Karguak eta lanbideak
Ekonomialaria eta politikari liberala
Ibilbidea
Jose Canga Argüelles Ogasun Publikoari buruz argitaratutako ikerketengatik da ezaguna; besteren artean Diccionario de Hacienda lanagatik. Ogasun Publikoaz, Ekonomia Politikoaz eta Estatistikaz gain, Canga Argüellesek bes- telako alor batzuk ere ukitu zituen, hala nola Historia, Filosofia edota Literatura. Hogei urterekin lege doktoretza eskuratu zuen, eta 1798. urtean bere ibilbide administratiboari ekin zion, Ogasunean, garai hartako arazo ekonomiko eta fiskalei buruzko ikerketekin batera. 1804. urtean Armadako kontu- laritza nagusian aritu zen Valentzian, eta bertan ezkondu zen. Frantziarren inbasioaren aurka borrokatu zuen eta 1811.ean Ogasun ministro izendatu zuten (Estatu Idazkaritza eta Ogasun Bulegoan) eta bertan izan zen 1811ko urtarriletik 1812ko otsailera. 1812ko konstituzioa onartu zenean, Soriako gober- nadore zibil izendatu zuten, abenduan. Hurrengo urtean, kargua utzi zuen, Gorteetan Asturiasko Printzerriaren ordezkari izateko hautatu zutelako. Bederatzi komisiotan izan zen, tartean, Ogasunekoa, eta bertako presidente ere izan zen.
1814ko aldaketa politikoak espetxera eraman zuen. Urtebete geroago iritsi zen behin betiko sententziak zortzi urteko espetxealdia ekarri zion. Liberalismoak boterea berreskuratu zuenean, Ogasun Ministro izendatu zuten berriro (1820ko martxotik 1821eko martxora), eta, ondoren, Asturiasko Printzerriko Hauteskunde Batzorde Probintzialak beste behin diputatu izateko hautatu zuen, 1822-1823 legealdirako, eta hainbat hitzaldi gogoangarri egin zituen. Hirurteko Liberala bukatzean jaso zuen kondena ohiko garrote zigorra eta ondasunen konfiskazioa izan zen, baina ordurako Londresen erbesteraturik zegoen, garai hartako beste hainbat liberal bezala. Ordutik aurrera bere iritzi politikoak neurtzeko hautua egin zuen (aurrerago, 1852an, bere semeak Canga-Argüelles konderria jaso zuen Isabel II.aren eskutik, eta jarrera kontserba- tzailea hartu zuen. Hurrengo kondeak karlistekin bat egin zuen). 1838ko apirilean, Historiako Errege Akademiako kide oso izendatu zuten, eta sarrera ekitaldian Sobre la necesidad que los hacendistas tienen de dedicarse al estudio de la Historia hitzaldia eman zuen. Londresen behartuta egin behar izan zuen garaian bukatu eta argitaratu zituen bere lanik garrantzitsuenak: Elementos de la Ciencia de la Hacienda eta Diccionario de Hacienda (bigarren edizioa Madrilen argitaratu zen; bere eta beste autore batzuen aurreko memoria eta txosten ugari dauzka).
Diccionario de Hacienda lanean, Canga Argüellesek datu estatistiko asko bildu zituen, batzuen ustez, modu sobera asistematikoan. Autorea, funtsean, bere ezagutza guztia laburbiltzen saiatu zen, alorraren garapenerako beharrezkoa zela uste zuelako. Gainera, lanean zehar Ogasunaren zientziari buruzko hainbat ohar eman zituen. Baskoniari dagokionez, Diccionario delakoan bere estatusari buruzko erreferentzia informatibo hutsak ageri dira (esaterako, «Estadística de España» sarreran, «División política de España» goiburuan honakoa eman zuen: «Probintziak, beren gobernu zibilarekiko duten harremanaren arabera, salbuetsi eta ez-salbuetsi artean banatzen dira. Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa, euren foru zaharrei jarraituz aritzen direnez, eta ez daudenez gainerako probintzien sistema fiskal beraren menpe, lehendabiziko talde- koak dira»). Horrez gain, autoreak estatus berezi horren balorazioa ere eman zuen —batez ere, «Navarra» eta «Provincias exentas» sarreretan (bestelako probintzia eta hiriburuei eskainitako gainerako sarreretan datu hutsak ematen baititu)—. Indargabetzearen alde agertu zen, arrazoi ideologikoak aipatuz, eta, obraren izaera kontuan harturik, espero zitekeen bezala, ogasunaren alorreko hainbat datu eta ohar ere eman zituen.
Hala, honakoa idatzi zuen «Provincias exentas» sarreran («Navarra» sarreran jasotakoa antzekoa da): «Izen hori daramate Nafarroak, Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak, Vascongadas bezala ere ezagunak: bertan foru bereziak dituztenez, ez dituzte penintsulako gainerako probintziek ordaintzen dituzten errege zergak ordaintzen, eta ez daude nazioak onartutako sistema orokorraren menpe». Jarraian, euskal foru sistemaren ezaugarriak laburki azaldu zituen eta bere balorazioa eman zuen: «Sistema higuingarri horrek Espainiaren barruko nazio arraro bilakatzen ditu aipatu probintziak; eta bertan datza beren izaera matxinoaren jatorria». Egoera horrek bere horretan zergatik jarraitu zuen azaldu zuen ondoren, eta horrek altxor publikoari era- gindako kaltea ere kalkulatu zuen. Bere ustez, «Ez dago Espainiarentzako deus ere kaltegarriagorik, euskal lurraldeen salbuespenek eragindako ondorioak baino». Honela bukatu zuen: «Indargabetzearen alde egiten dute arrazoiak, estatuaren onura orokorrak, duintasun burujabearen begiruneak, gobernu on baten sortzezko oinarriek eta mendearen argiek. Ez dira pribilegio atzeraezinak, gizarte antolaketaren oinarrien kontrako ohiturak baizik, eta, bertan behera utziz gero, gizarteak sufritzen ari duen kaltearekin bukatuko dugu».
Obrak
Reflexiones sociales ó idea para la constitución española que un patriota ofrece a los representantes de Cortes, Valentzia: José Estevanen moldiztegia, 1811.
Elementos de la Ciencia de la Hacienda, Londres: A. Macintoshen moldiztegia, 1825; Madril: D. J. Palaciosen moldiztegia, 1833.
Diccionario de Hacienda con aplicación a España, Londres: M. Caleroren moldiztegia, 1826-1827, 5 libk.; Madril: Don Marcelino Carrero y Portocarreroren moldiztegia, 1833-1834, 2 libk.
Bibliografia
ABOL-BRASÓN Y ÁLVAREZ TAMARGO, M., «Don José Canga Argüelles, Señor despótico de vasallos», Cuadernos de Estudios del Siglo XVIII, 19 (2009), 7-72. orr.
CARMAGNANI, M., «De la economía política a la economía pública: José Canga Argüelles», Iberian Journal of the History of Economic Thought, 2 (2016), 221-238. orr.
COMÍN COMÍN, F., «Canga Argüelles, un planteamiento realista de la Hacienda liberal». Fuentes Quintana, E. (arg.), Economía y economistas españoles, Bartzelona: Galaxia Gütenberg-Círculo de Lectores, 2000, 4 libk., 413-439. orr.
COMÍN COMÍN, F., «José Canga Argüelles y Cifuentes. Real Academia de la Historia», Diccionario biográfico español, Madril, 2010, XI. libk., 28-32. orr.
FONSECA CUEVAS, P., Un hacendista asturiano: José Canga Argüelles, Oviedo: Ikerketa Asturiarren Errege Institutua, 1995.
GARCÍA MONERRIS, C., «Las reflexiones sociales de José Canga Argüelles: del universalismo absolutista al liberalismo radical», Revista de Estudios Políticos, 94 (1996), 203-228. orr.
LÓPEZ CASTELLANO, F., «Economía Política, Administración y Hacienda Pública en Canga Argüelles», Revista Asturiana de Economía, 32 (2005), 145-175. orr.





