Karguak eta lanbideak
Historialaria, abokatua eta artxibista
Ibilbidea
Louis Batcave Orthezen jaio zen, Nay eta Sainte-Colome eremutik zetorren eta XVIII. mendean herri horretan finkatu familia batean. Herri horretan, haren arbasoek jabetza garrantzitsu batzuen titulartasuna eskuratu zuten, bai eta larru-ontzaile aritu ere.
Batcavek Orthezeko Moncade ikastetxean eta Larresoron egin zituen ikasketak, baina azkenean, Bordelera lekualdatu zen. Bertan, Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta 1892an jaioterria utzi eta Parisen jarri zen bizitzen. Hamar urtez, aseguru-konpainia batean lan egin zuen bertan.
Haren ikerketa historikoa Biarnori buruzkoa izan zen batez ere eta, bereziki, Orthezeri buruzkoa, Biarnoko aspaldiko hiriburua. Horrek, ordea, ez zion eragotzi Euskal Herriaren historiara hurbiltzea. Eduki historikoa zuten haren lehendabiziko lanak 1883an argitaratu zituen, hogei urte bete berriak zituela, nahiz eta 1909tik hara hasi zen bere jakintza-lanetan aritzen behin betiko.
Batcaveren argitalpenen artean, ezin da identifikatu haren ikerketen gailurra adierazten duen erreferentziazko lan handi bat. Hala ere, haren ekoizpen historiografikoa zinez nabarmena izan zen. Bere obran, hildakoan Henri Courteaultek zehaztua, 684 argitalpen biltzen dira, aldizkari ugaritan sakabanatuak. Guztien artean, nabarmentzekoa da Orthezeko guduari buruzko idazlana. Espainiako Independentzia Gerraren testuinguruan, herri horretan, gudu horrek elkarrekin talkan jarri zituen armada frantseseko Soult mariskala eta Wellington jeneralaren tropa aliatuak.
Bizitza osoan, hainbat aldizkaritan aritu zen kolaboratzaile, hala nola Bulletin de la Société de Borda, Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Pau, Revue de Gascogne, Journal des Débats eta Revue Historique et Archéologique du Béarn et du Pays Basque. Azken horren sortzaile ere izan zen Henri Courteaultekin batera. Halaber, hainbat eruditu-elkartetako kide izan zen Frantziako hego-mendebaldean.
Obrak
«Les enclaves du diocèse de Dax dans le diocèse actuel de Bayonne», Études historiques et religieuses du diocèse de Bayonne, 1892, 249-256. or.
Les archives municipales d’Orthez, Pau: Vve. L. Ribaut, 1893.
«Documents sur les imprimeurs-libraires de Bayonne», Revue de linguistique et de philologie comparée, 41 (1908), 13. or. eta hur.
L’Administration municipale à Orthez avant 1789, communication de M. Louis Batcave au Congrès d’histoire et d’archéologie du Sud-Ouest (Pau, septembre 1908), Pau: Imp. de J. Empérauger, 1909.
La bataille d’Orthez. 27 février 1814, Pau: Imp. Lescher-Moutoué, 1914.
Bibliografia
COURTEAULT, H., «Louis Batcave (1863-1923)», RHABPB, (1924), 257-320. or.
ISSARTEL, Th., «Louis Batcave, historien de la bataille d’Orthez: autour des enjeux politiques de la commémoration du Centenaire (1914)», in Louis Batcave, La bataille d’Orthez: 27 février 1814: avant, pendant, après… Louis Batcave et le centenaire en 1914, Ortheze: Louis Rabier, 2013.





