Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal Herri Kontinentalako egileak eta obrak

BROUSSAIN, Pierre [Piarres Martin BROUSSAIN SALAGOITI] (Hazparne, Lapurdi, 1859ko abuztuak 5 – Ortheze, 1920ko apirilak 27).

Karguak eta lanbideak

 Medikua, politikaria eta euskal gaien ikastuna

Ibilbidea

Lapurdiko Hazparnen sortu zen, familia aberats batean, eta bost senidetan txikiena zen. Parisen medikuntza ikasketak egin zituen, euskararen inguruko ikerketak pizten zion grina alde batera utzi gabe, tarteka irakurriz Manuel Larramendi, Louis-Lucien Bonaparte, Willem Jan Van Eys, Julien Vinson, Edward Spencer Dodgson, Resurreccion Maria Azkue, Emmanuel Intxauspe, Jean Duvoisin, Agosti Chaho, eta Arturo Campionen lanak, besteak beste. 1897tik aitzina gutunak eta bibliografia trukatzen hasi zen, Hegoaldean adiskide handia zuen Resurreccion Maria Azkuerekin. Hazparnen Jauregizaharrenea etxea erosi zuen, eta han bizi izan zen handik aitzina. Lanbidez medikua zen, eta denbora librea euskararen inguruko ikerketan ematen zuen. Politikan ere aritu zen. Euskal abertzaletasuneko militantea izan zen, eta 1904an Hazparneko udal-kontseilari izendatu zuten eta hurrengo urtean herriko alkate, karguari eutsi ziola hurrengo hamalau urteetan ere.

XX. mende hasieratik aitzina euskara batua sortzeko hainbat proiektu sustatu zituen. Eskualtzaleen Biltzarreko kide izan zen, eta kultura-ekimenak ere sustatu zituen, esaterako Eskualduna aldizkaria; 1918an Eusko Ikaskuntza sortzen ere laguntzaile aritu zen. Elkarte horren lehendakariorde izan zen, eta 1919an Euskaltzaindiaren sortzaileetakoa, baina ia ez zuen akademiako kide gisa lanean aritzeko betarik izan, hurrengo urtean hil baitzen. Berak planteatu zuen Akademiak dialekto literario bakarra sortu behar zuela, «oinarrizko dialektoa», eta Euskal Herri osora hedatu behar zela hura, eta euskal eskolen bidez hedatu behar zela. Ia ez zuen lan idatzirik utzi, baina haren irizpideak, bai hizkuntzaren inguruan, bai euskal kulturaren eta historiaren inguruan eman zituen oharretan jasoak, garai hartako euskal gaien ikastunekin trukatu zituen hamaika gutunetan islatuta geratu ziren; Georges Lacomberekin, Resurreccion Maria Azkuerekin eta Julio Urkixorekin trukatu zituen eskutitzak ikertu eta argitaratu egin ziren.

Obrak

CAMPION, A-rekin., Informe de los señores académicos A. Campión y P. Broussain a la Academia de la Lengua Vasca sobre unificación del euskara, Bilbo: Imp. del Ave María, 1920. 

Bibliografia

CHARRITTON, P., «Les lettres de Pierre Broussain à Georges Lacombe: Fonds Lacombe du Musée Basque», Bulletin du Musée Basque, 108-110 (1985), 85-108., 133-160., 161-188. or.

— Pierre Broussain: sa contribution aux études basques (1895-1920), Paris: Editions du Centre National de la Recherche Scientifique, 1985. Berrarg. Bilbo: Euskaltzaindia, 2008.

— (ed.), Resurrecion Maria de Azkue eta Pierre Broussain-en arteko elkarridazketa = Correspondencia entre R.M. de Azkue y P. Broussain = Correspondance entre R.M. de Azkue et P. Broussain: (1897-1920), Bilbo: Euskaltzaindia, 1986.

— «Piarres Broussain, Euzko-Ikaskuntza’ren lendakari ordea: (1918-1920)», RIEV, 35. libk., 1 (1990), 33-54. or.

— «P. Broussainen gutunak J. Urkijori», P. Altuna (arg.), Federiko Krutwig-i omenaldia, Bilbo: Euskaltzaindia, 1996, 383-422. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP