Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE PORTUGALGO EGILEAK ETA OBRAK

BARCELOS, Petri (Petri Alfontso Portugalgoa, Barcelosko kondea) (Portugal, ca. 1282 – Lalim, Portugal, 1354).

Karguak eta lanbideak

Portugalgo noblea eta Barcelosko hirugarren kondea. Poeta, trobalaria eta historialaria

Ibilbidea

Zenbait iturriren arabera, Dionisio I.a Portugalgo erregearen lehenbiziko seme–alaba naturala izan zen. Poeta eta trobalaria izan zen, aita bezala, eta eginkizun garrantzitsua bete zuen bere garaiko bizitza politikoan eta kulturalean. Berari zor dizkiogu Portugalgo Erdi Aroko literaturako testu garrantzitsuenetako asko. Branca Peresekin ezkondu zen lehen aldiz. Emaztea oso aberatsa zen, eta, hura hiltzean, Barcelos erresumako gizon aberatsenetako bat bihurtu zen. Bere gizarte-maila sendotu zuen bigarren ezkontzarekin. María Jiménez aragoiarrarekin ezkondu zen bigarren aldi horretan, baina handik gutxira banandu ziren.

Gaztelan erbesteratu zen, Dionisio I.aren eta printze oinordeko Alfontso Adoretsuaren arteko gatazkaren ondorioz, eta Gaztelako gorteko kultura–jardueretan parte hartzen hasi zen —bere birraitona Alfontso X.a Jakitunak abiatutako lan handia jarraitu zuen—. Erbestetik itzultzean, 1322an, konfiskatu zizkioten ondasun guztien jabetza berreskuratu zuen. Bere aita 1325ean hil zen, eta, handik gutxira, Barcelos bere anaiordearen gortetik urrundu zen apurka-apurka, ez baitzen ondo moldatzen harekin. Lalimeko bere jabetzetan bizitzera joan zen, eta kulturgune garrantzitsu bat sortu zuen han. Taroucako San Juan monasterioan hilobiratu zuten.

Barcelosek utzitako kultura-ondarea Hispaniako Erdi Aroko garrantzitsuenetako bat da. Galiziako eta Portugalgo trobalarien kantigak bildu zituen. Bere testamentuan, kantiga-liburu bat utzi zion bere iloba Alfontso XI.ari, baina ez dakigu non dagoen liburu hori. Nabarmentzekoa da, halaber, Livro de Linhagens lana (1340), Portugalgo Erresumako leinu garrantzitsuenen genealogia-liburua. Lan horretan, Penintsulako erresumetako errege-etxeen eta nobleen jatorriak eta ondorengotza jaso zituen. Bestalde, Gaztelako eta Portugalgo erresumen historiari buruzko liburu bat idatzi zuen: Cronica Geral de Espanha (1344). Azken lan hori 1344an idatzi zen jatorriz, baina, denboraren joanean, zenbait aldaketa egin dira testuan —zenbait eskuizkribuk osatzen dute—, Alfontso X.a Jakitunak idatzitako Historia de España lanarekin bat etor dadin.

Livro de Linhagens lanean, Barcelosek Nafarroako errege-erreginei buruz idazten du orrialde batean, eta xiv. mendeko tradizio mitikoari jarraituz, okerreko genealogia bat adierazten du. Eneko Aritzatik abiatzen da, eta, gero, Gartzea Enekoez, Antso Abarka, Gartzea Dardartia eta Antso Jakituna aipatzen ditu. Barcelosek gehiago asmatu zuen, Harotarren leinuaren, Bizkaiko jaunen, genealogia berregitean. Leinu horren berri eman zuen IX. tituluan («De como os de Biscaia, por nam terem senhor, tomarom por senhor Froom, irmão d’el rei de Ingraterra, que i veo teer com um seu filho, e como dele descenderam os de Bizcaia»). J. R. Prietok lan hori aztertu du, eta uste du Barcelosek, Harotarrei buruz egin zuen bilakaera genealogikoan, familia horren bizitzari, irudiari eta antolaketari buruzko formulazio interesgarria egin zuela, familia horren ibilbidearen zenbait etapatan. Besteak beste, alderdi hauek landu zituen: onomastika, genealogia eta Bizkaiko jaunen leialtasuna Gaztelarekiko.

Obrak

Livro de Linhagens, ca. 1340-1344. Mattoso, J. (arg.): Livro de Linhagens do Conde D. Pedro. Portugaliae Monumenta Historica, Nova Série, 2.1, Lisboa: Academia de Ciências de Lisboa, 1980.

Crónica Geral de Espanha, 1334.Lindley Cintra, L. F. (arg.): Crónica Geral de Espanha de 1334 (en portugués). Edición crítica do texto português, Lisboa: Imprenta -Nacional-Casa da Moeda, 1990. Gaztelaniazko itzulpena: Catalán, D.; de Andrés, M. S.: Edición crítica del texto español de la Crónica de 1344 que ordenó el conde de Barcelos, Don Pedro Alfonso, Madrid: Gredos, 1971.

Bibliografia

Alves Moreira, F.; Askins, A. L.-F.: A Crónica de 1344 para além de Pedro de Barcelos: perspectivas recentes e novidades in eHumanista: Journal of Iberian Studies, 31 (2015), 64.-79. or.

Catalán, D.: De Alfonso X al Conde de Barcelos: cuatro estudios sobre el nacimiento de la historiografía romance en Castilla y Portugal, Madrid: Seminario Menéndez Pidal; Gredos, 1962.

Ferreira, M. R.: «D. Pedro de Barcelos e a representação do passado ibérico» in Ferreira, M. R. (arg.), O Contexto da Historiografia portuguesa nos séculos xiii e xiv (em memória de Diego Catalán), Coimbra: Imprensa da Universidade, 2010, 81.-106. or.

— «A estratégia genealógica de D. Pedro, Conde de Barcelos, e as refundições do Livro de Linhagens» in E-Spania. Revue électronique d’études hispaniques médiévales, 11 (2011), aldizkari elektronikoa.

— «Proyecto “Pedro de Barcelos y la monarquía castellano-leonesa”» in Atalaya, 14 (2014), aldizkari elektronikoa.

— «Pedro de Barcelos y la escritura de la historia: estructura de la redacción original de la Crónica de 1344» in Carta, C.; Finci, S.; Mancheva, D. (argk.): Antes se agotan la mano y la pluma que su historia/Magis déficit manus et calamus quam eius historia. Homenaje a Carlos Alvar, Madrid: Centro Internacional de Investigación de la Lengua Española, 1. libk., 2016, 103.-120. or.

Prieto Lasa, J. R.: «La genealogía de los Haro en el Livro de Linhagens del Conde de Barcelos» in Anuario de Estudios Medievales, 43. libk., 2. zk. (2013), 833.-869. or.

Aipamen bibliografikoa

Jimeno Aranguren, R., Noain Irisarri, J.J,  “Barcelos, Petri”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 324-325.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP