Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

CARRETERO MERINO, Felipe (San Martin [Elines edo Villafufre?], Santander, 1867ko irailak 17 – Bilbo, 1941eko urriak 30).

Karguak eta lanbideak

Liburu saltzailea, tipografoa eta politikari sozialista.

Ibilbidea

Kantabrian jaio arren, gazterik Bilbora aldatu zen bizitzera, eta bertan tipografo, editore eta liburu-saltzaile aritu zen. Horiei esker, bere lan propioak argitaratzeko aukera izan zuen. Bizkaiko hiribilduan ezarri zen, gizarte eta ekonomia aldaketa sakonak bizi ziren momentu batean. Sozialista gogotsua zen eta Bilboko Talde Sozialistaren sortzaile izan zen 1886. urtean, Euskal Herrian sortutako lehena. Horren baitan, jarrera moderatuen alde agertzeagatik izan zen ezaguna, Facundo Perezagua eta abarren proposamen erradikalagoen aurrean. Hala zen, esaterako, errepublikanoekin elkartzeko aukeraren baitako planteamenduei zegokienez: Carretero Merino aldekoa zen eta Perezagua, aldiz, kontrakoa. Hainbat kargu publiko bete zituen; besteak beste, 1897ko Bilboko udal hauteskundeetan zinegotzi izateko hautatu zuten, baina hainbat arazok 1898ko otsailera arte atzeratu zuten bere kargu hartzea. Hilabete gutxiren buruan kondenatua izan zen eta Frantziara alde egin zuen, nahiz eta handik gutxira zigorra betetzeko itzultzea erabaki. 1900. urtean indultua jaso zuen. Zinegotzi izan zen 1909ra arte, eta berriro 1914 eta 1917 artean. Gerora, 1921eko probintzia hauteskundeetara aurkeztu zen, Balmasedako probintzia diputatu izateko hautagai bezala.

Liburu saltzaile eta editore izan zen denboran, Bilboko politika eta kultura arloko pertsona ospetsuekin egon zen harremanetan. Hala erakusten dute Gregorio Balparda legelari eta historialariaren goresmen hitzek eta igorritako ordainagiriek; hura ere foruen irakurketa nazionalistaren kontrakoa. Bere idatzietan, Carretero Merinok nazionalistak kritikatu zituen (bai EAJ eta baita ELA-SOV ere, azken horiei «soilik kapitalisten alde egitea» leporatuta), atzerakoiak eta katolikoak zirela esanez eta euskal abertzaleak ez zirela «benetako euskal tradizioaren ordezkari» baieztatuz. Hori guztia erakusten saiatu zen Crítica del nacionalismo vasco o historia compendiada de las causas de la decadencia y desaparición de las leyes forales vascas lanean. Honakoa idatzi zuen bukaeran: «komunismoa euskaldunena da eta baita ez euskaldunena ere; denona delako». Obra hori idazteko, Bizkaiko Forua kontsultatzeaz gain, bertako beste historialari batzuen lanak ere aztertu zituen, Juan Antonio de Zamacola eta Estanislao J. Labayrurenak, besteak beste. Miguel Primo de Riveraren diktadura garaian jazarria izan zen katolizismoari egindako kritikengatik eta zion ezinikusiagatik. Batez ere Catecismo de la doctrina socialista lanagatik, «ideia sozialistaren hamar mandamentuak» bildu baitzituen bertan. Azkenean absolbitu egin zuten, hamar urte zirelako ideia hori ahoz aho zebilela.

Obrak

Socialismo y educación del pueblo, Bilbo: Imp. y Enc. de la Tip. Popular, 1902.

Crítica del nacionalismo vasco o historia compendiada de las causas de la decadencia y desaparición de las leyes forales vascas, Bilbo: Libª. Iturriaga, d.g., 1902? 1913? (berrarg. Madrid: Gráfica Socialista, 1932).

Celebración de actos civiles, Bilbo: Libª. F. Carretero, 190-?.

Catecismo de la doctrina socialista, Bilbo: Libª. F. Carretero, 1906.

Bibliografia

HIDALGO GARCÍA DE ORELLÁN, S., Textos para la historia del socialismo vasco (1890-1921), Madrid: Tecnos, 2010.

MARTÍN NÁJERA, A. (zuz.), Diccionario biográfico del socialismo español, 1879-1939, I. libk., Madrid: Fundación Pablo Iglesias, 2010.

RIVERA, A., Señas de identidad. Izquierda obrera y nación en el País Vasco, 1880-1923, Madrid: Biblioteca Nueva, 2014.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP