Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAN BERTAKOTUTAKO EGILE BEARNES ETA FRANTSESAK ETA HAIEN OBRAK

BIAIX, Pierre de (Paue, Biarno, XV. mendearen bigarren erdia – Biarno, 1534).

Karguak eta lanbideak

Jurista, artxibozaina, Foix eta Biarnoko kantzelaria, Nafarroako errege-erregina eta Biarnoko jaun-andreen aholkularia

Ibilbidea

Christian Desplat historialariaren aburuz, Pierre de Biaix legegizona eta beste hainbat biarnotar, adibidez Gastón d’Andoins eta Jacques Foixekoa, «subirano biarnotarren zerbitzaririk ospetsuenak eta fidelenak izan ziren» xvi. mendearen lehen erdian. Biaix hainbat lanetan aritu zen Nafarroako errege-erreginen zerbitzura, besteak beste, jurista, enbaxadore, Kontuen Ganberako auditore, artxibozain, Foix eta Biarnoko Kantzelari eta kantzelariordea.

Apaiza ere bazen, eta pastoralgintzan aritu zen Monein hirian lehenik, eta ondoren Pauen eta Coarrazen. 1529tik 1534ra bitartean Saint-Vincent-de-Lucq abadiako abadea izan zen, Oloroeko elizbarrutian.

Ezaguna da artxibozain gisa egin zuen lana. 1513tik aitzina Périgordeko konderriko (Akitania Berria) Montignac hiriko artxiboaren inbentarioa egiteko lana eman zitzioten, laguntzaile izan zituela Nafarroako kantzelari Jean du Bosquet eta Montignac-eko epaile Jean de Bars. Eskarmentu handia zuenez, 1533an Henrike II.a Nafarroakoak izendatu zuen talde bateko kidea izan zen, garai hartan jadanik Trésor du Château de Pau izenez ezaguna zen ondarearen inbentario zehatza egin zezaten. Besteak beste, han gordetzen ziren Nafarroari buruzko agiri anitz, Katalina Foixekoa eta Joan Albretekoa errege-erreginek Gaztelak Nafarroa konkistatu ondoren Pauera eta Parisera bidali zituztenak, hala nola erresumaren aitzin garaietako agiriak. Haien lanak erakusten du Henrike II.a erregearen ondoko aholkulariek, Biarno eta Nafarroako agiriak ez ezik, Nafarroako errege-erreginen familiak Akitania Berrian zituzten lurraldeen ingurukoak ere jaso zituztela.

Lege-auzietan zuen jakinduria nabarmendu zen Bloiseko arbitrajean (1512), Nafarroako errege-erregina eta Biarnoko jaun-andreen ordezkari aritu zenean, Luis XII.a Frantziakoak izendatutako ordezkarien aitzinean defendatuz Biarno lurralde burujabea zela, ez Frantziaren menpekoa. Nafarroaren konkistaren garaian enbaxadore gisa egin zuen lana ere garrantzi handikoa izan zen. Azpimarragarriak dira 1516tik 1518ra bitartean Karlos I.a Espainiakoaren aitzinean egin zituen izapideak, lehenik Herbehereetan eta ondoren Gaztelan. Urte haietan Frantziaren eta Espainiaren artean egin zituzten konferentzia politikoetan ere parte hartu zuen.

Nafarroako errege-familiak harengan konfiantza osoa izanik, Alain Albretekoaren testamentuaren betearazle izendatu zuten, 1522ko azaroan hil zenean. Konfiantza horren beraren ondorioz, Henrike II.ak Biaixi eman zion bere erreskatea ordaintzeko behar zen dirua biltzeko agindua, Paviako presondegian zegoenean, armada frantsesak 1525ean «Paviako guduan» izan zuen porrotaren ondoren. 1530eko hamarkadaren hasieran, Paueko Kontuen Ganberako auditore-eginkizunetan ari zen. Foix eta Biarnoko kantzelariordea ere izan zen, eta ondoren kantzelaria, Jean de La Salle 1525ean hil zenetik behinik behin. Pierre de Biaix 1534an hil zen, eta kantzelaritza Leskarreko gotzain Jacques Foixekoak hartu zuen bere gain.

Obrak

Archives Départementales des Pyrénées Atlantiques (ADPA), E 96, E 107, E 331, E 454, E 554, E 556/24, E 558/7, E 567, E 571, B 225, B 1774.

Bibliothèque Nationale de France (BNF), collection Doat, 231, 126. fol

Bibliografia

Adot Lerga, A., Juan de Albret y Catalina de Foix o la defensa del Estado navarro (1483-1517), Iruñea: Pamiela, 2005.

— Construire les archives. Du temps des Foix-Béarn à celui des rois de Navarre. Pratiques de l’écrit et enjeux de pouvoir. Doktore-tesia, Pau: Université de Pau et des Pays de l’Adour, 2017.

Anthony, R., eta Courteaul, H., Les testaments des derniers rois de Navarre, Paris-Toulouse: Privat-Didier, 1940, p. 118.

Desplat, C., «Les réformes institutionnelles et politiques au xvie siècle», in Tucoo-Chala, P., eta Desplat, C., Principatus benearnia. La principauté de Béarn, Pau: Société nouvelle d’éditions regionales et de diffusion, 1980, 132-145. or.

Tucoo-Chala, P., «L’arbitrage de Blois et la crise de l’indépendance du Béarn (1510-1512)», in Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau, 1965, 3. saila, XVIII. zk., 43.-53.or .

Aipamen bibliografikoa

Adot Lerga, A., “Biaix, Pierre”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 616-617.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP