Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE EUSKAL HERRITIK KANPOKO EGILEAK ETA OBRAK

CENAC-MONCAUT, Justin Edouard Mathieu (Saint-Élix-Theux, Gers, Frantzia, 1814ko martxoak 1 – Saint-Élix-Theux, Gers, 1871ko otsailak 21).

Karguak eta lanbideak

Politikaria, eruditua eta idazlea

Ibilbidea

Bere entseina Progredi sed patres honorare izan zen, hau da, aurrera egin, baina tradizioa ohoratuz. Izan ere, bere familia leku berean bizi izan zen, gutxienez, XVI. mendeaz geroztik. Nekazari izatetik lur-jabe izatera igaro ziren, iraultza garaian desjabetutako ondasunak erosiz. Bere aita, Jean-Pierre Cenac-Moncaut (1766-1840), Mirandeko magistratua izan zen, eta Gersko diputatu Ehun Egunetan. Izaera burges horrek eragin handia izan zuen Justin gaztearen heziketan; hala, Okzitaniako Tolosan ikasi zuen, eta 1836an zuzenbidean lizentziatu ondoren, Parisera joan zen. Nolanahi ere, Familian izandako gorabehera batzuengatik, bi urte geroago itzuli behar izan zen. Gauzak horrela, oso gazterik kokatu zen bere jaioterrian, eta laster inperioko prokuradore eta Mirandeko epaile izendatu zuten. Bi aldiz ezkondu zen; lehena Saint-Gaudensko Lapenne anderearekin, eta harekin izan zuen semea, Auguste, Villeneuve-sur-Loteko prokuradore eta Saint-Elixko lur-jabe eta alkatea izan zen. Bigarren ezkontidea Annaïs Laporte izan zen, Mirandeko supre- fetaren alaba. Harekin, bi alaba izan zituen: Therese Louise Odette, inperioko koronel baten seme Felix Manentekin ezkondua; eta Edith, Stanislas de Tholomese de Prinsac baroiarekin ezkondu zena, ofizial ohia eta arkeologo ospetsua.

Jaioterriarekiko lotura sendoa zuen, eta bizitzaren zati handi bat bertan geroz eta ondasun gehiago eskuratzen eta bertako ingurua hobetzen eman zuen. 1843an Saint-Elixko alkate izatea lortu zuen, eta horretan aritu zen 1869ko irailera arte. Errepideak eraiki zituen, eta, berak utzitako lurretan, biztanle berrientzako etxeak, eliza bat, eskola bat, plazak, lorategiak eta azoka bat. Posta bulego bat lortu zuen, baina ez, ordea, helburu zuen jendarmeria. Industria txiki batzuk ere ezarri zituen, batez ere lurrarekin lotuak, eta, landa eremuko jende hustuketa saihesteko, nekazariak teknika berrietan hezten saiatu zen, eta horiek erabiltzera bultzatu zituen. Horrekin loturik, Société d’Agriculture de Mirandeko sortzaile izan zen eta lehen presidentea 1848tik 1851ra. Esan daiteke hobetzeko borondatea Departamendu guztira zabaltzea lortu zuela.

1848ko Iraultza bitartean, Italiaren independentziaren alde agertu zen, eta eztabaida sutsuak izan zituen aurka zeudenekin. Urte horretan bertan, Conseil généralera aurkeztu zen eta Mirandeko barrutia ordezkatzeko hautatu zuten; 22 urte eman zituen kargu horretan. Jarrera eta jarduteko modu horiek kristau liberalenekin bat egiten zuten: gizartearen aurrerapausoak ikuspuntu paternalista batetik ikusten zituen, eta 1851ko inperioa babestu arren, bere aurka kokatu zen laster. Tolosan, Académie des Inscriptions et Belles-Lettres eta Société des gens de lettres elkarteetako kide izan zen, eta, Parisen, Société philotechnique eta Institut historiquekoa. Azkenekoaren presidente izan zen 1869an, eta Heziketa Publikoko Ministerioko urgazle izendatu zuten.

Naturaren defendatzaile sutsua izan zen, eta, batez ere, basoak defendatu zituen, «haiek mantentzea oso lagungarria delako airea garbitzeko, uholdeen sarraskiak ekiditeko eta landare-geruza babesteko. Gersko departamenduan, bereziki, urtero ari da murrizten baso-lurra, eta, murriztu ahala, eguraldi al- daketak eta izurriteak areagotzen ari dira, egur guztiaren prezioak etengabe gora egiten duen bitartean». Horrez gain, antzinakoaren babesle porrokatua izan zen, eta ondare historikoa babesteko neurriak sustatu zituen, «batik bat, herri txikietan, feudalarekiko gorrotoak bat egiten duelako kale luzeak eta lerrokatze bihozgabeak maitatzearekin eta agerian utzi du azken urteetan sortu ez den ororekiko ezinikusia». Kezka hori argi hauteman daiteke bere obra literario oparoan, bai eleberri historikoetan, eta baita bere idatzi historiko, po- litiko, soziologiko, etnografiko edo filologikoetan. Lehendabizikoengatik Walter Scott gaskoia bezala ezagutua izan da.

Bere lehendabiziko nobela, La courtisane et le martyr (1837), «Edouard Féal» ezizenez sinatu zuen (abizen horrek ‘leial’ esanahia du), eta ekintza, Erdi Aroan eta bere sorterrian gertatzen da. San Saturnino Medellan egon zeneko garaiaz idatzita, Gaskoniako kristautzea jorratu zuen (1843). Bere no- bela guztietan, behin eta berriz hartu zuen jaioterria ardatz, hala nola, Jérôme Lafriche où le paysan gentilhomme (1859) eta Le Colporteur des Pyrénées (1866) liburuetan. Poesia ere argitaratu zuen, besteren artean, Krimeako gerrari es- kainitako L’Europe et l’Orient (1857).

Literarioaz haratago, bere ekoizpena oso zabala eta askotarikoa da. Baditu auzi politikoak lantzen dituzten lanak, esaterako, erlijio katolikoa babesteko Quineti egindako erasoa, 1845ean argitaratua, edota 1848ko aitasantutzaren aipamena. Baditu ere praktikoagoak diren kontuei buruzkoak: Richesses des Pyrénées Françaises et Espagnoles, ce qu’elles furent, ce qu’elles sont, ce qu’elles peuvent être (1864); edo positibismorantz aldatzen ari zen erromantizismo berantiarraren garaiarekin lotutako karakterologiari buruzko Histoire du caractère et de l’esprit français depuis les temps les plus reculés jusqu’à la Renais- sance (1867-8); Saiakera izaera nabarmenagoa du Histoire de l’amour (1863-4) lanak. Filologiari dagokionez, bere garaiko joeraren aurka ibili zen. Jatorri la- tindarraren aurrean, frantsesaren dialektoen jatorria galiarra zela proposatzen zuen, eta momentu horretan modan zegoen zeltismoaren alde egin zuen, etengabe ospea galtzen ari zen arren. Frantsegaskoi hiztegi bat (1863) eta bere eskualdeko toponimoen jatorriari buruzko azterketa ugari argitaratu zituen, beste hainbat bildumekin batera; adibidez, Littérature populaire de la Gascogne, contes, mystères, chansons, rondeaux, recueillis dans l’Astarac, le Pardiac, le Béarn et le Bigorre, texte patois et la musique des principaux chants (1868). Garai hartako erromantizismoarekin guztiz bat eginik, obra horren hasieran idatzi zuen XIX. mendearen hasieran ateak ireki zitzaizkiela historian sekula agertu ez ziren pertsonei; eta nekazariei buruz: «pentsatu, pentsatzen dute, baina ez dute idazten… serioski hausnartzen dute; bizitakoaren ondorioak sakonki gordetzen dituzte gogoan, eta hortxe aurki ditzakegu, ipuinaren soineko barregarriaz jantzita, euren kezka eta sinesmenen, beldur eta usteen arrastoak».

Testu horiek guztiek kritika zorrotzak jaso zituzten bere garaian. Ekoizpen guztia azalekoa eta oinarri gabekoa zela esan izan zen, jasotako kontakizunen transkripzioa pertsonalegia zela, irizpide argirik gabekoa, ez zuela ber- tsio leialagorik bilatu, eta, finean, benetakoak ez ziren narrazioak errepikatu besterik ez zuela egin. Bere alde, esan beharra dago material argitaragabeak jaso zituela eta bere sorterriko ohiturak dokumentatu eta ikertzeko interes bi- zia erakutsi zuela.

Era berean, hainbat eskualdetako ondarea eta arkeologia aztertu zuen eta hainbat liburukitako bilduma osatu zuen. Liburuki bakoitzari Voyage archéologique eta aztertutako eskualdearen izena ezarri zion izenburutzat. Horiek ere, gogor kritikatu zituzten bere garaikideek, hain alor zehatzetan zuen prestakuntza faltagatik eta erabilitako iturrien ahultasunagatik. Atal filologiko eta etnografikoari buruz esan izan den bezala, agian, positiboena gerora desagertu diren materialak bildu zituela izan zen. Baina, agian, bere ekoizpenaren alderdirik ezagunena Pirinioetako ikerketak izan ziren, bereziki, historiari buruzko bost liburukiak (1853-1854 eta 1860). Bertan, bere aurreko lanen zati handi bat txertatu zuen, berriro ere kritika zorrotzenak alderdi epigrafiko eta filologikoei zuzendutakoak izan ziren. 1861. urtean Alfred Mauryk Académie des inscriptions lanean esaten zionez: «Historialari bezala, autoreak badu nola-halako gaitasuna, baina antikuarioarenak ez ditu oso garaturik eta filologoarenak guztiz falta dira». Guztiarekin ere, aintzatespenak ere jaso zituen, adibidez, Karlos III.aren Ordena, eta geroago Frantziako Ohorezko legioa (1866). Pirinioekiko lotura horrengatik hispanistatzat hartua izan daiteke, hainbat lanetan mendikatearen hegoaldeari buruz aritu zelako, batez ere mendebaldeari buruz.

Bere heriotzak ez zuen espero zitekeen arreta jaso, Frantziak Alemaniarekin zuen krisialdi larriaren erdian gertatu zelako. Hil eta ondorengo urteetan omenaldiren bat jaso zuen, baina ahanzturan gelditu den pertsonaia da.

Historialari gaskoi eta piriniarra zen aldetik, euskal gaiez ere arduratu zen, esaterako, Histoire des Pyrénéesen, bertako historia, artea, etnografia eta hizkuntza zehatz-mehatz aztertzen zuen lanean, eta baita berariazko beste batzuetan ere. Hala, Espainia ezezaguna xeheki aztertu zuenean, Madril eta Andaluziaz bestelakoa, aipatu zituen Espainietako bat, pluralean, Pirinioetako lurraldeei zegokiena zen. Euskadi, Nafarroa, Aragoi eta Katalunia hartzen zuen lurraldearen espainiartasuna justifikatzeaz gain, Frantziarekin zuen lotura ere azpimarratu zuen, batez ere nafar eta gaskoien artekoa, anai-arrebatzat hartzen baitzituen. Lan horretan aipatzen zuenez, «Euskal Herria ez zen sekula ezein arraza konkistatzaileren zitadela zapaltzaileen menpe egon». Bere mendietan ez zegoen dorre edo gaztelu feudalen arrastorik, eta, hortaz, gobernua «hiritar guztiak biltzen zituzten nazio batzarrak ziren; hiritar nobleez gain, independenteak eta libreak ere bai; beheragokoak soilik entzutez, aberastasunez eta lehentasunez». Askatasun horrek harresiei eta zaintza-do- rreei jaramonik ez egitea zekarren «euskaldunen askatasunak beste santutegi bat zuelako; herritarrak bere bihotzean duena, eta bere etxeko harrian grabatu ohi duena».

Arreta berezia eskaini zion 1857an ateratako Voyages archéologiquesean, arkeologia antzinako eta Erdi Aroko artetzat hartzen zuen, kutsu erromantiko nabarmenaz, Errenazimenduari zion mespretxuak adierazi bezala. Argitaratutako liburuki ugarietatik bat Gipuzkoari eskaini zion, eta beste bat Nafarroari. Bietan, Erdi Arotik hasi, eta modernitatera iritsitakoan bukatu zuen. Nafarroaren kasuan, konkista izan zen landutako azken gertakaria, gazteluen suntsiketa, nobleziak egoera berrira egokitzeko egin behar izan zuena: «beren ondasunak gazteluak eraikitzeko erabili zituzten, eta beren menpekotasuna agertu zuten ordura arte erabilitako armarrien sinpletasu- nari muzin eginez, eta erregearen armarrian hautemandako heraldika kora- pilatsuak bere eginez». Kasu bietan, eta haren iritziz, gehiegi apaindutako heraldikek argi adierazten zuten antzinako nortasunaren galera, eta hala adierazi zuen Gipuzkoari buruzko liburuan: «euskaldun hutsak ziren fami- liek lehen armarriaren sinpletasunari atxiki zitzaizkion; Nafarroako, Aragoiko eta, batez ere, Gaztelako etxeekin lotura zutenek, aldiz, beren arma- rriak zenbatezinezko zati eta xehetasunekin bete zituzten»

Gainera, askotariko gai zehatzei buruzko hainbat ikerketa partzial argitaratu zituen: Tuterako Gilenen gurutzada kantuari (autorea proposatu zuen eta Histoire du caractère et de l’esprit français lanean jaso zuen); Nafarroako errege-erreginek Tafallan zituzten lorategiak aztertu zituen, eta Guillaume de Lorisek Roman de la Rosen margotutakoak zirela proposatu zuen: «Erdi Aroko jarraitzaile sutsuek, guk, egun, Shakespearen obrak antzezten ditugun bezala antzezten saiatuko balira, antzoki bat legoke Tafallako lorategi zaha- rretan». «Altabiskarreko Kantua» delakoaren egiazkotasuna ere defendatu zuen 1869ko artikulu batean, faltsua zela esaten zutenen argudio nagusiari erantzunez, hots, aurkitu zen garaiko euskara eta kantuan jasotakoa berdi- nak zirela. Hizkuntzek bere horretan iraun dezaketela esan zuen, aldatu gabe, baldin eta aldatuko dituen kanpo eragilerik ez badago. Bere ustez, hori zen euskara-iberoaren kasua, Cenacek bat egiten baitzuen garai hartan bolo-bolo zebilen euskoiberismoaren teoriarekin. Hortaz, kantuaren benetakotasunaren frogarik argiena gorde izana bera zen: «Zumalakarregiren soldaduen hizkuntza, Augustoren aurka aritu zirenena eta Orreagan Roland menpean hartu zutenena berdina baitzen». Beste argudio historiko bat ere gaineratu zuen: «Euskaldunek nazio kantak izan behar zituzten derrigor, ez baitago herririk bere sentimenduak kantuetan adierazi ez dituenik», eta ezagutzen ziren herriaren gertakari gogoangarriak hiru zirenez, ezinezkoa da horietarako sortu- tako kantuak ahaztu izana.

Obrak

EDOUARD FÉAL bezala: La courtisane et le martyr, Paris: Ch. Schwartz et M. Mag- not, 1837.

Le Berger du roi Alaric, Paris: Ch. Schwartz et M. Magnot, 1837.

La Vierge des bois, Paris: Ch. Schwartz et M. Magnot, 1837.

CÉNAC-MONCAUT bezala: Fortuna Peda ou les aventures d’un grand agitateur, Paris: Joubert, 1839 (2. ed. 1848). Aquitaine et Languedoc izenburuarekin, honako eleberriak: Medella, Le berger d’Allaric, Lampagie, eta Le Duc Bernard, Tolosa, Paya eta Paris: Poirée, 1843-44 (lehena 1860., 1861. eta 1865. urteetan berreditatu zen).

L’Ultra-scientifique ou l’Eglise Romaine et la Société Moderne considérées d’un point de vue autre que celui de M. Quinet, Tolosa: Labouisse Rochefort, 1845.

Des bases de l’Instruction secondaire, Tolosa: Labouisse Rochefort, 1846.

Eléments d’économie sociale avec un appendice sur la question des subsistances, Paris: Joubert, 1847.

Introduction à la politique rationnelle ou théorie du Gouvernement représentatif avec un appendice sur les devoirs et l’honneur, Paris: Joubert, 1847.

L’Eglise Romaine et la liberté ou introduction historique à l’avènement de Pie IV, Paris eta Lyon: Périsse Frères, 1848.

Adelaide de Montfort ou la Guerre des Albigeois – roman historique, Paris: Comon, 1849 (2. ed., Paris: Maillet, 1865).

Avant et pendant, comédies politiques en vers imités de Molière: L’école des Représentants, 2 ekitaldi eta Le Commissaire malgré lui, 2 ekitaldi, Paris: Comon, 1850.

L’échelle de Satan (roman), Paris: Permain, 1851.

Raymond de Saint-Gilles ou les Croisades, Paris: Permain, 1852.

Histoire des Pyrénées et des rapports internationaux de la France avec l’Espagne depuis les temps les plus reculés jusqu’à nos jours, dans Annales de la Catalogne, de l’Aragon, de la Navarre, du Pays Basque, du Béarn, de Bigorre, du Comminges, du Comté de Foix, du Roussillon, de la Cerdagne, de Narbonne et de Carcassonne, etc. 5 libk., Paris: Amyot, 1853-1854 (berrargitaratua: Histoire des peuples et des états pyrénéens (France et Espagne) depuis l’époque celtibérienne jusqu’à nos jours. 2e éd. corrigée et augmentée de l’étymologie des noms de lieux, du parallèle des langues celtiques et romanes de l’archéologie complète des Pyrénées françaises et espagnoles, 5 libk., Paris: Amyot, 1860).

L’Europe et l’Orient, poème en six chants, Paris: Amyot, 1857.

Voyage archéologique et historique dans l’ancien comtè de Bigorre, Tarbes, Telmon eta Paris: Didron, 1857.

Voyage archéologique et historique dans l’ancien comté de Comminges, Tarbes, Telmon eta Paris: Didron, 1857.

Voyage archéologique et historique dans l’ancien comté de Béarn, Tarbes, Telmon eta Paris: Didron, 1857.

Voyage archéologique et historique dans l’ancien royaume de Navarre, Tarbes, Telmon eta Paris: Didron, 1857.

Voyage archéologique et historique dans les anciens comtés d’Astarac et de Pardiac, Mirande, Messagerren moldiztegia eta Paris: Didron, 1857.

Voyage archéologique et historique dans les anciens comtés du Roussillon, le Comté de Foix, la Catalogne, à Narbonne, Carcassonne et Tolosa, Paris: Didron, 1857.

Voyage archéologique et historique dans le Pays Basque, le Labour et le Guypuscoa, Tarbes, Telmon eta Paris: Didron, 1857.

Rapport adressé à M. le Ministre de l’Instruction Publique sur une mission scientifique en Espagne. Comparaison entre l’architecture espagnole et celle des Pays-Bas, 1858.

Jérôme Lafriche ou le paysan gentilhomme, Paris: Amyot, 1859.

Marguerite, histoire du temps de Saint-Louis, Paris: Amyot, 1860 (2. ed., Paris: Mai- llet, 1865).

La France et l’Europe latine, le Pape et l’Italie, questions de droit supérieur, Paris: Dentu, 1860.

Le congrès des brochures ou le droit ancien et le droit nouveau, Paris: Dentu, 1860.

La France et l’Europe latine. Le Pape et l’Italie, Paris: Dentu, 1860.

Les révolutions imminentes et l’attitude de la France à leur égard, Paris: Dentu, 1861.

Percement des Pyrénées, chemins de fer et routes internationales en voie d’exécution, richesses naturelles, mines, forêts thermes, etc., Paris: Dentu, 1861.

L’Espagne inconnue. Voyage dans les Pyrénées, de Barcelone à Tolosa, avec une carte routière, Paris: Amyot, 1861 (2. ed. Paris: Dentu, 1870).

Dictionnaire gascon français, dialecte du département du Gers, suivi d’un abrégé de grammaire gasconne, Paris: Didron, Dumoulin, Aubry, 1863.

Histoire de l’amour dans l’antiquité. Rapport de cette passion avec la législation et les moeurs, le théâtre et la poésie, la politique et l’histoire, Paris: Amyot, 1863.

Histoire de l’amour dans les temps modernes, chez les gaulois, les chrétiens, les Barbares et du moyen âge au XVIIIe siècle, Paris: Amyot, 1864.

Les richesses des Pyrénées françaises et espagnoles, ce qu’elles furent, ce qu’elles sont, ce qu’elles peuvent être: agriculture, irrigations, routes, mines, forges, forêts, fabriques, eaux minérales, Paris: Guillaumin, 1864.

Les chrétiens ou la chute de Rome, poème en douze chants, Paris: Amyot, 1865.

Histoire des chanteurs et des artistes ambulants, St-Germain en Laye: Toinon, 1866.

Le colporteur des Pyrénées ou les aventures de Pierre Ardizan, ouvrage d’éducation pratique dédié aux classes laborieuses, Paris: E. Maillet, 1866.

Histoire du caractère et de l’esprit français depuis les temps les plus reculés jusqu’à la Renaissance. 3 libk., Paris: Didier, 1867.

Lettre à M. Paul Meyer, professeur à l’école des Chartes, sur l’auteur de la chanson de la Croisade albigeoise, en particulier et sur certains procédés de critique en général, Paris: Aubry, 1868.

Lettres à MM. Gaston Paris et Barry sur les Celtes et les Germains, les chants historiques basques et les inscriptions vasconnes des Convenae, Paris: Aubry, 1869.

Bibliografia

COUTURE, L., «J. Cénac-Moncaut», Revue de Gascogne, 12 (1871), 274-286. orr.

COUTURE, L., «Edouard Féal. Débuts littéraires de Cénac Moncaut», Revue de Gascogne, 39 (1898), 164-168. orr.

DE BERTY, N., «Notice sur la vie et les oeuvres de M. Cénac Moncaut», L’investigateur, 38. libk, 11. znbk. (1872), 28-33. orr.

DEL BURGO, J., La aventura hispánica de los viajeros extranjeros del siglo XIX y la España desconocida de Cénac Moncaut, Iruñea: Gómez argitaletxea, 1963, 105-288. orr.

LAPLAGNE-BARRIS, G., «Cénac-Moncaut, écrivain gascon», Bulletin de la Société archéologique, historique littéraire & scientifique du Gers, 10 (1973), 355-71. orr.

POLGUE, H., «L’Espagne d’Isabelle II, vue par un gascon», Bulletin de la Société archéologique, historique littéraire & scientifique du Gers, 4 (1963), 143-170. orr.

 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP