Karguak eta lanbideak
Jurista, negozio-gizona eta politikari liberala
Ibilbidea
Mariano Calbeton izan zuen aita, Viellan jaioa (Katalunia), Irungo Errege Postetako zuzendaria. Ama, berriz, Ramona Legarra, irundarra jatorriz. Donostiako hiria Gipuzkoako eta kanpoko merkatarien bizileku bihurtu zenean, Calbetón deitura merkataritza-klaseari gehitutako beste abizen bat izan zen. Joaquin Donostiako liberalen zirkuluko kidea izan zen, Fermin Lasala, Pedro Manuel Collado, Claudio Anton de Luzuriaga, Eustasio de Amilibia eta beste batzuekin batera. Guztiek ere bide garrantzitsua egin zuten politikan eta, ho- rrez gain, Gipuzkoako merkataritza-jardueraren eta industrializazio-prozesuaren eragile izan ziren, XIX. mendean.
Josefa Blanchon Guillerminekin ezkondu zen Donostian, 1838ko urriaren 15ean, eta sei seme-alaba izan zituzten. Ezkontzaren bidez, are harreman sakonagoa izan zuen Gipuzkoako hiriburuan kokatutako merkatarie- kin. Francisco Blanchon aitaginarreba, izan ere, Saint Esprit herrian sortua (Landetako Departamentuan), Donostian bizi ziren atzerritarren zerren- dan zegoen 1817an, hamasei urteko bizialdi frogatuarekin; kapela-saltzailea, lanbidez. Josefa Blanchon osaba Manuel Guillerminen oinordekoa izan zen. Osabak merkataritza-interesak zituen La Guairan eta Curaçaon, eta bai Josefa, bai haren ahizpa Cayetana, bi-biak, Venezuelako kakaoa inportatzeari lotu zitzaizkion. Alaba, Ramona Calbeton Blanchon, Bilbon auzo- tutako Evaristo Churrucarekin ezkondu zen, hau da, XIX. mendeko bide-ingeniari ospetsuarekin. Beste seme bat, Fermin Calbeton Blanchon, diputatu eta senataria izan zen (Donostia, 1853-Madril, 1919), are karrera politiko ga- rrantzitsuagoa garatu zuena, ministroa ere izan baitzen. Madrilen Zuzenbi- dean doktoratu eta gero, Kubara joan zen 1874an, aitak eskaturik, aitaren abokatu-bulegoaz arduratzeko. Semea ere liberala zen pentsamoldez eta Antonio Mauraren alderdian kidetu zen, Gorteetarako diputatu-akta eskuratuta Matanzasen. Kuban hamar urtez bizi ondoren, 1884an itzuli zen.
Joaquin Calbetonek Oñatiko Unibertsitateko Lege Fakultatean ikasi zuen, Gipuzkoan, bai eta Valladolideko Unibertsitatean ere. Errege Kontseiluetako abokatua izan zen. 1835ean, Donostiako Merkataritza Auzitegiko aholkulari kargua hartu zuen eta, handik hamar urtera, berriz, letratu aholkulari kargua.
Politikagintzari emana, Gipuzkoako ordezkaria izan zen Bilbon 1839an bildutako Euskal Diputazioen Konferentzietan, Foruak aldatzeko proiektuaren karira. Urte hartan, ordezko diputatu hautatu zuten Gorteetarako, Gipuzkoako hautes-barrutian, baina ez zen aulkiaz jabetu. Hautagai izan zen Gorteetarako bozetan, 1840an, eta Senaturako ere aurkeztu zen 1841ekoetan. Urte horretan, Gipuzkoako probintziako Ekonomia Batzordeko kide aukeratu zuten. Batzorde horrek Foruak aldatzeko proiektu bat aurkeztu zion txosten bidez Gobernazioko ministroari, liberalismo aurrerazaletik ikusita, Nafarroan lortutakoaren antzeko terminoetan. 1842ean, Donostiako alkate kargua bete zuen labur. 1845etik aurrera, Donostiako Merkataritza Auzite- giko letratu aholkularia izan zen. 1846an, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko presidente kargua bete zuen eta, berriz ere, hiriko alkate aukeratu zuten. 1852 eta 1853 artean, Gorteetako diputatua izan zen Donostiako barrutian, Fermin Lasala diputatu zenduaren ordez.
1850eko hamarkadaren erditsutik aurrera, epailetza-kargurik gorenak bete zituen Espainiako kolonietan. Horrela, 1855eko martxoaren 22an, Habanako Entzutegiko fiskal postuaz jabetu zen. Lizentzia-urte bat gozatu ondoren, 1861ean aipatu zerbitzura itzuli zen. Handik bi urtera, Puerto Ricora jo zuen uharte horretako erregidore postuaz jabetzeko. Han, 1868ra arte iraun zuen, urte hartan Filipinetako Entzutegiko erregidore izendatu baitzuten. Aipatu urteko azaroan, Habanako Entzutegiko erregidoretzan sartu zen eta, bertan, Probintzia Baskongadetan eta Nafarroan jaiotakoen Ongintza Elkarteko burua izan zen.
1825etik 1856ra, Revista de Legislación Extranjera izeneko aldizkaria zu- zendu zuen. Madril-Irun trenbideko lehen administrazio-kontseiluko kidea izan zen eta Araiako San Pedro (Araba) siderurgiako bazkidea ere bai. Donostian ondasun higiezinak zituen harresiz kanpo.
Donostiako burgesiako kidea izanik, Joaquin Calbeton Colladotarren ter- tulietako parte-hartzaileetako bat izan zen. Hats liberalean blaiturik, bileretan hiriko ekonomia eta politika arloetako jende ospetsua biltzen zen, Donostiaren eta probintziaren etorkizuna zuzentzeko. Isabel Katolikoaren Gurutze Handia eman zioten, bai eta Karlos III.aren enkomienda ere.
Obrak
Revista de legislación extranjera, [. ] Joaquín Calbetónen zuzendaritzapen argita ratua, Donostia: Ignacio Ramón Barojaren inprenta, 1845-1846.
Discurso pronunciado por D. Joaquín Calbetón, Regente de la Real Audiencia Chan- cillería de Puerto Rico en el acto de apertura del Tribunal, el día 2 de enero de 1864, Puerto Rico: J. González, 1864.
Discurso pronunciado por D. Joaquín Calbetón, Regente de la Real Audiencia Chan- cillería de Puerto Rico en el acto de apertura del Tribunal, el día 2 de enero de 1854, Puerto Rico: J. Gonzálezen inprimategia, 1865.
Discurso pronunciado por D. Joaquín Calbetón, Regente de la Real Audiencia Chan- cillería de Puerto Rico en el acto de apertura del Tribunal, el día 2 de enero de 1867, Puerto Rico: Gonzálezen alarguna, Errege Entzutegiko inprimategia, 1867.
Discurso leído por Joaquín Calbetón, regente de la Real Audiencia de Puerto-Rico, en el solemne acto de la apertura del Tribunal el día 2 de enero de 1868, Puerto-Rico: Gon- zálezen alarguna, 1868.
Discurso pronunciado el día 2 de enero de 1869 en la apertura de la Real Audiencia de La Habana, Habana: Gobernuaren eta Kapitaintza Orokorraren inprimategia, 1869.
Palabras del Excmo. Sr. D. Joaquín Calbetón (Regente de la Audiencia Territorial). Al- bum Vascongado, La Habana: J. M. Eleizeguiren inprimategia, 1869.
Discurso de apertura de la Audiencia Pretorial de La Habana, leído por el Excmo. e Ilmo. Sr. D. Joaquín Calbetón el 3 de enero de 1870, Habana: Gobernuaren eta Kapi- taintza Orokorraren inprimategia, 1870.
Discurso pronunciado por D. Joaquín Calbetón, Regente de la Real Audiencia Chan- cillería de Puerto Rico en el acto de apertura del Tribunal, el día 2 de enero de 1872, La Habana: Gobernuaren inprimategia, 1872.
Bibliografia
ANABITARTE, B., Gestión del municipio de San Sebastián en el siglo XIX, Do- nostia: Francisco Jorneten inprimategia eta koadernaketa, 1903.
AGIRREAZKUENAGA, J. (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993.
APARICIO, C., Poder municipal, economía y sociedad en la ciudad de San Sebastián (1813-1855), Donostia: Instituto Dr. Camino, 1991.
CASTRO, J. L., «Un político donostiarra: Don Fermín Calbetón y Blanchón», Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, 11 (1955), 105-113. orr.
MÚGICA, J., Carlistas, moderados y progresistas (Claudio Antón de Luzuriaga), Donostia: Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Liburutegia, 1950.
SERRANO ABAD, S., «Calbetón Legarra, Joaquín», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiako Errege Akademia. Online edizioa: (http://dbe.rah.es/biografias/84571/ joaquin-calbeton-legarra (2019ko urriaren 13an egindako kontsulta).





