Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

BLADE, Jean-François (Lectoure, Gers, Frantzia, 1827ko azaroak 15 – Paris, 1900eko apirilak 30).

Karguak eta lanbideak

Abokatua eta historialaria

Ibilbidea

Jean François Marie Zephyrin Blade Lectouren jaio zen 1827ko azaroaren 15ean, eta Parisen hil zen 1900eko apirilaren 30ean. 1870 aldera, Blade familia artisautzatik notariotzara pasa zen. Orduan, Jean-Françoisen birraitonak, Joseph zerrailari eta errementariak, errege-notariotza bat sortu zuen Lectouren eta, Iraultzaren ondoren, notariotza publiko bihurtu zen, eta haren aitonak bete zuen postua, Françoisek. Gero etorri ziren haren aita, Joseph-Marie, eta berbera, Jean-François, Agenen abokatu bihurtu baino lehen. Jean-Françoisek hezkuntza klasikoa jaso zuen, familia burges eta oso katoliko baten tipikoa. Auskiko apaiztegi txikian matrikulatu zen eta, gero, hiri bereko ikastetxean, baina aiurriz erreboltaria zen eta Bordeleko kolegioko Humanitate ikasketak amaitu behar izan zituen, Tolosako Unibertsitatean Zuzenbide ikasketetan hasi baino lehen (Okzitanian). Gainera, probintzietako gazte burges askoren artean ohikoa zen bezala, Parisen eman zituen urte batzuk, 1850etik 1855era, ofizialki bere heziketa juridikoa osatzeko. Ikasle ona zen? Zaila da jakitea, baina badugu Zephyrin Blade bat —hori baitzuen ohiko izena— ezpatari, karikaturagile, animatzaile, gizartearen kritikari garratz, Pariseko bohemiaren leku gogokoenetan haren konposizio sarkastikoak askatzen zituena, hala nola Serpente kaleko garagardotegian edo Paradoxe esnetegian. Baudelaire, Theodore de Banville, Champfleury, Delvau, Nadar eta Henri d’Idevilleri lotua, literaturaren eta artearen arloko gazte sortzaileekin jarri zen harremanetan. Pariseko bere egonaldiak sendotu egin zuen haren gogo independente eta inkonformista arteari, sorkuntzari eta historiari lotu gaietan.

Aita hil zenean, probintziako bizitza lasaira itzuli zen, eta orduan hasi zen idazten egun ezagutzen dugun goitizenaz: Jean-François. Hiru arlotan nabarmendu zen: eleberri laburra, ahozko testuen bilketa eta edizioa (ipuinak, abestiak eta atsotitzak), dokumentuen ikerketa eta saiakera historikoen idazketa. Haren eleberri laburrek ez zuten inoiz esperotako arrakasta izan, baina «Littérature populaire de toutes les nations» bilduman hiru ipuin-liburuki eta herri-poesiako beste hiru argitaratu zituenean, estatu osoan jaso zuen aitortza. Bilduma hori Paul Sebillotek zuzentzen zuen, Pariseko Maisonneuve et Cie argitaletxean. Beraz, haren folklorista irudia bihurtu zen ezagunen, eta Akitaniako historialariarena. Historialari-lan horretan itzal ahula izatearen arrazoia da historiari buruzko haren ekoizpen guztiak artikulutan bildu zirela, eta ez zela heldu eskualdeetako zirkuluetara, Frantziaren historia nazionala diziplina zientifiko eztabaidaezin gisa egituratzen ari zen unean.

Jean-François Blade historialaria eta haren bibliografia-miaketak, haren pentsamenduaren bilakaerak eta intuizioak irakurtzeko, komeni da jakintza-elkarteen bultinak kontsultatzea, hala nola Revue d’Aquitaine, Bulletin du Comité d’Histoire et d’Archéologie de la Province ecclésiastique d’Auch, Revue de Gascogne, Revue de l’Agenais, Études historiques et religieuses du Diocèse de Bayonne: comprenant les anciens diocèses de Bayonne, Lescar, Oloron et la partie basque et béarnaise de l’ancien diocèse de Dax, Recueil des travaux de la Société d’Agriculture, Sciences et Arts d’Agen, Bulletin de géographie historique et descriptive, Revue des Pyrénées, Association française pour l’avancement des sciences elkarteko aktak, bai eta Annales du midi edo Annales de la Faculté des Lettres de Bordeaux ere. Bukatzeko, haren azterlan batzuk adiskideei oparitu zien separata gisa bildu ziren. Histoire Générale de la Gascogne lan hain iragarriaren edizio osoa ez zen inoiz gauzatzera heldu. Bakarrik artikulu solte batzuk argitaratu ahal izan ziren, atalka idatzita haren bizitzaren azken urteetan, hala nola Le sud-ouest de la Gaule franque, depuis la création du royaume d’Aquitaine jusqu’à la mort de Charlemagne (1894- 95), Les comtes carolingiens de Bigorre et les premiers rois de Navarre (1895-96- 97), La Gascogne et les pays limitrophes dans la légende carolingienne (1896-97), Influence des métropolitains d’Eauze et des archevêques d’Auch en Navarre et en Aragon, depuis la conquête de l’Espagne par les musulmans jusqu’à la fin du onzième siècle (1896), Mémoire sur l’évêché de Bayonne (1896-97), Origines du Duché de Gascogne (1897), L’Evêché des Gascons (1897-1898), Basse-Navarre et Vicomté de Labour (1900). Jean-Françoisek ikerketa-eremu oparoa izan zituen Goi Erdi Aroaren historia eta garai hartako geografia historikoa, eta bibliofilia —zein artxibistika—erromesaldietarako eremu gaitza izan ziren. Espazio horretatik, faltsutzaileen eskua jazarri zuen, eta arauak, ohiturak zein testu apokrifoak gezurtatu, berak egia historikotzat jotzen zuena berrezartzeko: «Irakurleari galdegingo diot ez dezala inoiz bistatik galdu hastapeneko ohartarazpen hori. Ohartaraziko diot, halaber, txosten honetan benetakotasun frogatua duten agiriak hartuko ditudala kontuan esklusiban. Huts-hutsean kondairakoak diren testuei erreparatu diet, harro diot denak aztertu ditudala, baina deusen froga izateko batere indarrik ez dutenez, ez ditut deus ere baliatuko. Beraz, jakin bezate testu haiek nire kontra baliatzen dituztenek kritiken zati hori baliogabetzat jotzen dudala. Ahal den neurrian, espero dut zinez trebeak diren epaileek bakarrik egingo dizkidatela gaitzespenak. Nire-nirea dudan ohituraren arabera, otoi ez gorde horiek zuentzat, eta mila esker aldez aurretik».

Hitz horiek «Mémoire sur l’évêché de Bayonne» (1896: 243-242) artikuluaren aurreko adierazpenean biltzen dira, eta adibide horretan, besteak beste, bere burua zientzialari altxatzen du faltsutzaileen eta amateurren kontra. Gupidagabe eta oldarkor kritikatu zituen haren aurrekariak, Marca adibidez, eta garaikide zituen beste batzuk, hala nola Jaurgain edo Tamisey de Larroque, eta sutsuak izan ziren, halaber, heldu zitzaizkion erantzunak. Bere artikuluen komentarista askok zalantzan jarri zituzten bere iturriak eta horiek interpretatzeko modua. Garai horretan, pertsonek egia berriak proposatu nahi zituzten, baina ez zuten nahitaez unibertsitateko heziketa; aldiz, eskoletan Humanitateetako heziketaren bidez ikasitako ezagutza metodologikoa eta analisiak zituzten abiapuntu. Jean-François Blade ere gisa horretakoa zen, baina espezialistetara jo zuen bere artikuluak argitaratu baino lehen. Izan ere, bilduma pribatu bateko gutun-elkartrukeen pasarteek erakusten dutenez, etengabe ikasten ari zen historialaria zen. Kasu egin zien Leonce Couture bere lagunaren kritikei (École National des Chartesen hezia, Humanitateetako irakaslea Lectoureko ikastetxean eta literaturakoa, gero, Tolosako Institutu Katolikoan). Couturek etengabe itzularazten zuen Jean-François iturri dokumentaletara, eta haren itzulpenak zein interpretazioak zuzentzen. Goi Erdi Aroko aldiak aztertzeko orduan, Alfred Dumerilen babesa eta kritika bilatu zituen, École Normalen hezia eta Tolosako Unibertsitateko Erdi Aroaren Historia irakasle. Bukatzeko, testu zaharren itzulpen batzuk Gaston Parisi aurkeztu zizkion, bai eta harekin hizkuntza —zein folklore— arloko arazoak eztabaidatu ere. Gaston Paris Erdi Aroko aditua, filologoa eta erromanista zen; Collège de Franceko zein École Pratique des Hautes Études eskolako irakaslea, halaber. Jean-Françoisek pertsona horiexen kritikak baino ez zituen onartzen.

Jean-François Blade bere garaiko gizona izan zen, nortasun indartsukoa, eta Gaskoiniako historiaren orri bat idazteko gogoa zuen, Gaskoinia Pirinioez bestaldeko lurraldeekin harremanetan jarriko zuena. Dokumentuak zein testuingurutan deskubritu ziren arakatu zuen, eta testu apokrifoak azaleratu zituen, bilduma pribatu eta publikoetan miatu zuen, eta metodologia bat garatu zuen, unibertsitateko ikertzaile eztabaidaezinetan. Bere aiurriak etsai gehiago ekarri zizkion lagunak baino.

Obrak

«La Gascogne et les pays limitrophes dans la légende carolingienne», Revue de Gascogne (1889), 5-20, 168-179, 254-268, 365-374 eta 496-511. or. (1890), 29-50. or.

«Les Vascons espagnols, depuis les dernières années du VIè siècle jusqu’à l’origine du Royaume de Navarre», Recueil des Travaux de la Société des Sciences, Lettres et Arts d’Agen, 1891, 1-96. or.

Fin du premier duché d’Aquitaine, aparteko tirada, Le Puy: Imp. Marchessou, 1892.

«Les comtes carolingiens de Bigorre et les premiers rois de Navarre», Revue de l’Agenais, 1895, 326-346, 400-413 eta 481-491. or.; 1896, 16-39, 308-324 eta 418-430. or.; 1897, 34-46, 201-211 eta 313-319. or.

«Influence des métropolitains d’Eauze et des archevêques d’Auch en Navarre et en Aragon, depuis la conquête de l’Espagne par les musulmans jusqu’à la fin du onzième siècle», Annales du Midi, 1896, 385-405. or.

«Mémoire sur l’évêché de Bayonne», Études historiques et religieuses du Diocèse de Bayonne, 1896, 241-252, 289-303, 395-408, 433-449 eta 483-489. or.; 1897, 29-39. or.

«Influence des métropolitains d’Eauze et des archevêques d’Auch en Navarre et en Aragon, depuis la conquête de l’Espagne par les musulmans jusqu’à la fin du onzième siècle», Annales du Midi, 1897, 5-24. or.

«L’évêché des Gascons», Revue d’Aquitaine, 1897, 496-514. or.; 1898, 159-170. or.

«Basse Navarre et Vicomté de Labourd», Association française pour l’avancement des sciences, 1900-1901, 983-996. or.

Bibliografia

ARROUYE, J. (zuz.), Jean-François Bladé (1827-1900). Actes du colloque de Lectoure (20 et 21 octobre 1984), Béziers: Centre International de Documentation Occitane, 1985.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP