Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROA BEHEREKO EGILEAK ETA OBRAK

BIZKAI, Martin(Zaro, Nafarroa Beherea, d.g. – Zaragoza, 1632).

Karguak eta lanbideak

Apaiz baxenabartarra Zaragozan lekutua. Liburu bat idatzi zuen Nafarroa Behereko herritarrek Espainiako Monarkian zituzten eskubideen defentsan

Ibilbidea

Zaron (Garazi, Nafarroa Beherea) sortu zen, Donibane Garazitik hurbil, 1570eko hamarkadan, deitura eman zion oinetxean. xvi. mendean Zaro Baigorriko bizkondeen eraginpekoa zen, alegia, Nafarroako erreginaren aurkako erlijio-gerran alderdi katolikoan zegoen. Bizkai etxekoak ere beti Monarkia espainiarraren ingurukoak izan ziren.

Familia ugarikoa izaki, elizaren bidetik eraman zuen bizitza. 1592an klero sekularraren ordenak lortu zituen Baionako gotzaindegian, eta 1613an presbitero onuradun gisa aritu zen Donazaharreko Saint-Pierre Usakoa parrokian, bere sorterritik hurbil. Etorkizuna lauso samarra ikusita, nonbait, 1614an Zaragozara alde egin zuen, Diego Fecetek, bertako noble ospetsu eta errentatzaile garrantzitsuak, sortutako kapilautza bat betetzera, eta handik aurrera haren babespean jardun zuen. 1616tik aitzina hiriko «Umezurtzen Ospitale txikien» maiordomo izan zen. Litekeena da zuzenbide ikasketa batzuk eginak izatea, aipamenen batean «Martin Bizkai lizentziatua» izenez ageri baita.

1623an kapilau «lehena eta betiko» izendatu zuten santa Teresaren karmelita oinutsen komentuan, Fecetek urte hartan sortu baitzuen, diru-dohaintza oparo batez hornitua. Aipagarria da babesleak eginahalak egin zituela bertako kleroaren aldetik, Bizkai atzerritarra zela argudiatuta, haren izendapenaren  aurkako inolako arbuiorik izan ez zedin. Beraz, Zaragozan finkatu zen, ibilbide ospetsua egin zuen elizaren barnean, eta hango gizartean ongi kokatuta egon zen.

Inoiz ez zuen hautsi sorlekuarekiko eta baxenabartar izaerarekiko lotura. Harreman estua izan zuen etorkinen koloniarekin, bera ere haietakoa izaki, eta lortzen zituen irabaziak Nafarroa Behereko komunitateetako zentsu eta errentetan inbertitu zituen. 1631n kapilautza bat sortu zuen Zaron, etorkizunean familiako apaizen onurarako izan zedin, eta Saint-Pierre Usakoa parrokiaren hainbat konponketa ordaindu zituen. Handik urtebetera, 1632ko maiatzaren 2an, hil zen Zaragozan, eta karmelita oinutsen komentuan lurperatu zuten.

Bere esperientzia pertsonalak eta baxenabartarrek Monarkia espainiarraren barnean zuten errealitate juridikoari buruz inguruan sumatzen zuen ezagutza faltak bultzatuta, aldarrikapen-testu bat idatzi eta argitaratu zuen: Derecho de naturaleza que los naturales de la Merindad de San Juan del Pie de Puerto tienen en los Reynos de la Corona de Castilla. Lana bere testuinguruan kokatzeko ikusi behar da etorkin frantziarren presentzia nabarmena hegoaldean, eta gizartean bizi zuten ezegonkortasuna, alde batetik, bi monarkien arteko gorabehera politiko eta militarrek eragiten zituzten tentsioen ondorioz, eta bestetik, herritartasunari buruzko lege murriztaileen ondorioz. Izan ere, ez zuen alferrik argitaratu bere lana 1621 eta 1622 bitartean, karmeliten komentua sortu eta bera hango kapilau izendatu aitzineko garaian. Nolabait ere, bere hautaketaren defentsan idatzi zuen testua, baina batez ere, bere herrikideak zituela gogoan, ikusten ari baitzen nola haietako asko derrigortuta zeuden lanbide «erdeinagarri eta mekanikoetan» aritzera. Haren asmoa zen beraien eskubideak jakinaraztea, nafarrak eta erregearen basailuak zirelako, eta errege-lanbideetan aritzeko edo elizaren onuradun izateko eskubideak zituztelako, Nafarroan, Gaztelan eta Espainiako beste hainbat erresumatan. Hasiera batean, haren asmoa zen herritartasun-eskubide horien inguruko lan txiki bat osatzea, argudio historiko eta juridikoez hornitua.

Baxenabartarren nobleziaren zilegitasuna defendatzeko, kantabrismo tubalista aipatu zuen, kaparetasun unibertsala, odol-garbitasuna eta oinetxea maiorazkoaren bidez hartzeko ohitura, azken hau askorentzat herritik alde egiteko arrazoia bazen ere, baliabide eskaseko lurraldea izaki eta. Nafarroako erresumaren konkistaren ondoren ez zuen ematen baxenabartarren eskubideak inpugnatuko zirenik, baina egoera aldatu zen Nafarroako Gorteek (Tutera, 1583) Nafarroa Behereko euskaldunak erresuman atzerritarrak zirela (47. legea) adierazi zutenean. Lege horrek, ondorio legalak ez ezik, ekonomikoak ere izan zituen. Bizkaik errefusatu egin zuen eta zilegitasuna ukatu zion. Seigarren Merinaldeko herritarrak baskoiak eta nafar finak zirela zioen, eta Gaztelako koroarekiko lotura zutela. Haren esanetan, Gaztelako Koroari atxikitzea erresuma osoaren gauza izan zen, Nafarroa Garaiaren eta Beherearen arteko bereizketarik gabe, eta gaztelarren menpekoa izan zen Nafarroa Beherea, 1530ean Karlos V.ak bertan behera utzi zuen arte. Simancasko artxiboko dokumentuak erreproduzitu zituen erakusteko Bortuz bestaldeko merinaldea konkistatua izan zela besteak bezala, eta bertako aitoren semeen oinetxeen zerrenda, Fernando erregeak eginarazi zuena (1515), jaso zuen. Haren garrantzia azpimarratu zuen, izan ere, «Nafarroa Garaiko noblerik gehienek beren antzinako oinetxea Nafarroa Beherean baitute». Zerrenda haren osagarri, beste bat egin zuen, oinetxe erremisionatuak jasoz, hau da, erregearen zerbitzukoak, Paue eta San Pelaiko artxiboetatik ateratako erroldak erabiliz. Haren ustez, Tuterako Gorteen legearen aplikazioan akats formalak izan ziren, izan ere, ezin baitzen berezi Nafarroaren zati bat haren onespenik eta erregearen berronespenik gabe, eta azpimarratu zuen lege hura behin-behinean indargabetu zela 1587an eta 1594an. Jurisprudentzia ere erabili zuen, zenbait baxenabartarrek (Belza eta Irigoiz apaizek eta Esturiz soldaduak) auzitara eraman eta irabazitako kasuak aipatuz. Azkenik, Gaztelan eta Nafarroan lanbideak eta onurak izan zituzten baxenabartarren zerrenda bat jaso zuen.

Jatorrizkoa inprentan zegoela, bere aldarrikapena oharkabean igaro zitekeela pentsatuta, eta «irakurleari plazer eta entretenimendua ematearren», atal luze bat erantsi zion Bizkaik bere lanari, bertan jasoz Nafarroa Behereko sala eta oinetxeen armarriak, nobleziaren kategoria desberdinei buruzko tratatu bat eta heraldikazko jakingarri batzuk. Kontrastea egin nahian, «noblezia izanik mintzagai, zilegi baita oso, beste muturra eta kontrakoa, bilaua, aipatzea» hitzaldi interesgarria erantsi zion Pirinioen bi aldeetara bizi zen agoten talde baztertuari buruz. Bizkai zen Espainian agotei buruzko testu bat argitaratu zuen lehenengoa. Godoen ondorengotzat jo zituen, eta haien inguruan zeuden aurreiritziak salatu zituen, doktrina kristauaren kontrakoak zirelakoan.

Derecho de naturaleza lanaren antzinako bi argitalpen ezagutzen ditugu, eta biek ere zenbait berezitasun aurkezten dituzte. Lehenengoa (Zaragoza, 1621-1622) gorabeheratsua izan zen, egileak erantsitako aldaketa anitzengatik, eta egitura formal korapilatsua eta irregulartasun tipografiko ugari izanik, itxura ez oso zaindua aurkezten du. Beraz, hasiera batean baxenabartarren eskubideen defentsa izatekoa zena, zabalduz joan zen inprimatzeko prozesuan zehar, eta gutxienez bi aldaera edo tratatu sortu ziren handik. Behin betiko bertsioak erantsitako testu guztiak jaso zituen, eta armarriak aurkezteko era aldatu zuen. Bigarren argitalpenak, nolabait, itxura ez-zilegia hartzen du, inprimategi-oin faltsu bat agertzen duelako, nahiz eta ez den ziurtasunez antzematen nork edo nortzuk finantzatu zuten, ez eta ezkutuan argitaratzeko arrazoia zein izan zen ere. Osagai tipografiko batzuen analisiak erakusten du Iruñean argitaratu zela, Burgueteren Alargunaren eta Martin Jose Radaren inprimategian, 1749 eta 1750 bitartean. Bestalde, ez da berrinprimaketa hutsa, testu garrantzitsu bat eransten duelako, alegia, 1669ko errege-zedula, berriz berresten zituena «Espainiako erresuma hauetan» Nafarroa Behereko herritarrek ez ezik, Zuberokoek ere zituzten eskubideak. Armarriei buruzko atala ez da lehenengo argitalpenekoa bezain ongi osatua.

Garai hartan obra hau arraroa izan bazen ere, historialariek eta heraldistek aipatu zuten, eta errepertorio bibliografiko garrantzitsuetan jaso zen. Bizkairen liburua erreferentzia izan zen xviii. mendeko azken hamarkadetan Espainian bizi edo Indietan interesak zituen ipar Euskal Herriko koloniarentzat, batez ere, frantses iraultzaren ondorengo neurri baztertzaileek kaltetutako pertsonek aipatzen zutena. Izan ere, hura berrargitaratzeko hainbat saiakera zapuztu izanak argi erakusten du baliotsua izan zela Antzinako Erregimenaren amaiera arte. Dagoeneko xix. mendean sartuta, haren aldarrikapenaren indarra guztiz galdu zen. Nafarroa Behereko armarriak jasotzen zituen atalak, berriz, historiografia frantsesaren interesa piztu zuen. Aipagarria da Octave Sempé abokatu bearnesak Etude sur la Basse-Navarre (1882-83) izenburupean argitaratu zuen laburpena.

Obrak

Drecho [sic] de naturaleza que los naturales de la Merindad de San Juan del Pie del Puerto tienen en los reynos de la Corona de Castilla: sacado de dos sentencias ganadas en juicio contencioso y de otras escrituras auténticas,Zaragoza: Juan Lanaja y Quartanet, 1621 (1622).

Derecho de naturaleza que los naturales de la Merindad de San Juan del Pie de Puerto tienen en los Reynos de la Corona de Castilla...,Zaragoza: Juan Lanaja y Quartanet, año de 1621 y reimpresso aora por sus herederos [s. a.]. Errealitatean [Iruña: Burgueteren Alargunaren eta Martín José Radaren Inprimategia, ca. 1749-1750]. 2008an, Órbigo Argitaletxeak (Coruña) faksimile eskas bat argitaratu zuen, lehenengo argitalpenaren erreprodukzio gisa merkaturatu zuena.

Etude sur la Basse-Navarre traduite de l’espagnol par Octave Sempé, Oloroe: Impr. Maurin & Casabonne 1882-1883. 2. argitalpenaren laburpena da.

Bibliografia

Aldebert, B., Harispe avant Harispe: Promenade généalogique dans les familles des sociétés cizaine et baïgorritare des xviième et xviiième siècles, Obra digitala, 2012.

Aragón Ruano, A., «Que los naturales della sienpre fueron, y han sido auidos y reputados por Nauarros y naturales del dicho Reyno: bajo-navarros y derecho de naturaleza en la hora de Navarra», in Volver a la «hora navarra»: la contribución navarra a la construcción de la monarquía española en el siglo xviii, Iruña: EUNSA, 2010, 73.-116. or.

San Martín Casi, R., «Martín de Vizcay y la enmarañada impresión de un libro reivindicativo: “Derecho de Naturaleza que los naturales de la Merindad de San Juan de Pie del Puerto tienen en los reynos de la Corona de Castilla” (Zaragoza, 1621)», in Iura Vasconiae, 14 (2017), 251.-350. or.

Aipamen bibliografikoa

San Martín Casi, R., “Vizcai, Martin”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 587-590.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP