Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Arabako egileak eta obrak

BECERRO BENGOA, Ricardo (Gasteiz, 1845eko otsailak 7 – Madril, 1902ko otsailak 1).

Karguak eta lanbideak

Kazetaria, publizista, zientzialaria, politikaria, akademikoa, marrazkilaria eta ikertzailea

Ibilbidea

Miguel Becerroren (Salamancako militarra, Lehen Karlistaldian Palentziako Erregimentu Probintzialeko tenienteorde gisa parte hartu zuena) eta Francisca Cayetana Bengoa Ruiz de Azuaren (sortzez Arabako Aramaio haranekoa) semea izan zen, eta Julian eta Ramonaren anaia.

Jaioterriko Marrazketa Eskolan hasi zituen ikasketak eta accesit bat lortu zuen Delineazioko ohiko azterketetan. Horiekin jarraitu eta Arteetako Batxiler titulua lortu zuen Bigarren Hezkuntzako Institutuan, 1863an, bikain kalifikazioarekin eta aparteko sariarekin, eta Valladolideko Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturaletako Fakultatean (1865-1867) eta Madrileko Unibertsitate Zentraleko Zientzietan amaitu zituen.

Ikasketak amaitu ostean Gasteizera itzuli zen, Institutuko Zientzietako saileko katedradun laguntzaile gisa lan egitera; irakaskuntzaz gain, hiriko Ateneo Zientifiko eta Literarioan hizlari moduan aritu zen eta artikuluak idatzi zituen hainbat aldizkaritan: besteak beste, Euskalduna, Irurac-bat, El chaparral eta El Porvenir Alavésen. Azken horretan, 1864tik 1867ra, Gasteizko Cipriano Guinea Ugarteren dendan kokatzen zena, Daniel Ramon de Arrese Duquerekin (1831-1891) lankidetzan aritu zen Arabako jaien, txangoen, ohituren eta oroitzapenen orri-laurdenak ilustratzen. Daniel hil zenean, Ricardok haren obra bildu eta biografia idatzi zuen.

Bere aktibismo politikoa goiz azaleratu zen, idazkari aritu baitzen Eibarko Itun Federala (1869ko ekainak 23) deituan. Itun hori eusko-nafarerrepublikanismoaren historiako mugarri garrantzitsuenetako bat da; izan ere, Alderdi Errepublikano Federalak (1868ko azaroan sortua) bultzatuta, eta Pi i Margallen pentsamoldearen ildoari jarraiki, lurraldean probintziaz gaindiko erakunde errepublikano bat sortzeko saiakera bakanetako bat izan zen. Hain zuzen ere, Pi i Margallek behetik gorako estatu-antolaketa ulertzen zuen, probintzietatik botere zentralera, «itun federalak» izenekoen bidez. Itun horietan hainbat probintziak bat egingo zuten, ondoren, eskualde-itun horiek guztiak federatu eta botere zentral bat sortzeko.

Eibarko Ituna Bilbo, Tolosa, Irun, Eibar, Iruñea, Tutera eta Gasteizko batzordeetatik joandako errepublikanoek sinatu (Pedro de la Hidalga, Juan Bautista de la Cuesta, Daniel Ramon Arrese, Ricardo Becerro de Bengoa, Juan Roca, Hilario Martinez, Cayetano Letamendi eta Abelardo Sagarminaga Arabatik; Justo Maria Zavala, Blas Irazueta, Felipe Ariotegui, Manuel Ezcurdia, Vicenta Aguirre, Celestino Echevarria, Inocencio Ortiz de Zarate eta Jose Cruz Echevarria Gipuzkoatik; Ignacio Aztarain, Antonio Velasco, Jose Lorente, Felix Utray, Baldomero Navascues, Pedro Fraizu eta Julian Garay Nafarroatik; eta Cosme Echevarrieta, Horacio Oleaga, Antolin Gogeascoa, Joaquin Mayor, Julian Arzadun eta Jose Ramon Ibaceta Bizkaitik), eta Probintzia Baskongadoetako autonomia Espainiako gainerako lurraldeetara hedatzea proposatzen zuen manifestu federalista bat idatzi zuten. Itunaren oinarrietan probintziaz gaindiko euskal erakunde errepublikano bat sortzea adostu zuten, Batzorde Federala, probintzia bakoitzeko ordezkari batez osatua eta aldian-aldian Eibarren bilduko zena.

«Askatasunaren aldeko Boluntarioen Batailoi»etan ere kapitain gisa parte hartu zuen; herritarren milizia horiek erregimen errepublikanoari eusten saiatu ziren 1868ko Iraultzaren hasierako uneetan.

Ideologiaz errepublikanoa eta foruzalea, 1868 eta 1869 artean (Seiurteko Demokratikoa) El Mentirón aldizkari satirikoa zuzendu zuen [Euskal Memoria Digitalean ikus daiteke]; aldizkari liberala eta antikarlista, joera errepublikano eta federalekoa zen, karga kritiko politiko handia zuen, eta karikatura satirikoak argitaratzen lehenetakoa. Era berean, besteak beste El Norte edota La Reforma aldizkarietan idatzi zuen.

1870ean Palentziara lekualdatu zen, hango Institutuan oposizio bidez lortutako Fisika eta Kimikako katedra hartzera, Bizkaiko Gobernu Zibileko Idazkaritzari uko eginez.

Palentzian, 1874an, Isabel Antolin Antolinekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten: Isabel, Miguel, Maria Jesus, Ricardo eta Gonzalo Becerro de Bengoa Antolin. 1886 arte bizi izan zen bere bizitza kulturalaren motorra bilakatutako hiri hartan. Bertan, Aquello aldizkaria (1871), El Eco de Palencia astekaria (1872) eta Ateneo aldizkaria (1877) sortu zituen; eta El Diario Palentino (1883), Revista Castellana eta El Trabajo zuzendu zituen. Palentzian bertan idatzi zuen bere obraren zati handi bat, bereziki, El Libro de Palencia, hiriko zaharkinei eta ohiturei buruz lagunekin izandako elkarrizketa eta konferentzien ohar historikoak azaldu zituen liburua.

Dena den, ez zuen galdu Gasteizekiko lotura, bere jarduera konbinatuz eta bi hirien, Gasteizen eta Palentziaren, aintzatespena jasoaz. Horrela, bere obraren aitormenez, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Gasteizko bazkide osoa izan zen, eta Zentro Literario Baskongadoko bazkide sortzailea; 1870ean Gasteizko Arte Ederren Akademiako kide izendatu zuten, 1871n Historiaren Errege Akademiako urgazle (eta Palentziako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordean sartu zen), 1876an Valladolideko Arte Ederren Akademiakoa eta Palentziako Ateneoa sortu zuen (Gasteizkoa eredu hartuta), eta 1879an Palentziako Behatoki Meteorologikoa sortu zuen.

1875ean, Cirilo Tejerina buru zuen alderdi errepublikanora batu zen Palentziako beste errepublikano batzuekin batera, eta 1881etik aurrera, errepublikanismo federalera batuz. Hor, botereak probintzietako aldundietara eta udaletara deszentralizatzeko eredua babestu zuen Espainiarentzat, euskal Foruak eredu hartuta. Bere politika-lanak bakea, Estatuaren laikotasuna, sufragio unibertsala eta gizabanakoen eskubideen bermea izan zituen oinarri.

Bere aktibismo politikoa eta heziketa akademikoa uztartuz, 1883an Palentziako Udaleko Gizarte Erreformen Tokiko Batzordeko kide eta Geografia Kolonial eta Merkataritzako Biltzar Espainiarreko ordezkari izendatu zuten. Hurrengo urtean, 1884an, Gasteizko kronikari ofizial izendatu zuten, eta 1885ean, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kide urgazle.

Urte horretan bertan (1885), zinegotzi hautagai aurkeztu zen maiatzeko udal-hauteskundeetarako; bigarren zinegotzi izan zen hautatua (lehenengotik 2 botora) eta Palentziako Udaleko erregidore sindiko kargua bete zuen. Karguan denbora gutxi egin arren (1886ko erdialdera utzi baitzuen, Gorteetarako diputatu hautatua izan zelako Gasteiztik), bere zeregina funtsezkoa izan zen kontsumoko zergak kobratzeko orduan, hiriak Estatuari beretzat eskatzen ziona, eta 1885eko uztailetik sortutako kolera-izurritearen aurka egindako kudeaketan.

1886an, bere jarduera publiko eta profesionala Madrilera bideratu zuen, Gorteetarako diputatu hautatua izan zelako Gasteizko hautesbarrutitik. Horretarako bere Fisika eta Kimika katedraren lekualdatze-lehiaketa eskatu eta lortu zuen Madrilgo San Isidro Institutura; hango zuzendariorde izan zen 1891n, eta Katedradun Numerarioen Elkartearen Batzorde Exekutiboko lehendakaria.

Madrilen jarduera politiko eta intelektual handia egin zuen. Horrela, 1894an, Gobernu funtzioetarako sortutako Batzordearen hiru partaideetako bat izan zen, Ganbera berria osatzen zen bitartean. 1896an berriro ere Gorteetarako diputatu aukeratu zuten Gasteiztik, eta kargu politiko horretan jardun zuen 1900 arte.

Diputatu zela, 1897an Madrileko Ateneoaren Zientzien Saileko lehendakari izendatu zuten eta, 1900ean, Erresumako Instrukzio Publiko eta Nekazaritza Kontseiluko kide. 1901eko hauteskundeetan senatari aukeratua izan zen Arabako Probintziatik, baina handik gutxira hil zen, berrogeita hamasei urte zituela, 1902an. Cisneros Kardinala Institutuko Geografia eta Historiako katedraduna zen orduan.

Ikuspuntu intelektualetik, Madrilen zela izendatu zuten Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiako eta Espainiako Elkarte Antropologikoko kide numerario; baita Pisu eta Neurrien Batzorde Iraunkorreko eta Aduanen Kidegorako Oposaketetarako Tribunaleko kide eta Espainiako Nekazaritza Elkarteen Batzarreko lehendakariorde ere.

Jarduera politiko eta akademiko horiek guztiak irakaskuntza lanarekin eta kazetaritza bokazioarekin uztartzen jakin zuen; modu horretan, La Naturaleza aldizkariaren zuzendari izan zen, El Solfeo eta La Ilustración Española y Americanako erredaktore eta karikaturista, eta El Imparcial eta Boletín de la Institución Libre de Enseñanzan idazten zuen. Era berean, marrazkilaritzan ere nabarmendu zen, eta XIX. mendeko Arabaren testigantza grafiko ugari utzi zituen (bere marrazkiak sinatzeko, sarritan erabili zuen R. Bay goitizena. Bere obra klikaraba bideoan (15’ 48’’) ikus daiteke, Angel Gondrak aurkeztua).

Autoreek bat egiten dute Ricardo Becerro de Bengoa jakintsua izan zela esaten. Obra oso zabaleko intelektual polifazetikoa. Carlos Ortiz de Urbinaren esanetan, «Becerro de Bengoak jorratutako gaien aniztasunak inplikazio sakona erakusten du bizitzea egokitu zitzaion garaiko arazoekiko, eta kargu ugari izan zituen, politikoak nahiz kulturalak eta profesionalak. Literatura asmoko kontakizunez gain (Los Viciosos, Hojas caídas, La sima de Urizarra…), bere liburuetan hezkuntzarekin (La enseñanza en el siglo XX), nekazaritzarekin (La crisis económica y el movimiento proteccionista en el siglo XX), meatzaritzarekin (Una Escuela Práctica de Minería. Barruelo de Santullán), teknologiarekin (La electricidad moderna), zientzia orokorrarekin (Las ciencias en 1879 eta Las ciencias en 1880 —urte horietan zientziak izandako aurrerakada aztertu zuen, Madrilgo Revista Contemporánea aldizkariaren 1880ko martxoko eta azaroko zenbakietan—) eta Historiarekin (El General Álava: homenaje tributado a su preclara memoria) erlazionatutako gaiei heldu zien.

Horiei gehitu behar zaizkie mota guztietako ezin konta ahala aldizkari eta argitalpenetan argitaratutako artikulu-sorta zenbatezina, eta komunikabideetan izandako parte-hartze handia, bai prentsa-sortzaile gisa, bai zuzendari-eta erredaktore-lanetan».

Gizarte-erreformarako bere xedeak La enseñanza en el s. XX lanean idatzi zituen; izan ere, Ricardorentzat hezkuntzak, deszentralizazio administratiboarekin batera, izan behar zuen erreformismo errepublikanoaren zutabea, Probintzia Baskongadoetako eredu foralari jarraiki. Gonzalo Capellánen esanetan, Ricardo Becerro de Bengoarentzat «Europako beste herrialde batzuekiko atzeratuta ez geratzeko irtenbide bakarra herritarren kultura-maila hobetzea zen». Horregatik, bere lanean programa zehatz bat azaldu zuen, eta horren arabera ekin beharko litzaiokeen hezkuntza-erreformari. «Gizabanako guztiak hezkuntza integral (fisikoa, intelektuala eta morala), tekniko, onuragarri eta praktikoaren eredu berriaren arabera hezitakoan soilik ekin dakioke eraldaketa nazionalari».

Ideia horietako batzuk 1873an proiektatu eta 1877an amaitutako El Libro de Álava izeneko Arabari buruzko bere lan nagusian islatu ziren. Bertan, herrien maila kultural eta intelektuala handitu beharra defendatu zuen, ondo finkatutako heziketa zabalean oinarrituta; izan ere, «adimenaren borroketan sendotzen dira haren seme-alabak; eta haietan hazten dira, eta haiei zor zaie jada ez izatea ez kastarik, ez nobleziarik, ez bereizmen eta ohore gehiagorik, gizon ilustratuak ezjakinengandik bereizten dituztenak baino».

Harentzat, edozein herrialdetako seme-alaba onentzat ez zegoen ikerketa atseginagorik beraien historiarena eta haren gaur egungo balioarena eta esanahiarena baino. «Historian gure arbasoak ezagutzen eta miresten ikasten dugu, beraien lanengatik eta gertaera ospetsuengatik…» Guztiok herriaren parte gara, eta haien ezagutza eskolan, akademietan, ateneoan edo herri-irakurketetan zabaldu behar zen. Horregatik, arabar gazteek historiaren eta Foruaren bidez beren Probintzia gehiago maitatzen ikastea eta haren zoriona eta aurrerabidea lortzea nahi zuela adierazi zuen: «Probintzia maitatuz aberri osoa maitatzen da; probintzia guztien banakako ongizatea erdietsita egingo baita nazioaren zoriontasuna. Herritarren laneko lankidetzak eta adimenak sostengatu behar du nazioa, eta ez nazioak haiek, bere dirua limosnatzat emanez. Gure herrialde benetan txiro honek adimenarekin eta lanarekin jakin izan du zoriontsu izaten eta nabarmentzen, bere instituzio jakintsuen babesean». Horregatik, «gure nagusien lana jarraitu behar dugu lan eginez, ikasiz eta Foruaren oinarri herritar eta onuragarriekiko gurtza bizirik eta sendo mantenduz.»

1995eko martxoan, Palentziako Udalak plaka bat jarri zuen haren omenez bizi izandako etxean: «Irakaslea, Idazlea, Politikaria, Akademikoa (eta) Palentziako Ateneoaren Sortzailea» Gauza bera egin zuen Madrilgo Udalak bizi izandako eta hildako Huertas kaleko etxean: «Idazlea, Katedraduna, Akademikoa, Gorteetarako Diputatua Arabatik eta Erresumako Senataria».


Obrak

(Hautaketa). 

La sima de Urizarra. Recuerdos de la guerra civil, Bilbo: Imp. de Lambure, 1873, 20 or.

Hojas caídas: bocetos en prosa y en verso (1862 á 1870), Palencia: Hijos de Gutiérrez, 1873, 124 or.

El libro de Palencia, Palencia: Hijos de Gutiérrez, 1874, 242 or. (berrarg. Palencia: Caja España, 1993).

El romancero alavés, Valladolid: Maxtor, 1874, 405 or.

De Palencia a Oviedo y Gijón; Langreo, Trubia y Caldas, Palencia: Alonso y Z. Menéndez, 1874, 295 or.

El gran mundo, Madrid: M. Fernández de la Torre, 1876, 192 or.

El Libro de Álava, Gasteiz: Euskal Zentro Literarioa, Hijos de Manteli (1877), 334 or. (berrarg., Donostia: Roger, 2000).

Los viciosos, Madrid: Luis de Diego, 1877, 318 or.

PALACIO Y RUGAMA, S. de-rekin, Memoria acerca de la Exposición de Agricultura Provincial de Palencia, Palencia: Imp. y Litografía de Alonso y Z. Menéndez, 1878.

«Las ciencias en 1879», Revista Contemporánea, Madril, 26 (1880ko martxoa), 182. or. eta hur.

«Una Escuela Práctica de Minería. Barruelo de Santullán», Revista Contemporánea Madril, 31 (1881eko urtarrila), 26. or. eta hur.

La electricidad moderna: estudio-resumen de la actual Exposición de París, Madrid: Manuel G. Hernández, 1881, 212 or.

El Sacamantecas: su retrato y sus crímenes: narración escrita con arreglo a todos los datos auténticos, Gasteiz: Viuda e Hijos de Iturbe, 1881, 58 or.

Antigüedades históricas y literarias de Alaba, Donostia: Extramuros edición, 1882, 39 or.

De Palencia á La Coruña, Palencia: Alonso y Z. Menéndez Editores, 1883, 231 or.

De Palencia a Oviedo y Gijón, Langreo, Trubia y Caldas, Palencia: Alonso y Z. Menéndez Editores, 1884 (2. arg., Valencia: Librerías París-Valencia, 1998).

El General Álava: homenaje tributado a su preclara memoria, Madrid: Tip. de Manuel Hernández, 1884, 49 or.

Romancero alavés, Gasteiz: Viuda e Hijos de Iturbe, 1885 (2. Arg., Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1982).

El estudio del gran pintor Casado, Palencia: Diputación Provincial de Palencia, 1886, 32 or.

La crisis económica y el movimiento proteccionista de la crisis agrícola, Madrid, 1888.

Proyecto de dictamen que presenta la subcomisión 1.ª acerca de la causa de la crisis de los cereales y medidas que pudieran remediarla, Madrid, 1888.

Trueba: estudio biográfico, Madrid: La España Moderna, 1892, 62 or.

La Rábida. Conferencia de Ricardo Becerro de Bengoa pronunciada el día 21 de diciembre de 1891, Madrid: Sucesores de Rivadeneyra, 1892, 31 or.

Tendencias de la química moderna, Madrid: Luis Aguado, 1894, 70 or.

«Excursión artística por el Madrid Viejo. La Latina», Boletín de la Sociedad Española de Excursiones, 2. libk., 13 (1894), 1-5. or.

«Excursión artística por el Madrid Viejo III. Excursiones», Boletín de la Sociedad Española de Excursiones, 2. libk., 14 (1894), 21-25. or.

La nueva iglesia de San Ignacio, Madrid: Real Congregación de Naturales y Oriundos de las Tres Provincias Vascongadas, 1898, 29 or.

La enseñanza en el siglo XX, Madrid: Edmundo Capdeville, 1899-1900, 255 or. (2. arg. G. Capellán de Miguel-ek prestatua, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen zerbitzua, 2001, 256 or. [Textos Clásicos del Pensamiento Político y Social en el País Vasco, 7]).

Descripciones de Álava, Gasteiz: Publicaciones del Real Ateneo de Vitoria, Domingo Saz, 1918 (2. arg., Gasteiz: Papeles de Zabalanda, 1996).

La Tierra de Campos, álbum de excursiones, Palencia: Diputación Provincial de Palencia, 2007, 192 or.

Hitzaurrea in CASCALES Y MUÑOZ, J., La palabra y sus manifestaciones: origen y desarrollo del lenguaje articulado, de la escritura, de la imprenta, de la litografía, del telégrafo, del teléfono y del fonógrafo, Madrid: Bailly-Bailliere e hijos, 1899.

Hitzaurrea in MUÑOZ RAMOS, E. eta DIEGO-MADRAZO Y RUIZ ZORRILLA, C., Las enfermedades de la vid, Madrid: Imp. de Fortanet, 1892.

Escritos de Daniel Ramón de Arrese Duque, Bilbo: Imp. de Andrés Pérez de Cardenal, 1900, I. libk., 210 or. (biltzaile eta biografoa) [Biblioteca Bascongada de Fermín Herrán, 53].

«Panteón del Canciller Don Pedro López de Ayala en Quejana (Álava)», Boletín de la Sociedad Española de Excursiones, 24. libk., 1 (1916), 161-169. or.

Bibliografia

APRAIZ, J., Discurso sobre Becerro de Bengoa y el Ateneo de Vitoria, 1891n argitaratua.

ARZAC, A., «Flor con espinas. R. Becerro de Bengoa», Euskal-Erria, 46 (1902), 113. or.

GARCÍA GONZÁLEZ, R., «Expediente académico de D. Ricardo Becerro de Bengoa. Documentos que se custodian en el Archivo Universitario de Valladolid». Publicaciones de la Institución Tello Téllez de Meneses, 57 (1987), 319-340. or.

MARTÍNEZ SALAZAR, A., Ricardo Becerro de Bengoa. Catedrático. Académico. Publicista y representante popular, Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, Kultura Saila, 1995 [Arabarrak bilduma, 11].

ORTIZ DE URBINA MONTOYA, C., «Ricardo Becerro de Bengoa», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: https://dbe.rah.es/biografias/24797/ricardo-becerro-de-bengoa (2023ko uztailak 26).

— «El escritor Becerro de Bengoa», Kultura, 3 (1991), 59-66. or.

— «La Arqueología en Álava en los siglos XVIII–XIX», Memorias de Yacimientos Alaveses, 2 (1996), 186-192. or.

ORTIZ DE ORRUÑO, J. M., «Ricardo Becerro de Bengoa: su trayectoria intelectual», Kultura, 3 (1991), 43-57. or.

REPARAZ, G.«Nuestros grabados: D. Ricardo Becerro de Bengoa». La Ilustración Española y Americana, Madrid, XL, 1 (1896ko urtarrilak 8), 3-4. or.

RUBIO POBES, C. (2002), «El Mentirón (1868-69): fueros y republicanismo federal = special jurisdictions and federal republicanism». Euskal zientzia eta kultura, eta sare telematikoak = Ciencia y cultura vasca, y redes telemáticas = Science et culture basque, et réseaux télématiques: Donostia, Iruñea, Baiona 2001 Eusko Ikaskuntzako Kongresua (15o. 2001. Donostia), Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2002, I. libk., 369-375. or.

SÁNCHEZ GARCÍA, J. L., El Ateneo Científico, Literario y Artístico de Palencia (1876-1926), Palencia: [J.-L. Sánchez García], 1989.

SANZ LEGARISTI, P., «Ricardo Becerro de Bengoa. Republicano y Liberal», Kultura, 3 (1991), 67-88. or.

UNSAIN, J. M., Arte Aplikatuak – I – Historia Grafikoa (XIX–XX). Grabatuak -Biñetak – Komikia, Lasarte-Oria: Ostoa, 2005.

VELASCO, V. de, Ricardo Becerro de Bengoa, Gasteiz: Imp. de La Ilustración de Álava, 1889.

ITURRIAK

«Reales decretos nombrando Vocales del Consejo superior de Agricultura, Industria y Comercio, a D. Juan Navarro Reverter, D. Rafael Fernández Soria y D. Ricardo Becerro de Bengoa.», Gaceta de Madrid (Madrid), 182: 2. 1890eko uztailak 1.

«Becerro de Bengoa Antolín, Ricardo. 36. Elecciones 4.4.1886»; «37. Elecciones 1.2.1891»; «38. Elecciones 5.3.1893»; «40. Elecciones 27.3.1898». Buscador histórico de diputados 1810-1977. Congreso de los Diputados.

«Becerro de Bengoa, Ricardo». El Senado entre 1834 y 1923. Senado de España.


Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP