Baskoniako Zuzenbide Historiko eta Autonomikoaren Azterketarako Fundazioa

← Sarreretara itzuli

NOTITIA VASCONIAE NAFARROAKO EGILEAK ETA OBRAK

AZPILKUETA JAUREGIZAR, Martin (Doktore Nafarra)

Karguak eta lanbideak

(Barasoain, Nafarroa, 1492 – Erroma, 1586). Kanonista eta irakaslea
Toulouse, Salamanca eta Coimbrako Unibertsitateetan

Ibilbidea

Barasoainen jaio zen, Nafarroako Orbaibarrean, 1492ko abenduaren 13an. Gurasoak Martin Azpilkueta Lopiz eta Maria Martin Jauregizar izan zituen. Haien bigarren semea zen, eta anai-arrebak Martin Nagusia, Joanes, Katalina eta Miguel izan ziren.

Azpilkueta etxea Baztango izen bereko herrikoa da jatorriz, eta handik zabaldu zen, Orbaibarrera, alde batetik (Azpilkueta abizena Garinoainen, Tafallan eta Corellan), eta Xabier herrira, bestetik. Gurasoen seme izateaz harro agertzen zen beti Azpilkueta, izan ere, haien eraginez justifikatzen da haren lana baliatu zutenek hura aipatzeko erabili zuten goitizena: Doktore Nafarra.

Barasoaingo Jasokundearen Andre Mariaren elizan bataiatu zen, baina horren inguruko datu zehatzik ez dago. Lehenbiziko ikasketak jaioterrian jaso zituen, ziurrenik. Hura jaio zen garaian, euskara zen Orbaibarreko hizkuntza. Louis Lucien Bonaparteren hizkuntzen mapan, Nafarroako euskararen hego-ekialdeko muga zen. Bada Gaztela eta Leongo Koroaren 34 gotzain eta artzapezpikutzak jasotzen dituen 1587ko erregistro bat, «Registro de las ciudades, villas y lugares» izenekoa, non Barasoain era argian agertzen zen euskararen eremuan. Datu objektibo horri gehitu behar zaio interesatuak berak eman zuena, Karta Apologetikoan adierazi zuenean «navarrum et cantabrum» zela, hau da, euskararen eremuko nafarra, horixe zelako garai hartan «cantabrus» edo «cantaber» izenlagunak adierazten zuena. Bere hizkuntzaren aipamena egin zuen Azpilkuetak, halaber, kantabrismoaren beste topiko bat, alegia, erromatarren zapalkuntzari aurre egin ziolakoa, aztertu zuenean: «Navarri ac Cantabri, qui suum et totius Hispaniae antiquum idioma (quod nunc appellant Vasconicum) in hunc usque diem servant» (Relectio C. Novit de Iudiciis, 167).

Sorterriarekiko maitasun horri eutsi zion, hamar edo hamaika urte zituela etxetik atera bazen ere, Alcalára joateko, eta handik aitzina izan zuen bizitza luzean, hau da, gainerako 83 urteetan, Nafarroan egonaldi labur batzuk besterik egin ez bazuen ere: urtebete luze 1523-1524an, beste egonaldi bat 1555ean eta hirugarrena eta azkena, Erromara joan baino lehen, 1567an.

Sorterriaren harrotasunak ez zion eragotzi Azpilkuetari oso esker oneko agertzea nazio desberdinek eman ziotenarengatik, haietako batzuetan luze egon baitzen bizitzen eta unibertsitatean irakasle, haien arrastoa bere baitan betiko gordetzeraino. Hala azaldu zuen Carta Apologéticaren pasadizo zoragarri batean; hona hemen hitzez hitz: «Nafarroak sortu ninduen, Gaztela Berriak hezi ninduen Alcalán, Frantziak gizon egin ninduen, Gaztela Zaharrak goratu ninduen Salamancan, Portugalek ondratu eta argitu ninduen». Autobiografia labur horretan hainbatetan aipatu zuen gutun hori orduko Milango gobernadore Gabriel de la Cuevari, Alburquerqueko hirugarren dukeari, igorri zion, eta Azpilkuetaren biografia ezagutzeko iturri nagusietako bat izan da, haren bizitzaren inguruan ematen dituen datu ugariengatik.

Sorterriaren inguruko baieztapen horiek egin zituen Azpilkuetak, hain zuzen ere, erresumaren konkistaren garai erabakigarrian bere familiaren bi adarrak, Azpilkueta eta Jauregizar, Nafarroaren eta haren errege-erreginen alde agertu zirelako 1512an. Adierazpide labur baina zuzena erabiliz, bere familia Erresumaren okupazioaren aurka agertu izana leporatu ziotenei erantzuten jakin zuen. Azpilkuetak jarrera hura defendatu zuen, beren legezko errege-erreginak defendatu behar zituzten herritarren jarrera egokia zela esanez, izan ere, argitasunez gehitu zuen, Fernando Katolikoak berak ere ezin izanen zuela kontrako hitzik esan, arrazoi horregatik beragatik, haren familiaren bandoko agaramontarrek erregearen aita Joan II.ari fideltasunez zerbitzatu ziotelako, haren seme Karlosi, Vianako printzeari, aurka egin zionean.

Hamaika urte eskas zituela, Alcalá de Henaresera joan zen Azpilkueta, eta Arteak eta Teologia ikasi zituen hango unibertsitatean. Nolabaiteko oinarria eraman zuen hemengo eskolatik, herritik edo beharbada Iruñetik, latin eta humanitateetan, hara joan baino lehen ikasitakoa. Lau urte eman zituen Alcalán, eta Batxiler titulua atera zuen Teologian. Han ezagutu zituen ikaskide ospetsuak, besteak beste, Ginés Sepúlveda eta Alfonso Castro, katedra baten titularra zen Karrantza doktoreaz gain.

1510ean Toulouseko Unibertsitatera joan zen, Frantzisko eta Pedro Nafarroakoak lagun zituela. Hamalau urte eman zituen Frantzian. Aldi horretan eman zituen urratsen jarraipena egiteko, komenigarria da hark berak eman zituen datuekin batera, haren biografoenak erabiltzea. Lehenik ikasle izan zen Toulousen, Batxiler titulua «in utroque», hau da, bi Zuzenbideetan, kanonikoa eta zibila edo erromatarra, lortu arte, 1515eko uztailean. Hurrengo hiru edo lau urteetan irakasle aritu zen Cahorseko Unibertsitatean, Toulousetik erabat aldendu gabe. Cahorsen hasi zen irakaskuntzan, eta orduan hartutako esperientzia baliatu zuen Toulouseko Unibertsitatean Kanon eta Legeetako lizentziatura lortzeko, 1518an, eta ondoren doktoretza Kanonetan, 1519an. Beraz, bi Zuzenbideetan prestakuntza sendoa izanik, doktoretza bakar batean atera zuen, eta bide horretatik jarraitu zuen aurrerantzean. Zuzenbide kanonikoaren irakaskuntzan aritu zen Toulousen, dirudienez inongo katedrarik hartu gabe, 1525eko maiatza edo ekaina arte (biografo batzuen arabera 1524an joan zen Toulousetik Salamancara). Toulousen egondako denboran frantses-zaletasuna hartu zuela egotzi zioten gogoko ez zutenek, aditzera emanez nahita hartu zuela joera hori, eta modu interesatuan, hegoaldeko Nafarroako gatazka politikoarekin lotuta. Baina faktore horiek ez zeuden tartean Frantziara 1510ean joan zenean, konkista baino bi urte lehenago. Hala ere, Toulousera arrazoi akademiko hutsengatik joan zela defendatu behar izan zuen. Hango Unibertsitatea ospe handiko zentroa zen jurisprudentziaren arloan, eta hara joaten ziren Nafarroako ikasle asko beren prestakuntza burutzera. Toulousen eta Cahorsen iragandako ia hamabost urte haiek, 18 eta 33 urte bitartekoak, aipatzean, «urte horietan gizondu zela» esan zuen. Baina unibertsitatean irakasle aritu zeneko urte haiek eman zizkioten, era berean, jendartearen onarpena eta ospea.

Toulousetik Espainiara itzultzeko bidaian, Orreagatik iragan zen Azpilkueta, hango priorea Nafarroako Frantzisko zelarik, Xabierkoa, Tolosako aldian  haren lagun izandakoa. Azpilkueta sei bat hilabetez egon zen Orreagan. Han profesatu zuen eta kabildoko kidea izan zen kanonigo erregular gisa, monasterio hark San Agustinen Ordenako kanonigoak biltzen baitzituen. Hilabete horietan antolatu zen monasterioak Leongo elizbarrutiko San Justo del Villarren zituen ondasunen enkomienda Azpilkuetari ematea, 1526ko martxoaren 28an gauzatuko zena.

Azpilkueta Salamancara joan zen Nafarroako errege-erreginek erresuma berreskuratzeko zituzten aukera guztiak agortu zirenean. Egun haietan, Karlos V.ak argi erakutsi zuen ez zuela neurririk hartuko agaramontarren aurka. Izan ere, Azpilkuetarekin Toulousera joandako Nafarroako Frantziskok eta Pedrok onarpena jaso zuten, lehenengoak Orreagako priore karguan, eta bigarrenak Nafarroako mariskala izendatuta, hau da, haren aitaren oinordekoa titulu hartan, aita, gatazkaren urterik latzenetan, preso hartu, Simancasko gazteluan sartu eta han hil ondoren, 1522ko azaroan.

Giro berri hartan, Azpilkuetak bere familiarrei egoera berria onartzeko aholkua eman zien. Gure doktoreari, berriz, Salamancako Ikastetxe Nagusi batetik hots egin zioten, ziurrenik San Salvadorretik, herritarrek Oviedokoa esaten zioten ikastetxetik. Ezin izan zen klaustroan sartu, atzerrian lortutako titulazioa ez zelako han aritzeko baliagarria. Hala ere, denbora gutxian haren ospea gorantz zihoan, eta ikasleek oso gogokoak izan zituzten eskola berezietan eta ordezko saioetan eman zituen irakaspenak. Irakaskuntza arruntean aritzeko traba formalak gainditzeko, doktoretza berriz ere atera behar izan zuen Azpilkuetak Salamancan, data zehatza ezagutzen ez bada ere. Gure egileak adierazi zuenez, katedratikoaren zereginetan hasi zenean Iruñera itzultzeko aukera eskaini zioten, Nafarroako Errege Kontseiluko kide gisa. Ez zuen eskaintza onartu eta katedratiko jarraitu zuen, harik eta berak gehien maite zuen ikasgaian, Dekretuetakoan, izendapena lortu zuen arte. Oso gogokoak zituen, nonbait, Grazianoren lana eta haren garaia. Ondoren, hainbat kide gainditu behar izan zituen oposizio gogor batean Primako katedra, 1533an hutsik geratu zena, lortzeko.

Salamancako egonaldian, berriro Frantzisko Nafarroakoa izan zuen lagun eta, nolabait ere, babesle ere bai. Azpilkuetak irakasle jarduera oso bizia izan zuen Salamancan, batez ere eguneroko bi katedra (ordu eta erdi bakoitza) eta eskola bereziak emanez, udan ematen zituen berrikuspenez gain. Horrek erakusten du interes handia zuela Zuzenbide kanoniko juridikoarekin eta gai espiritual eta teologikoekin erlazionatutako guztia azaltzeko.

Ohiko klaseez gain, oso ospetsua izan zen 1528an, ekitaldi publiko arranditsu batean eta enperadorearen beraren aurrean, eman zuen hitzaldi publikoa, etorkizunean ere entzuleek gogoan gordeko zutena. Handik hogei urtera gauza bera egin zuen Coimbran, Portugalgo errege-erreginen aurrean, lehen Salamancan egin zuen hitzaldia aurrekaritzat hartuta. Hitzaldi hartan, Azpilkuetak botere laikoaren eta eklesiastikoaren arteko harremanen gai funtsezkoari buruz zituen ideien oinarriak azaldu zituen; aurrerago berriz aipatuko dugu gai hori.

Horregatik guztiagatik, zalantzarik gabe, Azpilkuetak arrasto luzea utzi zuen Salamancan. Hala frogatzen du haren ikasle ospetsuenen zerrendak, tartean direla Diego Covarrubias Leyva, Francisco Sarmiento de Mendoza edo Pedro Deza, eta orobat, harekin batera maila altuko irakasleak aritu izanak, adibidez, Francisco de Vitoria edo Domingo de Soto.

Azpilkueta Salamancatik Portugalera joan zen, Coimbrako Unibertsitatera, eta han eskolak ematen 1538-1539 ikasturtean hasi zen. Portugalgo errege Joan III.ak deituta joan zen hara, Coimbrako Unibertsitatea mailarik gorenean kokatu nahi baitzuen. Gogora ekarri behar da Espainia eta Portugalgo errege-erreginak ezkonsenideak zirela: Joan III.a ezkondua Karlos V.aren arreba Katalinarekin, eta Karlos Isabelekin, hau da Joan III.aren arrebarekin.

Han hamar urte zeramatzala eman zuen hitzaldi ospetsua, eta ideia haiek islatuta geratuko ziren Novit de Iudiciis dekretalaren inguruko Relectio lanean, bertan jasotzen zituela botere laikoaren eta eliz boterearen arteko harremanei buruz zituen tesi gehienak. Portugalgo egonaldia heldutasun handikoa da, orduan idatzi baitzituen Corpus Iuris Canonici testuei buruzko hamabiren bat Relectio eta Iruzkin, eta haren lanik ospetsuena, hau da, Manual de Confesores lana. Estimu handitan izan zuen beti Azpilkuetak Portugal, bi hitzetan adierazi zuenez Carta Apologética lanean, herri hark «gora eraman» zuela esanez.

Doktore Nafarra historiara igaro da beren buruzagiak hautatzen dituzten herrien askatasunaren defendatzaile gisa, baina aldi berean, onartezina iruditzen zitzaion horren ondorioz sortzea autoritate laiko unibertsal bat, kategoria hori autoritate eklesiastikoari soilik legokiokeelako. Doktore Nafarraren ustez, monarkia espainiarrak eta portugaldarrak proportzio onargarriak gordetzen zituzten, betiere bereizirik mantentzen baziren, izan ere, elkartuz gero, eta batez ere hori handienak txikiena bereganatuta gertatuz gero, oreka hautsiko litzatekeelako, elizaren izaerari zegokion kontrol segurua bermatzen zuen posizioaren kaltetan. Hori zen Azpilkuetaren egiazko jarrera auzi horri zegokionez, eta horren atzean zegoen hark bere-berea zuen ideia, alegia, erkidego politiko bakoitzak bere buruzagia hautatzen zuela, eta humanitatearen multzoa erkidego horien kopuru handi batek osatzen zutela. Hala ere, gogoeta horien argira egiaztatzen ahal dugu ordurako Azpilkuetak naturaltasunez ikusten zuela Nafarroako erresuma Monarkia espainiarraren barnean egotea. Izan ere, kontzientea zen ez zela gertatu absortzio totalitariorik, Nafarroak gorde zituelako oso-osorik bere zuzenbidea eta erakundeak, eta beste erresuma eta jaurerri anitzekin partekatzen zuelako nazioartean pisu handia zuen autoritate batek zuzendua izatea. Azpilkuetaren iritziz, era horretan saihesten ziren erresuma txikiegietan gertatzen diren sedizioak eta bereizketak, esate baterako Nafarroako kasuan gertatu zena, gure Doktoreak gogoan zituelako «fakzio nafar ezin krudelagoak, zorionez Karlos V.ak gainditu zituenak».

Doktore Nafarrak hogeiren bat urte zituen Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatu zuenean. Frantzian zegoen bera, Cahors eta Toulouse hirien artean. Gauza segurua da interes handiz jarraitu zuela auzi guztia, beste alde batetik, osagai guztiak zituelako kasu ezohiko eta esanguratsua izateko, kanonista baten ikuspegitik. Datu hori eta Nafarroako Erresumaren konkistaren eta erretentzioaren inguruko eztabaidan doktrina juridiko nafarrak izan zuen parte-hartze eskasa aintzat hartuta, galdera bat sortzen da, alegia, zer esan ote zuen horri guzti horri buruz Azpilkuetak, zer jarrerak hartu zituen, noraino ukitu zuen gaiak… Historiografiak emandako erantzuna ezkor samarra da. Alfredo Floristanek dioenez, Azpilkueta «ez zen trapura sartu», modu zuzenean, behinik behin. Hala ere, modu nabarmenean esku hartu ez bazuen ere, gogoan hartu behar dugu kritikatua eta ezetsia izan zela ez zuelako bat egin, modu argian, erresumaren konkista eta ondorengo erretentzioa justifikatu eta are goretsi zuten ahotsen koruarekin. Gogor kritikatu zuen Camilo Borrellek Errege Katolikoaren Gorentasunari buruz idatzi eta, 1596tik prestatua bazegoen ere, Milanen 1611n argitaratu zen lanean. Borrellek Doktore Nafarrak gai horren inguruan mantentzen zuen isiltasuna kritikatu zuen. Isiltasun hori kanpotik, Frantziatik mantendu zuen, eta hori konkistarekiko desadostasunaren adierazpen gisa hartzen ahal zen, haren familia gerra galdu zuen agaramontarren bandokoa izanik. Borrellek biziki kezkaturik ikusten zuen Azpilkuetaren autoritatea Espainiari eraso egiteko eta Erresumaz jabetu izanari zilegitasuna kentzeko erabiltzeko aukera, Jean Bodinek berak baliatzen zuena. Ikuskera hori, dirudienez, ez zen egiatik urrun. Izan ere, Arthur Duck izeneko legegizon britainiar batek, Ius Commune delakoari eta Europako zenbait erregimen juridikori buruz egin zuen tratatuan, Nafarroa aipatu zuen, eta Azpilkuetaz esan zuen Nafarroaren konkistaren aurkakoa zela, eta erretentzioa bidegabekotzat jotzen zuela. Beraz, Ducken iritziz, «Martin Nafarra» espainiarrei aurka egin eta Espainiako errege-erreginek Nafarroako erresuma Albret etxeko oinordekoei atzera itzuli behar zietela uste zuten egile ospetsuen taldekoa zen. Ducken arabera, iritzi berekoak ziren Jean Bodin eta Molineo (Charles Du Moulin). Oso argia iruditzen zitzaion Ducki Doktore Nafarraren jarrera, eta egile aipagarrien artean kokatu zuen.

Kritikak gogorrak zirela ikusita, Azpilkuetak erantzuna prestatu zuen Carta Apologética izenburupean, eta Jose Manuel Perez-Prendes irakaslearen itzulpen eta oharrez hornitua argitaratu eta eranskin gisa gehitu zioten Doktore Nafarraren Comentario Resolutorio de cambios lan klasikoaren argitalpenari.

Botere laikoaren eta Elizaren arteko harremanen inguruko ideia nagusien azterketa errazago egiten da Azpilkuetak bere pentsamendua era ordenatu, argi eta zehatzean azaldu zuen Relectio Novit de Iudiciis testuaren argira. Bertan aztertu zuen izenburu berarekin Inozentzio III.a aita santuak (1198-1216), Joan Lurgabearen eta Frantziako Errege Filipe Augustoren arteko eztabaida jurisdikzional batean berak zuen eskumena argituz, diktatu zuen dekretu-gutuna. Relectio horren Notabile III atalean jaso zuen gero hainbeste aldiz errepikatu zen aipamena (latinetik itzulia): «Erresuma ez da erregearena, komunitatearena baizik, eta errege-ahalmen hori komunitatearen berezko eskubidea da, eta ez erregearena, eta komunitateak ezin dio eskubide horri uko egin». Baieztapen garrantzitsu horren aipamena, askotan, Azpilkuetak abiapuntuan jartzen zituen premisak kontuan hartu gabe egin da. Ez da ahaztu behar haietako bat zela exijitzea behin-behineko auzien gaineko ohiko gobernu laikoak ez kaltetzea ortodoxia erlijiosoa, ez eta balio ebanjelikoak ere. Baldintza hori betez gero, komunitateak izendatzen ahal zuen zuzendari-eginkizuna beteko zuen titular zehatza, Azpilkuetak argi erakusten zuela berak gobernu monarkiko klasikoa nahiago zuela. Baina Relectio-Notabile III horretan, Azpilkuetak zalantzarik gabe defendatu zuen elizaren ahalmenak lehentasuna zuela, eta are gehiago, mundu laiko katolikoa haren menpekoa zela. Errealitate hori azaldu izan zen Elizak auzi laikoetan zuen zeharkako eskumenen tesia erabiliz. Baina formulazio hedatu hori zehaztasunez azaltzeko aintzat hartu behar zen Elizak, auzi laikoetan esku-hartzen zuenean, zeharka bera ukitzen zutelako izaten zela, eta esku-hartzea erabakitzen bazuen, horretarako baimenik eskatu beharrik ez zuelarik, zuzen eta epaitegietako jantziez eginen zukeela, behar izanez gero. Azpilkuetak argi adierazi zuen irizpide hori, gai horri buruz eman zuen irakaspenean, baieztatu zuelarik Elizaren jarrera begira egotea zela, eta auzi laikoetan esku hartzeko pronto, «in habitu» egonen balitz bezala, baina bere ekimena «in actu» bihurtzeko prest. Argi baieztatu zuen Elizak esku-hartze «principaliter et directe» zuela naturaz gaindiko gauzetan, eta horri erantsi zion: «temporalia vero non, nisi per consequutionem et accessorie». Alegia, denboraren kontuetan ez zuela eskumenik, ez zuzenik ez zeharkakorik ere, baina haren ustez, botere laikoak ondasun «naturaz gaindikoak eta espiritualak» kaltetuz gero, esku hartzen ahal zuen, «per consequutionem et accessorie». Bereizi beharrekoa, beraz, ez zen ahalmen zuzena edo zeharkakoa, baizik eta «printzipala» edo «per consequutionem», alegia, «zuzena» edo «osagarria». Ondasun espiritualen kasuan haren eskumena printzipala, zuzena, berezkoa eta lehentasunezkoa zen. Auzi tenporalen kasuan, berriz, haren ahalmena ez zen aurrekoaren zeharkakoa, «kontsekuentea» eta osagarria baizik.

Azpilkueta Toledoko artzapezpiku eta Espainiako primatu Bartolome Karrantzaren abokatu izendatu zuten, 1561ean, Valladolideko kartzelan zegoenean. 1566ko urtarrilaren 7an, Filipe II.a erregeak Azpilkuetari jakinarazi zion Pio V.a aita santuak erabaki zuela artzapezpikuaren kontra eramaten ari zen auzibidearen ebazpena bere gain hartzea. Azpilkueta Erromara joan zenean agindua betetzera 74 edo 75 urte izanen zituen. Karrantza baldintza onetan egon zen Erroman Sant’Angelo gazteluan giltzapetu zutenetik. Auzibideak lasaitasunez eta zorroztasunez aurrera egin zuen, sei urtez.

Aita santuak eman zuen epaian Karrantza errugabetu egin zuen, leporatzen zizkioten hobenetatik. Gainera, onartu zuen Comentarios sobre el Catecismo lanaren argitalpena, baina ez zion debekua kendu Comentario de la epístola canónica de San Juan idatziari. Epaiaren ondoren hainbat errekurtso etorri ziren, eta Azpilkuetak kasua defendatzen jarraitu behar izan zuen, osotara hamazazpi urte eginez auzibidean. Hurrengo aita santu Gregorio XIII.ak auzibideari berriz heldu behar izan zion zegoen-zegoenean. 1576ko apirilaren 14ko data jarri zen epaia emateko, eta Karrantza zigortu zuten bere hainbat proposamen arbuiatzera eta hainbat zigor betetzera. Azpilkueta uneoro artzapezpikuaren ondoan egon zen, abokatu gisa ez ezik, adore eta kontsolamendua eman zizkion adiskide gisa ere. Izan ere, epaiaren ondoren hainbat min eta oinaze izan zituen Karrantzak, eta 1576ko urte hartako maiatzaren 2an hil zen. Ez gara sartuko prozesuan, akusazioetan, Karrantzak Fernando de Valdés inkisidorearekin edo Melchor Canorekin zituen harreman txarren auzian, hori guzti hori eztabaida amaiezinen solasgaia izan delako, guztia ere era bikainean jaso zuela Jose Ignacio Telletxeak, auzibideaz egin zuen berreraikuntza itzelean. Interesgarria da, ordea, Azpilkuetaren iritzia jakitea, Karrantzaren errugabetasuna defendatzen baitzuen bere Carta Apologética lanean, eta ondoren ere berretsi zuen, erregearentzat idatzi zuen Memorialean, non salatzen baitzituen Karrantzaren kontra antolatutako azpijokoak.

Erromako egonaldian ez zen mugatu Azpilkueta Karrantzaren defentsa egitera. Iritsi eta berehala, Penitentzilaritzako Epaitegiko kide izendatu zuten. Estimu handitan zuen Pio V.a aita santuak, eta kardinala izateko ere proposatu zion, baina Azpilkuetak beti errefusatu zuen. Pio V.a 1572ko maiatzaren 1ean hil zen. Azpilkuetak haren oinordeko Gregorio XIII.aren estimua ere bazuen, eta Sixto V.arena ere bai, aita santuen tronura 1585eko apirilaren 24an iritsi zenean. Erromako azken urte haietan San Andresen parrokiako etxe batean bizi zen, eta tratu handia izan zuen, elizako adiskide eta laguntzaile anitzekin ez ezik, bere iloba Martin Zuria Jauregizarrekin ere. Berau izendatu zuen Azpilkuetak bere testamentuaren albazea, eta ilobak, ardura handiz, Sixto V.a aita santuaren pribilegioa lortu zuen hamar urterako, osabaren lanak inprimatzeko. Azpilkuetaren iloba maite hark amaiera tragikoa izan zuen, guardia suitzar batekin istilua izan eta hura zauritu zuelako. Urkamendian hiltzera zigortu zuten, eta zigorra San Pedro Plazan bete zen, 1588ko maiatzaren 11n, hogeita hamar mila lagunetik goiti zirela bertan, kroniken arabera. Bi urte lehenago hil zen Doktore Nafarra, 1586ko maiatzaren 21ean, hainbat egun ohean eri eman ondoren. Laurogeita hamahiru urte zituen, gehienak osasun onez igarotakoak. Zalantzarik gabe, probetxu ona atera zion bizitza luze hari, etapa nahiz destino diferentetan bere betebeharrak betetzeaz gain, obra ikaragarria sortu baitzuen, oso aipatua izan zena, eta egilea doktrina kanonikoaren autoritate handia bihurtu zuena.

Erromako San Antonio Portugaldarrena elizan lurperatu zuten, hileta jendetsu batean, pertsonaia entzutetsua zelako eta santu ospea zuelako.

Obrak

In tres de poenitentia distinctiones commentarii, Coimbra, 1542. Berrarg. Lyon, 1569.

In cap Si quanto. De rescriptis, Coimbra, 1543. Berrarg. Lyon, 1569; Erroma, 1582 eta 1583.

Commentarius in cap. Inter verba, Coimbra, 1544. Berrarg. Valladolid, 1572.

Comento en romance a manera de repetición latina y scholastica de juristas sobre el cap. Quanto. De consecratione, Coimbra, 1545.

Commentaria in septem distinctiones de poenitentia, Erroma, 1581 eta 1586.

Commentarius de anno Iobelaeo et indulgentiis omnibus, Milan, 1573. Berrargk. Erroma, 1575 eta 1585.

Relectio in cap. Novit. De Iudiciis non minus sublimis quam celebris, pronunciata An. MDXLVIII. Coram frenquentissimo, eruditissimo, ac maxime Illustri Auditorio in Inclyta Lusitaniae Conymbrica, Coimbra, 1548. Berrarg. Erroma, 1575; Lyon, 1576.

Tractatus de reditibus beneficiorum ecclesiasticorum, Erroma, 1568. Itz. gazt.: Tratado de las rentas de los beneficios eclesiásticos, Valladolid, 1566.

Apologia libri de reditibus ecclesiasticis, Erroma, 1571. Berrarg. Anberes, 1574; Lyon, 1575.

Tratado de alabança y murmuración, Valladolid, 1572.

Propugnaculum apologiae de reditibus ecclesiasticis, Erroma, 1574. Berrarg. Lyon, 1575.

Commentarius de spoliis clericorum, Erroma, 1572.

Compendio del Manual de confesores y penitentes, Valladolid, 1586.

Tractatus diversorum de spoliis ecclesiasticis, Erroma, 1619.

Enchiridium sive manuale de oratione, et horis canonicis, Erroma, 1577-1578. Berrarg. Lyon, 1580; Roma, 1586.

Commentarius de silentio in divinis officiis praesertim in choro servando, Erroma, 1580, 1584.

Commentarius utilis in rubricam De iudiciis, Coimbra, 1548; Relectio cap. Ita quorundam. De iudiciis, Coimbra, 1550.

Commentarius in cap. Humanae aures, Erroma, 1583.

Commentarius de datis et promissis, Erroma, 1575, 1576, 1584, 1602. Berrarg. Lyon, 1757.

Commentarius de paupertate, Venecia, 1575.

Commentarii IV de regularibus, Erroma, 1583, 1584.

Consilia et responsa, Venecia, 1601.

Opera Omnia, Lyon, 1595. Berrarg. Compendium horum omnium Navarri operum izenez, Venecia, 1598. Haren lan guztien beste argitalpen zenbait: Erroma, 1590; Venezia, 1601; Kolonia, 1616.

Comentario resolutorio de Cambios, Madrid: Consejo Superior de Investigaciones Científicas, 1965. La Carta Apologética, Itzul. eta ohar. Pérez Prendes, J. M., XXIX.-LV. or.

Bibliografia

Arigita y Lasa, M., El Doctor Navarro Don Martín de Azpilcueta y sus obras. Estudio histórico-crítico, Iruñea: Probintziako Inprimategia, 1895.

Arrieta Alberdi, J., «Martín de Azpilcueta como fuente doctrinal y testimonio personal para el análisis y valoración de la integración de Navarra en la Monarquía de los Austrias», Arrieta, J.; Gil, X., eta Morales, J. (koordk.), in La Diadema del Rey. Vizcaya, Navarra, Aragón y Cerdeña en la Monarquía de España (siglos xvi–xviii), Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, 2017, 383.-446. or.

De Dios, S., «La doctrina sobre el poder del príncipe en Martín de Azpilcueta», in El derecho y los juristas en Salamanca (siglos xvi–xx). En memoria de Francisco Tomás y Valiente, Salamanca: Universidad de Salamanca, 2004, 461.-565. or.

Martínez Tapia, R., «La Relectio in cap. novit de iudiciis de M. de Azpilcueta y la doctrina de la potestad indirecta», in Estudios eclesiásticos, 71. libk., 278. zk (1996), 397.-423. or.

— Filosofía política y derecho en el pensamiento español del siglo xvi. El canonista Martín de Azpilcueta, Granada: Publicaciones de la Academia Granadina del Notariado, 1997.

VVAA, Estudios sobre el Doctor Navarro en el IV Centenario de la muerte de Martín de Azpilcueta, Iruñea: EUNSA; Nafarroako Gobernua, 1988. Artikuluen egileak: E. Tejero, A. Floristán Imízcoz, J. M.ª Yanguas, L. Navarro, J. de Otaduy eta J. A. Corrientes.

Aipamen bibliografikoa

Arrieta Alberdi, J., “Azpilicueta y Jaureguízar, Martin”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. pp. 497-505.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan Next Generation EU funtsek finantzatutako proiektua


Laguntzaileak:

Diputación Foral de Gipuzkoa
Ministerio de Ciencia, Innovación y Universidades - Gobierno de España
IVAP