Karguak eta lanbideak
Historialaria eta irakaslea
Ibilbidea
Francisco Carroquino eta Maria Serranoren semea, 1929ko ekainean amaitu zituen Filosofia eta Letren ikasketak, historia sailean, Zaragozako Unibertsitatean. 1931n, Angel Ximenez de Embun Gonzalez-Arnao zaragozar eta Zuzenbidean lizentziatuarekin, Olave Liburutegiko patronatuaren sarira aurkeztu zen, Historia taldera. Bada, 2.000 pezetako saria eskuratu zuten Compendio de historia de Navarra izenburuko lanarekin. Izenburu hori aldatu egin zuten hurrengo argitaraldian.
Ordurako, irakaskuntzan ziharduen Aragoiko hiriburuko San Felipe ikastetxean, 1930ean, baina batez ere Zaragozako Colegio Academia Estudion, 1933-1934 ikasturteaz geroztik. Oinarrizko irakaskuntzaz eta batxilergoaz gain, ikastaro eta oposizioetarako prestakuntza ematen zuen. Gerra zibilaren aurreko urte horietan ere, Doktore eta Lizentziatuen Elkargoaren buru aritu zen, eta zenbait erakunderi lagundu zien, hala nola Gurasoen Federazio Katolikoa. 1935eko apirilean, Madrilen egindako batzarrera joan zen, eta lehendakariorde izendatua zuten.
Urte horretan bertan bere zailtasun judizialak hasi ziren, eta artean berrogeita hamarreko hamarkadan ere izan zituen, Madrilen bizi zenean eta industrialari gisa agertzen zenean, eta 1965ean presondegira pasatuz. 1971n, oraindik negozioak zituen estatuko hiriburuan.
Argitaratu zuten liburuak herri baten historia egin nahi zuen: nafarrena, ez Nafarroako erregeena edo erresumarena; gainera, bilatzen zuten haren kultura eta zibilizazioa batuko zuen bilduma izatea. Hori horrela, Nafarroa baskoitzat jotzen zuten, inbaditzaileen aurkako borroka etengabean, baina ez kristautasunaren aurkako borrokan, hari abegi egin eta haren babesaz aritu baitziren «Espainiako Historiako hondamendirik izugarrienaren» aurka (33. or.): musulmanen inbasioa, tartean zituela bisigodo eta judu batzuen laguntza, adierazi zutenez. Hemeretzigarren mendeko historiografiak ezartzen zuenari lotuz, nazio-nortasuna baieztatzen zuten inbaditzaileen aurkako borrokan: «Espainiar aberria kristau adoretsu haien alaba da, gure herriaren sortzaile eta guraso eztabaidaezinak. […] Gu, gaurko espainiarrok, ez ginen bizitza historikora jaio Pelayok Asturiasko harkaitzetan Gurutzearen estandartea hedatu zuen arte» (35. or.). Borroka horretan, Pirinioetako lehen erregeek parte hartu zuten, eta horiek zerrendatzen zituzten, bai eta Aragoirekin izan zituzten harremanak nabarmendu ere bereziki. Konkistari dagokionez, Jeronimo de Zurita kronikari aragoiarrari heldu zioten hura azaltzeko, erantzukizuna errege nafarrarena izan zela iritzita, «gehiegizko asmoengatik eta politika baldarrengatik» (218. or.). «Batasun» edo «anexio»tzat jotzen zutena justifikatzeko, bulden auzia atera zuten, eta ondorioztatu zutenez, «konkista guztiak zuzenbidearen arabera erabakiko balira, gutxi izango lirateke zilegi; baina nola horrexek hain ondorio onuragarriak ekarri dizkion Espainiari, batasun nazionala gauzatuz, gerta baledi justiziaren zatian urritasunen bat dagoela, helburuaren handitasunak berak indargabetuko luke» (222. or.). Gainerako historia oso modu eskematikoan landu zuten, baina XIX. mende osoan aurrera eginez, independentziako gerretan eta karlistaldietan barrena, Nafarroa karlisten «aberritzat» hartuz (242. or.). Idazketaren unera iristean, baieztatu zuten «nafarrek, Gernikako zuhaitz historikoaren azpian bilduta, “Jainkoa eta Foruak” goiburuaz, Estatutu bat idaztea adostu» zutela, «Nafarroak etengabe borrokatu zuen askatasun sakratu horiei eusteko, baskongadoekin hertsiki elkar harturik» (249. or.). Azkenean, Nafarroako historiaren bi elementu nagusiak seinalatu zituzten: independentzia eta askatasuna, irmotasunez defendatuak, Nafarroak «esentzian bertan berezkoa duen foruen» bitartez (264. or.).
Obrak
Compendio histórico de Navarra, Zaragoza: Imp. de M. Embid, 1932.





