Karguak eta lanbideak
Jurista, elizgizona, Couserans eta Leskarreko gotzaina, Nafarroako Errege Kontseiluko presidentea, Biarnoko Kontseilu subiranoko kidea
Ibilbidea
Boloniako Unibertsitatean ikasi zuen Zuzenbidea, eta legeetako doktoretza erdietsi zuen. Couseranseko gotzain izendatu zuten 1480an edo zenbait urte lehenago, gaurko Ariège departamentuan, Saint-Lizier hirian zuela egoitza.
Nafarroako errege-erreginen kontseilari nagusietakoa izan zen bizitza guztian. Gobernu nahiz justizia auzi anitzetan parte hartzen zuen, esaterako, Frantzisko Feboren erregealdiaren (1479-1482) hasieran errege gazte haren ama eta tutore Magdalena Frantziakoaren gortean bizi izan zen. Haren lehen kontseilari gisa ageri zen Gares hiriari errege-pribilegioa eman zitzaionean.
Azpimarragarria da Katalina Foixekoaren agintaldian izan zuen jarduera. Hasierako hamar urteetan (1483-1493) Pirinioen iparraldean bizi izan zen La Salle, erreginaren ondoan, Foix-Biarno etxearen lurraldeen inguruko auziei buruz aholkularitza ematen, eta beste hainbat urtez hegoaldeko Nafarroan, in situ eta modu aktiboan parte hartuz Nafarroako erresumaren inguruko gaietan. Gotzain hau Pirinioen hegoaldera bizi zela egiaztatzen duen lehenbiziko erreferentzia dokumentatua, Katalina Foixekoaren garaikoa da, 1485ekoa, erreginak Nafarroako erregeorde Jaime Foixi gobernu-jarraibideak eramateko agindua eman zionean. Laurogeita hamarreko hamarkadatik aitzina bederen erresuman bizi zen, Gabriel Albretekoa, Avesnesko jaun, Juan III.a erregearen anaia eta Nafarroako ordezkari nagusiaren aholkulari nagusi gisa, haren sinadura ageri baita hainbat agiri judizialetan. Esate baterako, 1491ko martxoan, Fortun Gomeza eta Arguedasko notario Juan Lopez Caparroso jaunen aurka Pedro Blascok eta Agredako (Soria) beste hainbat herritarrek ezarritako demandari buruz Errege Kontseiluaren aitzinean agertzeko Gabriel Albretekoak eman zuen zitazio-aktaren balidazio-atala La Sallek sinatu zuen.
La Sallek eginkizun nabarmena izan zuen Nafarroako Errege Kontseilua berritzeko prozesuan. 1494ko otsailean Juan Albret eta Katalina Foix errege-erreginek lehenbiziko ordenantza bat eman zuten, legeetako adituez osatutako Kontseilu arrunt bat sortuz. Juan Jaso, Martin Urrutia eta Martin Ziordia jaunek osatu zuten Kontseilu hori, besteak beste, eta izen nagusia Jean de La Salle izan zen, erakunde horretako buru izendatu baitzuten.
Atzerritarra zelako Nafarroako Gorteek kritikatu zuten eta errege-erreginei eskatu zieten hura kargugabetzeko eta erakunde horren buru nafar bat jartzeko. Errege-erreginek eskaria onartu eta, 1494ko abuztuan konpromisoa hartu zuten, erresumako kontseilari zaharrenen artean aukeratutako presidente berri bat jartzeko. Hala ere, La Sallek karguan jarraitu zuen 1494ko irailetik 1495eko martxora bitartean. Hainbat agirik erakusten dute hala izan zela, bai Kontseilura suplikazio bidez iristen ziren auzietako zitazioak, bai garrantzi handiagokoak izanik Kontseiluak berak eramaten zituen beste auzi batzuetako zitazioak ere sinatu zituelako, askotariko zitazioen eta ordenantzen ardura baitzuen. Jean de La Sallek 1495ean utzi zuen kargua, eta Biarnoko jaurerrira joan zen. Han, Leskarren apirilaren 1ean inauguratutako Estatu Orokorren presidentea izan zen. Hurrengo urteetan ere Estatu Orokorretako hainbat batzarretako buru izan zen, esate baterako, Pauen 1496an egindako batzarrean. Beraz, Nafarroako errege-erreginen laguntzaile nagusietako bat izaten jarraitu zuen, baina une hartatik aitzina haiek Frantziako hegoaldean zituzten lurraldeen inguruko auzien ardura hartuta. Nafarroari dagokionez, gotzain honi buruz ditugun berri bakarrak 1497ko maiatzaren 22an erresumako ordezkari izendatu zuten unekoak dira, nahiz eta litekeena den ordezkaritza hori izendapen hutsean geratzea, izan ere, urte hartako uztailerako errege-erreginen egoitza berriz ere Nafarroan zegoen. Gaur-gaurkoz, ez dugu agiririk, 1497ko maiatzetik aitzina kargu hartan benetan aritu zenik erakusten duenik.
La Salle Leskarreko gotzain izendatu zuten 1518an edo 1519aren hasieran, eta 1525ean hil zen arte izan zen Henrike II.a erregearen aholkulari nagusietakoa. xv. mendeko azken hamarkadan Nafarroako Errege Kontseiluaren berrikuntzan izan zuen eginkizun arduratsuak funtsezko zeregina ekarri zion ondoren, Biarnoko jaurerriko Justizia eraberritzeko neurriak zehaztu zirenean, esaterako, 1519an Biarnoko Kontseilu arrunta edo Kontseilu subiranoa sortu zenean. Era berean, esku hartu zuen Nafarroako errege-erreginek Leon X.a aita santuari, beraien aurka Julio II.a aita santuak eman zituen eskumikatze-bulak, zuzenbidearen kontrakoak izanik, baliogabeak zirela erakusteko bidali zizkioten justifikazio juridikoen prestaketan.
Gainera, Hieronymus Münzer humanista, mediku eta bidaiariak adierazi zuenez, La Salle «historialari eta jakintsu handia izan zen».
Obrak
Nafarroako Artxibo Orokorra (AGN-NAO), Kontuen Ganbera, Agiriak: 165. kutxa, 13. zk.; 165. kutxa, 25. zk.; 165. kutxa, 47. bis zk.; 165. kutxa, 58. zk.; 165. kutxa, 80. zk., 49r fol.; 166. kutxa, 7. zk., 21v fol.; 166. kutxa, 35. zk.; 166. kutxa, 9. zk.; Erresuma, legedi orokorra eta kontraforuak, 1. paper sorta, 8. karpeta
Bibliografia
Adot Lerga, A., «Extranjeros en el Consejo “ordinario” de Navarra (1494-1512)», in Grupos sociales en la historia de Navarra. Sus relaciones y derechos. Actas del V Congreso de Navarra, Iruñea: Eunate, 2002, 385.-399. or.
— Juan de Albret y Catalina de Foix o la defensa del Estado navarro (1483-1517), Iruñea: Pamiela, 2005.
— «Orígenes del virreinato de Navarra», in Principe de Viana, 74. libk., 258. zk. (2013), 601.-635. or.
— Construire les archives. Du temps des Foix-Béarn à celui des rois de Navarre. Pratiques de l’écrit et enjeux de pouvoir. Doktore-tesia, Pau: Université de Pau et des Pays de l’Adour, 2017.
Cadier, L., Le Livre des Syndics des États de Béarn, (texte béarnais).1 partie. Paris-Auch: Honoré Champion; Cocharaux Frères, 1889.
Aipamen bibliografikoa
Adot Lerga, A., “Aule, Jean”, Jimeno Aranguren, R., (dir), Notitia Vasconiae. Baskoniako historialarien, legelarien eta pentsalari politikoen hiztegia, T.I, Iura Vasconiae fundazioa, Donostia, 2020, pp. 614-616.





