Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE Bizkaiko egileak eta obrak

BALPARDA DE LAS HERRERIAS, Gregorio (goitizenez, Rodrigo P. de Barelaga) (Bilbo, 1874ko urtarrilak 17 – Bilbo, 1936ko abuztuak 31).

Karguak eta lanbideak

Historialari eta politikaria.

Ibilbidea

Zuzenbidea eta Filosofia eta Letrak ikasi zituen. 1905ean, Segismundo Moret buru zuen Gobernua osatu zenean, alkate izendatu zuten. 1905eko azaroan udala partzialki berritu zenean, ordezkari dinastiko bakarra bera zen. Maura 1907an erori izanak dimisioa aurkeztera eraman zuen, baina zinegotzi izaten jarraitu zuen 1909ra arte.

Bilboko El Sitio elkarte liberaleko presidente hautatu zuten urte hartan bertan, eta Bizkaiko sektore liberal guztiak elkartzen saiatu zen, errepublikazaleekin eta elementu sozialista gutxi batzuekin hauteskunde bloke bat sortzeko, baina ez zuen lortu. 1910eko urtarrilean alderdi liberal monarkikoarekin lotutako proiektu liberal bateko zuzendaritza probintzialean sartzen saiatu zen. Apirilean, Horacio Echevarrieta errepublikazalearen (eta, Balpardaren ustez, nazionalisten aliatu) hautagaitza babestu izanak sortutako desadostasunak zirela medio, alderdia uztea erabaki zuen. Echevarrietak El Liberal egunkaria erosi zuen, eta Balpardak bertan idatzi ohi zuenez, 1916ko otsailean La Opinion astekaria sortu zuen, baina hurrengo urtean itxi zuen. 1918an Santiago Albaren alderdiko kide sortzaile bezala ageri da, Izquierda Liberalekoa. Martxoan Balmasedaren ordezkari bezala aurkeztu zen gorte hauteskundeetara. Mauristen, kontserbadoreen, errepublikanoen eta sozialisten babesa izan arren, Ramon de la Sotaren aurka galdu zuen. 1919ko ekainean, Balparda Balmasedako hautagai bezala aurkeztu zen berriro, Liga de Acción Monárquicako kide bezala, nahiz eta bertako elkarte sozialistaren babes esplizitua ere izan. Hauteskunde kanpainan, bere kotxearen kontrako tiroketatik onik ateratzea lortu zuen Portugaleten. Hautatua izan ondoren, nazionalistek probintzian lortutako hiru aktak bertan behera gera zitezen lortu zuen, irregulartasunak zirela medio. Urte horretan bertan, hauteskundeak izan ziren berriro. Orduan, sozialistek beren hautagai propioa aurkeztea erabaki zuten, Oscar Perez Solis (urtebete geroago alderdi komunista sortu zuen eta aurrerago Falange espainiarreko militante izatera pasa zen). Balpardak nazionalistekin akordioak izatea leporatu zion hautagai sozialistari, eta, gutxigatik, baina berriro hauta zezaten lortu zuen. 1923ko maiatzean berriro aurkeztu zen, beste behin Liga de Acción Monárquicarekin, Balmasedako ordezkari izateko, eta bere akta berritzea lortu zuen. Irailean Primo de Riverak Berrezartzearen erregimena bertan behera utzi zuen estatu kolpea eman zuenean, Balpardak argi eta garbi adierazi zuen bere desadostasuna. Politika alde batera utzita, ikerketa historiko eta juridikoetan sakontzeari ekin zion. 1929an Bilboko Zuzenbide eta Gizarte Zientzien Akademiako presidente izendatu zuten, 1901ean berak sortutako erakunde pribatua.

Bigarren Errepublika garaian, politika aktiboa alde batera utzi zuen, baina, hala eta guztiz ere, eskualdekako autonomia estatutuen aurka agertu zen. 1936an guda zibilaren hasieran Bilbon zegoen. Abuztu bukaeran Gobernu Zibilak Iparraldeko Gerra Auditoriako buru izendatu zuen —karguak Errepublikaren aurkako altxamenduarekin lotura izateagatik atxilotutako militarren aurkako fiskal izatea eskatzen zion—. Balpardak karguari uko egin zion, eta horregatik atxilotu eta «Cabo Quilates» espetxe itsasontzira bidali zuten. Egun horretan bertan, abuztuak 31 erail zuten presoak zaintzen zituzten miliziano errepublikanoek —lekuko batzuen arabera, tratu txar biolentoak jasan eta gero—. Hori dela eta, frankismoak «gurutzadaren martiri» izendatu zuen

Balparda euskal ezker liberalaren ordezkari nagusitzat har daitekeen arren, historialariek oro har ez diote arreta gehiegirik eskaini. Bere obran gehien ageri diren gaiak karlismoarekiko eta euskal nazionalismoarekiko kritika, Foruen eta Bizkaiko nortasun historikoaren interpretazioa eta euskal Estatutuarekiko kritika dira.

Balpardarentzat, karlismoa Elizaren pribilegioen eta aristokraziaren aldekoek ilustrazioaren izpirituari aurka egiteko antolatutako erantzun moduko bat izan zen. Karlismoak, berez, asmo bereizlerik izan ez arren, Balpardaren ustez, jarraian emandako liberalen garaipenek halako erresumin bat eragin zuten presentzia gehien izan zuen eskualdeetan. Hala, «egokitu gabekoen eta sektarioen guneak sortu ziren, eta horiekin batera matxinada eta protestarako joera kronikoa […], dela Gobernuaren aurka, Gobernu liberal guztien aurka, Estatuaren aurka, Nazioaren aurka edo instituzioen aurka, horiek edozein izanik ere; azken finean, Espainiaren aurka» (Balparda, 1935: 43). XIX. mende bukaeran erdigunetik, Madrildik, iritsitako guztiari eta, hortaz, liberalek proposatutako guztiari erraietatik egiten zitzaion aurkaritzak bidea ireki zuten karlismotik erregionalismo eta nazionalismora igarotzeko —biak ala biak Balpardak identifikatutako terminoak—. Ideia absolutistak Espainia osoan inposatzeak porrot egin zuenean, karlismoaren jarraitzaileetako batzuk Espainiaren ideia alde batera utzi eta norbere eskualdeari begira jartzea ekarri zuen.

Nazionalismoa eta karlismoa, funtsean, gauza bera ziren: «Garaiko izpirituaren aurkako erresistentzia eta protesta berbera adierazteko moduak». «Biak dira tradizionalistak, teokratikoak eta antiliberalak […], eta berdin da talde eta bandera ezberdinak izatea edota elementu berdinengatik gorroto bizian oinarritutako liskar ankerretan murgiltzea» (Balparda, 1918: 2).

Balpardarendako euskal nazionalismoak arrakasta handia lortu zuen bere iraganaren gezurrezko ikuspegia zabaltzerakoan. Hortaz, beharrezkoa zen beren gezurrak agerian utziko zituen egitasmo kritiko eta pedagogiko bat martxan jartzea. Lan horren begi-puntuan Foruak jarri behar ziren. Horrekin lotuta, Historia crítica de Vizcaya y sus fueros (1924, 1933-1934) izeneko lan mardulean bildutako ikerketetatik ondorioztatu zuenez, Foruak herri eta hirietako biztanleei errege-erregina desberdinek ematen zizkieten zerbait ziren, batzuetan guztiei ematen zitzaiena eta beste batzuetan gremio edo estamentu bakar bati. Gauzak horrela, ez omen zen «Foru» orokorrik existitzen, ez eta «Bizkaiko Foru» moduko ezer, eta are gutxiago «Euskal Foru» edo antzekorik (Balparda, 1929). XIX. mendera arte itxaron behar izan zen Foruak probintzia mailako autonomia moduko bat izateko. Horrez gain, Erdi Aroan zuten zentzua ez zen Gaztelaren aurrean independentzia gordetzea, nazionalistek esaten zutenaren aurka, baizik eta errege-erreginen Jaurerriaren gaineko zuzeneko subiranotasuna bermatzea. Balpardaren esanetan, Erdi Aroko bizkaitarrek Foruak eskatzen zituzten bertako erdibideko oligarkiak alde batera utzi eta zuzenean Gaztelako erregearen menpe egoteko.

Balpardaren ustez, Foruak zaharkiturik geratu ziren 1812. urtean legearen aurrean espainiar guztien arteko berdintasuna ezarri zen momentutik bertatik (Balparda, 1918). Estamentu edo probintzia baten legedia bereziak bertan behera geratu ziren Nazio guztiarentzako berdina zen legediari lekua uzteko. Konstituzio liberalak norbanakoaren eskubide eta askatasunak ezarri zituenez, nolabaiteko «foru ahalguztidun bat» zela pentsa liteke (Balparda, 1931b). Antza, demokrazia zen «Foru nagusi eta guztietan lehena» (Balparda, 1908: 20).

Lehenik, Balpardak «vasco» terminoaren egokitasuna ukatu zuen. Esaten zuenez, euskaldunak ez ziren baskoiak, beste herri bat baizik, eta hori antzinako iturriak apur bat irakurrita ondoriozta liteke. Stricto sensu ez zen egokia horiei «vasco» deitzea (Balparda, 1924). Bigarrenik, Bizkaiko bizitza historikoa sakonki loturik egon da Gaztelarekin, hainbeste, non Erdi Aroan «urruneko lurraldea, baina Gaztelaren zutoihalaren baitakoa» zela esaten zen (Balparda, 1918: XXVII). Hirugarrenik, kulturalki ere, euskaldunek ez zuten gaztelarren bestelako nortasun edo ohiturarik. Antropologo, hizkuntzalari eta historialari nazionalistek «desberdintasunak zeharo nabarmendu eta puztu egin zituzten» (Balparda 1935: 44), existitzen ez ziren berezitasunak asmatuta. Batez ere, euskararen garrantzia eta hedadura handitu zituzten. Balpardak ez zuen ukatu «altxor arkeologiko» bat zenik (Balparda, 1935: 38), baina, haren esanetan, sekula ez zen izan familiatik harago erabili zen hizkuntza bat. Euskaldunen arteko kultura hizkuntza betidanik gaztelania izan zen, eta ez inolako inposaketaren ondorioz, haiek hala hautatu zutelako baizik.

Pentsa litekeen bezala, Bigarren Errepublika garaian Balparda euskal Autonomia Estatutu bat ezartzearen kontra agertu zen erabat. Bere ustez, Estatu nazionala zen herritarren arteko berdintasun eta askatasunaren berme nagusia. Herritarrak aske ziren haiek, euren ordezkarien bitartez, beren buruari ezarritako legeak betetzean. Herritar batzuek legedia berezi bat izatea eta, hortaz, eskubide eta betebehar bereziak, guztien askatasunari eraso egiten zion. Horregatik, Estatuak ezin zuen onartu beraren eta herritarretako batzuen artean inolako tarteko botererik egotea. Hala, autonomia estatutuak Erdi Aroko feudoen antzeko zerbait zirela uste zuen. Zeinahi federalismo, funtsean, feudalismo hutsa zen.

Obrak

La región, sus derechos y su valor dentro de los Estados nacionales modernos, Bilbo: Ed. Astuy, 1897.

El Fuero de Vizcaya en lo civil. Estudio crítico del Proyecto de Apéndice del Código Civil que comprende las disposiciones aplicables en Vizcaya y en Álava, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1903.

Anexiones y urbanizaciones necesarias en Bilbao, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1907.

Relaciones entre el estado y la Iglesia en Vizcaya durante el régimen foral, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1908.

Sobre la reintegración foral, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1908.

La Tradición de Vizcaya y el Bizkaitarrismo, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1908.

La reforma del régimen local, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1908.

La autonomía municipal no existe en Vizcaya, Bilbo: Ed. El Liberal, 1909.

El Fuero y el Caserío. Informe elevado a la Junta General del Ilustre Colegio de Abogados, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1913.

Tres ensayos Histórico-dramáticos. Tribunos de la plebe. Güelfos y Gibelinos. Ardeliones, Madrid: R. Velasco, 1914. RODRIGO P. DE BARELAGA goitizenez argitaratua.

La Conjuración de las alianzas y el pensamiento español, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1915.

«Los caracteres de una cultura vizcaína», Hermes, 1 (1917), 59-63. or.

«El exotismo y el arte vasco», Hermes, 4 (1917), 266-271. or.

Errores del Nacionalismo Vasco. Colección de artículos y conferencias, Madrid: Imp. De J. Pueyo, 1918.

Historia crítica de Vizcaya y sus fueros, I. libk., Madrid: Artes de la Ilustración, 1924.

Don Martín de los Heros y el Progresismo vascongado de su tiempo. Hitzaldia, Bordeaux: Ed. Feret, 1925.

Del hijodalgo al ciudadano, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1929.

La política económica y la depresión monetaria, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1930.

A mis amigos del Distrito de Valmaseda y a los Vizcaínos en general, Bilbo: Imp. Mayli, 1931.

La crisis de la nacionalidad y la tradición vascongada. Reflexiones sobre los estatutos, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1931.

¿Federalismo? ¡Feudalismo! Estampas de la Vizcaya foral sobre la infeudación de los Estados Autónomos, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de la Misericordia, 1931.

El porvenir de la Villa, Plaza y Puerto de Bilbao, Bilbo: Imp. Mayli, 1933.

Historia crítica de Vizcaya y sus Fueros, II. libk., Bilbo: Imp. Mayli, 1933-1934.

La aplicación de las leyes de Reforma Agraria en Vizcaya, Bilbo: Imp. Mayli, 1935.

La reforma de la Constitución y la reconstrucción del Estado nacional, Bilbo: Imp. Mayli, 1935

La tercera república y la reconstitución del Estado nacional, Bilbao: Bilbo: Imp. Mayli, 1935.

Historia crítica de Vizcaya y sus fueros, III. libk., Madrid: Aguirre moldiztegia, 1945.

Historia crítica de Vizcaya y de sus fueros, Bilbo: Caja de Ahorros Municipal de

Bilbao – La Editorial Vizcaína, 1974, 2 libk.

El sentido liberal del fuero de Vizcaya, Bilbo: El Sitio Elkartea, 1990.

Escritos políticos. Iñaki Iriarte Lópezen atariko azterketa eta edizioa. Textos clásicos del pensamiento político y social en el País Vasco, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2013.

Bibliografia

ALONSO DE OLEA, E. J., «Gregorio de Balparda y Herrerías», in AGIRREAZKUENAGA, J., Diccionario biográfico de los alcaldes de Bilbao y gestión municipal, en tiempos de revolución democrática y social. 1902-1937, Bilbo: Bilboko Udala, 2003, 99-118. or.

CANGAS DE ICAZA, J., Gregorio de Balparda (Forja y destino de un liberal), Bilbo: Laida, 1990.

CHACÓN, P., «Gregorio Balparda de las Herrerías», Nobleza con libertad. Biografía de la derecha vasca, Bilbo: Atxular Atea-Euskal Ikasketarako Fundazio Popularra, 2015, 505-521. or.

IRIARTE LÓPEZ, I., «Estudio preliminar», in BALPARDA, Gregorio, Escritos políticos, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2013, 9-86. or.

MIGOYA, J. U., Unas notas sobre Gregorio de Balparda para la Comisión especial del Ilustre Colegio de Abogados de Bilbao, Bilbo: Escuelas Gráficas de la Santa Casa de Misericordia, 1953.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP