Karguak eta lanbideak
Idazlea, abokatua eta Bizkaiko probintzia diputatua.
Ibilbidea
Mario Bilboko bizitzari oso lotua zen familia bateko kide zen, bere arbasoetako asko udal administrazioan eta publikoan aritu izanak argi erakusten duenez. Bilboko San Antonio Abad parrokian bataiatu zuten, eta guraso izan zituen Francisco de Basterra y Butron, Plentziako semea (Bizkaia), eta Isabel de Esturo y Goicoechea, Bilboko alaba. Marioren anai-arrebak Ramon (Bilbon 1845eko abuztuaren 31n jaioa, iloba poetaren izen bera zuena), Luisa eta Felisa de Basterra y Esturo izan ziren. Zuzenbide karrera ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Zentralean 1877 eta 1883 urteen artean, eta eskubide Zibil eta Kanonikoan lizentziatu zen. Aldi berean, Filosofia eta Letren fakultatean eman zuen izena, eta bertan izan zen 1877tik 1881era (AHN, Universidades, 6378, 3. esp.).
Handik gutxira Bilboko Abokatuen Elkargoko abokatu bezala hasi zen, eta baita probintzia diputatu bezala ere. 1887ko maiatzaren 27an Bilboko San Nicolas de Bari parrokian ezkondu zen Maria Josefa de Zabala Puenterekin [aita Ramon de Zabala Elguera zen, jatorriz Abantoko San Pedrokoa (Bizkaia), eta ama Dolores de la Puente Mendieta, Turtziozkoa (Bizkaia)]. Lau seme-alaba izan zituzten: Ramon Jose Leonardo de Basterra Zabala poeta (Bilbon 1888ko martxoaren 14an jaioa eta Madrilen 1928ko ekainaren 17an hila); Maria Carmen Felisa (Plentzia, 1889, Luis de Basterra Casas senidearekin ezkondua); Francisco de Paula Manuel Maria (Plentzia, 1891) eta Mario.
Bere ikasle garaiaz dakiguna Círculo Vasco-Navarro-ko gauetan parte hartzen zuela da, eta horietako batean irakurri zuela «El cuento de la abuelita», 119 ahapaldiko poesia «Juan Carlos de Guerra adiskide minari» eskainia (genealogista eta heraldista gipuzkoar ezaguna, Donostia, 1860 – Arrasate, 1941). Euskal-Errian argitaratu zuen 1883ko lehendabiziko seihilekoan, eta bertan, amonarekin iragandako bere haurtzaroa gogora ekartzen du nostalgiaz beterik, foruzaletasuna defendatzen duen bitartean «lau ahizpen askatasun santuak».
Basterra-Zabala senar-emazteak Andres de Isasi Barambioko markesaren etxean bizi ziren, egungo Bidebarrieta kaleko 1. zenbakian. Eraikin aparta da, eta bertan bizi izan zen familia, harik eta hogeita hemezortzi urterekin Mario abokatuaren heriotza goiztiarra iritsi zen arte, 1897ko apirilaren 8an. Orduan, bere alarguna eta lau seme-alabak hildakoaren anaia Luis de Basterraren etxera joan ziren tutoretzapean. Ez dugu Marioren seme-alaben haurtzaro eta nerabezaroaren gaineko datu zehatzik, baina ezagutzen dugun Ramon lehenjaio eta literatoaren biografian jasotakoaren arabera arretatsua izan zela ematen du: Plentziako beste izeba baten oinetxean eman zuen haurtzaroa, lehen letrak Bilboko San Antonio ikastetxean egin zituen, batxilergoa Urduñako jesuiten ikastetxean eta Zuzenbide lizentziatura Valladolid eta Salamancako unibertsitateetan. Ohikoa zen bezala, karrera bukatutakoan atzerrira lehen bidaia bat egin zuen.
1897an hil zenean, Mario abokatu distiratsu eta ospetsua zen, Bilboko Abokatuen Elkargoko diruzaina, eta garai hartako ekonomiaren eferbeszentzia baliatuta, Bilbao Marítimo y Comercial argitalpen profesionala bultzatu zuen, Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberako argitalpen ofiziala.
Marioren bi lan besterik ez ditugu ezagutzen: gorago aipatu dugun «El cuento de la abuelita» (1883) eta bere izenburu luzeak edukia argi adierazten duen tratatu juridikoa: Vizcaya minera su historia, legislación foral derecho vigente conforme a las leyes, reglamentos, reales órdenes y demás resoluciones complementarias dictadas para su ejecución, á la jurisprudencia civil, administrativa y contenciosa y á cuantas disposiciones se refieren á la adquisición, explotación, desagüe y tributación de las minas por don Mario de Basterra, abogado del Ilustre colegio de Bilbao (Bilbo, 1894).
Liburu hori oso lagungarria da «meatzariarentzat edota meatzaritzarekin lotutako gaietan aritzen den ororentzat». Bizkaiko probintzia goitik behera eta xeheki aztertu zuen ikuspuntu mineralogiko batetik. Basterrak lan handia eta eraginkorra eginez, den-dena bildu eta aztertu zuen, Bizkaiko meatzaritzaren historia osoki hartuta, garai zaharrenetatik hasi eta legedia berrira arte. Mariok berak 1894ko apirilaren 21ean sinatutako «Gure xedea» atalean aitortu zuenez, «liburu hau argitaratzerakoan, gure asmoa ez da ezer berririk esatea». Lehen zatian foru aldundien batzarren lan eta aktetan sakabanaturik zeuden datuak bildu eta antolatu zituen. Ondoren, laburki, Bizkaiko Jaurerrian meatzaritzarekin loturik indarrean egondako Zuzenbidea eta haren ibilbidea azaldu zuen. Bigarren zatian, Espainian indarrean zegoen legedia korapilatsua antolatzen saiatu zen, hura ezagutzeko lege, araudi, dekretu, errege agindu eta abarren zenbatu ezinezko multzo bat kontsultatu behar ez izateko. Bere asmoa ez zen mehatze jabetza arautzen zuten legeei buruzko epaiketa kritiko bat egitea, baizik eta bere gabeziak eta batasun falta agerian uztea, zeren eta horri «hainbat funtzionariorengan atzematen den trakeskeria gaineratzen badiogu, meatzaria administrazioaren esklabu bilakatzen baita» (Vizcaya Minera, p. 276).
Mario erreformistak nolabaiteko zaletasun literarioa izan zuen bere gaztaroan, eta gerora, bere seme nagusi Ramon Basterra poeta ospetsuak jaso zuen. Ezagutzen dugun lan literario bakarra aipatu «El cuento de la abuelita» da, eta begirada bat eskainiko diogu, daukan Foruen aldarrikapen kutsuagatik. Dirudienez, Euskal-Errian argitaratu zuten autorearen ikuskapenik gabe, hurrengo oharrak erakusten duenez: «Gure kolaboratzaileetako bati zor diogu idazle bilbotar gazte batek idatzitako sorkuntza hau, eta atsegin handiz egin diogu lekua Euskal-Errian». Ziurrenik Juan Carlos de Guerrak bidaliko zuen, hari eskainia baita. 119 ahapaldi dira zazpinako 17 estrofatan banaturik, nahiko irregularki (bost eta zortzi silaba metrikotako ahapaldiak, 2-4koetan eta 5-7koetan errima asonante indartsua dutela). Poema hiru zatitan egituraturik dago: lehendabizikoan (lau ahapaldi), haurtzaroa dakar gogora nostalgiaz (Zergatik ez ote naiz haurra oraindik?), afalondoan sorginen istorio goxoak kontatzen dizkion amonaren ondoan. Bigarren zatian, luzeena (hamar estrofa), amonak alegorikoki kontatzen du Euskal Herriak galdu dituen askatasunen istorio tristea. Negar zotinka dagoen amonak iparraldeko txoko batean «hostorik gabe geratu den haritzaz» dihardu; bertan, «Lau Ahizpak» (Probintzia Baskongadoak eta Nafarroa) «aberatsak, zintzoak, ausartak eta askeak ziren», inbidiak haiengan arreta jarri zuen arte. Baskonia ez zen erromatarren menpe egon, «mendiaren atzean burdin asko zegoelako». Euskaldunek godoen ezpata mila puskatan hautsi zuten, baina «zorigaiztoko egun batean, bere aita zahar madarikatuak [Espainiar Estatuak] Lau Ahizpei aberastasunak eta askatasun santuak kendu zizkien». Zalantzarik gabe, 1876ko Foruen indargabetzeaz ari da. Hirugarren zatian (hiru estrofa), Foruak defendatzen ditu ezkutuan, zeren eta «nire herriaren zoriontasuna aske izatean datza». Badaki leiala eta kapareduna izaten, eta bere aitari (Espainiari) kalte eginez bere buruari (Euskadik) kalte egiten diola. Hartara, Mario bere lurretik urrun dagoen poeta gaztearen kemena duen foruzalea dirudi, ezaugarri nazionalista edo bereizketaren aldekorik batere erakutsi gabe.
Obrak
«El cuento de la abuelita. poesía», Euskal-Erria, VIII. libk. (1883, lehen seihilekoa), 144-145. or.
Vizcaya minera: su historia, legislación foral y derecho vigente…, Bilbo: Imp. de la Casa de Misericordia, 1894, 394 or.
Bibliografia
AUÑAMENDI, «Basterra, Mario de», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/en/basterra-mario-de/ar-11991/ (2021eko abenduak 9).
BLANCO, J. R., Ramón de Basterra, El resplandor de la locura, Bilbo: Muelle de Uribitarte Editores, 2012.
ORTEGA GALLARZAGOITIA, E., «Ramón de Basterra y su imagen de Bilbao», Bidebarrieta, 8 (2000), 397-408. or.
ITURRIAK
AHN, Universidades, 6378, 3. esp.





