Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Nafarroako egileak eta obrak

CAMPION JAIMEBON, Arturo (Iruñea, 1854ko maiatzak 7 – Donostia, 1937ko abuztuak 18).

Karguak eta lanbideak

Errentaria, idazlea eta historialaria

Ibilbidea

Jacinto Campionen (Iruñea) eta Juana Amalia Jaymebonen (Baiona) semea. Emilia Galdiano Loyolarekin ezkondu zen, eta ez zuten ondorengorik izan. Madrilen amaitu zituen Oñatiko unibertsitatean hasitako Zuzenbide ikasketak.

Arturo Campionek euskal kulturarekin lotutako hainbat jarduera gauzatu zituen bere bizitzan zehar. Bai prentsan idatzitako idazkien bidez, bai izan zituen kargu politikoen bidez, bai bere idazki eta ikerketen bidez, euskal kultura lantzeko grina izan zuen. Bere obra askotan utzitako «Euskalerriaren Alde» legendak, argi islatzen ditu bere obraren arrazoia eta helburua.

Iruñeko Udaleko zinegotzi (1881 eta 1891), Espainiako gorteetako diputatu independente Ramon Nocedalen alderdi integristaren hautagaitzan (1893) eta Eusko Elkarte Abertzalearekin senatari Bizkaian (1917) izan zen, hurrenez hurren. Karlismoaren aurka egon zen, hauei leporatzen baitzien gerra karlista-liberalaren (1872-1876) hasiera, Emilio Castelarren errepublikanismo federalaren zalea izan zen, eta alderdi foruzalearen sortzailea, harik eta 1880ko hamarkadan aita santuaren doktrinen alde erakutsi zuen katolizismo nabarmenak errepublikanismo politikotik urrundu zuen arte.

Bere pentsamenduaren ardatza Foruak eta katolizismoa binomioaren inguruan eratu zuen. Biak ala biak, parte hartu zuen talde politikoetan aurkitu zituen, hurrenez hurren. Arturo Campion bere belaunaldiko beste hainbat bezala (Iturralde y Suit, Estanislao Aranzadi, Julio Altadill, Hermilio de Oloriz), gerra zibila amaitu ondoren izandako hausturak markatu egin zuen; horren ondorioz, foruak galdu egin ziren Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, eta 1876an aldaketa berri bat eman zen ordurako ahul samar zegoen Nafarroako foru-sisteman.

Euskal Foruen defentsak bere belaunaldiko kide garrantzitsuak eta baita berau ere euskal abertzaletasun handiko kazetaritza, kultura, politika eta gizarte ekimenak sustatzera eraman zituen. Testuinguru hartan sortu ziren berarekin estuki lotutako hainbat argitalpen, Nafarroako Euskara Elkartea (1878), Revista Euskara (1878-1883), El Arga, Lau-Buru, Aralar… Canovas del Castillok sustatutako 1876ko Espainiako Konstituzioaren ondoren, Espainiako eta Euskadiko nortasun politiko bikoitzari eusteko zailtasunak ikusita, eta tradizionalismo karlistarekin inolako akordiotara iristearen aurka, bere belaunaldiko hainbat kiderengan hirugarren bide politikoa probatzeko aukera zabaldu zen, hasiera batean herrialdearen kultura eta historia defendatzeko alderdi foruzalearen inguruan bildua. Gero, nahi hori nahastu egin zen, eta bat egin zuen Euzko Alderdi Jeltzale eratu berriaren postulatuekin.

XIX. mendearen azken laurdenean euskal kulturak izandako aparteko loraldiaren lekuko izan zen Campion: kondaira-literatura idatzi zuen, poesia-lehiaketetan zein, euskal kulturaren sustatzaile izan ziren lore-jokoetan parte hartu zuen, bertsolaritza maite zuen, egunkari eta aldizkarien animatzaile, kultura-elkarteen bultzatzaile… Foruak galtzeak suposatu zuen porrotaren ondoren, euskal hizkuntza lantzeari eman zitzaion arreta izan zen Euskal kulturaren berpizkunde horren gotorlekuetako bat. Garai haietan, euskarologiak erakarpen handia izan zuen Europako intelektual garrantzitsuenentzat. Gai horri buruzko obra berehala hasi zuen Campionek, Iturralde y Suitek adoretuta, baina, batez ere, Frantziako zenbait euskarologo garrantzitsurekin harremanetan jarri ondoren, hala nola Jules Vinson eta Louis Lucien Bonaparte printzearekin, haiekin gutunak elkar trukatu baitzituen. Euskararen inguruan egin zuen lanik garrantzitsuena garai hartan idatzi zuen (1884), Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua vasca.

Egoera politikoari buruzko saiakerak idatzi zituen, eta, bere literatura-sorkuntzako lanak bezala, hasieratik josi zituen gogoeta eta irakurketa historikoz. Consideraciones acerca de la cuestión foral y los carlistas en Navarra (1876) izan zen karlisten matxinadari eta foruen galerari buruzko lehen idatzia, ikuspegi liberaletik aztertu zuen gaia. Ekoizpen luze baten lehen saiakera izan zen, esaterako, Victor Hugori bere heriotza zela eta eskainitakoa. Víctor Hugo. Semblanza (1885), edo Nafarroako erresumako XVII. mendeko kronista izan zen Moreti buruz izaera historiografikoarekin argitaratu zuena, Ensayo apologético, histórico y crítico acerca del Padre Moret y de los orígenes de la Monarquía Nabarra (1892), edo, izaera antimilitaristarekin, Alemaniak Belgika mende hartu izana salatzeko balio izan zuena, Bélgica, el 2 de mayo y los católicos españoles (1916). 1920ko hamarkadaren erdialdetik aurrera osasun-arazoek baino ez zuten haren jarduera gutxitzea lortu. Bere bizitzako azken urteetan bere ekoizpena murriztu behar izan zuen, elbarri geratu baitzen edonolako kultura-jarduera modu autonomoan egiteko.

Campionen obra osoa ez dago ulertzerik bere ikuspegi politikoa kontuan hartu gabe, eta azken hau ere ez dago ulertzerik ikuspuntu historikotik at. 1876an, bere eleberrietan edo beste idazki ikertzaile batzuetan agertu zen Gerra karlistaren arrazoiei buruzko saiakera goiztiarretik hasita, 1920ko hamarkadaren hasierako artikulu txukunetaraino, dena dago historiaz eta politikaz josita. Ez ibilbide laburreko politikaz, baizik eta euskal historiari buruzko ikuspegi politiko globalaz, 1876ko hondamendiak hautsi eta herrialdea zatitu eta barrutik bereizita utzi zuena. Haustura hura izan zen Campionen pentsamenduaren ardatz nagusia, eta behin eta berriz agertzen da bere eleberri zein historiografia-saiakuntzetan. Bertan, barne- banaketa soziopolitikoa da herrialdearen gainbeheraren arrazoia, kanpo-etsaiek Nafarroa anemiko harengana oldartzeko aprobetxatu zuten ahulezia-unea, borrokan zebilen bertako talde batek emandako laguntzari esker. Bigarren Karlistaldiak ekarri zuen haustura larria azaltzeko 1512ko Nafarroaren konkistaren pasarte hura hartu zuen berriro, eta beti mantendu zuen bere lan emankorraren funtsezko argudioetan. Era askotako ekoizpeneko lanik azpimarragarrienak Euskariana izeneko hamabi liburutan argitaratu zuen.

Ikerketa historikoaren ikuskera errotik aldatu zuen 1880ko hamarkadan, Guillermo de Anelierrek Navarreriako gerra zibilari buruz Erdi Aroko poema luzea argitaratzearen harira. Hortik aurrera, artxiboko eguneroko lana ezarri zion bere buruari, eta horrek emaitzak emango zizkion ondorengo ikerketetan. Erresumako Kontuen Artxibo ia osoa kontsultatu zuen, Nafarroako Artxibo Nagusian bizi izan zen, eta, harrezkero, eman zuen informazio guztia intelektualki erkatua eta behar bezala dokumentatua izan zen. Beste autore batzuen irakurketa ugariek ere bere kritikak pairatu zituzten. Azken batean, 1890eko hamarraldia hasterako, Campionek hurbileko historiografietan, Frantziakoan esaterako, diziplina historikoaren lan-metodoa zeritzotena bereganatu zuen.

Bere lan estiloak dokumentu eta bibliografietatik irakurketa-material ugari pilatzea zekarkion, eta material horiei buruz oso egunean egon zen gaztetatik, eta, nahiz eta inprentari izaera historikoko lan batzuk eman, inoiz ez zituen erabat itxi. Horrela, 1897an argitaratutako Iberos, Celtas y Euskaros lan ikusgarria 1930ean, 1932an eta 1936an hainbat aldaketekin berrargitaratua izan zen. Gauza bera esan daiteke Nabarra en su vida histórica obraz; 1914an agertu, eta 1929an berrargitaratu eta lehen edizioan argitaratu gabeko ehunka orrialde berrirekin luzatu zena.

Historian murgildu ahala, ez zuen literatura-bokazioa alde batera utzi, eta mendea amaitu baino lehen, zenbait eleberri, hala nola Almoravid o los navarros en el siglo XIII, saiakera bikainak, hala nola Victor Hugori eskainitakoa, edo Emilia Pardo Bazan eta Miguel de Unamunok eskertutako, Blancos y Negros (1897) argitaratu zituen

Politikan aktibo jarraitu zuen alderdi foruzalea desagertu ondoren, eta hainbat kazetaritza-abenturari ekin zion, El Arga goiztiarra, Lau-Buru eta ondorengo Aralar (1893) besteak beste. Ordurako, pontifize-arauei lotutako bere katolizismo profesio itxia une gorenean zegoen. Ramon Nocedal integrismo-liderrarekin hitzaldi zorrotzak izan zituen, Gamazadaren foru-protesta zela kausa Espainiako gorteetan diskurtso bortitzak eskaini zituen, eta mendearen azken hamarkadan saiakera historiko eta politiko garrantzitsuak argitaratu zituen Kataluniako La España Regional aldizkarian.

XX. mendean, Campionek aurreko bi hamarkadetan izandako jarrera berari eutsi zion: euskararekiko maitasuna, herrialdeko foruen gurtzea, katolizismo sutsua, sortu berri zen euskal nazionalismoarekin bat egitea (hasierako foruzaletasunarekin identifikatu zuena), ekitaldi publikoetan parte hartzea, elkarte eta aldizkari kulturaletan parte hartzea, etab. Baina XX. mendeak euskal intelektualei berrikuntzak ere ekarri zizkien alor guztietan. Katolizismoa gizarte-indar militante bilakatu zen, eta buru-belarri lagundu zuen hartan Campionek; gizarte-erreformaren aldeko aldarrikapen gero eta handiagoekin lotzen zituen masak eta arriskuak agertzeak, eta ideologia sozialistak zabaltzeak sakonki kezkatu zuten; landa-munduaren pixkanakako aldatzeak eta hirien hazkundeak (haren arriskuekin lotu zuen La Bella Easo eleberria) defentsiban jarri zuten, eta hiri-gizartearen kritika eragin zuen; azkenik, Europa lehenik, mundua gero, zatitu zuen lehen Mundu Gerraren ondorioz, haren gudaren aurkako sentimendua adierazi zuen. Alemaniako gobernuak eta estatu nagusiak Belgika katolikoaren aurka egindako erasoaren aurrean bere ideia antimilitaristak agerian utzi zituen. Hori guztia hemeretzigarren mendeko historia liberalarekin, 1872-1876 bitartean Euskal Herrian gertatutakoarekin eta mundu katolikoa aliatuen aurkakoen eta germanofiloen artean zatitzearekin nahastu egin zen.

Campionek hirurogeita bost urte zituen Erdi Aroko azken urteetako Nafarroako historiari buruzko ongi dokumentatutako artikulu batzuk argitaratu zituenean; hala, 1521ean Amaiurren garaitutako nafarren omenez eraikitako monumentuak sortu zuen polemika piztu egin zuen. Primo de Rivera generalaren diktadurak jarduera hori isilarazi zuen, zentsuraren eta oposizio politiko eta sindikalari egindako jazarpen selektiboaren bitartez, nola alderdi konstituzionalak, hala erakunde anarkosindikalistak barne hartu zituena.

Ordurako, Historiaren mundua eraldatua zen. Historialarien komunitate nazionalen garapena nabaria zen Alemanian hamarkada batzuk atzera, baita Frantzian eta, neurri txikiagoan, beste herrialde batzuetan ere. Euskal Herrian unibertsitate publikorik ez izateak akademia-berrikuntza zorrotz haren aurka jokatu zuen, Espainian, bai, pixkanaka ematen ari zena. Euskal Ikasketen Elkartearen ekimenek, Euskaltzaindiarenak beste arlo batean bezala, laudagarriak izan arren, ezin zuten unibertsitate-irakaskuntzako erakundeen gabezia hura ordeztu. Hori dela eta, Campion eta bere lana, 1876tik aurrera euskal kulturaren urrezko aroaren hasierako idazleen eta 1900etik aurrera ezagunak izaten hasi ziren berrien arteko lotura lanak egin zituen uharte gisa geratu zen. Hala ere, ikasleen belaunaldi berriei ezin izan zien irakaspenik eman, ezta eurengan eragin zuzenik izan ere. Primo de Riveraren diktadurak lehenbizi, eta Errepublikaren garaiari emandako zorigaiztoko amaierak gero, beste hainbat ikertzaileri bere lana jarraitzeko edozein aukera galarazi egin zioten (Pedro Navascues bere jarraitzailerik entzutetsuena oso gazte zela hil zen, eta Jesus Etayok 1936an eten egin zuen, ezinbestean, euskal historia aztertzeko egindako ekarpena). 1926rako, Campion elbarri zegoen, ikusmena galdu zuen, eta, horrekin batera, ikasteko gaitasuna eta autonomia.

Hala ere, Iruñea edo Donostia bezalako hiri txiki batean bizitzeagatik ere, ez zion Europako kulturaren berri izateari utzi, batez ere Frantziakoa eta, haren bidez, baita Alemaniakoa ere. Wilhelm von Humboldten eragin goiztiarra hizkuntza-gaietatik haratago joan zen, eta historiaren ikuskeran nabaritu zen, Leopold von Ranke buru zuen indibidualismo historiografiko alemanaren itzalpean. Campionek irudikatu zuen euskal historiografiaren konexioa Europako korronte nagusiekin lotu zen, hain zuzen ere, XIX. mendearen amaierarako zientzia-maila emango zioten diziplina historikoan ezarri ziren baliabide metodologikoak erabiliz, eta Alemaniako historizisten jatorrizko ikuskeraren bidez, zeinak subjektu historikoaren ideia piztu baitzuten nazioaren sorreran, Campionek, Nafarroari dagokionez, Nabarra en la vida histórica lanean gauzatu zuen estatuan, alegia.

Campionen lan historikoaren balorazioa euskal kulturaren erbesteko idazkietan arakatu daiteke, bereziki Latinoamerikan. Bere garaian ez zuen eragin zuzenik izan hezkuntza-sisteman, bereziki historia unibertsitate-ikasketen planetan 1900 urtera arte agertu ez zelako, baina, batez ere, herrialdean goi-mailako unibertsitate-irakaskuntzako erakunderik ez zegoelako. Bere bizitzako azken urteetan omenaldiak jaso zituen euskal kulturari eskainitako dedikazioagatik; esaterako Euskalerriaren Alde aldizkaria eta Euskal-Esnalea elkarteak, Argentinan bizi ziren euskaldunak, Iruñeko Euskal Etxeak (1931), Euskal Herriko txistularien elkarteak (1933), eta, bereziki, Eusko Ikaskuntzak (1930) egindakoak. Honako kargu hauek izan zituen besteak beste: Nafarroako Euskara Elkarteko idazkaria, Euskal-Esnalea elkarteko lehendakaria, Eusko Ikaskuntzen Elkarteko ohorezko lehendakaria, Euskaltzaindiako euskaltzain osoa, Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordeko lehendakaria, Historiako Errege Akademiako eta Zientzia Moral eta Politikoen Errege Akademiako kide urgazlea.

Pedro Mari edo El tamborilero de Erraondo eta, batez ere, Blanco y Negros eleberriak bezalako narrazio txikietan oinarritutako literatura-lanak, denborari eutsi egin dio, eta maiz izan da berrargitaratua azken mende erdi honetan. Campionen lana ahaztua eta sakabanatua izan zen diktadura frankista luze hartan, eta orain dela gutxi arte ez da behar bezala aztertua izan. Mintzoa argitaletxeak Obras Completas (1983-1985) argitaratu zuenean agortuko ez den ikuspegi orokor bat ahalbidetu zuen. Gainera, hainbat azterketa partzial egin zaizkio obra orokorretan, bai eta artikulu eta monografia espezifikoak ere. Haren obra historikoetako batzuk behin eta berriz berrargitaratu dira. Bere prosaren emankortasuna eta euskal herritartasunaren kontzientzia modernoari egindako ekarpen ukaezina idazleen eta politikarien pentsamenduan araka daitezke gaurdaino, alderdi horretan lan erabakigarria egin bitartean.

Obrak

Arturo Campionen ekoizpen zabalaren berri emateko, Obras Completas lanari erreparatuko diogu, Iruñea: Mintzoa arg., 1983-1985, 15 liburuki. Egileak Euskarianas izeneko 12 liburukitan antolatu zituen argitalpenen erreprodukzioa. Campionen zenbait lan horietatik kanpo geratu ziren, bolumen salbuetsian argitaratu baitzituen. Aurkezten dugun tituluen zerrendak historiarekiko interes berezia duten testuak azpimarratu nahi ditu.

Consideraciones acerca de la cuestión foral y los carlistas en Navarra, Madrid: Gregorio Justeren inp., 1876.

«Amaya o los Bascos en el siglo VIII. Estudio crítico de D. Arturo Campión», Revista Euskara, III. liburukia (1880), 54-64, 74-86, 115-122 eta 145-154. or.

Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara, Tolosa: Eusebio Lopezen tipografia etxea, 1884.

«El genio de Nabarra», 1884-1888, en IV. Euskariana (Cuarta Serie). Algo de Historia (Volumen Segundo), Iruñea: Erice y Garciaren inp. eta liburudenda, 1904, 1-245. or.

«Elemento alienígena en la población del Reino de Navarra. Los judíos y los moros», 1888, III. Euskariana. Parte Tercera. Algo de Historia, Bilbo: Fermín Herránen Euskal liburutegia-Andrés P. Cardenalen inprimategi eta koadernaketa, 1899, 1-61. or.

«La jornada a África del Rey Don Sancho el Fuerte (problema Histórico)», 1888, III. Euskariana. Parte Tercera. Algo de Historia, Bilbo: Fermín Herranen euskal liburutegia, Andrés P. Cardenalen inprimategi eta koadernaketa, 1899, 62-91. or.

«Historia del Ampurdán. Estudio de la civilización en las comarcas del N. E. de Cataluña, por D. José Pella y Forgas», La España Regional, año IV, VI. liburukia, 1889, 563-569. or.

«La sucesión de D. Fernando VII en Nabarra. Ensayo de Derecho político Regional», 1890, III. Euskariana. Parte Tercera. Algo de Historia, Bilbo: Fermín Herranen euskal liburutegia-Andrés P. Cardenalen inprimategi eta koadernaketa, 1899, 123-147. or.

Ensayo apologético, histórico y crítico acerca del Padre Moret y de los orígenes de la Monarquía Nabarra, Tolosa: Eusebio Lopezen tipografia etxea eta argitaletxea, 1892.

«Una información acerca de los infanzones de Obanos», 1892, V. Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 205-225. or.

La Batalla chica del Sr. Nocedal, Iruñea: José Ericeren inprimategi eta liburudenda, 1893.

«La excomunión de los últimos Reyes legítimos de Nabarra», 1895, III. Euskariana. Parte Tercera. Algo de Historia, Bilbo: Fermín Herranen euskal liburutegia – Andres P. Cardenalen inp. eta koadernaketa, 1899, 92-122. or.

Celtas, Iberos y Euskaros. Los orígenes del pueblo euskaldun, Donostia: J. Baroja e Hijo inp., 1897.

«Carlismo, integrismo y Regionalismo», 1888-1889, XI. Euskariana (Undécima Serie), Iruñea: Jesús Garcíaren inprimategi eta liburudenda, 1934, 323-413. or.

Discursos políticos y literarios, Iruñea: Erice y Garcíaren inprimategi eta liburudenda, 1907.

Conferencia. Acerca del Nacionalismo dada por Don Arturo Campión en Gernika el día 19 de abril de 1908, Gernika: Antonio Egurrolaren inp. eta koadernaketa, 1908.

«Gacetilla de la Historia de Nabarra. Crónica Negra. Capítulo I. La frontera de los malhechores; el bandolerismo de 1261 a 1332; la “facienda” de Beotíbar; la toma de Hernani», 1911, V. Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 241-423. or.

«Conferencia acerca del socialismo dada en el centro católico de Donostia, el 3 de marzo de 1909, por Don Arturo Campión», La Avalancha, 408, 409, 410 eta 411 aleak (1912).

«Gacetilla de la Historia de Nabarra. Crónica Negra. capítulo II. Las guerras fronterizas, concejiles y de linajes, y el bandolerismo en las merindades de Tudela y Sangüesa y en la castellanía de San Juan», V. Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 424-441. or.

«Gacetilla de la Historia de Nabarra. Crónica Negra. capítulo III. La penalidad en el “Fuero General” de Nabarra», V. Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 442-474. or.

«Gacetilla de la Historia de Nabarra. Crónica Negra. capítulo IV. La criminalidad nabarra desde el año 1265 al 1332», 1915, V. Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 475-565. or.

«D. Sancho el Fuerte. Retratado por D. Jaime el conquistador», 1912, V. Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 75-88. or.

«La constitución de la primitiva monarquía y el origen y desenvolvimiento de las Cortes de Nabarra», 1914, V. Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 137-169. or.

«La cort y las cortes en Nabarra (complemento a la anterior conferencia)», 1915, V.

Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 170-204. or.

«La canción de Roldán. Algunas anotaciones al estudio de mr. Joseph Bédier sobre la “Chanson de Roland”», 1914, V. Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 5-74. or.

«La muerte del mariscal D. Pedro de Nabarra», 1915, V. Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 89-122. or.

«El camino nabarro de Santiago y la seguridad de los viandantes», 1915, V. Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 123-135. or.

«Addenda. Breves noticias acerca de ciertos castigos impuestos a los infanzones de Obanos», 1915, V. Euskariana (Quinta Serie). Algo de Historia (Volumen Tercero), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1915, 226-238. or.

Bélgica, el 2 de Mayo y los católicos españoles, London: Jas. Truscott & Son ltd., 1916.

«El municipio vasco en la historia», Asamblea de Administración Municipal Vasca, Donostia: probintzia inp., 1920, 3-36. or.

De las lenguas, y singularmente de la lengua baska, como instrumento de investigación histórica, Bilbo: Arte grafikoen Bilbaina, 1920.

Informe de los señores académicos A. Campión y P. Broussain a la Academia de la lengua vasca sobre la unificación del euskera, Bilbo: Ave María inp., 1920.

«Un patriota basko. Estanislao de Aranzadi (semblanza)», Euskalerriaren Alde, X. liburukia (1920), 1-13. or.

«Gacetilla de la Historia de Nabarra. Segunda crónica Negra (Bandolerismo; criminalidad; guerras fronterizas, concejiles y de linajes). De 1333 a 1341. Capítulo I. Bandolerismo y criminalidad. Capítulo II. Guerras fronterizas, concejiles y de linajes. Capítulo III. Gacetilla política del reinado de Doña Juana II y su esposo D. Felipe III el Noble», 1921, VII. Euskariana (Séptima Serie). Algo de Historia (Volumen Cuarto), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1923, 3-189. or.

«Más reflexiones sobre la Bula “exigit” y más pormenores sobre la conquista de Nabarra», 1922, VII. Euskariana (Séptima Serie). Algo de Historia (Volumen Cuarto), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1923, 263-357. or.

«Después de la conquista (La política y el gobierno foral del usurpador)», 1922, VII. Euskariana (Séptima Serie). Algo de Historia (Volumen Cuarto), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1923, 359-437. or.

Reyes de Nabarra en el destierro. Enrique II de Albret», 1923, XI. Euskariana (Undécima Serie), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1934, 109-209. or.

«Gacetilla de la Historia de Nabarra (la Geografía político-administrativa del Reino y el patrimonio Real en el último tercio del siglo XIII)», 1924, XI. Euskariana (Undécima Serie), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1934, 5-107. or.

Orígenes del Pueblo Euskaldún (Iberos, Keltas y Baskos). Primera Parte. Testimonios de la Antropología, Etnografía, Etnología y Arqueología. VIII.

Euskariana (Octava Serie), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1928.

Nabarra en su vida histórica. IX Euskariana (Novena Serie), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1929.

Orígenes del Pueblo Euskaldún (Iberos, Keltas y Baskos). Segunda Parte. Testimonios de la Geografía y de la Historia Clásicas. Tercera Parte. Testimonios de la Lingüística (primer volumen). X. Euskariana (Décima Serie), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1931.

Orígenes del Pueblo Euskaldún (Iberos, Keltas y Baskos). Tercera Parte. Testimonios de la Lingüística (segundo volumen). XII. Euskariana (Duodécima Serie), Iruñea: J. Garciaren inprimategi eta liburudenda, 1936.


Bibliografia

ELORZA, A., Ideologías del Nacionalismo Vasco 1876-1937 (De los «euskaros» a Jagi-Jagi, Donostia: Haranburu, 1978.

GRANJA PASCUAL, J. J., «Arturo Campión y la historia», PV, 10. eranskina (1988), 169-182. or.

HUICI URMENETA, V., «Ideología y política en Arturo Campión», PV, 163. alea (1981), 641-687. or.

LÓPEZ ANTÓN, J. J., Arturo Campión entre la Historia y la Cultura, Iruñea: Nafarroako Gobernua, 1998.

MAJUELO GIL, E., La idea de historia en Arturo Campión, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2011.

NIEVA ZARDOYA, J. L., La idea euskara de Navarra 1864-1902, Bilbo: Sabino Arana Fundazioa-Euskara Kultur Elkargoa, 1999.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP