Karguak eta lanbideak
Kronika anonimoa
Ibilbidea
Latinez idatzitako kronika anonimoa, hiru liburutan banatua. Aurrez, beste izen batzuk izan zituen, Crónica Leonesa edo Crónica Miscelánea, baina «Naierensis» titulua hartu zuen azkenik, R. Menéndez Pidalek 1923an zehaztu ondoren jatorriz Gaztelakoa zela eta Naiarako Santa Maria monasterio beneditarrean idatzia izan zela. Edukia aintzat hartuta, egilea elizgizon, monje edo apaiz bat izan zela uste da, erregearen zirkulukoa, Clunyko ordenako kidea eta Errioxarekin lotura zuena (bereziki Naiararekin) eta, seguru asko, baita Compostelarekin ere.
Chronica Naierensis lana xii. mendearen azken hamarkadetan idatzi zen, aurreko kronika-lan askoren bilketa oinarritzat hartuta. Ez da erraza zer urtetan idatzi zen jakitea, eta adituak eta ikertzaileak pixkanaka atzeratzen joan dira data hori, 1159tik 1200era; gehienen iritzian, 70eko eta 80ko hamarkaden artean idatzi zen. Egileak hainbat iturri erabili zituen: San Isidororen Crónica eta Historia de los Godos, Vándalos y Suevos, Crónica de Alfonso III, Historia Silense, Sampiroren Cronicón, Oviedoko Pelaioren Crónica, baita garrantzi gutxiagoko beste iturri batzuk ere (Eusebio-Jeronimoren Chronica, Chronica Bizantia-Arabica, Juan Biclaroren Chronica, Petrus Comestorren Historia Scholastica). Hain zuzen, Petrus Comestorren lanetik jasotako eranskinak identifikatu ondoren zehaztu ahal izan dute adituek Chronica Naierensis lanaren post quem data (data antzinakoena), Comestorrek 70eko hamarkadaren erdialdera amaitu baitzuen berea.
Diskurtso historiografikoaren ardatza Gaztela da. Testuaren gorputz nagusiari, adibidez San Isidororenari, beste iturri batzuetako pasarteak gehituz joan zen egilea, diskurtso hori mamitzeko. Kontakizunetako batzuk errepikatu egin zituen, beste batzuk —hari narratiboari jarraitzen ez zioten pasarteak— ezabatu. Chronica Naierensis lanaren egileak Erdi Aroko Espainiako latinezko historiografiari eginiko jatorrizko ekarpen nagusia Espainiako historia hiru garaitan banatzea izan zen: bisigodoen aroaren hasieratik amaierara (Rodrigoren erregealdira); berrezartze neogotikoa eta monarkia leondarra (Pelaioren garaitik Bermundo III.a arte), eta, azkenik, Gaztelaren goraldia (Iruñeko Antso III.aren erregealditik Alfontso VI.arn erregealdira arte). Narrazioa Alfontso VI.aren erregealdian eteten denez, J. A. Estévez Solak hipotesi bat jarri zuen mahai gainean: obraren egileak bi direla, bat errege horren agintealdiaren amaierakoa, eta bestea, mendearen amaierakoa. Egileak interesa agertu zuen errege-erreginei buruz ez ezik, monarkiatik kanpoko beste pertsonaia batzuei eta haien genealogiei buruz, eta kontakizun kondairazko, folkloriko eta erlijiosoei buruz ere (hagiografikoak eta miracula zeritzanak). Horren adibide dira jatorri epikoko hainbat istorio, hala nola «kondesa traidorearena», García infantearen erromantzea edota Fernán Gonzálezen balentriak, Gaztelako kondeen zikloko hirurak, Cid-en zikloko «Antso II.aren kanta» edo Orreagaren aipamen laburra. Istorio horiek guztiak prosara ekarrita jaso zituen Chronica Naierensis lanaren egileak.
Chronica Naierensis obran askotan aipatzen dira Baskonia eta baskoiak, baita ondoko lurraldeak ere. Gai bakoitzerako erabilitako iturrien zerrenda lanaren edizio kritikoan kontsulta daiteke (ikusi sarreraren amaieran). 448. urtearen harira, egileak kontatu zuen Rekiario errege sueboak, Rekilaren semeak, Teodoredo errege bisigodoaren alabarekin ezkondu berri, augurioak kontsultatu zituela, eta, aldekoak izanik, Vasconias arpilatu zuela ondoren aitaginarrebarekin elkartzeko, eta, itzuleran, bisigodoen laguntzarekin Zaragoza suntsitzeko (I, 151). Bestalde, Euriko errege bisigodoak (466-484) Iruñea eta Zaragoza konkistatu zituen eta bere agintepeko lurraldeak zabaldu zituen Hispania iparraldean (I, 177). Mende baten buruan, Rekaredo erregeak (586-601) bere indarrak erabili zituen «erromatarren» [bizantziarrak] ausarkeriei eta baskoien oldarraldiei aurre egiteko; aurrez aurreko haiek, gerra bat baino gehiago, palestrako maniobrak edo ariketak ziruditen (I, 188). Kapitulu horretan bertan, orri-bazterreko ohar bat jaso zuen, aro hartako 662ko maiatzaren 8ko datarekin [sic!]; Liliolo Iruñeko gotzaina aipatzen da oharrean. 610. urtean, Gundemaroren erregealdi laburra (610-612) deskribatu zuen; haren lorpen bakanak baskoiak gudu batean garaitzea eta beste batean «erromatarrak» setiatzea izan ziren (I, 191). Suintilaren erregealdia (621-631) hizpide harturik, erregeak baskoien herri basaren aurka abiatutako kanpaina deskribatu zuen, eta baskoiei Tarraconense probintzian [Ebro ibarrean] barneratzea eta izua zabaltzea egotzi zien. Erregearen esku-hartzearen ondoren, iduri du baskoiek haren boterea onartu zutela. Errenditze-ekitaldian, baskoiek armak utzi zituzten, besoak zabaldu eta burua makurtu zuten, erregu eske, eta bahituak entregatu zituzten. Gainera, haien diru- eta giza-baliabideekin bisigodoen hiri bat jaso zuten, Erriberri izenekoa (Ologitis). Erregeari obedientzia agindu eta zin egin zioten (I, 193). 641. urtean, apirilaren 17an zehazki, Iruñean koroatu zuten Txindasvinto errege bisigodoa (641-652) (I, 194). Ondoren, Wamba erregeak (672-680), tronura 672an iritsi ondoren, asturrak eta baskoiak —behin eta berriro matxinatzen ziren herriak— mendean nola hartu zituen kontatzen du egileak. Erregea Baskonian zegoela, mezulari batek ohartarazi zion zer plan zituen Pablo dukeak, frankoen tropak lagun hartuta, eta, orduan, Wambak haren kontrako kanpainari ekin zion. Nîmes hiriko setioarekin amaitu zen kanpaina hura (I, 196). Toledoko kontzilioetako batean, Wambak banatu egin zuen Hispaniako eliza, eta zatiketa hartan Bizkaia Asturiasko probintziara esleitu zuen (I, 202), eta Iruñeak, berriz, apezpiku-egoitza izaten jarraitu zuen, Tarragonako metropoliaren barnean (I, 203). Bisigodoen garaian aipatutako lurraldeak mendean hartzeko saio ugari izan bazen ere, musulmanen inbasioaren ondorengo kronologian, obrak erreferentzia bat jasotzen du Alfontso I.aren erregealdian (739-757), Penintsularen iparraldean gertatu zen birpopulatzeari buruz. Horren arabera, Araba, Bizkaia, Ayeone (Alfontso III.aren kronika lanean aipatzen den Alaone eta Antoninoren ibilbideko Atondo edo Alavona mansioa bat izan daitezke), Urduña, Iruñea eta Berrueza beti egon ziren hiri eta herri haietako biztanleen esku (II, 8). Chronica Naierensis lanaren egileak labur kontatu zuen Karlomagnok Zaragozara eginiko espedizioa. Hiriko gobernadoreak, Abd ar Rahman I.aren aurka altxaturik, dei egin zion Karlomagnori, eta gazteluak eta hiriak agindu zizkion, horiek konkistatzen laguntzen bazion. Iruñeatik igarotzean, kristauek, paganoen (musulmanak) eskuetan tratu txarrak jasateaz gogaiturik, pozarren egin zioten harrera Karlomagnori. Zaragozatik bueltan, erregeak, nahiz eta ordurako zakuak bete urre zeramatzan, beste herrixka bati eraso egitea erabaki zuen (ez da herriaren izenik aipatzen). Orreagan Karlomagnoren tropen atzeragoardiaren hilketarekin amaitu zen eraso hura; han hil ziren Egiardo maiordomoa, Anselmo jauregi-kondea eta Roldan Bretainiako kondea, beste askoren artean. Hurrengo urtean, Karlos erregeak «erromatar» Inperioaren mendekua hartu zuen (II, 11). Aurrerago, kronikariak azaldu zuen Ordoño I.aren erregealdiaren hasieran (850-866), «baskoien probintzia traidorea» (perfida Vasconum prouintia) erregearen aurka altxa zela, eta erregeak matxinada zapaltzera jo zuenean, mairuek, egilearen arabera baskoi azpisugeek (fœdifragi) hauspoturik, aurre egin ziotela Ordoñori eta hura hil nahi izan zutela. Erregeak lortu zuen, ordea, haiei gain hartzea (II, 17). Ondoren, kronikariak kontatu zuen Ordoñoren semea, Alfontso III.a (866-910), Araban babestu zela Fruela erregeak tronua usurpatu zion aldian, baina Fruela hilik, erregea Oviedora joan zela eta handik Leonera. Han zegoela, mezu bat iritsi zitzaion Arabatik, bertako biztanleen altxaldi bati buruz. Alfontsok matxinada zanpatzea lortu zuen, eta matxinoak burua makurtzera eta bere inperioa onartzera behartu zituen. Arabarren ustezko kondea, Eilon izenekoa, kateaturik eraman zuen Oviedora (II, 21). Kronikan aipatzen dira beste konde arabar batzuk: Vigila Ximenez 882. urtean (II, 23) eta Alvaro Harrameliz 960an, azken hau Sancharekin ezkondua, Gartzea Santxez Iruñeko erregearen arrebarekin (II, 30 eta 31). 960an, Iruñeatik igaro ziren Fernán González konde gaztelarra eta haren seme-alabak, eta Gartzea I.a Santxez Iruñeko erregeak preso hartu zituen. Kronikaren anakronismoak kontuan izanda, ezin daitekeena da haren askapenaren pasartea. Kontakizunaren arabera, erregearen arreba Sancharen laguntzari esker geratu zen aske Fernán González, eta elkarrekin ezkondu ziren gero. Antso III.a Gartzez Nagusiaren agintepean (1004-1035) Iruñeko erresumak izan zuen lurralde-hedapena hizpide harturik, kronikariak azaldu zuen Compostelara zihoazen erromesak Arabatik barna desbideratzen zirela, musulmanek Donejakue bidean egin zitzaketen erasoaldien beldur, eta erregeak auzi hori konpontzeko igarobide seguru bat zedarritu zuela (III, 2). Azkenik, Chronica Naierensis lanaren egileak Antso III.a Gartzez Nagusiaren (1004-1035) eta haren anaia Ramiroren arteko gatazkaren berri eman zuen. Ramirok, 1043. urtean, Zaragoza, Tutera eta Huescako taifatako erregeak bildu zituen, eta kanpaleku bat atondu zuen Tafallatik gertu, borroka prestatzeko. Bien bitartean, Gartzeak, Ama Birjinari eskainitako eliza txiki batean hartu zuen babes gauean, otoitz egiteko. Kobazulo baten barnean zegoen eliza, Naiara inguruan. Loari amore emanda, borroka irabaziko zuela egin zuen amets. Estefania emazteari eta baroiei ametsa kontatu ondoren, zin egin zuen, garaipena lortuz gero, basilika nagusi bat sortuko zuela toki hartan. Hala gertatu zen, eta agindutakoa betetzeko, Naiarako Santa Mariaren monasterioa jaso zuen (III, 3).
Kronikaren bi eskuizkribu gorde dira, biak Historiaren Errege Akademian. «I» esaten zaion eskuizkribua bat dator Naiaran San Zoilo de Carrion herriko monasteriorako 1232-1233 inguruan kopiatutako liburuarekin. Bigarrena, «S» izenekoa, xv. mendearen amaierakoa edo xvi. mendearen hasierakoa da, baina ezin izan da zehaztu zer inguruabarretan osatu zen. Bi eskuizkribuetan lan hauek jasotzen dira: Chronica Naierensis, Wambaren Historia, Julian Donearena, Gesta Roderici Campidocti eta «Nafarroako errege-erreginen eta Pallarseko, Tolosako eta Gaskoiniako kondeen genealogiak», baita beste zenbait eranskin ere: De preconiis ciuitatis Numantinæ, Juan Gil Zamorarena, «I» eskuizkribuaren kasuan, eta Crónica Latina de los Reyes de Castilla, De regno Apuliæ et Siciliæ… Felino Sandeorena eta Paralipomenon Hispaniæ, Juan Margaritena, «S» eskuizkribuaren kasuan. Bi eskuizkribuak apartekoak dira elkarren artean, nahiz eta biak desagertutako eskuizkribu berean oinarrituta egon. Desagertutako hori, aldi berean, jatorrizkoaren edo tarteko beste kopia baten kopia da, eta kopian hainbat akats daude jatorrizkoarekiko (gorde diren bi eskuizkribuetan bere horretan dauden akatsak).
Chronica Naierensis Hispaniako kroniken kanonean sartu zen, Donejakue bideko idazmahaietan zirkulatzen hasi eta lasterrera. Hala, xiii. mendeko lehen erdialdeko kronikariek, Rodrigo Ximenez Radakoak eta Lucas de Tuyk, kronika hori jaso, eta haien lanetan erreproduzitu zuten historia hiru arotan banatzeko eredu hori.
Obrak
Edizioak: Estévez Sola, J. A. (arg.), Chronica Naiarensis, Corpus Christianorum. Continuatio Mediævalis LXXXIA: Chronica Hispana Sæculi XII, pars II, Turnhout: Brepols, 1995.Ubieto Arteta, An. (arg.), Crónica Najerense, Valencia: Anúbar, 1966.
Gaztelaniazko itzulpena: Estévez Sola, J. A. (arg.), Crónica najerense, Madrid: Akal, 2003.
Bibliografia
Estévez Sola, J. A., «Introducción», Estévez Sola, J. A. (arg.), Chronica Naiarensis, Corpus Christianorum. Continuatio Mediævalis LXXXIA: Chronica Hispana Sæculi XII, pars II, Turnhout: Brepols, 1995, IX-XCIX. or.
— Crónica najerense, Madrid: Akal, 2003, 7.-38. or.
Reglero de la Fuente, C. M., «La Crónica Najerense, Santa María de Nájera y Cluny», e-Spania (online), 2009ko ekainaren 7a (2018ko irailaren 20an egindako kontsulta).
Ubieto Arteta, A., «Introducción», Crónica Najerense, Valencia: Anúbar, 1966, 5.-30. or.
Vázquez de Parga, L., «Sobre la Crónica Najerense», Hispania, 1 (1941), 108.-109. or.
Aipamen bibliografikoa
Dulska, A. K., “Chronica Naierensis”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 248-251.





