Karguak eta lanbideak
Kazetaria eta historialaria.
Ibilbidea
Kazetaria eta polemista, bereziki 1880 eta 1890 hamarkadetan egon zen aktibo, indargabe geratu berri ziren foru erregimen eta erakundeak aldarrikatzen zituzten giro foruzalean. El Noticiero Bilbaíno egunkariko erredaktore izan zen eta baita Unión Vasco-Navarrakoa ere, 1880 eta 1890 urteen artean argitaratu zen Fidel Sagarminaga foruzaleak sortutako egunkaria. 1895ean El Centinela Foral aldizkaria sortu zuen, «gertu nazioaren ministerioetatik, talde legegileetatik eta Espainiako agintaritzatik, Euskal Herri zabalaren interesak defendatzeko, ahalik eta indar handienarekin eta edozein alderdi politikoren eraginik gabe». Bere luma biziki garratza izan zitekeen, eta horrek epaitegietara eraman zuen behin baino gehiagotan; baina baita oso lausengaria ere, Pedro Mugicaren honako hitzak lekuko: «adjektibo laudagarriak ekarri zituen botxoko prentsara: “azkarra… duina”, etab., menderatu gabekoan biztanle oro apainduz». Bere ekarpen historiografiko nagusia Juan Ramon Iturriza y Zabalaren Historia General de Vizcaya lana editatu eta osatzea izan zen. Foruzaletasun bizkaitarrarentzat muturrekoa zen egoera batean argitaratu zuen, ordura arte eskuizkribuan gordetako historialari bizkaitarraren lana ezagutzera emateko asmoz. Egia ere bada Bartzelonako argitaletxe batek urte bat lehenago haren bertsio bat argitaratu zuela. Azkarragak publiko zabalarentzat eskuragarria izanen zen lana argitaratu nahi zuen, bai prezio aldetik, eta baita edukiari zegokionez ere. Hala, autoreak berak onartu zuen «atsekabe handia hartuko dute orrialde hauetan hausnarketa sakon eta akademikoak aurkitzea espero duten horiek». Hartzaile zehatz bati zuzendua zen: Bizkaiko Probintzia Diputazioa. Eta hari eskatzen zion lan horretan jasotakoa gorde zezala. Laburbilduz, bere nahia «liburuki bakar eta merke batean bildu eta trinkotzea gure arbasoen lege eta ohitura zahar nagusiak eta Bizkaiko historia goren eta ospetsuena, sortu zenetik gure egunetara arte».
Iturrizaren lanaren edizioak bi zati dauzka. Lehena (27-908. or.) berriztarrak 1787an idatzitako lanaren bertsioa da, hiru liburuki zituena. Lehendabizikoak Bizkaiko Historia eta Zuzenbideari buruzko berriak jasotzen ditu, bigarrenak 87 elizateren eta 22 herriren deskribapena egiten du eta hirugarrenak herribildu eta hiriena. Azkarragak azken bi liburuki horiek eguneratu zituen, 1787tik 1885era arte gertatutako aldaketak gaineratuz. Gainera, jatorrizko lanak eranskin edo gehigarri bat zuen, testu historikoekin. Bigarren zatia Azkarragaren eguneratzea izan zen (909-1059. or.): Iturrizak bere lana bukatuz geroztik iragandako ehun urteetan Bizkaian gertatutakoa kontatzen zuen ibilbide orokor bat eskaini zuen, izandako eraldaketak eta lurraldearen galerak jasoz. Hura idazteko, kazetaritza arloan zerabilen hizkuntza bera erabili zuen, eta Andres E. de Mañaricuak esan zuenez, «zenbait orrialde aldarrikapen patriotiko hutsak dira». Arreta deitzen du Pedro de Mugicak Miguel de Unamunorekin izan zuen gutun trukean egin zion aipamenak, Azkarraga «beste batzuek idatzitako lan ospetsu baten autorea» zela esan baitzuen, ziurrenik, Historia de Vizcayari egindako erreferentzia estali batean.
Obrak
Historia de Vizcaya. General de todo el Señorío y particular de las Anteiglesias, Villas, Ciudad, Concejos y Valles; desde su fundación hasta el año 1885. Escrita hasta el año 1787 por D. Juan Ramón de Iturriza y Zabala, y ampliada hasta nuestros días por Manuel de Azcárraga y Régil, Bilbo: Imp. de Cipriano Lucena y compañía, 1885 (berrarg. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1981, 3 libk.).
Bibliografia
MAÑARICÚA Y NUERE, A. E., Historiografía de Vizcaya, desde Lope García de Salazar a Labayru, Bilbo: Universidad de Deusto, 2012.
OSSORIO Y BERNARD, M., Ensayo de un catálogo de periodistas españoles del siglo XIX, Madrid: Imp. y litografía de J. Palacios, 1903.
ROBLES, L., «Pedro Múgica y el viejo Bilbao», Pérgola de la Cultura, 249 (2014ko apirila), 7. or.





