Karguak eta lanbideak
Jesuita, euskal Zuzenbide pribatuaren lehen teorizatzaile zientifikoa, euskal sindikalismoaren sustatzailea, Deustuko Merkataritza Unibertsitatearen sortzaile dekano eta irakaslea.
Ibilbidea
Familia foruzale baten baitan jaio zen, Baionan, 1873ko otsailaren 28an. Bere gurasoak bertan zeuden, bi seme nagusiekin, Karlistalditik ihesi. Aita galdu zuen 5 urte zituela, eta Pedro Errazkin osabarekin geratu zen (Galdakaoko La Dinamitaren sortzailea). Pedro, anaia nagusia, politikari abertzale ospetsua izan zen, Espainiako Lehergaien Elkarteko kontseilari ordezkaria eta Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea. Bigarren anaia, Manuel Chalbaud, Eusko Ikaskuntzako kide ezaguna izan zen eta 1931ko Euskal Estatuaren Estatutu Orokorraren proiektuaren sustatzaile nagusietako bat.
1883an Urduñako jesuiten ikastetxean sartu zen barneko ikasle bezala. 1888 eta 1893 artean Zuzenbidea eta Filosofia eta Letrak ikasi zituen inauguratu berria zen Deustuko Unibertsitatean. Ikasketak bukatuta, abokatu bezala aritu zen eta aldi berean bere gizarte bokazioa itzartu zitzaion. 1898an Zuzenbidean doktoratu zen Troncalidad en el Fuero de Bizcaya tesiari esker. Urte hartan bertan Jesusen Lagundian sartu zen. Nobiziatua eta bi urteko formazioaren ondotik, 1903tik aurrera Deustuko Unibertsitatean sartu zen lau urteko magisteritza egiteko. Aro hori gaindituta, ikasketa teologikoak hasi zituen Oñan, 1911. urtera arte. Orduan, Goi Mailako Ikasketen Eskolako irakasle hasi zen lanean, merkataritza eta administrazio Zuzenbidea ematen zituela, eta Revista Estudios de Deusto sortu zuen. Bi urte geroago, 1913an, Auzitegi praktikako bi kurtso jarri zituen martxan.
1916an bere jardunak aldaketa sakona eman zuen, Merkataritza Unibertsitatea inauguratu zenean. Mende amaierako enpresari boteretsuen aspaldiko ametsa Enpresa ikasketak unibertsitate mailan eskainiko zituen ikasketa zentro bat ezartzea zen, eta aita Chalbaudek ardura bere gain hartu zuenean, ondorengo belaunaldiak ekonomia zientziatan jantziko zituen ikasketa zentroa sortzeko plana abian jarri zen. 1912an Milango Unibertsitatean oinarritutako plan bat aurkeztu zion Deustuko errektore zen aita Iberori. Plan horrekin ados egon zen errektorea, baina ezinbestekoa zen finantzazioa lortzea, eta bere kalkuluen arabera, zortzi milioi inguru pezeta beharko zituzten. Chalbaud Pedro de Icazarekin bildu zen, Aguirre anaiek Mexikon lortutako aberastasun handiaren jasotzailearekin. Bilera emankorra izan zen, eta sortuko zen ikastetxearen oinarria ezartzeko nahikoa. Hezkuntza katolikoaren ereduari jarraituz, eta Goi Mailako Ikasketen Eskola halakoa zen, Chalbauden proposamena Fundazio bat sortzea izan zen, eraikinaren jabetza haren esku uzteko, eta ikastetxe berriaren irakaskuntza, zuzendaritza eta administrazioa, aldiz, Jesusen Lagundiaren esku. Luis Chalbaudek «Merkataritza Unibertsitate» berriak hartu zituen eredutzat, momentu horretan asko sortzen ari baitziren enpresetako zuzendaritza batzordeek zituzten beharrak asetzeko. Orduko hartan proiektu aitzindaria izan zen, Estatuan izan zen lehenetakoa. 1916ko uztailaren 31n lehen harria jarri zen eta berehala hasi ziren eskolak ematen. Chalbaud Ikasketa Prefektu izendatu zuten. Irekiera hitzaldian adierazi zuen Fundazioaren nahia eta berea ikaslerik onenak erakartzea zela, maila sozialari begiratu gabe. Merkataritza Unibertsitatea elite intelektuala bilduko zuen ikastetxea izan zedin nahi zuen, erabat doakoa eta sarbide froga zorrotz baten bidez hautatuak bakarrik onartuko zituena. Eskolaren lehen promozioen artean daude, besteak beste, Rafael Sanchez Mazas, Jose Felix Lequerica, Francisco de la Quadra Salcedo eta 17ko Belaunaldiko beste ordezkari batzuk (Bolinaga).
Aita Chalbaudek lan eskerga egin zuen gizarte auziaren inguruan, Bizkaiko elkarte sindikalen arteko akordioak bilatuz eta langile militanteak hezten. Berarentzat berdin garrantzitsua zen hori eta enpresarien heziketa («nire bizitzan gehien asebete nauen gizarte lana izan da»). XX. mendearen hasieran, Bilbo Estatu osoko industria eta finantza gune garrantzitsuenetakoa zen. Garapen ekonomikoa izan zen sortzen ari zen burgesiak behar zuen bultzada, baina aldi berean, pobrezia guneak ere zabaltzen ari zen, langile etorkinen familiak jasotzen zituzten herrietan pilaketak eta osasungaiztasun egoera larriak sortuz. Garai horretan, langileak elkarteetan biltzen ziren, eta aldarrikapenak bideratzeaz eta langileen borroka antolatzeaz gain, hezkuntza eta heziketa eskaintzen zuten. Jesuitek egoera horren berri zuten, eta Leon XIII aita santuaren Rerum novarum entziklikatik abiatuta, langileen zirkuluak sortzen lagundu zuten Deustuko Unibertsitateko irakasle nabarmenen laguntzarekin: Sandalio Garcia, Juan Manuel Obeso eta aita Luis Chalbaudek. Zirkulu horiek, mutualitate eta kristau doktrinamendurako zentro izateaz gain, gizarte lanean aritzen ziren laguntza ekonomikoa eskainiz, gaixotasun, istripu edo kaleratze lanuzteetan eguneko bi pezeta ordainduz, doako farmazia eta mediku zerbitzua eskainiz, etab. Ezkerreko elkarteek ez bezala, talde hauek ez zuten sekula zalantzan jarri indarrean zegoen eredu politiko-soziala (FUSI).
1934ko urtarrilaren 24an, Bigarren Errepublikaren dekretua argitaratu zen, Jesusen Lagundia bertan behera utzi eta bere ondasun guztiak konfiskatu zituena. Aita Chalbaudek eskolen gorabeheren berri izaten jarraitu zuen ikasle ohien kontsulta-batzar baten bitartez. Francoren tropak Bilbon sartu zirenean Belgikara erbesteratu zen, eta bertan izan zen Jose Antonio Agirre eta haren familiari laguntza ematen. Espainiara itzuli zen 1941ean, aldi baterako Burgosen kokatuta. Handik gutxira Logroñoko jesuiten egoitzara aldatu zen, eta gero Ordenaren Iruñeko ekonomia gaien arduradun izendatu zuten. Bertan, Manuel Irujo jaunari idatzi zion bere egoeraren berri emateko («apur bat kili-kolo nabil, nire egitekoak probintzia guztietako harremanetan eragina duelako, eta hasi berri ditudan 90 urteek ematen didaten ziurgabetasunarekin, ez dugu jakiterik konpontzeko gai izango naizen» Eusko Ikaskuntzaren dokumentu funtsa, 1962). Handik gutxira Loiolako Santutegira erretiratu eta 1965ean hil zen, laurogeita hamabi urterekin.
Bere heziketa eta teoria lanen bitartez, Luis Chalbaud sozialkatolizismoaren proposamenei aurre hartu zien eta langile elkarte ugarirentzat inspirazio iturri izan zen (Sindicatos y cajas rurales, 1908, da bere lanik irakurriena; hainbat edizio izan zituen). Politikoki neutraltasunez jokatzea aholkatu zien (1933an «apolicismo en la sindicación obrera» lanean teorizatu zuen bezala). Urte horietakoak dira bere Conferencia de sociología, 1914an Bilbon argitaratua, eta El sindicato obrero ante el patrono ezaguna, 1915ekoa.
Baina bere ekarpen teoriko garrantzitsuena euskal Foru Zuzenbide pribatuaren sustapen erabakigarria izan zen. Bere lan garrantzitsuena La Troncalidad en el Fuero de Bizcaya. La sucesión troncal. Llamamientos en las transmisiones onerosas izenburua duen doktorego tesiaren memoria da, 1898an Bilbon argitaratua. Hitzaurrean aipatzen ditu gaia lantzera eraman zuten arrazoiak. Kode zibilaren onarpena bideratu zuen 1888ko maiatzaren 11ko Oinarri Legearen 7. artikuluak jasotzen zuenaren arabera, Probintziako Abokatuen Elkargoak eta Diputazioak haien ustez foru erakunde pribatuetatik zer zen indarrean mantendu beharrekoa adierazi behar zuten Kode zibila onartu ondoren. Bere asmoa tronkalekotasuna zientifikoki aztertzea zen «auzia ebazteko argi berriak» eskaintzeko. Obra horretan jasotako definizioaren arabera, tronkalekotasuna zera da: «erro-jabetzaren eta haren jabe den familiaren artean ezartzen den lotura, jabetza bera kokatu eta mantentzeko. Jabetzaren eta familiaren arteko lotura intimoaren adierazpena da, eta ez dute oinordetzek eta inter vivos egintzek soilik arautzen, baizik eta baita dohaintzek, salmentek eta bestelako besterentze moduek ere. Tronkalekotasunak familiaren ondasunak elkarlotzen ditu, interes solidario bat eskainiz, eta nolabaiteko komunitatea sortuz» (16. or.).
Estilo akademiko apartaz eta teknika landu batekin, Chalbaudek azterketa juridiko sakona egin zuen hamar atal eta ondorio orokorra dituen azalpenean. Tronkalekotasunak aurrean zituen arazoak aztertu zituen, erakundeari irakurketa eguneratu bat eskainiz eta alde batera utzi gabe bere gehiegikeriei zuzendutako kritikak eta erakundea bizimodu modernoaren beharretara egokitzeko de lege ferenda proposamenak. Autorea ez zegoen ados erositako onibarrak oinordetzan jasotakoak bezain tronkalak zirela zioen Foruko esaldiari eman zitzaion hedadurarekin (16. legea, 20. titulua). Bere ustez, kostu bidez eskuratutako ondasunari zegokionez, senide berriak ez ziren automatikoki tronkalezkotzat hartu behar, jurisprudentzia gehiegikeria hori «Foruaren izpiritua erasotzeko bitarteko eraginkorrena» zelako (23. or.). Ondorengo ataletan, banan-banan aztertu zituen tronkalekotasunaren lege izaera mistoa (pertsonala eta erreala), ondasun tronkalaren oinordetza transmisioaren berezitasunak, senide tronkalak eta atzera-eskuratze tronkalen deialdiak, eta familia enpresa edo hiriko etxea bezalako errealitate berrietan zuten ezarpena. Bere memoriaren bukaera aldera, Foruak, Bizkaiko Zuzenbide pribatuaren erakunde nagusiak, jasotako familia erregimena mantentzeko beharraz mintzatu zen, gizarte industrialaren beharretara egokitzeko bere interpretazioa modernizatuz.
1918an, Solano epaileak Bizkaiko Foruari buruzko lan baten hitzaurrea idazteko proposamena luzatu zionean, Chalbaudek bi hamarkada lehenagoko ideiak ekarri zituen berriro gogora, horietan sakondu eta oinarri sendoagoekin justifikatzeko. Garaiak bizi zituen gizarte arazoei aurre egiteko modurik eraginkorrena familia instituzioa indartzea zelako asmo irmoa abiapuntutzat hartuta, errentan hartutako baserrian bizi eta bertan lan egiteko konpromisoa hartzen zuen maizterra ere tronkalekotasunaren parte izateko aukeraren aldekoa zen, betiere, tronkaleko nagusiak bere eskubidea erabiltzen ez zuen bitartean, hark Foruak jasotako atzera-eskuratze eskubidea zuen eta. Langileek, artisauek eta merkatariek ere eskubide hori izan beharko lukete. Gauza bera industriari zegokionez ere: «Euskal tronkalekotasuna ez da lotura, askatasuna baizik, […] eta horregatik langileen eta merkatarien etxeak ere hartu beharko lituzke; industrialak eta baita gainerako eraikuntza guztiak ere (23. or.).
1918. urte horretan bertan, Angel de Apraiz Eusko Ikaskuntzako idazkariak lehendabiziko Eusko Ikaskuntzaren Biltzarrean parte hartzera gonbidatu zuen. Hainbat adituk euskal kultura hedatzen laguntzeko ekarpena egiteko eta herriari eragiten zioten hainbat arazori irtenbidea bilatzen saiatzeko antolatutako Biltzarra zen. Aldaketa ekonomiko eta sozial sakonak ematen ari ziren garai horretan eta, koherentziagatik, kongresuaren ardatz izan ziren zazpi taldeetako batek «Euskal Gizartearen Antolaketa» landu zuen. Biltzarrean, aita Chalbaudek ondorioetako batean adostutako Euskal Herri osoko ohiturazko Zuzenbide zibilari buruzko ikerketaren beharra nabarmendu zuen, eta baita horren, herrialde bakoitzaren eta idatzizko Zuzenbidearen arteko alderaketa egitearena ere. Emaitza aldez aurretik eman zuen: «laster, arazoa pasiorik gabe ikertzen dutenak ere ohartuko dira oinarrizko erakunde bakar bat dagoela, jatorri anitzeko aldaerak dituena, onargarriak batzuk eta besteak baztertu beharrekoak, obra zikindu besterik ez baitute egiten» (oinoharra).
Aita Chalbaudek osoko konferentzietan parte hartu zuen «la familia como forma típica de la constitución social vasca» izenburudun hitzaldiarekin. Bertan, familiak norbanakoaren bizitza ekonomiko eta morala gidatu behar duen erakunde nuklear bezala duen garrantzia defendatzen duen tesia garatu zuen. Interes handiagoa du bere «el derecho privado vasco» ikastaroak, Biltzar horretan bertan emandakoak, bere doktorego tesiaren ideietan sakondu baitzuen bertan. Chalbauden ustez, Bizkaiko Foruak hiru ezaugarri bereizgarri ditu: tronkalekotasuna, foru-komunikazioa eta testamentu askatasuna.
Ezaugarri horiek, dio, berezko hizkuntzaren parekoak dira, euskaldun izaeraren funtsa: «Euskal herritarren adierazpenaren berezko ezaugarririk bereziena euren hizkuntza den arren, hainbat euskal eremuetan gaztelania ezagutu eta hitz egiten da, are, zenbaitetan, nagusi ez ezik, erabiltzen den hizkuntza bakarra da. Gauza bera gertatzen da, legalki edo tradizionalki, soilik baserrian aurki dezakegun berezko gizarte konstituzioarekin, hots, tronkalekotasun, komunikazio edota testamentua egiteko erregimenekin» (17. or.).
Instituzio horietan argi eta garbi ikusten zuen Foruaren izpiritua familia zatiketen aurkakoa zela. Kode zibilak ezarritako seniparteen erregimenak berezko erakundeen funtsari eraso egin zion, euskal familiaren antolaketaren hondamendia bultzatuz. Gipuzkoako egoerak kezkatzen zuen, «Kodearen tiraniak agintzen duelako» eta horrek jabetza pribatuaren eta gizarte indibidualismoaren nahasmendua eragin zuelako. Gauzak horrela, beharrezkoa zen Foruan jasotako erakundeak egokitzea, beren nortasuna mantenduz, hirietako masifikazioari eta ekoizpen industrialari aurre egin ziezaieten. Euskal Herriaren gizarte arazoentzako irtenbiderik eraginkorrena, jesuitaren ustez, familiaren barnean onibarrak babestea zen.
Obrak
La Troncalidad en el Fuero de Bizcaya. Sucesión troncal. Llamamientos en las sucesiones onerosas, Bilbo: Imp. de Sebastián de Amorrortu, 1898, 137 or.
Sindicatos y cajas rurales: su administración y contabilidad, Barcelona: Acción Social Popular, 1908, 408. or. (berrarg. Barcelona: La Hormiga de Oro, 1909, 1913, 1917, 1920).
El sindicato obrero ante el patrono, Bilbo: Editorial Vizcaína, 1915, 27 or.
Discurso leído en la solemne apertura de los estudios en la Universidad Comercial de Deusto el día 2 de octubre de 1916, Bilbo: Editorial Vizcaína, 1916.
«La universidad comercial o la formación económica superior», Razón y Fe, 46 (1916), 413-423. or., eta 47 (1917), 56-69. or.
«La familia vasca» (Luis Chalbauden hitzaurrea, Estudios jurídicos del Fuero de Bizkaya José de Solano y Polancorena), Bilbo: Imp. y Enc. de la Casa de Misericordia, XXI, 1918, 369 or.
«La familia como forma típica y transcendental de la constitución social vasca» (1918ko irailaren 2an emandako hitzaldia), I Congreso de Estudios Vascos, Bilbo: Editorial Vasca, 1919, 41-64. or.
«El derecho privado vasco. Puntos esenciales y culminantes del derecho privado vasco. Libertad de testar. Troncalidad. Comunicación foral», I Congreso de Estudios Vascos, Bilbo: Editorial Vasca, 1919, 67-68. or.
«Enseñanza comercial popular y secundaria», II Congreso de Estudios Vascos, Donostia: Editorial y Prensa, 1920, 120-129. or.
«Apolicismo en la sindicación obrera», Razón y Fe, 103 (1933), 461-476. or.
Bibliografia
BOLINAGA, I., «El signo de los tiempos. Historia de la universidad de Deusto», Revista Deusto, 108 (2010), 31-34. or.
ORELLA UNZUÉ, J. L., «Luis Chalbaud Errazquin», Azpilicueta. Cuadernos de Derecho, 12 (1998), 27-54. or.
SAIZ VALDIVIELSO, A., La Fundación Vizcaína Aguirre y su obra más preclara: la Universidad Comercial de Deusto, Bilbo: Fundación Vizcaína Aguirre, 2016.





