Karguak eta lanbideak
Legelari eta historialaria
Ibilbidea
Gustave Bascle de Lagrèzek Parisen egin zituen Zuzenbide ikasketak, eta heziketa horrek balio izan zion mundu judizialean askotariko garrantzi postuak betetzeko bere ibilbide profesionalean, Frantziako hego-mendebaldeko haren sorterritik itzuli zenean. 1837an, ordezko fiskal izendatu zuten eta, geroago, prokuradore inperial, auditore nagusi eta Paueko Auzitegiko kontseilari postuetan aritu zen.
Zuzenbide positiboarekin agertu zuen interes profesionala ez zen eragozpena izan adin adinean goiz historiaren ikasketari heltzeko eta, bereziki, Zuzenbidearen Historian. Jarduera horrek balio izan zion Académie Nationale des Sciences, Belles Lettres et Arts de Bordeaux eta Comité des Travaux Historiques et Scientifiques erakundeetako kide urgazle izateko.
Haren obra zabaletik, alde batera utziz Zuzenbide positiboari buruzko azterlanak, bereziki Zuzenbide penala eta prozesal organikoa, nabarmendu behar ditugu Zuzenbide piriniotarrari eta Biarno, Bigorra eta Nafarroako historia erlijioso eta zibilari buruzko haren lan historikoak. Ekarpen horiexek dira, hain zuzen, bera Hiztegi honetan egoteko arrazoia.
Alde batera utziz noizik behin euskal gaien inguruko haren obraz eman izan den iritzi kaskarra, orokortasunetara emana izanik eta akatsetarako joeraz oso zorrotza ez delakoan, haren argitalpen batzuk interesgarriak dira, zalantzarik gabe, Pirinioez alde batera zein bestera kokatzen diren lurraldeen historia ezagutzeko. Horrelakoxea da Paueko gazteluan biltegiratuta dauden dokumentuei buruz argitaratu zuen idazlana, bertan bilduz mota desberdineko dokumentazioaren inbentario bat, Foixko Etxearen eta Nafarroako errege-erreginen, jaunen, Elizaren eta udalerrien ingurukoa. Piriniotar zuzenbidearen historiaren azterketari buruzko haren lana bereziki interesgarria da: Bigorrako konderriko errealitatea abiaburutzat hartuz, Pirinioen eremu osoaren azterketa konparatibo bat proposatzen du. Lan horretan, Bigorraren antolamendu politiko eta judiziala aipatu ondoren, Zuzenbide zibila (bereziki familia-zuzenbidea), penala, prozesala, hala zibila nola kriminala, eta feudala landu zituen. Kontsiderazio gehiagoetan sartu gabe, arreta deitzen du Pirinioen lurraldetako emakumeen estatus juridikoaz bere idazlanetan agertu zuen interesa.
Gainera, Nafarroako Parlamentuari, Biarnoko gizarte eta ohiturei eta Nafarroa frantsesari buruzko beste idazlan batzuk argitaratu zituen. Azken horixe izan zen, hain zuzen, Sorbonan defendatutako doktorego-tesia. Lan horretan, lurraldearen geografia eta historia aztertu zituen eta, bereziki, lurraldeko zuzenbidea euskaldunen y nafarren artean. Académie de Sciences Morales et Politiques eta Académie des Inscriptions et Belles-Lettres akademietan Piriniotar zuzenbidearen historiari buruzko liburuak jaso zituen gorespenak ikusita hasi zen azterketa hartan.
Obrak
Le Trésor de Pau, archives du château d’Henry IV, avec des facsímile, Pau: Imp. et Lithographie de E. Vignancour, 1852.
Le Château de Pau, Paris: [s.n.], 1855.
Histoire du Droit dans les Pyrénées (comté de Bigorre), Paris: Imp. Impériale, 1867.
Le Parlement de Navarre, Paris: Cosse, Marchal et Billard, 1873.
La Navarre française, Paris: Imp. Nationale, 1881-1882, 2 libk.
Henry IV: sa vie privée, détails inédits, Paris: Firmin-Didot et Cie, 1885.
La société et les moeurs en Béarn, Pau: G. Cazaux, 1886.
Bibliografia
AUÑAMENDI, «Bascle de Lagrèze, Gustave», Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online arg.: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/bascle-de-lagreze-gustave/ar-11833/ (2020ko abenduak 30).





