Karguak eta lanbideak
Elizgizona eta historialaria
Ibilbidea
Ziurrenik Biarnon edo Bigorran sortu izanen zen 1530 inguruan. Haren bizitzari eta familia-harremanei buruzko datu gutxi ezagutzen ditugu, haren abizena eskualde horietan hagitz ugaria izanik. 1548an Bordelen ari zen ikasketak egiten. Denbora labur barne, Kalvin erreformatzaile protestantearen doktrinara bildu zen. 1560 eta 1563 bitartean komunitate kalbinista baten artzain aritu zen Frontignan la Peyrade hirian. Han ondoan da Montpellier, higanot edo protestante frantziarren gune indartsua bihurtu zena.
Berehala Biarnoko sorterrira itzuli behar izan zuen. Joana III.a Nafarroakoaren menpeko lurraldean kalbinismoa hedatzen lagundu zuen, erregina bera ere doktrina berrira bildu baitzen. 1565erako jadanik ministroa zen Nay hiriko parrokian, Paue eta Tarbes artean. Erlijio-gerrak hasi eta lau urteren buruan, Bordenave preso atzeman zuten Biarnoko jaurerrian sartu ziren tropa katolikoek. 1572an hiriko udal-gobernuko kidea zen, eta Biarnoren historia idazteko agindua jaso zuen erreginarengandik. 1577an Henrike II.a monarka nafar berriak Nafarroako eta Biarnoko historialari ofizial izendatu zuen, lehenengoa kargu hori zuena, eta hil hurren egon zen arte bete zuena. Hurrengo urtean Nafarroaren ordezkaria izan zen Eliza kalbinista frantziarra Sainte-Foy hirian batzartu zuen sinodo nazionalean. Han ezarri zen higanoten lurraldeetako administrazio zibila eta militarra, eta Bordenave aukeratu zuten eliza erreformatuaren eskakizunak aurkez zitzan Neraceko gazteluan, Henrike III.a nafar monarka berriaren aitzinean.
Hurrengo urteetan Nayko gobernadore militarraren familiari estu lotua egon zen. Agirien arabera, 1599an oraindik bizi zen, aitabitxia izan baitzen ordurako Henrike IV.a Frantziakoa zen Nafarroako erregearen gortesau baten alabaren ezkontzan. 1601eko lehen hilabeteetan hil zen.
Haren azken lan ezaguna, Histoire de Béarn et Navarre izenekoa, Joana III.a Nafarroakoaren ekimenez idatzi zuen, hark inspiratu eta zuzendu baitzuen, eta lehen eskuko informazioa ere eman zion, lanaren eskaintzan ageri denez. Hura idazteko lana, ordea, denboran luzatu eta, 1591n oraindik amaitu gabe zegoen. Zazpi liburutan banatua dago lana. Lehenbizikoan jaso zuen munduaren hasieratik xi. mendera arteko gertaerak. Erdi Aroko (1063-1483) mendeetako gertaerak hurrengo hiru liburuetan aurkitzen dira. Azken hiru liburuetan bere garaiko gertaera historikoak bildu zituen, 1572ra arte.
Eskuizkribua argitaratu gabe egon zen hiru mende luzez. Guztira berrogeita hamarren bat orrialde zituen —hasierakoak egilearen beraren eskutik idatzitakoak— nahiz ondoren haietako batzuetan mozketak egin ziren. Olhagaraik erabili zuen, eta ondoren, katoliko porrokatu baten eskuetan jausi eta, hark edukia bere interesen eta sinesmenen arabera moldatu zuen. 1789an jatorrizko dokumentua Nafarroako Parlamentuko abokatu jakintsu baten liburutegia osatzera joan zen. Han egon zen gordeta, 1873an Société de L’Histoire de France delako erakundeak lehenbiziko aldiz inprimatu zuen arte.
Lan horretan egilearen lengoaiaren zintzotasuna eta tinkotasuna nabarmentzen dira. Alderdikeriaren espiritutik aldentzen saiatu zen, iturri zuzenak erabiliz: bere testigantza, erreginaren beraren adierazpenak, eta hark eskuratzen zizkion iturri ofizialak. Haren biografo nagusiaren iritziz, heziketa guztiz klasiko baten printzipioak erabat bereganatuta ageri da Bordenave. Esate baterako, Tito-Livioren ereduari jarraiki, bere pertsonaien ahotan jartzen zituen egoeraren arabera egokiak iruditzen zitzaizkion diskurtsoak. Haren estilo literarioa eskribauarena da. Historiaren kontakizuna haren mezenas Joana erreginaren heriotzarekin amaitu zuen. Beharbada, haren biografo ofiziala izanik, ez zituen kontatu nahi ordurako antzematen zen erreakzio katolikoarekin erlazionatutako gertaerak, haien ondorioz errege berria katolizismora bildu baitzen. Bordenave hil ondoren haren lana erabili zuten hainbat egilek, besteak beste, Olhagaraik, hura bezala ministro protestantea zenak, eta Marcak.
Obrak
Histoire de Béarn et Navarre, c. 1591. Reed. Histoire de Béarn et Navarre, publiée pour la première fois sur le manuscrit original pour la Société de l’Histoire se France par Paul Raymond, Paris: Société de l’Histoire de France, 1873.
Bibliografia
Cablat, A.; Nougaret, M., eta Valette, J., La petite Encyclopédie de Frontignan la Peyrade. Frontignan la Peyrade, la ville, 2015, www.frontignan.fr/contenus/uploads/1998/04/Frontignan-Patrimonie-Petite-encyclopédie.pdf (2018ko abuztuaren 24an egindako kontsulta).
Raymond, P., «Presentación. N. de Bordenave», in Histoire de Béarn et Navarre, publiée pour la première fois sur le manuscrit original pour la Société de l’Histoire se France par Paul Raymond, Paris: Société de l’Histoire de France, 1873.
Aipamen bibliografikoa
Monteano Sorbet, P. J., “Bordenave, Nicolas”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 619-621.





