Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Nafarroako egileak eta obrak

CADENA Y ELETA, Jose (Pitillas, Nafarroa, 1855eko martxoak 20 – Burgos, 1918ko ekainak 8).

Karguak eta lanbideak

Apaiza, legelaria, Segoviako eta Gasteizko gotzaina, Burgosko artzapezpikua eta Erresumako senataria

Ibilbidea

Ikasketak Iruñeko seminarioan hasi zituen, hala ere, eten egin behar izan zituen 1868ko egoera soziopolitikoa zela eta; Zaragozan, Zuzenbideko lizentziatura eta doktoretza egiteko baliatu zuen denboraldi hura (1870-1876). Ondoren, eliza-ikasketak amaitu eta apaiz-ordenazioa jaso zuen 1880an. Biurrun eta Agoitzen aritu eta gero, Ávilako kalonje izendatu zuten (1887), eta han, besteak beste, elizbarrutiaren hornitzaile eta seminarioko errektore izan zen. 1896an, katedraleko xantre izendatu ondoren, Madrilera joan zen, eta Madrilgo gotzaindegiko hornitzaile, bikario nagusi eta epaile ordinario izan zen hurrenez hurren. Leon XIII.ak gotzain izendatu ondoren, Segoviako egoitzan (1901-1904)—1903an Erresumako senatari izendatu zutenetik, hainbat legegintzalditan izan zuen kargu hura—, Gasteizko egoitzan (1904-1913) —gizarte-sustapena eta une historiko horren tentsioak izan ziren ezaugarri nagusia garai hartan, nazionalista eta karlistekin tirabirak izan baitzituen— eta Burgosko artzapezpikutzan (1913-18) izan zen

Cadena y Eleta, itzal handiko gizona, diskretua eta merezimendu handiak izan zituena. Garai hartako gizona izan zen, gizartea hobetzeko konpromisoa hartu zuena. Egon zen leku guztietan lana, argitalpen katolikoak, langileentzako prestakuntza-zirkuluak, emakumearen gizarte-sustapena, eskolak eta karitateko beste hainbat ekimen (Gasteizen: lantoki katolikoa, Andre Maria Zuriaren montepioa eta gizarte-etxe katolikoa) sustatzeko egindako ahaleginagatik nabarmendu zen. Jarduera horiekiko interes aktibo hura bat zetorren XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako elizaren doktrina sozialarekin. Gasteizko katedral berria eta Burgosko artzapezpiku-jauregiaren eraikuntza ere berak sustatu zuen, baita Pitillaseko eskola ere.

Bere idazlanei dagokionez, Teología pastoral liburua argitaratu zuen pastoralaren alorrean, elizbarrutietako fededunei idatzitako gutunez gain. Apaiza pastoraltzaren alderdi guztietan eratzeari buruzko El sacerdote perfecto (Madril, 1892) ere argitaratu zuen, bere garaian kleroarentzat oso erabilgarria izan zena, estilo argi eta sinplea izanagatik. Arlo juridikoan, nabarmentzekoak dira Tratado teórico-práctico de procedimientos eclesiásticos (Madril, 1891-1892) lanaren bi liburukiak, zeintzuk hasieratik forentse-lanetan ezagutu baitzituzten eta baita Salamancan ikasi ere, eta Proyecto de código procesal y canónico (Madril, 1895).

1917ko Zuzenbide kanonikoaren kodea aldarrikatu aurretik, elizaren aniztasuna zela eta, zaila zen haren arauak ezagutzea eta aplikatzea, hein batean konpilazio modernorik ez zegoelako; XIX. mendearen amaierako zenbait autorek —hainbat herrialdetan— lege kanonikoen beharrezko kodeketa bultzatu zuten, Zuzenbidearen aplikazioa osatu eta errazteko ekimenen bidez; Cadena y Eleta autore espainiarren artean nabarmentzen da.

Tratado teórico-práctico de procedimientos eclesiásticos lanean, bere esperientzia pertsonala islatu zuen, eta Espainiaren eta Elizaren arau zibilen arteko sintesia, topagunea, egin zuen. Idazlana «beren lanbidearen, karguaren edo ministerioaren ondorioz edozein motako espediente kanonikoak sortzen parte hartzen duten pertsona guztiei» zuzenduta dago (Tratado, I, hitzaurrea, VII. or.), batez ere parrokiako jardueretan. «Kontuan hartu beharreko arau garrantzitsuenak eta nagusiak» (Tratado, I, hitzaurrea, VII. or.) eta adibide gisako formularioak hartuta alderdi praktikoa aurkeztu zuen. Lehenengo liburukia borondatezko eta graziazko jurisdikzioari buruzkoa da; bigarrenean, berriz, auziari buruz aritu zen, Elizaren Foruaren zilegitasunaren defentsari buruz, hain zuzen ere (Tratado, II, 1-5. or.). Bere epaile lana oinarri, jurisdikzio bakoitzaren kontzeptua eta dagokion arauketa azaldu zituen, «eliz auzitegien prozeduraren erritualismoa ezagutzeko» (Tratado, II, hitzaurrea, X-XI. or.).

Proyecto de código procesal y canónico lanak ere interes handia du, kodetze modernoaren proposamen bat iragarri baitzuen (partziala kasu honetan, prozeduraren esparruari baitagokio) (cfr. hitzaurrea, XII-XIII. or.). «Kodeak, hala elizakoak nola zibilak […]» laburbiltzen ditu, «eta haietatik arau prozesalak ateratzen ditu» (hitzaurrea, XIII. or.), eta elizaren legeria prozesala eta Espainiako legeria zibila ahalik eta hobekien uztartzen saiatzen da. «Decretales liburuetan eta ondorengo eliza-legeetan zehar dauden arau prozesalen» bilduma bat da; «auzi-prozedura zibiletik prozedura kanonikoarekin bateragarriak diren arauak […]; artikulatuta eta ordenatuta, proiektu edo kode prozesal saiakera moduko bat sor dadin» (hitzaurrea, XII. or.). Autoreak berak azaldu legez, lan horrek «originaltasunaren merezimendua eta kontuan hartu behar diren arau prozesal guztiak labur-labur eta metodikoki biltzeko abantaila» du (hitzaurrea, XIV. or.), bere iturriez gain, «arau prozesalak ez ezik, haiek preskribatzen dituzten lege eklesiastiko eta zibilak ere» aurkitzen baititu (hitzaurrea, XV. or.).

Obrak

Teología pastoral. El sacerdote perfecto, Madrid: Luis Aguadoren inp., 1892.

Tratado teórico-práctico de procedimientos eclesiásticos en materia civil y criminal, I-II. liburukiak, Madrid: Luis Aguadoren inp., 1891-1892 (2. argitalpena, Madrid: Gregorio del Amoren liburudenda, 1894).

Proyecto de código procesal y canónico, Madrid: Luis Aguado Jaunaren inp., 1895.

Bibliografia

ANAUT BRAVO, S., eta TANCO LERGA, J., «José A. Cadena y Eleta: un mecenas de Pitillas», Pregón, 51 (2018), 152-159. or., Online arg.: http://www.pregon-navarra.com/wp/wp-content/uploads/pdf/d13_ultimo/pregon51/510405-Anaut-Pitillas.pdf (2020ko irailak 26).

DE PABLO, S.; GOÑI GALARRAGA, J., eta LÓPEZ DE MATURANA, V., La diócesis de Vitoria: 150 años de historia, Gasteiz: ESET, 2013.

FANTAPPIÈ, C., Chiesa romana e modernità giuridica, II, Milano: Giuffrè, 2008.

RICO CALLADO, L., «Los procedimientos gubernativos eclesiásticos en las diócesis castellanas en la edad moderna», Ius Canonicum, 54 (2011), 45-85. or., Online arg.: https://revistas.unav.edu/index.php/ius-canonicum/article/view/247/61 (2020ko irailak 26).

SALINAS ARANEDA, C., «Reformas al derecho canónico procesal propuestas por los metropolitanos españoles al iniciarse la codificación canónica de 1917», Vergentis. Revista de Investigación de la Cátedra Internacional Conjunta Inocencio III, 7 (2018ko uztaila-abendua), 45-94. or., Online arg.: https://vergentis.ucam.edu/index.php/vergentis/article/view/86/105 (2020ko irailak 26).

SEDANO RUEDA, J., «La canonística española y la codificación de 1917», in BRUGNOTTO, G.; JAMIN, J., eta NAONYIR SOMDA, S., Sistematica e tecnica nelle codificazioni canoniche del XX secolo, Venezia: Editrice Vaticana liburudenda, 2018.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP