Karguak eta lanbideak
Aristokrata, politikoa, historialaria eta poeta
Ibilbidea
Beltzuntzetarren familia ospetsua zen Nafarroa Beherean, eta haren adar desberdinek gazteluak izan zituzten Idronen, Bearnon, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Teobaldoetatik noble-etxe hau Nafarroako erresu- mari loturik ageri da. Foix-Albret leinuari fideltasuna gorde zion, eta Albreteko Juana III.aren alde agertu zen erreginak Erreforma Nafarroa Beherera eta Bearnora ekarri zuenean.
Berri batzuek beltzuntzetarrak gutxienez XII. mendetik lotzen dituzte Mehaine gazteluarekin (Nafarroa Beherea), baina 1600 arte ez ziren han ezarri, ezkontza bidez. Mehaineko jaunek sarbidea zuten Nafarroako Estatuetan. Jaurerria bizkonderri izendatu zuen Nafarroako Karlos III.a Nobleak 1424an, botere gehiago emanez etxe nobleari.
Frantziako Iraultzak gaztelutik alde egitera behartu zuen Charles-Louisen aita, eta horregatik jaio zen bera Alemanian. Familia 1815ean itzuli zen, Berrezarpenarekin.
Karlos X.aren Errege Goardiako kapitain eta Conde printzearen aitoren seme izan zen. Mehaineko alkate ere izan zen 1841etik 1847ra, eta Hazparneko kantoiko kontseilari ere bai (1848-1852). Gazteluan bizi izandako azken bizkondea izan zen, eta ondoren haren alargunak saldu egin zuen.
Euskal Herriko hegoaldeko karlistei lagundu zien Charlesek. 1830ean bere gazteluan ostatu eman zien Borboiko Maria Teresari, Espainiako erregegaiaren emazteari, alegia, eta haien semeari. Agosti Chahorekin batera lagundu zien Elizondora iristen. Charles-Louis Philippek Ganix (Jean) Antxordoki lapurtar kontrabandistari agindu zion eremu karlistara eraman zitzan. Balentria 1838ko urrian gertatu zen, eta ospetsu bihurtu zituen kontrabandista eta bi adiskide intelektual eta politikoak.
1847an, Histoire des Basques depuis leur établissement dans les Pyrénées occidentales jusqu’á nos jours en Bayona izenburuarekin, bi liburukitan argitaratu zuen Belcuncek Agosti Chahoren Histoire Primitive des Euskariens- Basques lanaren jarraipena. Bizkondearen lehenengo tomoa Baskoniaren historian zentratzen da K.a. 1100etik K.o. 1118ra arte. Bigarrena Champagne etxearekin hasten da, 1119an, eta Beltzuntzeren garaian amaitzen da.
Adituen ustez, bera da lehenengo egile karlismoaren zalea 1847an Amaiurreko gotorlekuaren defentsa aipatzen duena. Iradoki denez, euskal historiografia, era horretan, kontzientziazio bide berrietara zabaltzen zen, gerra karlisten garaian sortutako elkartasunari esker. Bizkondearen hitzetan, adibidez, Zumalakarregi eta Karlos V.a izangaia armak hartutako kantauriar berriak dira, Foruari eta «jaun» izendapen soilari eustea hitz eman zutenak. Erresistentzia eta adiskide arteko laguntza garaiak ziren.
Belcuncek lotura egiten du Alesonen nafar historiografiarekin, baina Euskal Herriaren arima euskal nortasun diferentzialean eta Erresumaren nortasun historikoan oinarritzen duen kontzientzia nazional batetik. Arturo Campion gazte batek, 1883an Iruñeko Revista Euskara Aldizkarian Belcunceri buruz ari zela, honako hau esan zuen: bizkondea zela «historialari bakarra», ordura arte, «lurralde txit noble honen historia idatzi zuena euskal ikuspuntu nazional batetik, hau da, frantses edo espainiar kezkarik gabe». Horrek ez du esan nahi —zioen ondotik— batzuetan «amore ematen ez zuenik nafar kezken aurrean». Beraz, baxenafarra aitzindari eta eredu izan zen, euskal pizkundea sustatuko zuten pertsonaientzat, Pirinioez hegoaldera ere.
Euskaraz idatzi zituen poemetatik, adibidez, baxenafarreraz egindako Ene Izar Maitia konposizioak ospe handia izan zuen. Haren konposizioak izan ziren, halaber, Belsunce Bizkontia eta Gabazko kantua. Batzuetan Le Vieux Montagnard izengoitia erabili zuen.
Obrak
Histoire des Basques depuis leur établissement dans les Pyrénées Occidentales jusqu’a nos jours, Baiona: P. Lespés Inprimategia eta Litografia, 1847, 2 libk.
«Ene Izar Maitia», Revista Euskara (arg. faks.), 2 (1879), 206. orr.
Bibliografia
ESTORNÉS ZUBIZARRETA, I., «Linaje de Belzunce», Auñamendi Eusko Entziklopedia. On-line edizioa: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (2019ko maiatzaren 14an kontsultatua).
LÓPEZ ANTÓN, J. J., «Conciencia autóctona y tradición nacional. Los historiadores carlistas ante la conquista de Navarra», Nafarroako Kondairaren III. Batzarre Orokorra (Iruña, 1994ko irailaren 20-23), Iruña: Vianako Printzea Erakundea, 1998, CD- ROM.
LUCE, S. (Itz. A. Campion), «Toma de Mantes y de Maulen: la batalla de Cocherel», Revista Euskara, 6 (1883), 353-361. orr.
PANNEEL, H., Ganich de Macaye: gentilhomme basque: (roman de moeurs), Paris: Société Internationale d’Editions et de Publicité, 1946.





