Karguak eta lanbideak
Idazlea, kazetaria, intelektuala, legelaria, Athleticeko futbolaria, Euzko Alderdi Jeltzaleko militante eta pentsalaria, eta etxalde baten jabea Mexikon
Ibilbidea
XX. mendean euskal kirol-, enpresa- eta kultura-arloan pertsona ospetsu gehien eman dituen familietako batekoa izan zen. Hamabi anai-arreben artean hamargarrena zen, eta horietako hirurekin Athleticen jokatu zuen zenbait denboralditan. Gainera, Belaustegigoitiak bizitza intelektual sendoa izan zuen: Zuzenbidean lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean eta Ekonomia ikasi zuen Londresen; han, El Sol aldizkari madrildarraren berriemaile aritu zen Lehen Mundu Gerran, «Ramón de Goyenuri» goitizenarekin sinatuz. Ondoren, Euskal Herrira itzuli eta Bilboko Udalaren Sustapen Sailean lan egin zuen.
1925ean Benita Lopez Smeetz-ekin ezkondu ostean, Mexikora joan zen bizitzera eta han, anaia Franciscoren emazte Elvira Arocenak Coahuila estatuan zituen etxaldeak administratzen aritu zen; geroago etxalde bat erosi zuen beretzat, ganadua hazteko. 1933an Nikaraguara bidaiatu zuen eta, bi astez, Augusto Cesar Sandino (1895-1934) jenerala, Estatu Batuen okupazioaren aurkako erresistentziako burua, elkarrizketatu zuen. Solasaldi horietan oinarrituta Con Sandino en Nicaragua. La hora de la paz (1934) argitaratu zuen.
1936an gerra zibila hasi zenean Espainian zegoen, eta zenbait gertakari bizi ostean, Mexikon erbesteratu zen; han, herrialdeko bizimodura erabat egokitu zen berriz ere, bere onibarra kudeatuz eta nekazaritza-erreformako bere proiektuak gauzatuz. Gainera, Bigarren Mundu Gerran zehar, nazien eraso baten ostean, boluntario gisa izena eman zuen Armada mexikarrean, haien aurka borrokatzeko. Mexikon Euskal Zentroko eta oposizio antifrankistako militante aktiboa izan zen. 1974an Mexikoko bere etxaldea saldu eta Espainiara itzuli zen behin betiko; Madrilen bizi izan zen, emazteak senitartekoak baitzituen han, 1981ean hil zen arte.
Belaustegigoitiak asko maite zuen euskal kultura eta, aldi berean, mugarik gabeko euskalduna izan zen. Hori islatuta agertzen da bere askotariko idatzietan. Bere ideologia abertzaleaz gain —Euzko Alderdi Jeltzaleko kide aktiboa eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea izan zen—, bere bizitzako konstanteetako batzuk izan ziren batetik, beste kulturekiko interesa —hori dela eta egin zituen bidaia asko Europa, Amerika eta Asian zehar— eta, bestetik, lurraren arazoekiko zeukan kezka. Gaiari dagokionez, bere liburuak bi multzo handitan banatu daitezke: Euskadiri buruzkoak eta Amerikari buruzkoak, eta bietan aurkitzen dira amankomuneko gaiak; besteak beste, lurrari buruzkoak eta proposamen humanistak eta sozialak.
XX. mendeko lehenengo herenean, Euskal Herriari buruzko bere ideiak azaldu zituen Hermes eta Euzkadi aldizkarietan eta zenbait saiakeratan; horien artean, Las bases de un Gobierno Nacional Vasco (1918). Liburu horretan Belaustegigoitiak 1839ko Foruen abolizioa arte euskal herriak izandako subiranotasun nazionala berreskuratzearen alde egin zuen, eta Espainiako legedia kritikatu zuen, zentralista eta autoritariotzat jotzen zuelako. Gainera, uste zuen Euskadi gertu zegoela bere autonomiarako, borondate nazionala, gizakume jantziak eta prestatuak eta baliabide ekonomikoak zituelako. Hori dela eta, Espainia ahalik eta askatasun gehiena zeukaten estatuz osatutako konfederazio moduan antolatzea proposatu zuen. Bere euskal proiektu nazionala euskara eta gaztelaniaren koofizialtasunean, euskal unibertsitatearen garapenean eta administrazio-autonomian oinarritzen zen.
Las bases de un Gobierno Nacional Vasco liburuaren beste puntu garrantzitsuetako bat langileen kooperatibismoa eta enpresaren irabazietan parte hartzea ziren, klase-borrokarik ez izateko. Era berean, nahiz eta euskal nazioa konfesionalki katolikoa izatea defendatu, erlijio sinesmen guztiekiko errespetua proposatzen zuen. Belaustegigoitiaren ideia liberal horiek ez zetozen bat EAJren alderdi tradizionalenarekin eta abertzale heterodoxoen zerrendan kokatzen zuten, Jesus de Sarria, Esteban de Isusi eta Eduardo Landetarekin batera. Lau intelektual horiek abertzaletasunaren modernizazio demokratikoa bultzatzen zuten, Hermes: Revista del País Vasco (1917-1922) aldizkarian argitaratu zituzten artikuluetan ikus daitekeenez.
Hermesko bere kolaborazioetan, Belaustegigoitiak Espainiaren zentralismoa gaitzetsi zuen, burokraziarekin eta gelditasunaren lotuz, eta herrialdearen ustezko batasunaren aurka agertu zen. Gainera, nazio bakoitzaren barneko interbentzionismo ekonomikoaren alde agertu zen, aurrerapen materiala sendotzeko, eta aldarrikatu zuen nazio bat ez zuela soilik arrazak edo hizkuntzak osatzen, baizik eta batez ere bere kideen gogoak. Antzeko ideiak garatu zituen Euzkadi en llamas (1938) eleberrian. Bertan, Estatu handien militarismoa gaitzetsi eta nazio txikiz osatutako Europa bat proposatu zuen antolakuntza politiko idealtzat. Lan berean gogor kritikatu zituen bai komunismoa, bai faxismoa, eta boterearen eta autoritatearen aurrean otzandua eta artaldetua zegoen gizonarekin lotu zituen. Haien aurrean, askatasun pertsonalaren eta giza duintasunaren beharra aldarrikatu zituen.
Pentsamendu politikoaz gain, lurraren eta jabetzaren egoera izan ziren Belaustegigoitiaren kezka nagusiak. Euskal Herriari buruzko bere idatzietan kritikatu egin zuen nekazariak politikoki eta sozialki jauntxoen menpe bizi izatea, haiek lantzen zituzten lurren jabe baitziren azken horiek. Irtenbide modura, beren jabeek lantzen ez zituzten landa-onibar guztiak desjabetzea proposatu zuen. Bere proiektua euskal landa-gizartea nekazarien onibar txikietan oinarrituta antolatzea zen, nekazaritza-kapitalismoaren hedapena baztertuz. Geroago, Mexikon, nekazaritza-erreformari buruzko bere proposamenak garatzen jarraitu zuen; besteak beste, México de cerca (1930) lanean. Hor, latifundioaren aurka agertu zen, bizitza errukarria ezartzen ziolako peoiari, eta nekazariak teknika industrial modernoetan hezi beharraren alde mintzatu zen, Mexikoko lurzoruaren aberastasunez baliatzeko.
Lurrari buruzko gaiekin batera, Belaustegigoitiaren saiakerek eta eleberriek Amerikako hainbat gai sozial lantzen dituzte, Mexikon bizi izandako urte luzeak eta kontinente horretan egindako bidaiak islatuz. México de cerca liburuan, mexikarren bizimoduan eta psikologian herentzia indigenaren presentzia nabarmentzen du, heriotzaren aurreko estoizismoak markatuta. Espainiatik jasotakotzat jotzen dituen hainbat errealitate positibo ere nabarmentzen ditu, hala nola antolaketa, nekazaritzaren eta industriaren norabidea, eta erlijio katolikoa; baina, aldi berean, ondare negatiboak ere aitortzen ditu, hala nola garapen teknologikorik eza eta intrantsigentzia. Mexikarren eta migratzaile espainiarren arteko bizikidetzari dagokionez, haren diagnostikoa positiboa da, argudiatuz espainiarra ez dela atzerritarra Mexikon, bere espirituarekin eta izateko moduarekin bat eginda dagoelako.
Con Sandino en Nicaragua liburuan, Belaustegigoitiak Hispanoamerikari buruzko iritziak ematen ditu, bertan naturak sekulako indarra duela eta alderdi magiko eta liluragarriak hartzen dituela azpimarratuz. Esoterikoaren presentzia hori Augusto Cesar Sandinoren irudiarekin lotzen du. Estatu Batuen okupazioaren aurkako Nikaraguako erresistentziaren buruzagi hori halabeharrak edo probidentziak aukeratua izan zela uste zuten bere armadan. Gainera, Estatu Batuek Hispanoamerikan gauzatzen duen inperialismoa eta esplotazio ekonomikoa kritikatzen ditu. Baliteke, Belaustegigoitia kausa sandinistak erakarria sentitzea, izan ere, Euskadik bezala, Nikaraguak ere bere nazio-nortasunaren defentsan borrokatu behar baitzuen. Sandinorekin izandako elkarrizketetan, hura ere interesaturik agertzen da Espainiako eskualdeen arteko desberdintasunetan, eta euskaldunen izaera abenturazalea eta nazioartekoa nabarmentzen ditu.
Azkenik, humanismoa izan zen Belaustegigoitiaren pentsamendu politiko eta sozialaren beste ardatz nagusietako bat. Euzkadi en llamas liburuan, sinesmen politikoengatik aurrez aurre zeuden pertsonen arteko elkar ulertzearen alde idatzi zuen, baita jatorrizko kristautasunaren maitasun eta karitate balioetara itzultzearen alde ere. Elkarrizketaren eta senidetasun unibertsalaren beharra berriz agertzen dira geroagoko beste lan batzuetan; besteak beste, La novela de un refugiado (1970) eta La balada de la paz (1971). Azken horretan, bakearen aldeko deialdi bat egin zuen bonba atomikoen arriskuaren aurrean, gizakiaren hobetzeko gaitasunaren ikuspegi baikorra erakutsiz.
Azken finean, Belaustegigoitiaren pentsamendua euskal nazionalismo liberal batek —federalismoa eta nazio txikiz osatutako Europa baten existentzia defendatuz—, lurra nekazarien onibar txikietan banatzeak, kooperatibismo ekonomikoak eta gizabanakoen askatasunean eta pertsonen arteko elkar ulertzean oinarritutako humanismoak markatua egon zen.
Obrak
«El estatismo ante el nacionalismo económico. Consideraciones autonómicas», Hermes, 12 (1917), 87-93. or.
«La hegemonía anglo-sajona y nosotros», Hermes, 26 (1918), 157-160. or.
Las bases de un Gobierno Nacional Vasco, Bilbo: Grijelmo, 1918.
La cuestión de la tierra en el País Vasco, Bilbo: Grijelmo, 1918.
«Del País Vasco. Aldea y ciudad», Hermes, 39 (1919), 161-166. or.
«Escenas de una elección ultramodernista», Hermes, 41 (1919), 205-208. or.
«El País Vasco en el periodo de la Revolución francesa», Hermes, 43 (1919), 245-247. or.; 49 (1919), 354-357. or.
México de cerca, Madrid: [s.n.], 1930.
Reparto de tierras y producción nacional, Madrid: Espasa-Calpe, 1932.
Con Sandino en Nicaragua, Madrid: Espasa-Calpe, 1934.
Euzkadi en llamas, México: Botas, 1938 [Iker González-Allenderen berrarg., Tafalla: Txalaparta, 2020].
La transformación de la agricultura en México, Mexiko: [s.n.], 1947.
La novela de un refugiado, México: B. Costa-Amic, 1970.
La balada de la paz, México: [s.n.], 1971.
Bibliografia
ASCUNCE, J. A., «Los escritores antifascistas vascos durante la guerra civil: Euzkadi en llamas de Ramón de Belausteguigoitia», in AZNAR SOLER, M. et al. (arg.), València, capital cultural de la República, 1936-1937, València: Universitat de València, 2008, 737-754. or.
DELGADO LARIOS, A., «México de cerca de Ramón de Belausteguigoitia: Los desafíos de la reforma agraria revolucionaria», in ESCOBEDA MANSILLA, R. et al. (arg.), Euskal Herria y el Nuevo Mundo: La contribución de los vascos a la formación de las Américas, Gasteiz: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1996, 653-661. or.
GARAYO URRUELA, J. M., «Ramón de Belausteguigoitia y la cuestión de la tierra en el País Vasco durante los años de 1914 a 1920», in ENRÍQUEZ FERNÁNDEZ, J. C. (arg.), Pensamiento agrario vasco: mitos y realidades (1766-1980), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1994, 193-226. or.
GONZÁLEZ-ALLENDE, I., «El imperialismo espiritual de Ramón de Belausteguigoitia: América y España en el pensamiento de un nacionalista vasco», in ASCUNCE, J. Á. (arg.), El exilio: Debate para la historia y la cultura, Donostia: Saturrarán, 2008, 409-421. or.
— «Profetismo y pensamiento humanitario en el teatro de Martín Elizondo y de Belausteguigoitia», in BETI SÁEZ, I. eta GIL FOMBELLIDA, M. K. (arg.), Exilio y artes escénicas, Donostia: Saturrarán, 2009, 655-678. or.
— «La nación en llamas: Representaciones femeninas del nacionalismo vasco durante la Guerra Civil Española», in FERNÁNDEZ-ULLOA, T. (arg.), Changes, Conflicts and Ideologies in Contemporary Hispanic Culture, Newcastle upon Tyne: Cambridge Scholars Publishing, 2014, 165-188. or.





