Karguak eta lanbideak
Historialaria, artxibozaina, arkeologoa eta paleografoa
Ibilbidea
Jean-Auguste Brutails probintziako jakintsuaren adibide perfektua da. Montaubanen ikasi ondoren, Parisera joan zen École Pratique des Hautes Études eskolan Monoden ikastaroak jarraitzera, eta Zuzenbidean lizentziatu zen. Geroago, artxibozain eta paleografo gisa hezi zen École National des Chartesen (1880-1882), eta bigarren izan zen bere promozioan.
1884an, Ekialdeko Pirinioetako departamenduko artxibozain izendatu zuten, eta 1888an, Andorrako Auzitegi Nagusi sortu berriko epaile. 1889an, Girondako departamentuko artxibozain kargua eman zioten, eta kargu horretan aritu zen hil zen arte. 1893an, Instrukzio Publikoko ofizial izendatu zuten, eta 1908an, beste intelektual batzuekin batera, Revue Historique de Bordeaux et du département de la Gironde sortu zuen. Aldizkari hori, gaur egun, Girondako Departamenduko Artxiboek argitaratzen dute. 1910ean, Gironda departamentuko obra historikoen kontserbatzaile izendatu zuten.
1890ean hasi zen Bordeleko Unibertsitatearekin harremanetan, paleografia-ikastaro bat emateko mandatua jaso zuenean, bai eta Bordeleko Letren Fakultatean Frantziako arkeologiari buruzko hitzaldiak emateko ere, eta urte horretan bertan unibertsitate horretako kide egoiliar bihurtu zen. Hala ere, 1900. urtera arte itxaron behar izan zuen Bordeleko Letren Fakultateko irakasle izateko. 1912an Étude archéologique sur les églises de la Gironde doktorego-tesia defendatu zuen, eta Girondako neurrien baliokidetzari buruzko ikerketa-tesi osagarri bat, Bordeleko Unibertsitateko Letren Fakultatean aurkeztua, Robert Lasteyrie du Saillant kondearen ikasle gisa. Tesia liburu moduan argitaratu zen urte horretan bertan, Les vieilles églises de la Gironde izenburupean, zeinaren bidez Académie des Inscriptions et Belles-Lettres-en Gobert saria jaso baitzuen.
Bere ekoizpen zientifikoaren ondorioz jaso zituen ohoreen artean, hauexek daude: antigoalekoen lehiaketa nazionaleko lehen saria edo, 1902an, Académie des Inscriptions et Belles-Lettres erakundeko korrespontsal izendatua izatea. 1903an, Ohorezko Legioko zaldun izendatu zuten, eta 1916an Ikasketa Katalanetako Institutuko kide. 1919an, Académie des Inscriptions et Belles-Lettres erakundeko kide aske gisa akreditatua izan zen eta, 1921ean, Ohorezko Legioaren erroseta jaso zuen École National des Chartes-en sorreraren mendeurrena ospatzeko.
Bere ekoizpen zientifikoari dagokionez, Brutails hainbat arlotan nabarmendu zen. Girondako artxiboen zuzendari gisa, aipatu behar da ikerketa-tresnak modernizatzeko interesa agertu zuela. Horretarako, bildumen zati baten inbentarioa egin zuen (bereziki C, E eta G serieena), eta horixe erabili zen inbentario konputarizatua ezarri arte. Era berean, bizitzaren zatirik handienean Bordelen bizi izan bazen ere, Andorrako erresumarekiko interes berezia agertu zuen, lurralde horren berezitasunak eta Frantziarekin zituen loturak 13 argitalpenetan bilduz. Hala ere, Brutails paleografo gisa nabarmendu zen. Prestakuntza horri esker, irakasle jardun zuen 1890etik 1925era arte. Paleografian zituen ezagutzak eta Zuzenbidean zuen prestakuntza baliagarri izan zituen bere ikerketak Erdi Aroko testu juridikoetara bideratzeko. Testu horien artean, Erdi Aroko erakundeei buruzko ikerketak nabarmendu ziren, baina bai eta herrien ohiturei eta bizitzari buruzkoak ere. Halaber, Brutails Erdi Aroko eraikinen arteari eta, bereziki, erlijio-arkitekturari buruzko historialari-lanari esker iritsi zaigu egundaino.
Nafarroako historiari dagokionez, École National des Chartes-en beka bati esker, Iruñera joan zen Karlos II.ari buruzko Kontuen Ganberako dokumentuak kopiatzera. 1883ko urrian egin zuen lehen bidaia, baina ezin izan zuen artxibora sartu. Hurrengo urteko otsailean (1884) berriz ere Nafarroako hiriburuan agertu zen, eta oraingoan lan egiteko aukera izan zuen, nahiz eta arazoak izan; izan ere, Oloriz artxibozainaren kapritxoek etengabe eten zioten ikerketa-jarduera. Nafarroako artxiboan egin zuen lanean Karlos II.aren kartularioaren azterketa egin zuen, Karlos II.aren erregealdiari buruz zegoen lan bakarra Secousserena zen: Mémoires pour servir à l’histoire de Charles II, Roi de Navarre et comte d’ Évreux, surnommé le Mauvais, Paris, 1758. Nafarroako artxibotik lortutako transkripzioen bilduma École Pratique des Hautes Études (EPHE) eskolan aurkeztu zen modu ordenatuan, tesi gisa, Arthur Giry, Morel Fatio eta Odile Royk osatutako epaimahai batean.
Bere ekoizpen zientifikoan, Brutailsek 250 lan baino gehiago argitaratu zituen 1882tik 1925era bitartean, eta 200 artikulu baino gehiago ditu aldizkari espezializatuetan. Horien artean, Girondako eraikin erlijioso erromanikoei eskainitakoak nabarmendu ziren. Hala ere, hain ekoizpen zientifiko handia izanik, Euskal Herriaren historiari buruzko zenbait ikerketa nabarmendu behar dira, hala nola Documents des archives de la Chambre de Comptes de Navarre (1196-1384) izenburuko lan bikaina, Emile Bouillonek 1890ean Parisen argitaratua, eta «Simon de Monfort, comte de Leicester et les Bourgeois de Dax» artikulua, 1883an Bulletin de la Société de Borda delakoan argitaratua, Iruñeko Katedralari eta Nafarroako Artxiboei buruzko garrantzi txikiagoko beste batzuekin batera.
Obrak
«Simon de Monfort, comte de Leicester, et les bourgeois de Dax», Bulletin de Borda, 1883, 83-87. or.
Documents des archives de la Chambre des Comptes de Navarre (1196 1384), Paris: Émile Bouillon, 1890 (Londres: Forgotten Books, 2018).
Les vieilles églises de la Gironde, Bordeaux: Feret et Fils, 1912, XII + 302 or.
Bibliografia
GOURON, M., «Bibliographie des travaux de M. Brutails», Revue historique de Bordeaux et du Departament de la Gironde, 1926, 12-27. or.
LOIRETTE, G. L., «Nécrologie», Annales du Midi, 39 (1927), 92-100. or.
PANIZO SANTOS, I., «Eruditos franceses en Navarra», Actas del Tercer Congreso General de Historia de Navarra, Iruñea, 1994, 2-28. or.





