Karguak eta lanbideak
Militarra eta idazlea
Ibilbidea
Jose Javier de Barkaiztegi Manso Madrilgo Isabel la Católica kaleko 12an jaio zen 1881eko martxoaren 12an. Handik hamar egunera, San Martin parrokian bataiatu eta Hondarribiko Guadalupe gotorlekuan erail zuten 1936ko irailaren 4an. Llobregateko kondea noble-tituluarekin zen ezagunagoa.
Javier Jose de Barkaiztegi Uhagon (Frantziako Bordelen jaioa) eta Maria del Carmen Manso Perez de Tafalla senar-emazteen seigarren semea izan zen. Ama, Madrilen jaioa, Blas de Lezoren ondorengoa zen, bai eta Llobregateko III. kondesa eta Montserrateko III. bizkondesa ere.
Hainbat titulu izan zituen: Llobregateko IV. kondea (1896az geroztik), Tabalososko IV. markesa (1904az geroztik), Calatravako Ordena Militarreko zalduna 1903an, Zalditeriako komandantea, Alfontso Borboikoa infantearen Etxeko ofiziala, eta Frantziako Ohorezko Legioko zalduna, Portugalgo Avisko San Benitokoa, Bavariako San Migelgoa, Belgikako Meritu Militarrekoa, eta Italiako Koroako komendadorea. Halaber, San Hermenegildoko gurutzea, Meritu Militarrekoa eta beste batzuk eman zizkioten.
Valladolideko Zalditeriako Akademia Militarrean sartu zen gazte-gazterik eta jarduera nagusiak miliziaren arloan burutu zituen. Kanpaina egin zuen Melillan, Indar Erregular Indigenen antolaketan parte hartuta. Geroago, Husarren Erregimentukoa izan zen, bai eta Errege Eskoltako kidea ere. Azken urteetan —Espainiako Bigarren Errepublika etorri zenean armadatik erretiratu aurretik—, Serralloko kondearen laguntzailea izan zen (Serrallo Gerra ministroa zenean), bai eta Berenguer jeneralarena ere.
1904ko apirilaren 13an, bere bigarren lehengusina Maria de Uhagon Barriorekin ezkondu zen (Madril, 1884ko uztailak 3 – †1948ko apirilak 26). Hura Laurencingo I. markesaren alaba zen (ikus Uhagón Guardamino, Francisco Rafael de, Laurencingo markesa).
Haren lan historiografikoa murritza da, hots, Blas de Lezoren biografia bat, Hondarribiko Zuloaga familiari buruzko biografia-ohar batzuk eta, batez ere, herri horren gaineko monografia historiko bat.
Obrak
«Los Zuloaga de Fuenterrabía. Notas biográficas», BRAH, 72 (1918ko urtarrila), 48-81. or.
Zuloaga-Aundi y sus dueños, Irun: Tip. Valverde, 1926, 14 or.
Un general español cojo y tuerto, don Blas de Lezo, Irun: B. Valverde, 1927, 39 or.
Fuenterrabía. Noticias históricas, Madrid: Talleres Voluntad, 1930, 196 or. (2. arg. Donostia: Gráficas Fides, 1942, 194 or.).
«Fuenterrabía. Notas para su bibliografía. Relaciones y documentos», BRSBAP, I. urtea, 4. koadernoa (1945), 425-438. or. Hilondoko obra.
Bibliografia
AMÉZAGA, E., Autores vascos, Bilbo: [E. Amézaga], 1984-1996, 9 libk. (II. libk., 1987, 182-183. Or.).
SAN JUAN DE PIEDRAS ALBAS, marqués de, Héroes y mártires de la aristocracia española, Madrid: S. Aguirre inprimategia, 1945, 393-394. or.
UHAGÓN CASANUEVA, V., Memorial genealógico de la casa de Uhagón, Madrid, 1949.





