Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

BLAZQUEZ Y DELGADO AGUILERA, Antonio (Almadén, Ciudad Real, 1859ko martxoak 2 – Madril, 1950eko otsailak 14).

Karguak eta lanbideak

 Historialaria, geografoa eta intendente militarra

Ibilbidea

Autore emankor eta oparoa, prestakuntza goiztiar eta saiatua izan zuen, eta horrek Humanitateetan espezializatutako profila eman zion. Geografia, geografia historiko eta historiari buruzko lan ugari argitaratzera iritsi zen.

Geografo gisa nabarmendu zen, bai irakaskuntzari dagokionez, bai ikerkuntzari dagokionez. Irakaskuntzari dagokionez, geografia-ikasketak bultzatu zituen Maisu-maistren Eskola Normaletik, eta pedagogia-berrikuntzan ere lagundu zuen. Ikerketari dagokionez, Espainiako Geografiaren Errege Elkartean garatu zuen bere lana, hainbat kargu betez eta bere jarduera guztietan aktiboki parte hartuz. Geografo gisa, bere ekarpenik garrantzitsuenetako bat Vidal de la Bacheren pentsamendua gure herrian zabaltzea izan zen, bere lan esanguratsuenetako bat itzuliz. Alde horretatik, zalantzarik gabe, ezinbesteko figura dugu gure herrialdeko gerra aurreko geografiaren garapena ezagutzeko (Almoguera, 2011).

Historialari gisa, kartografia historikoari eta historiari buruzko bere ikerketak oso interesgarriak izan ziren. Ez da ahaztu behar Espainiako Historiaren Errege Akademiako kide izan zela 1909. urteaz geroztik, eta, beraz, haren lan historiko gehienak Akademia horren Buletinean argitaratu zirela. Ildo horretan, erromatarren bideei buruzko lan garrantzitsuak nabarmendu ziren; izan ere, berrogei urte baino gehiago eman zituen bide horien gainean lanean, ibilbideak berrosatzen eta galtzaden hondarrak identifikatzen saiatzen, eta horrek garai hartan zeuden mapen azterketa kartografiko eta toponimiko sakona egitera eraman zuen. Bere lanik ugarienak Iberiar Penintsularen iparraldetik igarotzen ziren bideei buruzkoak izan ziren, eta testuinguru horretan txertatzen dira Euskal Herriari buruzko lanak.

Bada, Lucha por la verdad. Calzada romana de Astorga a Pamplona izenburuko haren argitalpenean, beste lanetan erabili zuenaren antzeko metodologia baliatu zuen: Antonino izeneko ibilbidean oinarrituta, ibilbidea edo galtzada zenbakiz aukeratzen zuen; ondoren, egindako azterketak adierazten zituen eta, jarraian, aztertutako galtzadaren deskribapen zehatza egiten, biztanlegune, herri eta etxaldeen identifikazioaren arabera deskribatzen zituen tarteetan banatuz. Hori guztia egin zuen frogatzeko akatsak izan zirela milietan oinarritutako aurreko lanetan distantziak kalkulatzean. Argitalpen horretan 34. galtzada zerrendatu zuen, Astorgatik abiatu eta Iruñean amaitzen zena. Oso interesgarria da aztarna arkeologikoen, herrien eta toponimoen deskribapen luzea. Galtzadak Araban egiten zuen ibilaldiari erreparatuz, adierazi zuen Coellok probintzia horri buruz egin zuen mapan jaso zuela. Lana interesgarria da, lagundu dezakeelako lurraldea ezagutzen eta, ahal izango balitz, ibilbidearen inguruko alderdiak berreskuratzen, dudarik gabe natura-ondarearen zati direnak.

Ildo berean ulertu behar da «Vías romanas de Briviesca a Pamplona y de Briviesca a Zaragoza. Campaña de 1017» izenburuko idazlana. Bertan, eskuizkribu historikoetan oinarrituta, lurraren azterketa egin zuen. Gaur egungo ikuspegitik, lan horiek tokiko geografiaren garrantzia azpimarratzen dute; izan ere, geografiako gorabeherak, biztanle-kokaleku txikiak, herriak, biztanle-entitateak, ur-ibilguak eta abar hartzen dituzte kontuan, natura-ondare garrantzitsua baitira, batzuetan ahanzturan erortzeko zorian.

Kartografia historikoa ere landu zuen. Ildo horretan ulertu behar da Mapas antiguos adquiridos por la Real Sociedad Bilbaína y un mapa de Juan de la Oliva izenburuko lana, zalantzarik gabe lan historikoei buruzko interesa eta izaera entziklopedikoko jakintza sakona zuela agerian uzten duena. Koordenatu horietan ulertu behar dira Euskal Herriari buruz egin dituen lanak.

Obrak

SÁNCHEZ-ALBORNOZekin, C., Vías romanas de Briviesca a Pamplona y de Briviesca a Zaragoza. Memoria de los resultados obtenidos en las exploraciones y excavaciones practicadas en el año 1916, redactadas por D. Antonio Blázquez y D. Claudio Sánchez Albornoz… Memorias de la Junta Superior de Excavaciones y Antigüedades, campaña de 1917, Madrid: Tip. de la Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, 1918, 12 or.

Lucha por la verdad. Calzada romana de Astorga a Pamplona, Coruña: Imp. del «Noroeste», 1930.

Mapas antiguos adquiridos por la Real Sociedad Bilbaína y un mapa de Juan de la Oliva, Madrid: Imprenta del Patronato de Huérfanos de Intendencia e Intervención Militares, 1918, 28 or.

Bibliografia

ALMOGUERA SALLENT, P., «Buscando los orígenes. D. Antonio Blázquez y Delgado Aguilera. Historiador, geógrafo e intendente militar», Espacio y Tiempo. Revista de Ciencias Humanas, 25 (2011), 61-74. or.

— «Antonio Blázquez y Delgado Aguilera», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/17634/antonio-blazquez-y-delgado-aguilera (2020ko abenduak 9).

BELTRÁN Y RÓZPIDE, R., «Discurso en respuesta al nuevo académico D. Antonio Blázquez», Boletín de la Real Sociedad Geográfica, LI (1909), 256-270. or.

BOSQUE MAUREL, J., Geografía y geógrafos en la España contemporánea, Granada: Servicio de publicaciones de la Universidad de Granada, 1992, 295. or.

— «La Real Sociedad Geográfica. 125 años de existencia», La Geografía española ante los retos de la sociedad actual. Aportación española al XXX Congreso de la Unión Geográfica Internacional, Madrid: Comité Español de la Unión Geográfica Internacional, Asociación de Geógrafos Españoles, Real Sociedad Geográfica, 2004, 209-234. or.

MELÓN Y RUIZ DE GORDEJUELA, A., «Esquema sobre los modeladores de la moderna ciencia geográfica», Estudios Geográficos, 20-21 (1945), 428-442. or.

RODRÍGUEZ ESTEBAN, J. A., «Rafael Torres Campos y el excursionismo geográfico», Boletín de la Real Sociedad Geográfica, CXXVI-CXXVII (1990eko urtarrila-abendua), 223-283. or.

VILÁ VALENTÍ, J., El conocimiento geográfico de España. Geógrafos y obras geográficas, Madrid: Síntesis, 1989, 165 or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP