Karguak eta lanbideak
Historialaria, liburuzaina eta hispanista
Ibilbidea
Bigarren hezkuntzako ikasketak sortirian egin zituen, eta bertan ezagutu zuen Paul Alphandery, bizitza osoko haren adiskide handia. Hiri bereko Letren Fakultatean hasi zen goi-mailako ikasketetan, eta Sorbonan amaitu zituen 1897ko ekainean, historiako lizentziatu. Bere memoriak Étude sur le règne de Ferdinand I, roi de Castille et de Léon (1035/37-1065) zuen izena. Gero, harremanetan jarri zen École Pratique des Hautes Étudesekin, eta bertan areago bizkortu zitzaion Espainiako Goi Erdi Aroa ikasteko interesa. Horregatik eta arabiar iturriak kudeatzeko premiaz jabetuta, ikasketak egin zituen Ekialdeko Hizkuntzen Eskolan ere.
1898 eta 1899 artean, Madrilera bidaiatu zuen Artxibo Historiko Nazionala ikertzeko beka batekin. 1901ean, Pariseko Unibertsitateko liburutegian hasi zen lanean. Bertan, Jules de Chantepieren laguntzaile gisa lan handia garatzeaz gain, iturri eta ikerketa-bitarteko moderno ugari aurkitu zituen. Gainera, Revue de synthèse historique aldizkariaren erredakzioko partaide izatera pasa zen, Henri Berrek hasi berria eta Annalesei buruzko eskola historiografiko handiaren ernamuin. 1898 eta 1921 artean, Euskal Herrirako interes handiko hainbat artikulu eta azterketa historiko argitaratu zituen lehen lerroko zenbait aldizkari frantsesetan (Mélanges d’historie du Moyen Âge, Revue de Bibliothèques eta, batez ere, Revue Hispanique). Horietan, Goi Erdi Aroari erreparatu zion batez ere, eta azterketa horietako batzuetan esplizituki lantzen zen Baskoniako lurraldea, hala nola Les Origines du Royaume Navarre d’après une theórie récente (1900) edo Les premiers rois de Navarre (1906). Aldiz, beste batzuetan, zeharka egin zuen hori, Euskal Herria antzinako Asturiasko Erresumaren partaidetzat hartuz, hauexetan: Chartes de l’église de Valpuesta: du IX au XIè siècle (1900) edo Recherches sur l’histoire politique du royaume asturien (718-910), 1921ekoa, doktoregorako haren tesia izan zena. Harrezkero, 22 argitaraldi izan ditu 2018 arte, frantsesez zein gaztelaniaz. Atal honetan, halaber, aipagarria da La Gascogne haren lana (1903).
Haren obran, Katalunia sartu zuen, orobat, eta bere ospea zela eta, Ikasketa Katalanen Institutuaren mandatua jaso zuen Gesta comitum Barcinonensium delakoaren latinezko edizioak argitaratzeko (1925). Jaume Masso y Torrents, berriz, bertsio katalanaz arduratu zen. Hamar argitaraldi izan ditu ordutik 2007 arte. Dudarik gabe, hispanista aitzindaritzat har daiteke eta, une hartan, hispaniar Erdi Aroa hobekien ezagutzen zuenetako bat.
Historiografiatik ikusita, aipagarri ditu Manuel del hispanisant eskuliburuko bi liburukiak. Eskuliburu hori 1920 eta 1925 artean ondu zuen, Raymond Fouche-Delbosc bere lagunarekin —Revue Historique aldizkariaren sortzaile—. Hasierako egitasmoaren aldean, idazlan hori amaitu gabe geratu bazen ere (lau liburukitik bi), erreferentzia metodologiko bat bilakatu zen luzarorako.
Gerra (1914-1918) lehen eskutik ezagutu zuen Verdungo frontean. Eten horren ondoren, ordea, liburutegiko lanera eta bere ikerketetara itzuli zen. Hala, 1921eko maiatzaren 28an, doktore-titulua eskuratu zuen Sorbonan, jada aipatu dugun Recherches sur l’histoire politique du royaume asturien (718-910) lanarengatik. 1922an, Farmazia Fakultateko liburuzain izendatu zuten, eta 1926ko urtarrilaren 1ean, Sorbonako liburutegiaren zuzendari. Bibliotekonomiaren arloan, nabarmentzekoa da Revue des Bibliothèques zuzendu zuela.
1931ko neguan, osasunak okerrera egin zion nabarmen eta, azkenean, infekzio orokor batek jota hil zen urte bereko abuztuaren 1etik 2rako gauean.
Obrak
Les Origines du Royaume de Navarre d’après une théorie récente», Revue Hispanique, 7 (1900), 141-222. or.
«Chartes de l’église de Valpuesta: du IXè au XIè siècle», Revue Hispanique, 7 (1900), 273-389. or.
«Fragments inédits des Gesta comitum Barcininensium et regnum Aragoniae», Revue Hispanique, 9 (1902), 472-484. or.
«Notes et documents sur l’histoire du royaume de Léon: Chartes royales léonaises (912-1037)», Revue Hispanique, 10 (1903), 349-454. or.
«La Gascogne», Revue de synthèse historique (1903) (aparte in Paris: Le Cerf, 1903).
POUPARDIN, R-rekin, Cartulaire de Saint-Vicent-de-Lucq, Pau: Garet, 1905.
«Note sur le Tumbo Viejo de l’Église cathédrale de Lugo», Revue Hispanique, 12 (1905), 591-602. or.
FOUCHÉ-DELBOSC, R-rekin, Manuel de l’hispanisant, New York: Hispanic Society of America, 1920 eta 1925, 2 libk.
«Les premiers rois de Navarre», Revue Hispanique, 15 (1921), 614-644. or.
«Recherches sur l’histoire politique du Royaume Asturias (718-910)», Revue Hispanique, 52 (1921), 1-360. or.
«Étude sur les actes des rois Asturiens, 718-910», Revue Hispanique, 46 (1921), 1-192. or.
«Note sur le codex de Meyá», Revue des Bibliothéques, 30-31 (1922), 37-56. or.
Gesta comitum Barcinonensium, Barcelona: Institut d’Estudis Catalans, 1925.
Cròniques catalanes, Barcelona: Institut d’Estudis Catalans, 1925, 166 or.
Deux traditions musulmanes sur l’expédition de Charlemagne en Espagne, Paris: Librairie ancienne Édouard Champion, 1925.
Bibliografia
ALPHANDERY, P., «Bibliographie de L. Barraou-Dihigo», Revue Hispanique, 81. libk., 2 (1933), 515-536. or.
BALCELLS, A., Historia de la historiografía catalana, Barcelona: Institut d’Estudis Catalans, 2004.
LINEHAN, P., Historia e historiadores de la España medieval, Salamanca: Universidad de Salamanca, 2012.
LOT, F., «Louis Barrau-Dihigo», Annuaires de l’École Pratique des Hautes Études (1932), 28-38. or.
NIÑO RODRÍGUEZ, A., Cultura y diplomacia: los hispanistas franceses y España de 1875 a 1931, Madrid: CSIC, 1988.
PROCTER, E. S., «Louis Barrau-Dihigo: his work in spanish history», Revue Hispanique, 81. libk., 2 (1933), 507-514. or.





