Karguak eta lanbideak
Erromatar handikia eta poeta
Ibilbidea
Rufo Festo Avieno erromatar aristokraziako kidea izan zen, kultura–maila altukoa, eta K.o. iv. mendean, Descriptio orbis terrae edo Ora maritima idatzi zuen, besteak beste. Bere lagun Probori eskainitako poema luze bat da, Europako kostaldeak deskribatzen dituena, -Britaniatik Ponto Euxinoraino, baina lana, zoritxarrez, ez da osorik iritsi gurera. Testuak informazio geografiko ugari du, eta badirudi K.a. vi. mendeko iturriak ere erabili zituela, egile eta garai askotako datuak tartekatuz. Beraz, testuinguru literariotik harago, informazioa interpretatzeko zailtasun handiak sortzen ditu, geografia historikoari dagokionez.
Ora lanaren (248) testuan, Avienok inquietos vascones (sic) aipatzen ditu, eta Ebro ibaiaren ondoan kokatzen ditu. Aipamena laburra bada ere, zenbait modutan interpretatu da. Historiografia modernoko joera baten ustez, baskoien egonezinari buruzko aipamenak eremuko ezegonkortasun politikoa adieraziko luke, eta bagauden matxinadan islatuko litzateke hori urte batzuk geroago. Beste batzuen ustez, baskoien mugikortasuna adieraziko luke aipamenak, leku batetik bestera joaten zirelako, eta baskoien hedapenarekin ere lotzen dute. Aipamenaren data zehatza jakiteko ezintasunak interpretazioan sakontzeko aukera eragozten du.
1926an, A. Schulten arkeologo alemanak, Fontes Hispaniae Antiquae lanaren argitaratzaileak, Avienoren lana erabili zuen, Hondarribian indusketa-kanpaina bat egiteko, Ora maritima lanean aipatutako Venusen tenplu baten bila. Lan horren arabera, tenplu hori Hispaniako iparraldeko kostaldean egongo zen. Schultenek pentsatu zuen tenplu hori baskoien itsasoranzko irteeraren inguruan egon zitekeela, Hondarribian, alegia, Antzinaroko Oiassotik (Irun, Gipuzkoa) gertu. Hala ere, urte horretako udan egindako indusketak alferrikakoak izan ziren.
Obrak
Avieno, Rufo Festo, Fenómenos. Descripción del orbe terrestre. Costas marinas, Calderón, J. eta Moreno, I. (sarrera); Calderón, J. (itzulpena eta oharrak), Madrid: Gredos, 2001.
Festus Avienus: Ora maritima, Berthelot, A. (sarrera, itzulpena eta oharrak), Paris: Libraire Champion, 1934.
Bibliografia
Andreu, J.; Pérex, M. J.: «Las Vascones de las fuentes clásicas en época romana: crónica historiográfica (2004-2008)» in Andreu, J. (arg.): Los vascones de las fuentes antiguas, en torno a una etnia de la antigüedad peninsular, Barcelona: Universitat Autònoma de Barcelona, 2009, 147.-168. or.
Sayas, J. J.: «De Vascones a romanos para volver a ser vascones» in Revista Internacional de los Estudios Vascos, 44. libk., 1. zk. (1999), 147.-184. or.
— «Unidad en la diversidad: la visión de Estrabón de algunos pueblos peninsulares», Cruz Andreotti, G. (arg.): Estrabón e Iberia: nuevas perspectivas de estudio, Málaga: Universidad de Málaga, 1999, 153.-208. or.
Torregaray, E.: «A. Schulten y la búsqueda de un templo de Venus en el cabo de Higuer» in Boletín Luis de Uranzu, 20 (2000), 89.-116. or.
Aipamen bibliografikoa
Torregaray Pagola, E., “Avieno”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 84-85.





