Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Euskal herritik kanpoko egileak eta obrak

BASANTA DE LA RIVA, Alfredo (Mojados, Valladolid, 1878ko apirilak 14 – Valladolid, 1941eko maiatzak 27).

Karguak eta lanbideak

 Abokatua eta Valladolideko Errege Kantzilertzako Artxiboaren zuzendaria

Ibilbidea

Pio Basanta Diazen (Canovasen alderdi kontserbadoreko diputatu) eta Piedad de la Rivaren (Espainiako Isabel II.aren Kontseilu Pribatuko Justo de la Rivaren alaba) seme zaharrena. Anaia-arreba izan zituen Maria (Francisco Mendizabal Garciarekin ezkondua), Julian (abokatua, Ogasuneko diruzain Valladoliden) eta Miguel (Maria Arevalo Arevalorekin ezkondua). Maria Blanca Sagardiarekin ezkondu zen, eta alaba bakarra izan zuen, Carmen Basanta Sagardia, aldi berean Gerardo Perdiguerorekin ezkondua. Carmen Perdiguero Basanta biloba, Pedro Garcia del Pozorekin ezkondu zen, eta Espainiako Hiri Jabetzako Ganberen presidente izatera heldu zen.

Alfredo eruditu eta ikertzaile handia izan zen. Zuzenbide ikasketak egin bazituen ere, inoiz ez zen horretan aritu, eta Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean; izan ere, Miguel de la Riva osaba zuen bertan errektore.

Oposizio bidez, Artxibozain Liburuzain eta Arkeologo Teknikarien Kidegoan sartu zen 1905eko uztailaren 28an, eta Valladolideko Unibertsitate Liburutegian hasi zen zerbitzuak ematen.

1906ko urtarrilaren 30ean, Valladolideko Errege Kantzilertzaren zuzendari-lanetan hasi zen Espejo Hinojosaren ordez, eta artxiboak «haren ezaugarri profesional eta pertsonal onak» probestu zituen. Izan ere, urte horretan bertan, Grazia eta Justizia Ministerioak Hezkuntza Publikokoari laga zion hura eta, harrezkero, Artxibozain Liburuzain eta Arkeologo Teknikarien Kidegoak kudeatu zuen. Artxiboa hogeita bost aretoko lau solairuk osatzen zuten, «XV eta XIX. mendeen arteko oihartzunak zituen», eta lau sekzio nagusi zituen: foru komuneko auzi zibilak, Ejecutorias edo Betearazpen Aginduak (1325-1835), Kaparetasun Auziak eta Bizkaiko Auziak. Orobat, baziren bertan errege-probisioak, liburuak eta dokumentu solteak, kopuruz lehendabizikoak gailentzen baziren ere. Bada, bertan aritu ziren Basanta eta haren koinatu Francisco Mendizabal 2.000 paper-sorta baino gehiagoren katalogazio- eta sailkapen-lanean.

«Kaparetasun Auziak» sekzioak, «Kapareen Sala»n finkatuak, 70.000 auzitik gora zituen, eta horixe maite zuten bertaratuek gehien, batez ere genealogistek; izan ere, bertan, material ugari aurkitzen zuten bertan beren lanetarako. Artxiboko zuzendaria zela, Alfredo Basantak Sala horretako dokumentazioa katalogatzen hasi zen. Dokumentuak XV. mende amaieratik 1834. urte arteko data dute; urte horretan, izan ere, antolamendu judizial berri bat eman zen, Kantzilertzaren eskumena eta aginpidea aldatuz. Paper-zatiak soilak ziren, bakarrik auzi-jartzailearen izena eta zeuden abizenak zehazten baitzituzten, auzotasuneko herria, data, eta noizik edo behin haren nortasuna identifikatzeko balio zezakeen zirkunstantzia bat. Data, oro har, demanda-idazkitik edo eskaeratik hartzen zen, baina gauza asko falta ziren, eta ez zeuden behin-behineko espedienteetan ere.

Betearazpen Aginduen Sala, oso kontsultatua, «artxiboen arima» zen, eta betearazpen-aginduak (1620-1834) Mendizabalek 53.000 fitxa baino gehiagotan antolatu zituen, bai eta Bizkaiko Auzietako 600 paper-sortatik gora ere (Manuel Sagardiaren laguntzaz, Bizkaiko Aldundiak diruz babestu baitzuen lan hori). Bizkaitartasunen Sekzioko dokumentazioa, bere aldetik (Bizkaiko Auzien barnean zegoena), Alfredo Basantak landu eta argitaratu zuen. Auzi zibilak, 12 salatan finkatuak, Mendizabalek katalogatu zituen neurri batean (Zarandona eta Wallsen bulegoak): milaka paper-zati batzuk.

Corral Castanedoren esatera, bere Páginas castellanas liburuko hitzaurrean, bi koinatu horiek «lehenago barreiatutako paper-meta bat zena bene-benetako artxibo bihurtu zuten eta, hartara, aukera eman zuten Espainiako historia genealogikoa berreraiki ahal izateko, hainbeste non leinuak aztertu nahi dituztenek lan horietara, kaligrafia bereziko fitxa inprimatu horietara, haien lanetara jo behar baitute, eta buru-belarri tematu ziren bi artxibozain handik utzitako mamia dastatu». Haien lanari esker, «galdutako dokumentuen kopiak eskura daitezke, eta artxiboen suntsipena dela-eta ezinezkoak diren genealogiak berreraiki». «Funtzionario eredugarriak izan ziren eta, hartara, elkarrekin jarri ahal ziren harremanetan bi, hiru belaunaldi edo gehiagotan Indietan edo unibertsoko geografiaren beste edozein bazterretan bizi eta banandurik izan zirenen ondorengoak».

Alfredo Basantak hamaika urtetik gora behar izan zituen ordena alfabetikoz kaparetasunak katalogatzeko, berberak obra oso pertsonaltzat jo zuena, bai eta haren bizitzako atsegina handientzat ere. Haren obra zabalean, auzietan biltzen den informazio genealogikoa bildu eta argitaratu zuen, eta ez hainbeste hura deskribatu.

Haren lana hainbat kargu eta ohoreren bidez aitortu zioten. Sarien artean izan zituen: Alfonso X.a Jakitunaren Gurutze Handia, Karlos III.arena eta Isabel Katolikoarena. Espainia, Venezuela, Buenos Aires eta Txileko Historiaren Errege Akademietako kide urgazle izan zen, eta Alfontso XII.aren Ordena Zibilaren zaldun-titulua jaso zuen.

Obrak

Libro de curiosidades relativas a Valladolid (askotariko lanen bilduma), 1807-1833.

Historia y Organización del Archivo de la Real Chancillería de Valladolid, Madrid: Tip. Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos, 1908, 31 or.; eta RABM, 18. (1908ko urtarrila-ekaina), 370-384. or., eta 19 (1908ko uztaila-abendua), 87-101. or.

«El Príncipe de Gales en Valladolid en 1623», Boletín de la Sociedad Castellana de Excursiones, III. libk., 67 (1908), 453-454. or.

Las constituciones y los realistas de Fernando VII [Valladolideko Zientzien Kongresuan aurkeztutako lana], Madrid: Imp. de Eduardo Arias, 1915, 12 or.

Sala de los Hijosdalgo: catálogo de todos sus pleitos, expedientes y probanzas formado directamente de los documentos, Valladolid: Imp. Diario Regional, 1920-1922, 4 libk.

Los Archivos de Valladolid, Madrid: Tip. de la «Revista de Archivos, Bibliotecas y Museos», 1921, 25 or.

«Genealogía y nobleza», BRAH, 78 (1921), 437-456. or.

Fuentes para la Historia de los gremios, Valladolid: Imp. Casa Social Católica, 1921, 46 or.

«Memoria histórica y descriptiva del Archivo de la Real Chancillería de Valladolid», RABM, 42 (1921), 793-814. or.

Genealogía y nobleza: quinientos documentos estudiados, Madrid: Tip. Edit. Reus, 1922, 173 or.

Nobleza vizcaína. Estudio genealógico de pleitos sobre vizcainía y mayorazgo del Señorío, Valladolid: Imp. Casa Social Católica, 1927, 454 or.

Nobleza alavesa. Nobiliario compuesto con documentos inéditos de la Real Chancillería de Valladolid, Valladolid: Imp. Castellana, 1930, 439 or.

MENDIZABAL, F. kin, Nobleza guipuzcoana, Madrid: Tipografía de Archivos, 1933, 168 or.

Catálogo genealógico de Vizcainías. Adición a la obra «Nobleza vizcaína», Madrid: Tip. de Archivos, 1934, I. libk., A-L; II. libk., Ll-Z.

Nobiliario documental de Guipúzcoa, Valladolid: Gráficas Perdiguero, 1944, 312 or.

Francisco MENDIZABALekin, «Archivo de la Real Chancillería de Valladolid. Sección de Protocolos», Hidalguía, 4. zk., 141-148. or.; 5. zk., 329-336. or; 7. zk., 745-752. or.; 8. zk., 65-72. or., Madrid, 1954-1955.

Archivo de la Real Chancillería de Valladolid, Sala de los Hijosdalgos: catálogo de todos sus pleitos, expedientes y probanzas, Madrid: Hidalguía. Instituto Internacional de Genealogía y Heráldica, I. libk., A-F, 1955, 328. or.; II. libk., G-M, 1956, 309. or.; III. libk., N-U, 1956, 300. or.; IV. libk., V-Z eta Gehigarria, 1956, 103 or.

Bibliografia

CADENAS Y VICENT, V., Notas para la historia de la Asociación de Hidalgos, Madrid: Hidalguía, 2004.

EMPERADOR ORTEGA, C., «El Archivo de la Real Chancillería de Valladolid y la Sala de Vizcaya: fondos documentales producidos por una sala de justicia en el Antiguo Régimen», Revista Clío & Crimen, 10 (2013), 13-34. or.

MARTÍN POSTIGO, M.ª de S., Historia del Archivo de la Real Chancillería de Valladolid, Valladolid: Egileak argitaratua, 1979, 687 or.

RUIZ CABRIADA, A., Bio-Bibliografía del Cuerpo Facultativo de Archiveros, Bibliotecarios y Arqueólogos, 1855-1955, Madrid: Junta Técnica de Archivos, Bibliotecas y Museos, 1958, 139-141. or.

VEGA MARTÍN, V., Personajes Mojandeses, Villaviciosa de Odón (Madrid): SP Editores, 1997, 136-148. or.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP