Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE GIPUZKOAKO EGILEAK ETA OBRAK

BARROETA-ALDAMAR HURTADO DE MENDOZA, Joaquin de (Getaria, Gipuzkoa, 1796ko otsailaren 27a – Madril, 1866ko urriaren 30a).

Karguak eta lanbideak

 Getariako alkatea, Gipuzkoako ahaldun nagusia eta senataria


Ibilbidea

Gipuzkoako, Burgosko eta Errioxako familia nobleen oinordekoa izan zen, guztiak ere mugimendu ilustratuari lotutakoak. Maila ekonomiko erosoa zuen, bai onibar-jabetzak izateari esker, bai XVIII. mendean Amerikara burdinazko ontziak esportatu izanari esker, zertarako eta merkurioa ga- rraiatzeko. Aita ahaldun nagusia izan zen inbasio errepublikanoaren ga- raian eta ordezkarietako bat konbentzionalekin estatus berri bat negozia- tzeko probintziarako, Frantziako Errepublikak lurraldea beretzen bazuen. Beste ordezkari bat Echave Asu Romero izan zen, hau da, haren koinata eta, halaber, ahaldun. Horrek «Gipuzkoako bereizketa» deritzon gertakaria sorrarazi zuen. Gero, Jose I.aren erregealdian, 1808an, Asturiasko intendente eta Santanderko prefet kargua bete zuen. Baina Fernando VII.arekin batera, haren ordena eta arau absolutistako erregimena itzuli zirenean, berak eta etxekoek berriz ere Frantzian erbesteratu behar izan zuten eta er- bestean hil zen. Gure gizonaren aitaren ikuskerarekin bat, ideia ilustratuek erregeen despotismoaren aurkako izaera zuten, eta herrialdea, askatasunak eta Foruak babestearen aldeko jarrera eta jarduera sustatzen zituzten. Haren familia ikuskera horretan oinarriturik hazi zen, bere maila soziala ere hartan bermatuta.

Joaquin de Barroeta-Aldamarrek heziketa zaindua jaso zuen literatura greko eta latinoan, natur zientzietan, zientzia fisikoetan eta matematikan, eta ederki moldatzen zen euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz; gainera, tes- tuak zazpi hizkuntzatan itzultzeko gai zen. 1813an, Frantziako ikastetxetik alde egin, Iberiar penintsulara itzuli eta boluntario sartu zen Angladako baroiaren tropetan Napoleonen armadari aurre egiteko. Une hartatik aurrera, haren ekinbideak ekintza politikoa izan zuen ezaugarri, eta gogotik saiatu zen Foruak egokitzen Probintziaren eta Monarkiaren arteko harremanak urte nahasi haietan baldintzatu zituzten garai politikoetara. Ardura horrez gain, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren hobekuntza sustatu zuen bere lu- rretan eta, are, bere burdinoletako burdina hobeki fabrikatzeko ahalegina egin zuen. Beste herrialde batzuetako industrian izaniko aurrerapenei adi, bere lurretan Tibeteko ahuntzak sartu zituen kaxmirrezko artilea lortzeko. Bere asmo politikoek, ordea, kinka larrian jarri zituzten ahalegin eta hobekuntza haiek oro, politikan gertatu zitzaizkion ezbeharrak bere diru eta ondasunen bidez ordaindu behar izan zituelako.

Haren ibilbide politikoa 1815ean hasi zen, Getariako alkate izendatu zutenean. 1816an, prokuradore batzarkide gisa bertaratu zen Zestoan egindako Batzar Nagusietara. Bilkura haietan, Madrilen jarduteko batzorde iraunko- rrean parte hartzeko izendapena erdietsi zuen. Garai haietan, Madrilgo gobernuak serioski hasi ziren foru sistema zalantzan jartzen, erreinatzen zuen Monarkiaren aginte absolutistak bultzaturik. Madrilen mandatari egon izanari esker, Baskoniako foru sistemak zalantzan jartzen zituzten azpijoko poli- tikoez jabetu zen zuzenean.

Agian, egonaldi hark eta absolutismoaren aurkako bere iritziek bultzaturik agertu zen Konstituzioaren eta erregimen liberalaren alde Hirurteko Liberalean (1820-1823). Konstituzioaren printzipioak defenditu, eta San Lui- sen Ehun Mila Semeen armadak Iruñean hartu zuen preso. Behin aske utzita, denborarekin politikagintzan hasi zen berriro eta, 1828an, Probintziako ahaldun nagusi hautatu zuten bere eskualdearen ordezkari izateko; 1830ean, aitoren seme titulua eman zioten eta, 1831n, Gorteetako diputatu atera zen.

1831n, buru-belarri aritu behar izan zuen, Esteban Hurtado de Mendoza lehengusuarekin batera, Probintziari bere polizia kendu zion Errege Aginduaren indargabetzea lortzeko. Lehengusuek helburua erdietsi zuten eta polizia probintziako jurisdikziora itzuli zen. Arrakasta horrek kargu nabarmenagoetan sartzeko aukera eman zion, baina burdinolak eta artilea ekoizteko bere enpresak kudeatzeko lanetan aritzea hobetsi zuen. Gipuzkoako boluntarioen tertzioetako zortzi batailoietako baten agintea bakarrik hartu zuen.

Karlistaldia piztean, Maria Kristina erregina gobernariaren bandoaren alde borrokatu zen. Ondorioz, bere ondasunak erre eta errentak bahitu zizkioten. Baionan erbesteratua (1836), Bakea eta Foruak ekimena bultzatu zuen Villafuertesko kondearekin, Monterrongo kondearekin eta Alamedako markesarekin batera, euskal lurraldeak baketu nahian. Hura Foruak babesteko planteamendua izan zen, tronuan nor zegoen alde batera utzita. Barroeta-Aldamartarrak badirudi konstituzioan oinarritutako erregetza liberalaren aldekoak zirela, baina aldi berean Baskoniako foru sistemak errespetatuta eta ba- liozkotuta.

Behin gerra zibila bukaturik, Esparteroren Erregeordetzaren aurka matxinatu zen 1841eko urriko altxamenduan. 1841ean, alderdi moderatuarekin aritu zen azpilanean Maria Kristina erreginaren alde eta Esparteroren aurka. Foruak babestea izan zuen xede, Esparterok Foruak indargabetzeko asmoa baitzerabilen. Azpijokoak, ordea, porrot egin zuen, eta berriz ere erbesteratu zen Frantzian. Ondasun eta errenta guztiak bahitu zizkioten. Beraz, bizitzan bigarren aldiz, politikan aritzeak bere ondarearen eta errenten galera erakarri zion.

Erregimena 1843an aldatu zenean, eta alderdi moderatuaren babesean, estatuko administrazioan hasi zen karguak betetzen, merkataritza eta industria sustatzeko jardueren arloan. 1843an bertan, senatari izendatu zuten. Handik aurrera izandako kargu ugariren artean, nabarmentzekoa da Soriako probintziako errenta-intendente aukeratu zutela (1845) eta Aduanetako Zuzendaritza Nagusiko aholkulari (1846). Gobernuan egindako lanarekin batera, Foruak defenditu zituen Gortean. Foruak Espainiako Konstituzioan txertatzearen al- dekoa zen, Gerrate Karlistaz geroztik defenditu zuen ideiarekin bat. Bere diskurtsoan, Europako beste gobernu molde batzuk ekartzen zituen hizpidera (Norvegia, Suedia, Danimarka, Prusia, Austria, Konfederazio Germaniarra eta Britainia Handia), Baskongadetako erregimen berezia Espainiako estatuaren barnean justifikatzeko. Foruzaletasunaren alde egindako lana aitortu zioten probintzietan. Bilbon, esaterako, ereserki bat konposatu zuten haren omenez

«Desde hoy en adelante / unidos siempre irán / los dos nombres queridos / de fueros y Aldamar. / ¡Ay, ay, ay, mutillak / los fueros y Aldamar!». Gipuzkoan, berriz, ahaldun nagusi izendatu zuten 1864an. Foruen defendatzaile bikaina izateagatik Baskonian ospe nabarmena eta fama handia erdietsiak zituen pertsona bat jarri zuten karguan. Gipuzkoako izendapenaz gain, Araban eta Bizkaian «Probintziako Aita» izendatu zuten.

1864ko ekainean, Foruak gogoz eta gartsu defenditu zituen Senatuan, haien indargabetzea proposatzen zuten senatarien hitz ere gartsuen aurka. Baskoniako sistema eta erregimen foralen indarraldia eta jarraipena aldeztu zituen; hiru Probintzietan, bereziki, haren jarreraren arabera, eta Nafarroan. Munduko beste alde batzuetako ekimenak aintzat hartu eta bere labore eta lantegien onerako ezarri zituen bezala, garai hartan Europako beste herrialdeetan ziren esperientziak konparazio bidean ekarri zituen bere diskurtsora, bere planteamenduaren zentzutasuna frogatzeko, edota, planteamenduaren bideragarritasuna, gaur egun esango genukeen bezala. Haren iritziz, Foruei eustea konstituzionala zen. Ez zuen monarkia konstituzionala zalantzan jartzen, baina susmo txarra hartzen zion konstituzioaren eta Foruen arteko kontratua barnebiltzen ez zuen erregimenari. Horrela, euskal probintzietan eta erresuma zaharrean bakea eta egonkortasuna bermatzen ziren; egonkortasuna gizartean, politikan eta ekonomian. Planteamendu horrek Foruen defentsaz zekarren ikuskera hori Baskoniako lurraldeen autonomia politikoa eta ekonomikoa ziurtatzeko modu bat zen. Hark hitzez hitz esan zuenez, Foruek autonomia irudikatzen dute, hots, «la autonomía bajo el dominio emi- nente de los Reyes de España… la felicidad de un pueblo libre». Ongi argudiatutakok hitzak erabiltzen zituen aurre egiteko foru erregimena iraintzeko hitz gartsu, mingarri eta sutsuei. Honelako argudioak, zehazki: «ni euskal- dun baldarra naiz eta, hizkuntza batzuk ikasi ditudan arren, aise ezagutzen dira nire hizketan Euskararen arrastoak, hitz egin nuen lehena baita, ahaztuko dudan azkena, ezagutu dudan hizkuntzarik perfektuena. Euskalduna naiz, jaunok: eta ez zaituzte harrituko nire arraza defendatzeak».

Eta honatx haren konpromisoa: «liberal kontsekuente gisa, ez iraultzaile gisa, (…) euskal erakundeak defenditzea, Europan diren libreenak eta liberalenak baitira, hantxe bakarrik kontserbatu diren askatasun zaharren aztarna beneragarriak, egiazko liberal den orok haien kontrako erasorik egin ez deza- keena sakrilegiorik egin gabe, ezta espezimen gisa balio izateko ere. Han, ohiturak dituen herri bati dago aplikatua, mendetako azturak dituena bere burua hain erakunde libreen bidez gobernatzeko, ordena publikoarendako arris- kurik gabe». Horra, beraz, foru berrezarpenean oinarritutako konpromisoa 1839an; eta, haren iritziz, foruak hankaz goratzea ezegokia litzateke ordena sozialerako. Eta bere arrazoiaren zorroztasuna eta zentzutasuna bermatze aldera, garai hartako Europako egoera ekarri zuen bere diskurtsora, defenditzen zuena bideragarri zela frogatzeko. Kasu bat aipatu zuen bereziki; haren iritziz, eredugarria: «Britainia Handia, hiru zati handik osatua, hots, Ingalaterrak, Eskoziak eta Irlandak; ezberdintasun nabarmenak ditu bere antolamenduan eta ordezkaritza parlamentarioan. Zati horietako bakoitzak administrazio ezberdina dauka. Baina ez da hori gauza berezia; ikusgarriena da ia legedi osoa ohiturazkoa dela eta ezberdina dela herri batena eta bestearena».

Obrak

«Reseña histórica sobre la organización política de las Provincias Vascongadas»,

El Corresponsal, 1010. eta 1012. zenbakidun aleak (1842ko martxoaren 7a eta 9a).

Opinión del Sr. D. Joaquín de Barroeta Aldamar, vocal de la Junta de Aranceles, sobre la protección que reclaman del Gobierno de S. M. los fabricantes de artículos de hierro, en el estado actual de su industria en España, Madril: J. Martín Alegría, 1850.

Crítica de los fueros de las Provincias de Alava, Guipuzcoa y Vizcaya. Discursos pro- nunciados en el Senado por los Escelentísimos Señores D. Manuel Sánchez Silva,

D. Pedro de Egaña, y D. Joaquín Barroeta y Aldamar. Con notas y documentos ofi- ciales, por Don Manuel García González, Madril: Clamor del Pueblo inprenta, 1864.

Bibliografia

AGIRREAZKUENAGA, J., «Joaquín Francisco Barroeta-Aldamar Hurtado de Mendoza», Diccionario Biográfico Español, Madril: Historiaren Errege Akademia. Online edizioa: http://dbe.rah.es/biografias/32091/joaquin-francisco-barroeta-aldamar-hurtado-de-mendoza (2019ko uztailaren 17an egindako kontsulta).

— (zuz.), Diccionario biográfico de los parlamentarios de Vasconia (1808-1876), Gasteiz: Eusko Legebiltzarra, 1993, 229-235. orr.

CHACÓN, P. J., Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Axular Atea Ar- gitaletxea, 2015.

OTAZU Y LLANA, A. eta DÍAZ DE DURANA, J. R., El espíritu emprendedor de los vascos, Ma- dril: Sílex, 2008, 657-658. orr.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP