Karguak eta lanbideak
Poeta, idazlea diplomatikoa eta historialaria.
Ibilbidea
Ramon de Basterra Zabala, Mario Francisco de Basterra y Esturo abokatu eta probintzia diputatuaren eta Josefa Maria de Zabala y la Puenteren semea zen. Bilboko San Antonio ikastetxean egin zituen lehen ikasketak eta handik Urduñako Jesuitekin ikastera joan zen, ondoren, Valladolid eta Salamancako unibertsitateetan Zuzenbidea ikasteko. Ziurrenik, ikasketa juridiko horrek ireki zizkion, 1915etik aurrera, talde Diplomatikoko kide izateko ateak. Horretan hasi zenean, bere lehendabiziko egitekoa Vatikanoko idazkaritza espainiarrean aritzea izan zen.
Ondoren egokitu zitzaizkion herrialdeak Italia, Rumania eta Venezuela izan ziren, eta, horri esker, Bizkaikoaz bestelako errealitate kulturalak ezagutu ahal izan zituen. Hala eta guztiz ere, beti egon zen estuki loturik Bizkaiko giro kulturalarekiko, batez ere ardatza Bilbon zuen horrekiko, eta partehartze erabakigarria izan zuen Pirinioetako Eskola Erromatarra delakoaren sorreran. Euskal intelektualen taldea zen: 1920ko hamarkadan Lion D’Or kafeko tertulian elkartu ohi ziren eta, maiz, Hermes aldizkaria baliatzen zuten beren artikuluak idazteko. Bertan, Euskal Herriko eta, bereziki, Bilboko kultura eta ekonomiaren garapenari buruzko iritzia ematen zuten. Batez ere jarrera liberala zuten posizio kontserbadoretik aritzen ziren, eta batzuetan, are planteamendu autoritarioetara eta euskal nazionalismoaren kontrakoetara jo zuten. Besteren artean, talde horretakoak ziren Pedro Eguillor, Pedro Mourlane Michelena, Fernando de la Quadra Salcedo, Jose Felix de Lequerica, Rafael Sanchez Mazas edo Joaquin de Zugazagoitia.
Gazte hasi zen arazo mental larriak pairatzen, eta eragin handia izan zuten bere bizitzan eta lanean. Ramon de Basterraren obra poetikoak aitorpen handia izan du, baina ez hala bere lan historiografikoak, batez ere autoreak zuen historiaren eta kulturaren ikuspegi bereziaren eraginez; erromatar inperioaren ideiatik abiatzen baitzen, berarentzat ideala zelako.
1910. hamarkadan Basterrak harremana izan zuen euskal giro abertzalearekin, eta haiekin bat egitera iritsi zen euskaldunak eraberritzeko antzinako bertute eta ohiturei ematen zieten garrantziarengatik. Azkenean, ordea, talka egin zuen bere beste planteamendu batzuk zirela eta, hala nola, euskal kultura eta gaztelarra uztartzea edota Euskal Herriaren sustrai espainiarrak berrestea.
1921. urtea baino lehen Basterraren lana tokian tokiko hainbat aldizkaritan baino ez zuten argitaratzen: Euzkadi, El Nervión, El Pueblo Vasco, El Liberal eta gorago aipatutako Hermesen. Baina urte horretan bertan, moldiztegira eraman zuen La obra de Trajano izenburua zuen liburua, Espainiak Errumanian zuen ordezkaritzako idazkaritzan emandako urteen emaitza. Basterrak bertan jaso zituen diplomatiko bezala Europako alderdi horretan egin zuen bidaian eskuratutako Errumaniako ikuspegia, eta Trajanoren garaitik hasi eta XX. mendera arteko erreferentzia historikoak. Bere asmoa espainiar jatorriko enperadoreak Daziako eskualdean izandako zeregina nabarmentzea zen, eta baita inperioaren ekialdeko muturrean Trajanok egindako lan zibilizatzaileari gorazarre egitea.
Basterrak poesiara bideratu zuen hasiera-hasieratik bere ahalegin literarioa, eta horrek aukera eman zion 1923 eta 1924 urteen artean hiru poema-liburu garrantzitsu argitaratzeko: Las ubres luminosas, La sencillez de los seres eta Vírulo. Poema de las mocedades. Bere testuetako batzuk aurretik Hermesen argitaratuak ziren.
1925ean Caracasko enbaxada espainiarreko diplomatiko izatea eskatu eta lortu ondotik, Basterrak bere bigarren prosa lana argitaratu zuen, Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiari buruzkoa. Erakundea ezagutzeko baitezpadako lana da, nahiz eta batzuek konpainiari gorazarre egiteko idatzitako lantzat hartu zuten. Autoreak euskaldunek Venezuela koloniala antolatzen eta ilustrazioaren ideiak lurralde horietara eramaten izan zuten eragina mitifikatzen du. Obra horretan bertan, Peñafloridako konde Xabier Maria de Muniberen irudia gogora ekartzen saiatzen da, eta baita harekin lotura handia zuen Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen lana ere.
Basterrak Venezuelan izan zuen osasun krisialdiak Espainiara itzultzera behartu zuen, Madrilera hain zuzen, eta 1926an bere azken poema-liburuak argitaratu zituen —Los labios del monte eta Vírulo. Mediodía—, 1928an hil baino lehenago.
Obrak
La obra de Trajano, Madrid: Calpe, 1921; berrarg. Akrón: Astorga, 2012.
Las ubres luminosas: poesías, Bilbo: Miguel de Maeztu, 1923.
La sencillez de los seres, Madrid: Imp. de la Ciudad Lineal, 1923.
Vírulo. Poema de las mocedades. Parte primera, Madrid: Renacimiento, 1924.
Una empresa del siglo XVIII. Los navíos de la Ilustración. Real Compañía guipuzcoana de Caracas y su influencia en los destinos de América. Caracas: Imp. Bolívar, 1925; Madrid: Ministerio de Asuntos Exteriores, 1987.
Los labios del monte, Madrid: Renacimiento, 1926.
Vírulo. Mediodía, Madrid: La Gaceta Literaria, 1926.
Bibliografia
AUÑAMENDI, «Ramón de Basterra Zabala», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/basterra-y-zabala-ramon-de/ar-595/ (2021eko martxoak 24).
CAVA MESA, B., «Ramón de Basterra Zabala», Diccionario Biográfico Español de la Real Academia de la Historia. Online arg.: http://dbe.rah.es/biografias/8138/ramon-de-basterra-zabala (2021eko martxoak 24).
ORTEGA GALLARZAGOITIA, E., El prófugo de la melancolía. La poesía de Ramón de Basterra, Bilbo: Bilboko Udala, 2001.





