Karguak eta lanbideak
Presbiteroa, abokatua, historialaria eta idazlea
Ibilbidea
Klase ertaineko familia batean jaio zen. Aita, Jose Angel, bizkaitarra zen jatorriz, eta larru eta marraga negozioan aritu zen. Ama, berriz, Anastasia, urretxuarra. Juan Jose anaiak (1869-1945) eragin handia izan zuen Ignacioren bizitzan. Hura pianista, konpositorea eta musika-kritikari fina izan zen, eta piano irakaslea Galiziako hainbat hiritan. Juan Jose Galizian zebilela aprobetxaturik, Ignaciok A Guardako (Pontevedra) jesuiten ikastetxean ikasi zuen. Anaiaren eskutik, halaber, mendeen artean, Euskal-Erria aldizkarian hasi zen maiztasunez idazten.
Eliza-ikasketak egin eta 1898an apaiztu zen. Halaber, Zuzenbidea ikasi eta Zuzenbide zibil eta kanonikoan doktoratu zen Madrilgo Unibertsitate Zentralean, tatxarik gabeko espedientea izan zuela.
Oñatiko Unibertsitateko zuzendaria izan zen, zentroa Unibertsitate Pontifikala izan azken aroan (1898). Euskal Herriko hainbat herritan izan zen apaiz, hala nola Ordizian (1900-1905), Bilbon (1905-1913), Barakaldon (1913-1934) eta Gasteizen (1934-1952), San Bizente parrokiari atxikia zendu zen arte. Historiaren Errege Akademiako kide izan zen eta etorri handiko hizlari dotorearen ospea izan zuen.
Zenbaitetan, Doctor Carus goitizena erabili zuen. Belaunaldiren batean sartu behar izatekotan, Domingo Agirrek, Carmelo Etxegaraik, Juan Carlos Gerrak, Resurreccion M.ª Azkuek eta gisakoek osatutako hartan sartuko genuke, hau da, Euskal Pizkundea esaten zaion mugimenduaren lehen aldiari dagokion hartan. Haren literatur jarduerak XIX. mendearen bukaeran hasi eta XX.eko hirugarren hamarkadara bitarte iraun zuen. Pentsamoldez tradizionalista, joera horretako argitalpenetan ere idatzi zuen, hala nola Donostiako El Correo del Norten, Bilboko La Gaceta del Norten eta Kataluniako La Hormiga de Oro aldizkarian.
Belaustegik artikulua edo idazki laburra hobetsi zuen liburuaren aldean. Horrela, kritika bibliografikoak eta biografia txikiak ondu zituen (Andres de Urdaneta, Francisco Ignacio de Lardizabal, Justo Artiz, Antonio Trueba…), bai eta erakusketei buruzko aipamenak, Euskal Herriko estanpak eta beste ere. Zenbaitetan, literatur konposizio txikiak ere ondu zituen, hala nola «Rápida» (1904) Euskal-Errian, aurrerapen teknologikoarekiko gorrotoaren erakusgarri, Domingo Agirreren ildoarekin bat eginik.
Mendeen artean egin ziren euskal jaietan parte hartu eta, haietara, idazlan luzeagoak bidali zituen. Esate baterako, «Antigua-ko eleizachoaren kondaira» (1899), edo Noticia histórica de la villa de Zumárraga (1899, gero 1900ean liburu moldean argitaratua), biak ere Zumarragako jaietan sarituak, eta «Zumaya-ko erri eta bere seme gogoangarrien kondaira» (1900), hurrengo urteko Zumaiako lore-jokoetan saritua.
Bestalde, Jose Maria Iparragirre (1820-1881) urretxuarraren jaiotzaren lehen mendeurrenean parte hartzeak interes berezia izan zuen, bai Ignaciorentzat, bai Juan Jose anaiarentzat. Horrela, haren biografia idatzi zuen, El bardo euskaro Iparraguirre (1920). Izan ere, bere herriko semearen alde atera eta hura «Gernikako Arbola»ren egilea ez zelako gezurrari aurre egin zion. Iparragirreri poeta bereziki herritarra izatearen ospea eman zion.
Obrak
«Antigua-ko eleizachoaren kondaira», Euskal-Erria, 41 (1899), 243-246. or.
Noticia histórica de la villa de Zumárraga, Tolosa: Imp. Libª. y Enc. de E. López, 1900.
«Zumayako-ko erri eta bere seme gogoangarrien kondaira», Euskal-Erria, 43 (1900), 414-465. or.
El bardo euskaro Iparraguirre, Durango: Imp. de R. y F. Soloaga, 1920.
Bibliografia
LINAZASORO, I., Villarreal de Urretxua, ayer y hoy, Donostia: Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, 1974, 119 or.
ITURRIAK
BELAUSTEGI FAMILIAREN ARTXIBOA: Jose Angel Igarzabal Belausteguik utzitako dokumentu solteak.
GASTEIZKO ELIZBARRUTIAREN ARTXIBO HISTORIKOA: Erlijiosoei eta apaizei buruzko informazioa: Ignacio Belaustegui Iturbe.





