Karguak eta lanbideak
Negozio-gizona, politikari liberal aurrerazalea eta ilustratua
Ibilbidea
Collado familia XVIII. mendearen bigarren erdian kokatu zen Donostian, merkataritzak hiri hartan zekartzan irabaziek erakarrita. Santanderkoa zen jatorriz eta kaparetasun frogatukoa. Manuel Collado Regato, 1785ean, Cayetana Parada Etxenagusiarekin ezkondu zen Donostian, eta ezkontza hartatik, Jose Manuel, Cayetano, Jose Francisco, Pablo eta Josefa Rita jaio ziren. Handik aurrera, burgesia donostiarrarekin harremanak estutu eta, familiak maila nazionalean zuen proiekzioa zela eta, Espainiako noble eta handikietarikoa izan ziren. Jose Manuel Collado semea jabe-familia nabarmen bateko Leocadia Etxague Aracuesekin ezkondu zen. Familia hura Irlandatik etorritako Berminghamtarrekin ahaidetua zegoen eta Donostiako merkataritza-burgesiako kideak ziren. Colladotarren higiezinen ondarea harresiz barnealdeko Donostian zegoen. Finka gutxi ziren baina balio handikoak. Zeharka bada ere, Jose Manuel Colladok, halaber, emazteak herentzian jasotako jabetzak hartu zituen, bai hiri horretakoak, bai Beizama herrikoak (Gipuzkoa). Gero, Toledoko probintziako eta Valdepeñasko beste batzuk ere jaso zituen.
Donostiako burgesiak egin ohi zuenez, Collado familiak merkataritzatik etorritako kapitala metatu eta inbertsioak Gipuzkoako industria modernoa eta trenbide-azpiegitura sortzera bideratu zituen, XIX. mendearen erdialdetik aurrera. Familia-leinu hark «Manuel Collado e Hijos» izenarekin jardun zuen, titularraren lau semeak bilduta. Aita hiltzean, berriz, enpresak «Viuda de Collado e Hijos» izena hartu zuen (1829). Itsasoz Haraindiko lurrekin ere hasi ziren merkataritzan, bai eta banku-negozioan eta papergintzan ere.
Jose Manuel Colladok Donostiako toki politikan eta Gipuzkoako probintzialean esku hartu zuen, eta Donostiako oligarkiaren bozemaile nabarmenetako bat izan zen. Erregidorea izan zen 1817an eta 1819an, eta alkateordea, 1834-1835ean. Donostiaren ordezkaria izan zen 1831ko Azpeitiko Batzarretan, Ebroko aduanak Bidasora eramatea eskatzeko. 1840ko urtarrilean, Donostiako Udalak mandatari izendatu zuen —Joaquin Ferrer eta Miguel Antonio Zumalakarregirekin batera—, hiriak Foruen aldaketaren proiektuan zer xede zituen azaltzeko, 1839ko urriaren 25eko Legean aurreikusitakoarekin bat. Geroago, 1855ean, 1856an eta 1857an, Donostiako alkatea izan zen. Halaber, Donostiako Udalaren mandataria izan zen, hiriaren hazkundea mugatzen zuten harresien eraispena lortzeko saioetan. Eraispena, azkenean, Gobernazio Ministerioak bai- mendu zuen, 1863ko apirilaren 22an emaniko Errege Aginduaren bidez.
Collado, era berean, Gipuzkoako probintziaren ordezkaritza lortu zuen Gorteetan, honako legealdietan: biziarteko senataria 1847-1848, 1848, 1849-1850, 1850-1851, 1851-1852, 1852, 1853[1.], 1853[2.], 1857, 1858, 1858-1860, 1860-1861, 1861-1862, 1862-1863 eta 1863-1864an. 1834ko legealdian, Jose Joaquin Mariategi ordezkatzeko aukeratu bazuten ere, azkenean botereak ezetsi zizkioten. 1836ko otsailean, berriz ere Gipuzkoako prokuradore hautatu zuten eta Lehen Karlistaldia amaitu beharraz mintzatu zen nagusiki Par- lamentuan, gerra oso kaltegarria baitzen Probintzia Baskongadoetarako, eta herrialdea ekonomikoki garatzeko oztopo ere bai. 1847ko apirilaren 21eko Errege Dekretuaren bidez, Erresumako senatari izendatu zuten, eta han iraun zuen 1861era arte. Senatuan, nabarmendu zuen bultzada eman behar zitzaizkiela Espainian industriari, merkataritzari eta lan publikoei, Europako gainerako herrialdeen mailara iristeko. Eta ziur zegoen ongi administratutako ogasun saneatuak aberastasun publikoaren hazkundea eragingo zuela.
Behar adina diru izateari esker, laguntza eraginkorra eman zuen 1854ko Iraultza antolatzeko. Hori zela eta, urte hartako uztailaren 30ean, Ogasuneko ministro izendatu zuten. Era berean, Gobernazio Ministerioaren ardura hartu behar izan zuen bitarte baterako eta, 1854tik 1856ra, bitarteko Gorte Eratzaileetan, Jaengo Diputatua izan zen. Gero, Sustapeneko ministroa izan zen (hilabete gutxitan) eta, 1857ko urrian, Pascual Madoz jarraiki zitzaion.
Gizon kultua eta ilustratua, Jose Manuel Colladok liburutegi handia izan zuen, hirurehun eta laurogeita hamar liburuk eta bederatziehun eta hemeretzi liburukik osatua, 10.000 errealetan tasatua. Politika, zuzenbide, ekonomia eta filosofia arloko liburuak ziren nagusi, bai eta frantsesez idatzitakoak ere. Era askotako bitartekoen bidez ekin zion printzipio liberalen alde; haietako bat, esaterako, La Balandra izan zen, hau da, hainbat lagunen tertulia konstituzionala edo bilera aberkoia. Elkarte horren jatorria Colladotarren Donos- tiako etxean 1820ko maiatzaren 22tik aurrera egindako tertuliak izan ziren; bertan, ideologia liberaleko hiriko patrizioak biltzen ziren. Gizon haien inspi- razio pean ere El Liberal Guipuzcoano sortu zen, hau da, Donostiako burgesia liberalaren prentsa-organoa.
Karlos III.aren Gurutze Handia eskuratu zuen, bai eta Alcantara Ordenako zaldun abitua ere. 1862ko azaroaren 27ko Errege Dekretuaren bidez, Isabel II.ak La Lagunako Markesa noblezia-titulua eman zion, Albako dukesaren oinordekoek saldutako izen bereko finkari lotua. Titulu hartan, Fermin Collado Echague jarraiki zitzaion, hau da, Jarafeko lehen bizkondea.
Bibliografia
AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 272. orr.
APARICIO PÉREZ, C., Poder municipal, economía y sociedad en la ciudad de San Sebastián (1813-1855), Donostia: Dr. Camino Institutua, 1991.
ARTOLA, M. (arg.), Historia de Donostia-San Sebastián, Donostia: Donostiako Udala-Ne- rea argitaletxea, 2000.
GÁRATE, M., El proceso de desarrollo económico en Guipúzcoa, Donostia: Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbera, 1976.
GÁRATE, M. eta MARTÍN, J., Cien años de la vida económica de San Sebastián (1887-1987), Donostia: Dr. Camino Institutua-Gipuzkoako Kutxaren Gizarte Ekintza, 1995.
MARTÍNEZ MARTÍN, J. A., Lecturas y lectores en la España isabelina (1833-1868), Madril: Universidad Complutense, 1986.
SERRANO ABAD, S., «Collado y Parada, José Manuel», Diccionario Biográfico Espa- ñol, Madril: Historiaren Errege Akademia, Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/14918/jose-manuel-collado-y-parada (2019ko urriaren 20an egindako kontsulta).
ITURRIAK
SENATUKO ARTXIBOA, Expediente personal del senador vitalicio D. José Ma- nuel Collado de Parada (1835-1864), ES.28079.HIS-0121-09.





