., Eusko-Bibliographia: Diccionario de bibliografia vasca, Bilbao: Servicio Editorial, Universidad del Pais Vasco, 1985.
PORCHNEV, B., «Le soulèvement de Bayonne en 1641», Publications de l’Académie des Sciences de l’URSS, Section des Sciences sociales, 1938 (errusiarrez).





