Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

COMAS ROS, Maria (Cervià de Ter, Girona, 1902ko azaroak 30 – Bartzelona, 1988).

Karguak eta lanbideak

Historialaria eta geografia eta historia irakaslea

Ibilbidea

Gironako Torroella de Mongrí herrian jaiotako Jose Comasen eta Cervià de Ter-en jaiotako Josefa Rosen alaba. Jaioberriari Maria, Justa eta Fe izenak ezarri zitzaizkion. Aita «jabe» gisa agertzen da.

1917an, Gironako Institutuan amaitu zituen batxilergo-ikasketak. 1924an, Filosofia eta Letretan sari bereziarekin lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean, eta 1934an, Historia Sailean doktoratu zen Madrilgo Unibertsitate Zentralean, 1935eko sari bereziarekin.

Prestakuntza-planaren barruan, garrantzi handiko gertaera izan zen 1933ko udan Crucero universitario por el Mediterráneo delakoan parte hartzea. Berrogeita zortzi egun eman zituen Mediterraneoko aztarnategi arkeologiko nagusiak zeharkatzen, eta haiei buruzko prestakuntza ematen. Joaquina ahizparekin batera, eta ikasle gisa, 163 eta 164 zenbakiekin agertzen dira gurutzadura horretako parte-hartzaileen zerrendan. Gurutzadura hori puntako esperientzia pedagogiko eta hezitzailea izan zen Bigarren Errepublikako berrikuntza pedagogikoaren planaren barruan. Irakasle eta ikasleen artean 190 pertsonak hartu zuten parte bertan, horietako asko garaiko kulturako pertsonaia garrantzitsuak, hala nola: Pere Bosch i Gimpera, Salvador Espriu (oso laguna zuen Maria Comas), Isabel Garcia Lorca, Antonio Garcia Bellido, Gregorio Marañon, Julian Marias, Manuel Gomez Moreno, Lluis Pericot, Hugo Obermaier, Jose Ortega y Gasset, Antonio Tovar, Jaume Vicens Vives edo Juan Zaragueta: errepublikar intelektualitatearen gaina eta bikaina. Ekimena Madrilgo Unibertsitate Zentraleko dekano Manuel Garcia Morentek abiatu zuen, espedizioaren buru izan zenak, baina Estatuaren babes osoa jaso zuen, batez ere Fernando de los Rios Hezkuntza ministroaren bultzadaz.

Oñatiko Institutuan irakasle aritu bide zen 1929-1932 urteetan. Alcoyko Bigarren Hezkuntzako Institutuko Geografia eta Historiako katedradun izendatu zuten 1932ko abuztuan. 1934an, Bartzelonako Salmeron Institutuan plaza lortu zuen zerbitzu-eginkizunetan, eta bertako idazkaria ere izan zen. Ondoren, Manresako Institutura pasa zen, eta, behin betiko, 1957an, Bartzelonako Maragall Institutuan hasi zen. Institutu horretako zuzendaria izan zen 1965ean. Irakasle gisa, bere ikasleek (Marta Pessarrodona, Elena del Cacho) emandako testigantza guztiak bat datoz: irakasle aparta zen, gaitasun handia zuen ikasleen gogoa pizteko, eta kalitate handiko azalpeman ematen zituen. Bere obran, ikus daiteke Jaume Vicens Vivesen irakaspena jarraitzen duela.

Arazoak izan zituen frankismoarekin, Errepublikako pedagogia-berrikuntzako proiektuetan parte hartu zuelako, ez hainbeste bere ideologiagatik, kontserbadorea omen zelako. Katalanistatzat ere jotzen zuten. Marta Pessarrodona bere ikasle izandakoaren testigantzaren arabera, 1950eko hamarkadan eskolak gaztelaniaz ematen zituen, ezin bestela izan garai hartan, baina horietatik kanpo katalanez hitz egiten zuen ikasleekin. 1941ean, zigortu egin zuten, kulturako eta irakaskuntzako erakundeetan zuzendaritza eta konfiantza karguak betetzeko desgaituz. 1943ko urriaren 13an, haren garbiketa-espedientea berrikusita, 1941eko agindua baliogabetu zen, eta katedradun karguan berretsi zuten. Bere ahizpa Joaquinak ere, prozesu bera jasan baitzuen, lau egun lehenago birgaitu zuten. Diego Montañez haren senarra institutuko (matematikako) katedraduna zen, eta hark ere garbiketa jasan zuen.

Historialari gisa, Lazarragari eta Bidaurretako monasterioari eskainitakoa da, zalantzarik gabe, bere ikerketa-lanik garrantzitsuena. Oñatiko Institutuan irakasle izan zen urteetan, doktorego-tesia egitea erabaki zuen Maria Comasek, eta Isabel Katolikoaren idazkari eta Bidaurretako Monasterioaren sortzaile Juan Lopez de Lazarragaren figura aukeratu zuen gaitzat. Bere tesia 1934ko irailaren 19an defendatu zuen Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Filosofia eta Letren Fakultatean, eta 1935ean Bikain eta Aparteko Sari kalifikazioa lortu zuen. Liburuaren hitzaurrean dioenez, «bibliografiari dagokionez, ezer gutxi aprobetxatu ahal izan dugu», ikerketari ia hutsetik ekinez eta argitara gabeko dokumentazioan oinarrituz: «Konturatu ginen ez zirela liburuak argitu gintzaketenak, baizik eta artxiboak, eta bertan arduraz gordeko zirela gure gogoari jakin-mina pizten zioten berriak». Hala, Bidaurretako moja klaratarren artxiboa, lazarragatarren familia-artxiboa (biak Oñatin), Simancasko Artxiboa, Madrilgo Historiko Nazionala eta Liburutegi Nazionaleko Eskuizkribuen Saila (biak Madrilen) landu zituen. Ikerketa nahiko nekagarria izan zen: «Urte batzuetako lanaren emaitza da liburu hau», dio hitzaurrean. Lanaren argitalpena Eusko Ikaskuntzaren babespean egin zen, eta Batzordeak txosten bat eskatu zien Serapio Mugicari eta Juan Carlos Guerrari, argitaratzearen egokitasunari buruz Azkenean, lehenengoak bakarrik sinatu zuen txosten hori, baina oso goretsia izan zen: «azterketa bikaina», ondo dokumentatua eta metodologikoki ondo oinarritua.

Gerra zibilaren ondoren, Maria Comas batxilergoko ikasleei zuzendutako historia eta geografiako eskuliburuak idazten espezializatu zen. Lazarragari buruzko liburua «Maria Comas Ros» gisa sinatu zuen bazuen ere, behin ezkonduta, gerraosteko ohiturari jarraiki, eskuliburu horiek guztiak «María Comas de Montáñez» izendapenaz argitaratu zituen. Historiako eskuliburuen egile-lanetan arrakasta handia izan zuen. Bere Historia Moderna y Contemporánea de España Espainia osoan unibertsitate-aurreko ikasturtean irakasgai horretan erabili zen 1964ra arte, alegia, unibertsitatean trebatutako herrialdeko elite agintariak izango ziren pertsonak arlo horretan prestatzeko testua izan zen. Urte horretan, lehiakide bat sortu zitzaion: Antonio Rumeu de Armasek argitaratutako antzeko beste eskuliburu bat. Hurrengo urteetan eta unibertsitate-aurreko ikasturte horrek iraun bitartean, merkatua bi eskuliburuen artean banatu zen. Rumeurenak ideologia frankistaren adierazpenik biziena adierazten zuen, eta Comasenak, berriz, nahiz eta haren oinarrizko premisak onartu, kutsu liberalagoa, berritzaileagoa eta irekiagoa zuen.

Obrak

Juan López de Lazarraga, secretario de los Reyes Católicos y el Monasterio de Bidaurreta en la Villa de Oñate, Barcelona: Descartes, 1936.

Síntesis geográfica de las grandes potencias, Barcelona: Ibérica, 1941.

La civilización española, Barcelona: Sócrates, 1945.

Breve Historia de la Humanidad, Barcelona: Sócrates, 1945, 1954.

Historia Universal y de España: tiempos modernos y contemporáneos, Barcelona: Sócrates, 1956.

Historia de España y de su civilización, Barcelona: Sócrates, 1958.

Historia del arte y de la cultura, Barcelona: Sócrates, 1959.

Historia de los pueblos y de las culturas, Barcelona: Sócrates, 1960.

Historia Moderna y Contemporánea de España, Barcelona: Sócrates, 1962.

Historia Antigua y Media Universal y de España, Barcelona: Sócrates, 1969.

Bibliografia

GRACIA ALONSO, F., eta FULLOLA Y PERICOT, J. M., El sueño de una generación: el crucero universitario por el Mediterráneo de 1933, Barcelona: Universitat de Barcelona, 2006.

KNÖRR, H., «Joan Pérez de Lazarraga familiaren kronista», Euskera, L (2005), 161-168. or.

MORENA BURRIEL, E., Depurar y castigar. Los catedráticos de Geografía e Historia a comienzos del Estado franquista (1936-1943), Zaragoza: Institución Fernando el Católico, 2018, 184-185. or.

PÉREZ GARZÓN, J. S., «¿Qué historia aprendían “los chicos del Preu” en 1964?», in CASTRO, A., eta DÍAZ, J., XXV años de paz franquista. Sociedad y cultura en España hacia 1964, Madrid: Sílex, 2017, 127-159. or.

ITURRIAK

ARCHIVO GENERAL DE LA ADMINISTRACIÓN (05)020.000, Caja 32/14046, Exp. 020, María Comas Rosen tituluaren espedientea; (05)020.000, Caja 32/15394, Exp. 061, María Comas Rosen tituluaren espedientea.

CENTRO DOCUMENTAL DE LA MEMORIA HISTÓRICA, María Comas Rosen fitxa, DNSD-SECRETARIA, FICHERO, 13, C0164947.

Escalafón de catedráticos numerarios de Institutos Nacionales de Segunda Enseñanza. Redactado por la Revista Minerva. Situación en 5 de enero de 1934, Madrid: Imp. de L. Rubio, 1934.

Orden de inhabilitación de María Comas. «Orden de 18 de agosto de 1941», in BOE, 295 (1941eko urriaren 22a), 8.219. or.

Orden de revisión del expediente de depuración de María Comas. «Orden de 9 de octubre de 1943», in BOE, 330 (1943ko azaroaren 26a), 11.375-11.376. or.; online arg.: https://www.boe.es/datos/pdfs/BOE//1943/330/A11375-11375.pdf (2020ko apirilak 22).

Orden por la que se nombra a María Comas catedrática del Instituto Maragall de Barcelona, mediante concurso de traslado, siendo titular actualmente del Instituto de Manresa. 24 de junio de 1957. BOE, 182 (1957ko uztailaren 16a), 3.192. or. Online arg: https://www.boe.es/datos/pdfs/BOE//1957/182/B03192-03193.pdf (2020ko apirilak 22).


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP