Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAN BERTAKOTUTAKO EGILE BEARNES ETA FRANTSESAK ETA HAIEN OBRAK

BOSQUET, Jean du (Jean du Bosquet)(Périgord, XV. mendearen erdialdera – Biarno, ca. 1516).

Karguak eta lanbideak

Nafarroako kantzelaria, Nafarroako diruzain nagusia eta Nafarroako errege-erreginen diruzaina

Ibilbidea

Périgordeko konderrikoa zen sortzez. Albret familiaren ondarea zen lurralde hura, eta Alain Albretekoaren, hau da, Joan III.a Nafarrokoa erregearen aitaren etxeko gobernaria izan zen. 1490eko hamarkadaren hasieratik Nafarroako ordezkari nagusi Gabriel Albretekoaren zerbitzura egon zen. 1494an Katalina Foixekoa eta Joan Albretekoa koroatu zituzten Iruñean, eta hasieratik Bosquet izan zen Nafarroako diruzain nagusia, errege-kontseilaria eta errege-etxeko diruzaina. Urte hartako maiatzaren 5ean nafar herritartasuna hartu zuen. 1500etik aitzina Nafarroako kantzelari-kargua bete zuen, Nafarroako Errege Kontseiluaren buru zelarik. Erresumako administrazioan eginkizun ugari eta askotarikoak izan zituen, zenbait goi-kargutan. Joan III.a eta Katalina I.a errege-erreginen jabegoen «erreforma» burutu zuten hainbat batzordetan esku hartu zuen: 1494ko uztailaren erdialdera batzorde bat osatu zuen, Teologiako maisu Pées Miguel, Uziateko abate eta kantzelariorde Tristán de Sormendi, eta erresumako notario nagusi Martin Ziordiarekin batera, errege-ondasunen egoerari buruzko txosten bat prestatzeko. Handik bi urtera, 1496ko irailaren erdialdera, beste eginkizun garrantzitsu bat eman zieten berari eta Miguel del Espinal prokuradore fiskalari. 1494an errege-erreginen aurka matxinatu zirenei konfiskatu zitzaizkien errenta, eskubide eta gainerako ondasunak berreskuratzeko, hartzeko eta kobratzeko emandako errege-aginduak betearazi behar zituzten erresuma osoan. 1498ko ekainean berriz ere beste txosten bat egiteko agindua eman zioten, Koroak herri hutsen, erroten eta beste hainbat ondareren gainean zituen eskubideen inguruko informazio zehatza bil zezaten. 1512an Gaztela eta Aragoiko koroek burututako inbasioaren ondoren, Biarnora alde egin zuen Albreteko errege-erreginekin, eta ez zituen onartu, beste hainbestek bezala, ez Fernando Katolikoa ez Habsburgoko dinastiako errege-erreginak ere, monarkatzat.

Bibliografia

Adot Lerga, A., «Extranjeros en el Consejo “ordinario” de Navarra (1494-1512)», in Grupos sociales en la historia de Navarra. Sus relaciones y derechos. Actas del V Congreso de Navarra, Iruñea: Eunate, 2002, 385.-399. or.

— Juan de Albret y Catalina de Foix o la defensa del Estado navarro (1483-1517), Iruñea: Pamiela, 2005.

— De Pamplona a Sevilla. Un viaje del rey Juan III de Navarra, Cataluña y Navarra en la Baja Edad Media, Iruñea: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2010, 13.-52. or.

Salcedo Izu, J., eta Adot Lerga, A., «Juan del Bosquet», in Diccionario Biográfico Español, IX. libk. Madrid: Real Academia de la Historia, 2010, 258.-259. or.

Aipamen bibliografikoa

Adot Lerga, A., “Bosquet, Juan”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 617-618. 

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP