Karguak eta lanbideak
Apaiza eta historialaria
Ibilbidea
Jean-Baptiste Henri Charbonneau 1882an sortu zen Maysouete etxean, Baionako Saint-Etienne auzoan. Larresoroko eta Baionako apaiztegietan ikasi zuen. Gieure gotzainak ordenatu zuen apaiz 1906an. Lehenik irakasle aritu zen Oloroeko apaizgaitegi txikian, ondoren bikario Saint-Vincent de Saliesen, eta hurrena erretor Pontiacq-Villepinte herrian. Cinqualdres abadearen ordezko izendatu zuten Gixunen, eta 1944an hil zen, bihotzekoak jota. Ezaguna da esleitu zitzaizkion postuetan hamaika eginkizun bere gain hartu eta kemen handiz burutu zituelako. Gai historikoak landu zituen modu erudituan, batez ere 1900 eta 1930 bitarteko aldian, eta funtsean Bearnori buruz idazten zuen, Revue historique et archéologique du Béarn et du Pays Basque aldizkarian. Adibidez, 1912an sukar aftosaren edo ahoeriaren aurkako erremedioen errezetei buruz argitaratu zituen dokumentuak aipatuko ditugu, konparatzen ahal baitira Mongongo Dassançak herri-medikuntzari buruz euskaraz argitaratu zituen testuekin (1692).
Baionako gaskoi hizkuntzan ere idatzi zuen, ipuinak batez ere, Hourique-Plach goitizena erabiliz; nonbait, ehiztarien esapide bat zen, gaskoiez «sasietan lardaskatzea» edo «sasietan miatzea» esan nahi duena, ziurrenik ere, bere jarduera zientifikoaren aipamen metaforikoa eginez, hala ibiltzen baitzen bera, artxiboetan eskuratzeko zailak ziren dokumentuen bila.
Haren lanean aipagarriak dira hainbat artikulu monografiko, ez oso zabalak, eta Euskal Herriko eta Bearnoko kaperei buruz eta sendalariei buruz egin zuen azterlana, gaur egun ere balio handiko lan-tresna baita.
Artikulu labur bat idatzi zuen Baigorriko Etxauzko bizkondeak Nafarroa Beherean, XVII. mendean, zuen arragoari buruz. Garai hartako hainbat dokumentutan azaltzen denez, Baigorriko lurretan oparo ziren burdin-meak, eta kainoiak eta kainoi-balak fabrikatzen ziren han, Baionarako; kalitatea, zalantzarik gabe, ona zen, baina fabrikazioa nekeza zen, behar zen egurra ez baitzen erraz ekartzen, batez ere Aldudeko ibarra hegoaldeko nafarrekin gatazkan zegoelako. Errentagarritasuna, beraz, arazotsua zen, eta ekoizpenak jasan zuen kaltea. Bezerorik garrantzitsuenetako bat Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra zen, Baionako Jacques Montz merkatariaren bitartez.
1921eko artikulu batean, Euskal Herriko parropiei buruz Hariztoik egindako lanetik abiatu zen Charbonneau, 1755eko factum edo bildumazko memoria bat aztertzeko. Hartan azaltzen ditu Aiherra eta Isturitzko herritarren artean apaiz baten inguruan erabili zituzten jardunbide iruzurtiak eta nahasiak, eta zailtasunak ditu Charbonneauk auzia argitzeko. Beste artikulu batean, itsasontzietako mastak egiteko Pirinioetatik ateratzen zen zura aztertzen du, baina atal txiki bat bakarrik eskaintzen dio Euskal Herrikoari, Iratiko basoari, hain zuzen ere, esanez 1748an egindako ikuskaritza batean ondorioztatu zela oihan hori ustiatzea gauza zaila zela.
Beste mota batekoa da Chapelles et Saints guérisseurs basques et béarnais, 1995 lana (argitalpen hau 1936an RHABPB aldizkarian argitaratutako lanaren berrinprimatzea da). Askoz ere hobea da, era sistematikoan antolatua, eta garai hartarako ongi informatua. Ia ehun urte iragan ondoren, gaurko irakurleak egiaztatuko du kultu-leku horietako batzuk desagertu edo eraldatuta daudela, eta ikusiko du, halaber, beste anitzek oraindik ere erakargarritasun handia gordetzen dutela, urte guztian barna izaten diren beilei eta beren errituei publizitate handirik ematen ez bazaie ere.
Charbonneauk beila ospetsuak biltzen dituzten lekuak azaltzen dizkigu, askotan dohain terapeutikoak dituen irudi edo kapera baten inguruan egiten direnak. Esaterako, Baionako Monne (Dama) de Saint-Bernard kapera, Aturriren ertzean, euskal erromes anitz erakartzen zituena. Charbonneauk adierazten du pietate horrek isekarik ere eragiten zuela. Hala eta guztiz ere, herritarren emana hain handia zen, hango objektu batzuk herritarren suhartasunetik babestu beharrak izan ziren. Andre Mariaren irudia eta zenbait koadro ezkutatu edo beste eraikin erlijioso batzuetara lekutu behar izan ziren. Charbonneauk aipatzen du historialarien jarrera kontrastatua, batzuetan zuhurtzia handiz begiratzen baitzituzten era horretako fenomenoak, Cestac abade ospetsuak baieztatzen bazuen ere bera sendatu zela Notre-Dame de Saint-Bernard kaperan.
Lehuntzeko oratorioa ez da Ainhoako Notre-Dame de l’Aubépine santutegikoa bezain ezaguna. Haren sorreraren kontakizuna eskaintzen digu Charbonneauk, Arantzazukoaren oso antzekoa; Ainhoako kokalekua Arantzazukoaren erreplika izanen litzateke. Hemen ere, artzain batek irudi bat aurkitu omen zuen, elorri baten adarren artean, eta kapera bat eraiki zen Andre Maria goresteko, eta ondoan kalbario bat. Erromesaldi garrantzitsu bakoitzaren ondoren, Mendekoste ondorengo egunean egiten baita, harrite eta ortotsak izaten dira, deabruaren haserrearen seinale. Charbonneauk dio ez dagoela Ainhoako kaperaren sorrera aipatzen duen dokumentu historikorik.
Biarritzen, Notre-Dame de la Pitié eta Notre-Dame du Bon Secours kaperei buruz ez da dokumentu historikorik ia, salbu eta 1622ko dokumentu bat, non azaltzen den Notre-Dame de la Pitié amabirjinaren aldeko debozio handia. Portu zaharrean kokatuta, arrantzaleak ohartarazten zituen enbata zetorrenean. Monumentua desagertu da eta Sainte-Eugénieren kapera dago haren ordez. Bidarten dago Uroneako Andre Mariaren kapera, dokumentazio historikorik ez duena. Esaten zenez, Uroneako urak ekzemak sendatzen zituen, eta badakigu erromesaldia desagertu zela XX. mendearen bukaeran. Notre-Dame de Socorri kaperak ere Urruñako marinelak erakartzen zituen, baina ez da dokumentazio historikorik debozio horren inguruan.
Barkoxen, Notre-Dame de Malteren sorreran beste hainbat lekutan izandako gertaera bera dago: idia belauniko jarri zen amabirjinaren agerpen baten aitzinean. Iturri hartako urak dohain sendagarriak omen zituen. Urdiñarbeko Gentein edo Jüntaiñea jauregian kapera bat omen zegoen iturri baten ondoan, eta begietako gaitzak sendatzen omen zituen. 1623ko dokumentu batean aipatzen da.
Hainbat informazio ematen du Charbonneauk santuei buruz ere. Baionako San Bernardoren kultua, Saint-Esprit eta Bokale artean, XIII. mendetik heldu dela dio. Auzoak oraindik haren izena darama. San Leon, ospetsua Baionan gaur ere, eztabaidagai da historialarien artean (Jaurgain bera ere barne), existitu ote zen ala ez, eta horrek gogora ekartzen du handik urte batzuetara Iruñeko San Ferminen inguruan egin diren beste hainbat ikerketa. Ez da aurkitu XI. mendea baino lehenagoko dokumenturik. Esaten denez, San Leonen iturria (Jean Dauger estadiotik hurbil, Errobirako bidean, gaur ia ikusi ezina), mirariz sortu zen, San Leonek burua han ezarri zuelarik, lepoa moztu ziotenean. Erromesaldi handiak egiten ziren hara, euriteen edo lehorteen kontra, eta garrantzitsuak ziren haren omenezko festak, martxoaren 1ekoak. Orain badakigu Baionan, 1930eko hamarkadan ospatzen hasi eta Iruñeko bestetan inspiratu ziren festen aurrekariak izan zirela, nolabait ere.
Iholdiko San Blas 1594 baino lehenagokoa da, baina dokumentaziorik ez da. Aziendagatik eta umeengatik egiten zitzaion otoitz. Erritua bizirik da gaur ere. Atharratzeko Santa Madalena ere oso ospetsua da latinezko inskripzioagatik, tartean agertzen baita HERAUSCORRITSEHE hitza.
Santa Engraziari eskainitako artikulu batean, Charbonneauk gogoratzen du haren jatorriaren inguruko kontakizun bat; han aipatzen da harribitxiz apaindutako besoaren aurrean belauniko jarritako zezena. Zaragozako emakume santu baten besoa da, bidelapurrek erasotu zutena, Sarrancen bezala. Iratitik hurbil dagoen San Salbatore baseliza Louis Colasek aztertu zuen, eta ipuin ospetsuak sortu dira haren inguruan, Cerquand ipuinlariaz geroztik. Baina hark ere ez du dokumentazio historikorik, salbu eta XIII. mendeko aipamen bat. Jatsun ere bada beste San Salbatore bat, ez hain ezaguna, eta XVII. mendean aipatuta agertzen dena. Gainera, Larrañeko San Jose aipatzen du Charbonneauk, mugatik hurbil, eta Heletako San Bizente, Baiguraren oinean. Latapie Asfeldeko bizkondea aipatzen du Charbonneauk, hark esaten baitzuen euskaldunek asentamenduak eraiki zituztela mendi ekaiztsuetan: Larrun, Olharandoi, Orisson, San Salbatore, Nethe, San Anton, Madalena, etab.
Charbonneauk adierazten du beharrezkoa dela dokumentu idatziak gurutzatzea sinestunak erregulartasunez erakartzen dituzten fenomeno erlijiosoekin. Biltzen du, baina ez da etnologoa, haren lana Jose Miguel Barandiaranek zuzentzen zuen Anuario de Eusko Folklore argitalpenean jasotzen bada ere. Haren lana aski ongi osatua da, eta horregatik gordetzen du, gaur ere, interes guztia.
Obrak
«A propos de la fièvre aphteuse», RHABPB, 25. zk, 4 (1912), 1-43. or.
«Documents sur la mâture des Pyrénées au XVIIIème siècle», RHABPB, IV (1913), 478-484., 594-604. or.
«Un conflit d’attribution pour les curés d’Ayherre et Isturitz au XVIIIème siècle», Gure Herria, 1 (1921), 494-498. or.
«Les victimes de la Révolution dans les Basses Pyrénées d’aprés L. Prudhomme», RHABPB, 1924, 59-60. or.
«La forge du vicomte d’Echaux au XVIIIème siècle», BSSLAB, XLVIII (1927), 251-257. or.
«Devociones legítimas y prácticas supersticiosas de algunos santuarios vascos y bearneses», Anuario de Eusko Folklore, 11 (1931), 86-114. or.
«De quelques sanctuaires basques et béarnais», RHABPB, XIX (1936), 5-17., 87-104., 148-162., 219-234. or. Berrarg. 1995ean, Curutchet arg., izenburua: Chapelles et Saints guérisseurs basques et béarnais.
Bibliografia
BAREIGTS, A., L’abbé H. Charbonneau, prêtre gascon, 1882-1944, Guiche-Fengpin, 1982, 81 or.
ITURRIAK
LATAPIE, J., Asfeldeko bizkondea, Chroniques du Béarn: depuis les temps les plus reculés jusqu’à nos jours, Paris: Au comptoir des Imprimeurs-Unis, 1847, 480 or.





