Karguak eta lanbideak
Diplomatikoa eta idazlea
Ibilbidea
Bilboko kontsul bretainiarra izan zen 1830. eta 1837. urteen artean, eta Lehen Karlistaldiaren hasierako eta erdiko urteak bizitzea egokitu zitzaion. Urte horietan lortutako ezagutza sakona bere obran jaso zuen, batetik, Historia de la revolución de las provincias vascongadas y Navarra. 1833-1837 lanean, eta, bestetik, eta bereziki, Six years in Biscay delakoan. Bigarren horretan xeheki azaldu zuen Bilboko setioetan gertatutako borroka zibilen nondik norakoak. Azterketa zabal bezain zehatz hori liberalismoaren alde egiteko erabili zuen, guda zelaian egondako beste bidaiari britaniar batzuek eskainitako karlismoaren aldeko ikuspegiari erantzuteko-edo; eta, bereziki, Charles Frederick Henningseni, hark idatzi baitzuen The most Striking events of a Twelvemonth’s campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces (London, 1836). Bacon obra horren eta antzerako beste batzuen eraginari aurre egiten saiatu zen, jarrera nabarmenki liberala hartuz, eta horrekin batera Karlistaldian gertatutakoa ezagutzera emanez.
Bacon begirale pribilegiatua zen, 1830eko hasieratik 1837ko maiatzera arte iberiar penintsulan bizi izan zelako; urte horietako bost Bilbon eman zituen. Bere ikuspegi pertsonala oinarri hartuz eta arreta handiz idatzi zuen obra horretan, argi ikus daiteke zeinen ongi ezagutzen zuen herrialdea. Gainera, bertan Bilboko plano bat eta lau ilustrazio txertatu zituen. Victor Luis de Gamindek bi atal itzuli zituen gaztelerara 1838an, eta 1994. urtean Jose Ramon Urquijok osorik itzuli zuen. Baconek argi azaldu zuen bere jarrera la- naren sarreratik bertatik, Espainia suntsitzen ari zen gerran elkarren aurka ari zen dinastiaren gatazka sendoaren oinarrizko ezaugarriak deskribatzen hasi zenean. Gerra hori, nagusiki, euskal probintzietan ari zen gertatzen, eta gertakaririk aipagarrienak Bilboko setioak izan ziren. Baconek berak aipatu zuen bera ez zela inpartziala, eta alderdi isabeldarrarekin bat egiten zuela. Baina horren gainetik, ikusitako gertakariak edota ikerketaren bidez ezagu- tutakoak jasotzea eta ondorioak ateratzea zela bere lana, eta irakurleari zegokiola ikuspegi horrekin bat egiten zuen ala ez erabakitzea. Bere ustez, absolutismo espainiarra Espainiari aurrera egitea eragotzi zion traba edo oztopoa zen, eta buruan etorkizunerako bermerik eskaintzen ez zuen erregegaia zuela. Beste aldean, Espainiako erregina gaztearen eskubide garbi eta ukaezina ikusten zuen. Gerraren hasieran, baina, ez zegoen hain garbi bere eskubideei eusteko gai izango ote zen; bere osabak mendietan sortutako armada iraultzaile berria zuen bitartean, ongi ofizialdua eta esanekoa, Isabelen aldekoa zaharra eta berarekin guztiz bat ez zetorrena zelako.
Karlistaldiaren historia militarra bertatik bertara bizi zuen pertsona baten eskutik ezagutzeko ezinbestekoa izateaz gain, Baconen obra hogeita hamarreko hamarkadako Euskal Herriko historia soziala ezagutzeko testu bikaina ere bada. Liberal ingelesak orduko euskal gizartearen inguruan egindako hainbat hausnarketa biltzen ditu eta, gainera, balio erantsi bezala, autoreak berak gatazkan zeuden bi alderdien jarrera ideologikoari buruz agertutako balio-iritziak eta irakurketa sakonak aurki daitezke.
Obrak
Historia de la revolución de las Provincias Vascongadas y Navarra: Desde 1833 al 1837, con una reseña política y religiosa de España, Donostia: Txertoa, 1973.
Six years in Biscay : comprising a personal narrative of the sieges of Bilbao, in June 1835, and Oct. to Dec. 1836, and of, the principal events which ocurred in that city and the Basque provinces, during the years 1830 to 1837, Londres: Smith, Elder and Co., 1838. Itzultzaileak.: V. L. de GAMINDE, Seis años en Vizcaya: descripción de los sitios de Bilbao en junio de 1835, de los de octubre hasta diciembre de 1836, y de los sucesos más notables ocurridos tanto en aquella villa como en las cuatro provincias Vascongadas, desde 1830 hasta el año de 1837, Bilbo: Cenón de Garayoaren moldiztegia, 1838; J. R. URQUIJO GOITIA, Seis años en Bizkaia, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1994.
Bibliografia
URQUIJO GOITIA, J. R., «Los sitios de Bilbao», Bacon, F. J., Seis años en Bizkaia, Donostia: Gipuzkoako Foru Aldundia, 1994.





